Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDurangaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Durangaldea Urkiola-Mañaria-Durango-Abadiño-Elorrio

URKIOLA GAINA gutxi gorabehera izen bereko Natur Parkearen erdigunean dago eta Bizkaiko naturgunerik interesgarrienetakoa da. Hori dela-eta, ibilbidearen abiapuntu egokia dela esan dezakegu.

Batetik, berez osotasun artistiko-natural ederra da, santutegiarekin, gurutze-bidearekin eta honen amaieran zein beste leku batzuetan inguruko mendiak behatzeko aurkituko ditugun begiratoki izugarriekin. Nahi izanez gero, bertatik oinez, Mari mitologikoaren kobazuloa aurki dezakegun Anboto tontor ikusgarriraino igotzeko abagunea ere izango dugu.

Durangorantz kontuz jaitsiz (oso bihurgune itxiak ditu), bidean inguruko mendi zurisken panoramika ederretaz gozatuko dugu. 5,5 kilometroko jaitsiera amaitu eta bertako harrobien artean Mañarian sartuko gara. Kirikiño idazlearen sorlekuan, bere jaiotetxeaz gain Santa Maria eliza aipa dezakegu eta batez ere, Berpizkundeko erretaula ederra ikusteak merezi du. San Antonio ermitak ere bisitatxoa eskatzen du.

Bizpahiru kilometro geroago Izurtza zeharkatuko dugu. Udalerri oso menditsua, bertako monumentuen artean Etxaburu (Mugarra mendiaren pean, XVI. mendean berreraiki zuten) eta Izurtza (edo Bekotorre) dorretxeak, eta XVI.eko San Nikolas eliza (koru mudejarra) azpimarra ditzakegu.

URKIOLATIK etorriz, 9. kilometroan dagoeneko Durangon sartuko gara, kilometro bat geroago eskuinera erdigunean barneratuko garelarik. Izena ematen dion eskualdeko hiriburu, bere antzinako harresien arteko alde zaharrean historia luzea eta monumentu interesgarri franko gordetzen dira: Kurutziaga gurutzea, udaletxea, Santa Ana arkua, Andra Mari eliza eta abar luzea.

Herrigunea zeharkatu ostean, N-634 errepidera iritsiko gara, eta bertan Donostiarako bidea hartuko dugu (eskuinera). Hala ere, 300 metrotara ezkerrera joko dugu, Iurreta-Goiuria bidea hartzeko eta beste 100 metro ingurura berriz ere ezkerrera, oraingoan Iurretako elizaldean sartzeko.

Berriz ere Goiurirako bidean, tarteka jada Durango eta bere atzeko mendien ikuspegi politak behatzeko moduan izango gara (14 km. inguru). 14,5. kilometroan Goiuria harrapatuko dugu, alde batean eliza eta bestean begiratoki ederra ditugula. Berau zeharkatuz, Garairantz zuzenduko gara.

Tartean, bi kilometrotara, beste behatoki bat pasatuko dugu, eta beste kilometro eta erdira ezkerrera, Oiz mendiraino igotzen den errepidea (ez dizuegu hartzea gomendatzen, errepide zati batzuk egoera kaskarrean daude-eta). 20. kilometroan eskuinera. Une batez desbideratu egingo gara, 300 metro aurrerago XII. mendeko San Juan Momoitio ermita-behatoki lasai eta atsegina atseden hartzeko leku aproposa baita.

Errepidera itzuli ostean, beste kilometro batera azkenik, Bizkaiko herririk txikienetakora, Garaira iritsiko gara. Etxe ederrak dira herrian, eta Garai Durangaldearen zati handia menperatzen duen begiratoki aparta da. Lasai asko behatzea merezi duten etxe ederren artean Garatikoa jauregia edo jauregi itxurako baserria nabarmen ditzakegu. Bere aurrealdean, leihate bikoitzaren gainean, inskripzio luzea irakur daiteke, besteak beste 1574an eraikia izan zela esaten diguna. Honez gain, San Migel Arkaingerua (XVI. mendea) eta San Joan Ebanjelizatzailea (1550) elizak ere aipa ditzakegu.

Herritxoa zeharkatu ostean Abadiņoko Gerediaga nekazari auzunean sartuko gara, kilometro eta erdi geroago errepide nagusiago batekin bat egiteko. Puntu horretan eskumara joko dugu, Durangorantz, eta 500 metrora berriz ere eskumara. N-634 errepidera itzuli gara. Dena den, errepide honetan ere tarte laburra egingo dugu, 300 metrotara, San Blas hotelaren aurrean, oraingoan ezkerrera desbideratu behar dugulako, Matiena auzoa zuzen zeharkatuz.

Hainbeste desbideraketen ostean, Anboto pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ikusiko dugu, 27. kilometroan Abadiņoko erdigunean ezkerrera sartu baino lehen. Hainbat auzotan barreiaturiko udalerri honetan eraikin interesgarriak ugari dira. Garrantzitsuenetakoa Muntsaratz dorretxe gotikoa da, izen bereko auzoan, armarri eta arkupe doriarra erakusten dituena, besteak beste. Astia baduzu ez ahaztu eraikin hauek ere bisitatzea: Azpazar edo Aixezko errota-dorrea (Larringan auzoan), Abadiņo dorretxea (Zelaieta auzoan), Traņa, Uribarrena zein Zeletabe jauregiak, eta hainbat armarridun baserri.

Erdigunea zeharkatu ostean, berriz ere errepidearekin bat egingo dugu. Momentuz berau hartuko dugu ezkerrera, baina 300 metro inguru egin ostean, eskumara joko dugu, Mendiola jartzen duen seinaleari jarraikiz. Bide berri honek Atxarteko harrobietaraino hurbilduko gaitu.

Laster Mendiola auzoa hasten dela ikusiko dugu, eta zuzen zeharkatuko dugu, lau kilometro geroago Atxarteko horma beldurgarrien azpira iristen garen arte. Eskaladarako oso egokiak diren pareta izugarri hauek, oraintsu arte harrobien presiopean bizi izan dira, ekologista eta mendizaleen borroka gai bihurtuz.

DURANGO-ELORRIO errepidean eskuinera, segituan Atxondoko bailara idilikoaren kartela ikusiko dugu eta 1,5 kilometro barru udalerri zoragarri honen erdigunean sartuko gara, Apatamonasterion alegia. Bertan San Pedro parrokia eta jauregi-dorretxea bisita ditzakegu.

Eskuinerantz joko dugu, Marzana, Axpe, Santiago eta Arrazola auzune ederrak bisitatu asmoz. Kilometro batera dugun bidegurutzearen atzean Marzana etxe multzoa aurkituko dugu, Axperekin batera auzo bakarra osatzen duena. Marzanan aipagarriena San Martin parroki ederra da, atxikirik duen Marzana armarridun kanpandorrearekin.

Aipatutako bidegurutzera itzuli eta Axpera abiatuko gara. Kilometro bat eginda iritsiko gara. Axpe auzo gogoangarrian ezker-zuzeneko errepidetik jarraituko dugu. Axpeko San Joan Bataiatzailearen parrokiak atalde zorrotza erakusten du, oso beheratutako arku batekin. Orokorrean, isabeldar eta platereskoaren arteko lana da.

Bi kilometrotan Santiago etxe multzora iritsi, eta bertako bidegurutzean eskumara joko dugu, bihurgune luze baten ostean Anboto izugarriaren magalean aurkituko dugun Arrazola atseginera iristeko. Kokagune zoragarri honetako eraikinen artean San Migel parrokia nabarmenduko dugu, 1510ean ermita baten gainean nabe bakarrean eraikia.

Bailara zoragarri honetatik irtenez, Apatamonasterion Elorriorako bidea hartuko dugu. Ondare historiko-artistiko oso aberatsa erakusgai duen Elorrion pare bat kilometrotan sartuko gara, eta erdigunea harrapatuko dugu. Hortik aurrera osotasun monumental izugarria eratzen duten elizak, jauregiak, gurutzeak... bata bestearen atzetik etorriko dira.

Horien artean hilerria. Argiņeta hilerri misteriotsura iristeko, plazaren atzealdera ailegatu eta gorantz hasten den errepideari jarraitu. Kilometro batera dagoen bihurgune handi batean ezkerrera eginez (aparkatzeko lekutxo bat dago) bisigodoen garaiko hilobi harrigarriak dauden ermita topatuko dugu.

Orrialde nagusiraDurangaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403