Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDurangaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Durangaldea Urkiola-Mañaria-Durango-Abadiño-Elorrio

URKIOLA NATUR PARKEA

ANBOTO URKIOLATIK

1989an Natur Parke izendaturik, inguru eder honek Bizkaiko Anboto, Aramotz eta Eskuagatx, eta Arabako Arangio mendizerrak biltzen ditu. Mendi harritsuok mito eta leienda anitz ezkutatzen dute.

6.000 inguru hektareatan, batetik, eskalatzeko oso egokiak diren kareharrizko mendi garaiak daude, eta bestetik, mendi biluzi horien pean, hainbat animaliaren bizileku diren baso zabalak bizi dira: pagadi, artadi eta birlandatuak.

Parkearen fauna zabalaren artean harkaitz biluzietan bizi diren hegaztiak (saiak, belatz handiak, sai zuriak) eta narrastiak (sugegorri kantauriarra, musker berdea...) aipatu behar ditugu eta basoetan aldiz, muxarrak, lepazuriak, azeriak, erreketako amuarrainak eta martin arrantzaleak aurkituko ditugu.

URKIOLA GAINA

Mendate hau parkearen erdigunean dago eta bertan daude zerbitzu guztiak (Toki-Alai Informazio Gunea esaterako). Hemen dago baita ere, inguru hauetan tradizio handikoa den Abad eta Padua-ko Antonio Sainduen Santutegia. Senar-emazte-gai eske etortzeko leku egokia omen da hau.

Santutegiaren aurrean San Antonioren Harri handia ikusiko duzue. Bertan dago Jose Maria Iparragirrek 1855eko San Antonio egunean, "Gernikako Arbola" kanta ospetsua lehenbiziko aldiz hementxe abestu zuela, gogoratzen duen plaka.

Eguna igarotzeko inguru oso atsegina den honetan berriz, bereziki elizaren albotik igotzen den errepidetxoa zeharkatu eta bertan hasten den gurutzebide-pasealeku ederra hartzea gomendatzen dizuegu. Amaieran, harrituta utziko zaituzten balkoi natural batera iritsiko zarete. Gune honetatik ondoko mendi arrokatsuak primeran ikusiko dituzue.

DURANGO

Durangaldeko gailurreria ikusgarria atzean duela eta Ibaizabalgo bailaran kokaturik, Durango ondare historiko-artistiko aberatseko herria da. Merkataritzak hirian izan zuen eraginak badu zerikusirik ondare horretan.

HISTORIAN ATZERA

Hiria XII. mendean sortu zela uste da, Tavira izenarekin (Durango merinaldea osoarena izango zen). Nafarroako Erreinukoa lehenbizi, 1195ean Gaztelaren eskuetara igaro zen. XV. mendean sendi arteko borroka banderizar eta "Durangoko hereseen" (1442-44) gertaeretan murgilduko da. Azken honen ondorioz, 100dik gora herritar erre zituzten. Kurutziagako gurutzea gertaera honen purifikazio-monumentu gisa altxatu zen, eta ondorengo mendeetan mugimendu heresiar gehiago sortuko ziren.

XVI-XVII. mendeetan zehar izurriteak, suteak eta gerrarako (Espainia eta Frantziaren artekoak) deialdiak bata bestearen atzetik datoz, giza eta ekonomi kostu handiarekin. XVIII mendean beherakada ekonomikoa eta frantsesen aldetiko zenbait okupazio ezagutzen du, eta XIX. mendean aldiz, Karlistadek eragin nabaria izango dute hiriaren bizimoduan, Carlos erregegaiak Gortea bertan kokatu baitzuen.

1886an "Fiestas Euskaras" ospatu zen, garrantzi handiko kultur ekintza, eta XX. mendearen hasieran industriaren garapena garrantzitsua izan zen. 1937ko martxoaren 31n munduan izan zen populazio zibilaren gaineko lehen bonbardaketa sistematikoa jasan zuen herriak, 500 hildako baino gehiago izanez. Gero, gosea eta gabezia latzak, 50eko hamarkada arte, beste garapen prozesu bat ezagutzen duen arte.

IKUSTEKOAK

Herriaren erdialdean Ezkurdi Plaza dugu, izen bereko zesta-puntako frontoi ospetsuaren alboan. Plazan bertan urmael eta landaretzaren artean, Mikeldiko Irudiaren kopia aurkituko dugu (originala Bilboko Museo Etnografikoan dago). Harrizko irudiak lau zangodun animalia irudikatzen du; erromatarren aurrekoa, ez du parekorik Euskal Herrian. Taxiak dauden aldetik irten, errepidea zeharkatu eta pixka bat eskuinerago dagoen Andra Mari kale irregularra hartuz (Mañaria ibaiaren gainetik) hiriko Alde Zaharrean sartuko gara. Sartu aurretik, errepidea jarraituz Zabalatarren jauregia ikus dezakegu, Bruno Mauricio Zabala, Montevideoko fundatzailearen jaiotetxea alegia, eta baita Etxezarreta jauregi ederra ere, gaur egun Arte eta Historia Museoa.

Alde Zaharra Andra Maritik sartzean eskuinera ikusiko ditugun lau kale paralelok (Barrenkalea, Artekalea, Goienkalea eta Kalebarria), eta denak gurutzatzen dituen Zeharkaleak osatzen dute. Andra Marin bertan XIV. mendeko Uribarriko Andra Mariaren Eliza dugu, Arandoñoko dorreari atxekia. Bertan estiloak gainjartzen joan dira, eta horrela, erdiko nabean Berpizkundeko zutabeek sabai gotikoa sostengatzen dute. Erretaula nagusia ere Berpizkundekoa da, eta Uribarriko Andra Mariaren irudia gotikoa. Aurrealdeak ortzia irudikatzen du, muturretan eguzkia eta ilargia eta erdia izarrez beterik. Baina agian ikusgarriena, egurrezko arkupe zabala da.

Barrenkalea eskuinera hartuz, azkenaldean Lariz dorrea ageriko zaigu, zenbait irudi bitxirekin, eta ibaia segituz Santa Ana Plazan sartuko gara. Harrizko enparantza eder honetan eskuinera Santa Ana arkua dugu, antzinako harresietatik geratzen den sarrera bakarra, 1556an barroko estiloan eraikia. Parez pare, XV. mendeko (XVIII. mendean berreraikia, arkua bezala) Santa Ana parrokia. Santa Anako honek eta alboan dagoen ibai gaineko Pinondo plazak oso inguru atsegina sortzen dute.

Atekaletik itzuliz, udaletxetik pasako gara. 1570ean egina, estilo klasikoan kutsu napolitarrarekin, aurrealdeko margo polikromatu deigarriak nabaritzen dira.

Andra Marin berriz, eskuinerantz inguratu eta izen bereko kaletik, eliza baten aurrean Kurutziagako gurutzea aurkituko dugu. Barroko-gotiko estiloko monumentuak "Gurutzearen Zuhaitza" irudikatzen du. Horrela, enborrean paradisuko zuhaitza eta jatorrizko bekatuaren protagonistak, kapitelean 12 apostoluak beren ezaugarriekin, eta goialdean Pasioaren sinboloak alde batetik, eta Ama Birjina umearekin bestetik. Azkenik, gurutzea zerutar sinboloez hornitzen da (eguzkia, ilargia...).

Kalea jarraituz Garai jauregia (liburutegia), bere aurrean Kurutze Santu ermita, eta hurrengo bidegurutzean Olalde jauregia ditugu.

Herrialdea
Bizkaia
Bilbora
30 km.
Altitudea
119 m.
Biztanleak
24.337
Euskaldunak
%44
Azalera
10 km2
Dentsitatea
2.433 bizt./km2
Jaiak
San Fausto (urriak 13)
Euskal Liburu eta Disko Azoka (abenduan)

 

 

 

 

 

 

 

ELORRIO

Elorrioko Hiria Bizkaian izendatu zen (1964an) lehenengo Osotasun Monumental Historiko-Artistikoa da, eta horretarako arrazoiak soberan ditu: Bizkaiko zaindari den San Balentinen sorterria, bi parrokia, Erdi Aroko hilerri bat, 20 bat jauregi eder, bederatzi gurutze artistiko, 69 armarri eta beste zenbait monumentu ditu. Horiek guztiek, hiri ezin ederrago eta ezinbestez bisitatu beharreko lekua bihurtzen dute.

HISTORIA

Hiria Don Tello Kondeak, Bizkaiko Jauna zenak, 1356an fundatu zuen, Etxebarriako San Agustin elizatearen lurretan. Harresiz inguratu zuten, gipuzkoarren erasoei eta sendien arteko gudei aurre egiteko. Bere historia luzean pertsonaia garrantzitsu bat baino gehiago sortu du, eta horren ondorioa ikusgai dugun jauregi-bilduma zabala. Garrantzitsuena San Balentin Berriotxoakoa da. 1827an Arriola jauregian jaio eta Santa Ana komentuan eliz-mutil izan ostean, Filipinak eta Vietnam aldean misiolari eta apezpiku izan zen, 1861ean harrapatu eta lepoa moztu zioten arte. 1905etik beato, 1988an santu bihurtu zen.

IKUSTEKOAK

Gernikako Arbola plaza atseginean alde batean arkupedun udaletxea dago, aurrealdean bi armarri eta Bibliatik ateratako bi esaldi dituela eta beste aldean Sortzez Garbiaren basilika dago. 1506an amaitutako basilika honen aurrealdean Berpizkundeko estiloa eta estilo gotikoa nabaritzen dira. Barrualdean urreztaturiko erretaula nagusia, eta San Balentinen aldarea, ekialdeko estiloan marmolez egina nabarmentzen dira. Basilikako elizpe zabaletatik Elizburu kaleko etxe lerrokatuen irudi polita dugu.

Plazan bertan, elizaren alboan Arabio-Beitia jauregia dago. Honen alboko Don Tello kalean ezkerrera, Arezpakotxaga jauregiari atxikia, Don Tello Ate almenaduna dugu, harresietatik geratzen den bakarra.

Ezkerrera egin eta bidegurutzera ailegatuz, eskuinerantz Durangorako bidea hartuz San Agustin Etxebarriakoa parrokiara (XV. mendeko euskal neogotikoa; erretaula platereskoa eta kanpandorre barrokoa) hurbil gaitezke, tartean Iturbe eta Larrañaga jauregiak, San Fausto ermita eta Gurutzebarri gurutzea pasatuz.

Beste aukera bidegurutzean ezkerrera egin eta Elizburu kalea jarraitzea da. Segituan Berpizkundeko Santa Ana gurutze ederraren, atzean duen Arezpakotxaga-Askarraga jauregiaren eta honen parean dagoen Santa Ana monastegiaren (San Balentinen estatua eta museoa) artean pasako gara.

Ezkerrean eliza (kanpandorre ederrarekin) igaro ostean, eskuinean Iturri eta Larreategi jauregiak ditugu, eta harantzago, eskuinean baita ere, Olazabal jauregi oso ederra. Honen pareko bidegurutzean Elorrioko perletako bat dugu: 1522an eraiki zen Gurutziaga gurutze gotikoa. Bizkaian ez dago antzeko lan ederrik.

Gurutzea inguratuz, eskuineko Arkitekto Kapelasteki kalea hartuko dugu, lehenbizi San Juan gurutzea eta harantzago Urkizu jauregi ezin dotoreagoa behatu asmoz (ohar zaitezte ertzetako pinakuluetan).

Itzuleran, azken gurutzea ezkerrean utziz, San Juan kaletik Otsa-Goikoa eta alboko Ugalde jauregiak igaro eta berriz ere plazaraino eramango gaituen eskuineko Balentin Berriotxoakoa kalea hartuko dugu. Kale galant honetan, oraindik ere Lekerika-Otsa, Altzerreka, Ibarguen-Urkizu, Urkizu-Iturbe, Arriola, Untzeta eta Urkizu jauregiak izango ditugu ikusgai.

ARGIÑETAKO NEKROPOLIA

San Adrian ermitaren aurrean, eta ferra antzera antolatuta, lekuari misterio kutsua eta zer pentsatua ematen dion antzinako hilobi multzo harrigarri eta bitxia dago. Hareharriz egindako 23 hilobiak (horietako bat bikoitza) antza denez bisigodoen garaikoak dira, seguraski arabiarrengandik iheska etorritako bisigodo nobleenak.

Sarkofago bakoitzaren gainean erditriangeluar itxurako estali bana daukate, eta zakar landuak dira. Harriaren gainean IX. mendeko latinezko inskripzioak dituzte. Multzo honetaz gain, kristo aurreko bost hilarri ere badira.

 
Herrialdea
Bizkaia
Bilbora
39 km.
Altitudea
182 m.
Biztanleak
7.242
Euskaldunak
%57
Azalera
37 km2
Dentsitatea
196 bizt./km2
Jaiak
San Balendin Berriotxakoa (uztailak 4)
San Inazio (uztailak 31)
Feria Nagusikoak (irailak 8)
Errebonbilloak (urriak 1)

 

 

 

 

 

 

 

Orrialde nagusiraDurangaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403