BIANA
Nafarroak osatzen duen erronboaren ezkerreko ertza betetzen du Bianak,
eta kokapen hori dela eta, Gaztelari aurre egiteko gotorleku eta Nafarroako
Santiago Bidearen azken geldialdi bihurtu zen. Bere interes historiko,
arkitektoniko eta artistikoaz gain, hiri hau Navarro Villoslada idazlearen
sorterri eta Cesar Borgiaren hilobi ere izan da. Azken hori, Berpizkundeko
pertsonaiarik ospetsuenetakoa eta Nafarroako armadako jenerala izan zen.
Hiria Santxo VII. Indartsuak fundatu zuen, 1219. urtean, inguru estrategiko
hori indartzeko asmoz. Orduz geroztik, bertako monumentu, jauretxe eta
jauregiek erakusten duten moduan, garrantzi historiko handia izan du.
Horren adibide da 1423an Karlos III. Nobleak Bianako Printzerria fundatu
izana. Lehenik Nafarroaren esku eta geroago Gaztelaren menpe egon ondoren,
XVI-XVIII. mende bitartean hiriak garapen handia ezagutu zuen; ordukoak
dira ikus ditzakegun monumentu eta jauregi gehientsuenak.
IKUSTEKOAK
Gotorlekuaren inguruan, harresien hondakinak ikus daitezke oraindik,
eta halaber gomendatuko genuke plazaren inguruan egituratua dagoen erdi
aro kutsuko alde zaharretik ere ibiltzea.
Santa Maria Eliza gotikoa 1250-1329 artean eraiki zuten. XVI.ean berriz,
dorrea altxatu eta Berpizkunde estiloko egundoko ataldea landu zuten.
Horren aurrean, hilarri batek Cesar Borgiaren hilobia seinalatzen du.
Foruen Plazan ere, XVII. mendeko Udaletxea dugu. Bertan aurrealde barroko
ederra nabarmentzekoa da, erdian armarri monumentala eta alboetan bi dorre
dituela. Udaletxearen Zezen-Balkoia, zezen-plazari begira altxatutako
eraikina da, ohorezko palku izan zedin. Azkenik, aipatu dugun moduan,
alde zaharretik ibiliz gero, tarteka-marteka hainbat armarridun jauretxe
topatuko dugu, XVI eta XVIII. mende artekoak. Horien artean, Añon
y Busto, Ripa, Itxaso, eta Muskiz-Aldunatetarren jauregiak nabarmentzen
dira. Dicastillo, Urra eta Cerecedatarren gazteluak ere oso interesgarriak
dira.
Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa
81 km.
464 m.
3.389
%3
78 km2
43 bizt./km2
Madalenak (uztailak 22)
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8aren osteko igandea) |
KODES
MENDIZERRA
Nafarroaren ezkerraldeko izkinan, Kantauriko mendizerraren ekialdeko
muturrak Euskal Herriko mendirik ikusgarrienetakoa gordetzen du bere barnean,
inguru osoa mendean hartzen duen Joar mendia alegia. Mendi honen hegoaldeko
isurialdean, gure herrian paraje paregabe eta harrigarrienetakoa osatzen
duten monolito erraldoiak aurki daitezke, ikustaldi ezin ikusgarriagoa
osatuz.
Gainera, inguru basati honetara ailegatzeko aukerarik baduzue, inguruetako
bidezidorren bat aprobetxatuz (geroxeago azalduko dizuegu pare bat), txundituta
geratuko zarete izugarrizko harritzar gorrixka hauen artean. Dena den,
naturaren mirari honetara hurbildu baino lehen, mendi berberaren pean
dagoen santutegia bisitatuko dugu.
KODESEKO
SANTUTEGIA
Izen bereko mendiaren azpian eta Torralba herria igaro ostean (ikus ibilbidea),
atzeko mendi-haitzen aurrean ikusgarriro agertzen zaigun tenplu hau aurkituko
dugu. Gaur egungo jainkotegia (X. mendeko hispaniar-bisigodo kutsuko monasterio
bat zegoen lehenago) XVI-XVII. mendeen artean eraiki zuten.
Harmaila ederra igo ostean, aurrealde monumental eta gorrixkadunak dorre
itzela erakusten digu. Barruan, nabe bakar batez egituratua, sabai izardunek
gurutzeria erraza dute ikusgai, baina batez ere gehien nabarmentzen dena
erretaula nagusia da. Erretaula nagusi hau ederki landutako burdin-hesi
barroko baten ostean gordea dago, eta bertan XIV. mendeko Kodeseko Ama
Birjinaren irudi gotikoa azpimarratu behar dugu, Bibliako pasarteak erakusten
dituzten bestelako margo batzuen artean; hain zuzen ere, Jaiotza, Jasokundea
eta Igokundea.
KODESEKO
MONOLITOAK
Hauen artetik handienek Kodeseko Bi Ahizpak izena dute (nahiz
eta benetan lau izan), zeren kondairaren arabera, beren amaorde krudelak
esklaboen moduan zeuzkan bi neskato umezurtzenak bailirateke. Ahizpok
egun batean ihes egin eta basoan ezkutatu zirenean, amaordeak harrizkoak
bihurtuko ahal dira madarikazioa bota zien, eta hurrengo egunean
haitz erraldoi hauek agertu ziren. Beldurra sortzen duten orratz bertikal
hauetara hurbiltzeko pare bat aukera duzue, santutegitik bertatik edo
lehenago dagoen Azuelo herritik (ikus ibilbidea). Lehenbizikoa motzagoa
eta lauagoa bada ere, bidea ez da oso erraza eta agian zenbait lekutan
intuizioaren laguntza ere beharko duzue. Dena den, batean zein bestean,
monolito garaiak uneoro izango dituzue bistan, eta ondorioz, galtzea nahikoa
zaila gertatuko zaizue.
Santutegitik abiatzen bazarete, honen fatxadaren ezkerraldetik ateratzen
den bidetxo bat hartu behar duzue, lehenbizi kotxez egin daitekeena, metro
batzuk aurrerago dagoen zelai-aparkaleku bateraino. Bideak gorantz eta
ezkerrerantz zeharkatzen du zelaia (kotxea bertan uztea gomendatzen dugu),
eta monolitoetarantz zuzentzen da.
Monolitoetara hurbildu ahala, bidezidorra gero eta estuagoa bihurtuz
doala, baso baten erdian barneratzen da, eta leku gehienetan segitzeko
erreza bada ere, bakar batzuetan sasiek oztopatu egin dezakete, eta nahastu
gaitzaketen bidebanatzeak ageri daitezke.
Dena den, intuizioarekin jokatuz eta jadanik parean dugun monolito-ilararen
behealdetik irten behar dugula kontuan hartuz, ez da oso zaila bide egokia
aukeratzea. Azkenik, ilararen azpian gaudenean bide zabalago bat aurkituko
dugu; honek zuzenean Penitenteen Haizpitartearen barreneraino eramango
gaitu. Puntu honetan jada aluzinatzen hasi zaitezkete behean bakarti ikus
dezakezuen Lama makurtua izeneko haitz zorroztuarekin eta
goian ageri zaizuen sekulako haitzar-lerro beldurgarriarekin.
Azuelotik irtenez gero, egin beharrekoa zera da: gorantz doan Kale Nagusia
hartu ondoren, ipar-mendebalderantz (monolitoak ikusten diren norabidean)
doan Genevillako bidea hartu. Bide hau, bihurgune batzuk egin ostean,
urontzi baten ondotik pasatzen da. Bidebanatze batean eskuinera eta monolitoetarantz
doan bidea hartu, eta bihurgune handi eta bikoitz baten ostean, hurrengo
bidebanatzean zuzenean Lama makurtua haitzera hurbiltzen den
bidea hartu.
Artadi batean sartu orduko bidetxoa jada ez da hain garbi ikusten, baina
egin beharreko bakarra harkaitz hori eskuinaldetik igaro eta zuzenean
monolito-ilaren arteko Penitenteen Haizpitartean sartzea da. Ezkerreko
ilarak Penitenteen Erlaitza du izena, bertako monolito txuri txikiagoek
penitente-kaputxadunen prozesioa diruditelako.
Ibilbide bat nahiz bestea hartzen duzuela, azkenean haizpitarte horren
erdian ahalik eta gehien aurreratzea gomendatzen dizuegu, nahiz eta bidea
gero eta zailagoa bihurtuko den, goialdetik monolitoen beste ikuspegi
harrigarri bat hartuko duzuelako. Azkenik, kontuan izan bi ibilbide hauek
paseo arruntak baino gehiago egun erdiko txangoak direla; beraz komeni
da oinetako egokiak (bidezidorrak ez dira errazegiak), janaria eta edaria
eramatea.
SAN
GREGORIO OSTIENSE
Nafarroako Biana aldean, Muez eta Soroslada herritxoen artean goititzen
den mendixkaren gainean, leku nahiko ezkutatu eta ezezagun batean, basilika
ederra eta monumentu natural are ederrago batzuk altxatzen dira. Horrela,
bi herriak menderatzen dituen mendian galdurik, euskal herritar
askorentzat erabat ezezagun, bisitatzea biziki gomendatzen dugun San Gregorio
izeneko osotasun arkitektoniko-natural hau dago kokatua.
SAN
GREGORIOREN BASILIKA
Soroslada (Sorlada) herritik gora eginez, hauxe da bien artean aurkituko
dugun lehenbiziko interesgunea (bertara iristeko, ikus ibilbidea). Arratsalde
polita pasatzeko oso egokia den atsedenleku-askaldegi baten ondoan kokatua
dago, eta bertatik inguruko bista politak ikusteko aukera ere izango dugu.
Iritsi eta berehala, oso apainduta ikusiko duzuen aurrealdeak harritu
egingo zaituzte, ikusten ari zaretena mendiko baseliza arrunta baino gehiago,
herri garrantzitsu bati dagokion tenplu handia baita. Horrela, barrualderantz
sartua ageri zaizuen sarrera nagusia apaingarriz beterik aurkituko duzue:
estatuek, alboetako espiral itxurako zutabeek, kapitel landuek, atearen
gaineko armarri handiak, ondo landutako hormek... azken finean, elementu
guztien aberastasun horrek, eliza non kokatzen den kontutan izanda, batasun
harrigarria osatzen dute. Gainera, bere aurrean abiatzen den harrizko
baldosa-bide horretako zirrituen artetik sortzen diren belar-izpiek nolabaiteko
basa kutsua ematen diote.
SAN
GEGORIOREN MONOLITOAK
Monolito harrigarri hauek muino honetan zehar barreiaturik daude, lurraren
mailatik nabarmen gailenduz. Ikusgarriena, eta zeharo txundituta uzten
gaituena, basilikatik kilometro batera dago (ikus ibilbidea), aparkalekutik
abiatzen den bidezidorra hartu eta handik 100 metrotara (aparkalekutik
bertatik ere ikusten da).
Monolito izugarri hau Muez herriari eta inguruko bailara osoari begira
dago, muinoko erregea bailitzan, eta guri, Rapa Nui edo Bazko Irlako aurpegi
itxurako estatua erraldoi eta misteriotsu haietako bat gogorazten digu,
nahiz eta kasu honetan giza-itxurarik ez duen.
Gainera, argiaren arabera tonu gorrixkatik urdinxkara aldatzen den harritzar
hau naturak sortua dela jakin arren, aspaldi gizakiak sei-zazpi arroka
hartu eta bata bestaren gainean jarri zituela pentsatzeko susmoa ere sortzen
digu, behatzen duguna hain harrigarria baita.
Horrela, 20 bat metroko garaiera duen eta beste txikiago baten alboan
kokatua dagoen haitz handi honek, arroka naturala baino gehiago gizakiak
sorturiko estatua traketsa dirudi, inoiz amaitu gabeko estatua erraldoi
baten hasiera.
|