Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraBianaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Bianaldea Biana-Kodes-Dorreaga-Urantzia-Acedo-San Gregorio

Ibilbide hau Printzerri ospetsuari izena ematen dion hiritik bertatik hasiko dugu, hain zuzen ere, garrantzi defentsiboa (Nafarroa mendebaldeko ertza okupatzen du), historikoa (Santiagoko Bidearen pasabide eta Printzerriaren hiriburu) eta monumentala (hainbat tenplu eta jauregiz josia dago) edukitzeagatik eta pertsonaia ospetsuen sorterria (Navarro Villoslada) eta hil-herria (Cesar Borgia) izateagatik ospetsu den gure Biana honetatik.

Hiritik Logroño aldera jaitsiz, oraindik harresiak ukitzen ditugula, eskuinetara joko dugu, “Aguilar de Codes”erantz. Bidean, 7. km inguruan eliza baten hondakin ikusgarriak aurkituko ditugu, arku apuntatu handi bat eta besterik apenas geratzen baita. Geroxeago Aras herritxoa zeharkatuko dugu.

KODESEKO MONOLITO ERRALDOIAK

14. km-an jada, Joar izeneko mendia ikusgarriki agertzen hasten zaigu, eta handik km batera, mendien eta monolitoen ikustaldia ezin ederragoa bihurtzen da. Beherantz jaitsi ahala landaretza ugariago ageriko zaigu, eta laster Aguilar herriko etxe-ilarak sortzen duten osotasun polita antzemango dugu.

Kodeserantz hurbiltzen ari garen neurrian, Joar eta bere magaleko naturaren mirariak geroz eta ikusgarriago agertuko zaizkigu; Azuelo herrixkan monolitotzar hauetara hurbiltzeko gure lehenengo aukera topatuko dugu (23,5 km. daramatzagu). Ikuskizuna bertatik benetan beldurgarria da.

Nahiago badugu, ordea, beste kilometro eta erdiz aurrera segitu, ezkerrerantz eginez Torralba herria igaro, baita Kodeseko Santutegi ederra ere, bere alboko zelai-aparkalekua hain zuzen, eta izen bereko monolitoetarantz abia gaitezke (ibilbidean 29,5 km. daramatzagu).

Batetik edo bestetik joan, ikusiko duzue nola ahalegin horrek azkenean sari handia jasoko duen, eta esan beharra dago, halaber, santutegiaren edertasuna bera kokatuta dagoen ingurune zoragarriaren pare-parekoa dela.

Ibilbidearen 34,5. km-an Esprontzeda zeharkatuko dugu, eta handik lasterrera, Desoio. Biak ere lehorreko laborantzan diharduten herrixkak ditugu. Azken herritik zuzen-zuzenean, bertatik 6,5 km-tara, Dorreaga (Torres del Rio) agertuko zaigu aurre-aurrean, Logroñorako bidean. Beste km bat eginez gero, eliz aurreraino iritsiko gara.

Hilobi Sainduaren Eliza (XII. m.) oktogonala eta nafar erromanikoaren adibiderik garrantzitsuenetakoa da, eragin islamiarra erakusten duten hainbat elementu dituela, hala nola, kapitelen apaingarriak edota nerbaduradun kupula. Orain, kilometro pare batez atzera eginez, Urantziarantz (Los Arcos) abiatuko gara, tartean Santzol (Burdin Aroko aztarnak) herritxotik pasatuz.

50. km-aren inguruan zenbait bidegurutzetan sigi-saga egin ostean (erne ibili!), Urantzia (Los Arcos) topatuko dugu gure aurrean, Ptolomeok aipatutako “Curnonium” gune erromatarraren gainean erdi aroan sortutako herria.

Alde Zahar osoak bisitatzea merezi badu ere, batez ere XII.-XVIII. mende bitartean hainbat estiloren arabera eginiko Santa Maria eliza (ataurre platereskoa, klaustro ojibala, Andre Mari Beltzaren tailua, apaingarri barrokoak eta dorre ikusgarria) azpimarratu behar dugu. Gainera, San Blas ermitaren abside erromanikoa, erdi aroko Gaztelako Atea, bere aurreko harlanduzko Zubi Zaharra eta hainbat jauregi ere azpimarratzekoak dira.

SAN GREGORIO ESKULTURA NATURALAK

Eliza eta Zubi Zaharraren arteko errepidetik, Acedorantz abiatuko gara. Kilometro batzuk egin ondoren, han urrunean monolitorik ikusgarriena eta bertatik hurbil dagoen eliza ikusiko ditugu. Gure zain dauden Bailarako jaunak dirudite.

Urantziatik 5 km-tara Muez herria zeharkatuko dugu, monolitorik handienaren pean bizi den herri txikia. Hemendik bertaraino doan bidea oso aldapatsua da. Herritxo honen ostean, errepidearen eskuinaldean bestelako monolitoak ere agertzen ikusiko ditugu, geroago etorriko denaren iragarpen modura.

Muezetik bi km-tara eskuinerantz Sorladarantz abiatuko gara, eta 2,5 km egin ondoren ailegatuko gara bertara. San Gregorio mendiaren beste aldean gaude. Herrian sartu aurretik eskuineko aldetik errepidetxo bat abiatzen da, “San Gregorio” txarto seinalatzen duena. Herriaren goiko partetik, iragarkia dagoen lekutik 50 metrotara, lehenik ezkerretara jo. eta gero beti zuzen. 300 metrotara dugun bidegurutzean eskuinetarantz egingo dugu, San Gregorio Ostiense tenplu barroko eder bezain ezezaguneraino. Basilikatik irten eta 100 metrotara ezkerreko aldean, berriz, bidexka bat abiatzen da, San Gregorioko Monolito itzeletik hurbil dagoen zelai bateraino.

Orrialde nagusiraBianaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403