AIZKORRI
MENDILERROA
Aizkorriko Parke Naturalak Gipuzkoako hego-ekialdea eta Arabako ipar-mendebaldea
lotzen ditu 18.000 hektareatan zehar, Nafarroa oso hurbil duela. 1.000
eta 1.551m. arteko mendiz osatutako talaia natural honetatik, eguraldi
ona eginez gero, Urduñatik hasi eta Pirinioetako mendietaraino
doan ikuspegi zabala bistaratuko dugu.
Parkeak, berez, beste atal batzuetan jorratuko ditugun lekuak ere hartzen
ditu bere barnean (Oñati, Arantzazu, Zalduondo...). Horregatik,
hemen parke osoaren azalpena egin beharrean, berezienetakoak diren bi
leku aipatuko ditugu. Informazio praktikoei dagokienez berriz, ikus Zegama
atala.
SANDRATIKO
KOBAZULOA
Zegama eta Altsasu lotzen dituen bigarren mailako errepidetik abiatu,
Otzaurteko gainean eskuinera hartu, bi atsedenleku atzean utzi eta ezkerrerako
bihurgune baten alboko langa berde baten ondoan aparkatu ostean (ikus
ibilbidea), oinezko ibilbideari ekingo diogu.
Burdinazko langa horren atzean bidetxo bat abiatzen da, tuneletik oso
gertu. 50 metrora bidegurutze bat dugu, eta gorantz egiten duen ezkerreko
bidezidorra hartuz, 15-20 minututan zuzenean San Adriandik igarotzen den
galtzadara iritsiko gara, ikusgai dugun sarreratik 50 metrora (1.030 m.).
Sandratiko Kobazulo edo San Adrian Tunel hau Gipuzkoa eta Araba lotzen
dituen pasabide naturala da, eta bertatik, Flandes eta Gaztela lotzen
zituen galtzada zaharra igarotzen da, batzuentzat erromatar garaikoa,
besteentzat Erdi Arokoa.
Era guztietako bidaiariak pasatu ohi dira bertatik: errege-erreginak,
erromesak gudarosteak... euskal geografiaren pasabide ospetsu eta mitikoa
bihurtuz. Bestalde, parajea ezin ederragoa da bi aldeetan. Tamalez, barruan
duen ermitaren hondakinak besterik ez dira geratzen
AIZKORRI
GAINA
Tunelaren beste aldean, galtzadaren eskuin alderantz, bidezidor bat abiatzen
da, lizardi baten ondotik doana. Gero, itzelezko pagadi baten erditik
Kalbarioko aldapa igoko dugu, eta azkenik, zabalgune batera
iritsi eta maldan gora eginez, tontorrera iritsiko gara (1.528 m.). Tontorreko
baselizatik sekulako panoramika zabalaz goza dezakegu.
URBASA-ENTZIA
MENDIZERRA
Zunbeltz izeneko failak banatzen dituen bi mendilerro hauek 1.000 metro
inguruko altuera duen karezko goi-lautada bat osatzen dute, batetik erdialdeko
Nafarroa menditsua bitan banatzen duten Urbasa eta Andia mendilerroak,
eta bestetik Araban barneratzen den Entzia, 200 km2-tan zehar barreiatzen
diren baso, zelai eta erreka zoragarrien paradisua osatuz.
Historiaurreaz geroztik artzain-kultura ezagutu duen inguru basati honetako
biztanleei dagokienez (Urbasa izen egokia da oso),
batez ere lasai asko bizi diren ardi latxak eta pottokak ikusiko ditugu,
eta horiez gain, sai zuriek, basurdeek, basakatuek, katagorriek eta abar
luzeak ere bertan dute beren etxea, izugarrizko etxea hain zuzen ere.
PILATOSEN
BALKOIA
Naturaren mirari ikaragarri hau behatzeko egin beharreko gauza bakarra
zera da, Urbasako goi-lautadaren erdian dauden aparkalekuetan autoa utzi
(ikus ibilbidea), eta errepidea atzean utziz, bost minutuz ibiltzea.
Denbora horretan, Urederra ibaia jaiotzen den anfiteatro moduko zirko
ikaragarriaren erlaitz edo hegalera iritsiko gara. Hortik aurrera, nahi
dugun arte luza dezakegu berau inguratzen duen paregabeko ibilbidea, ez
baikara inolaz ere aspertuko.
UREDERRA
URBASA MENDITIK
Urederra ibaiak (izena jada nahikoa adierazgarria da), batez ere bere
iturburuak eta lehenbiziko kilometroak, Euskal Herriko txokorik maitagarrienetako
bat osatzen dute.
Izan ere, bere zirkoaren harresietatik irteten den erreka, jaio eta berehala,
sortzen hasten den ur-jauzi ikusgarri eta uharka ugariek (zein baino zein
miragarriagoa) beste inon gozatuko ez duzuen (eta ahaztuko ez duzuen)
ikuskizun bakarra eskainiko dizuete.
Urbasatik jaisten ari garen bihurgune handiaren hesiaren atzean (ikus
ibilbidea) abiatzen den bidezidorra hartu eta zuzenean iturburura eramango
gaitu. Egin beharreko bakarra paretaren kontrako bide errazari jarraitzea
da. Bidea ez da Bakedanotik bezain ikusgarria, baina parean agertuko zaigun
ur-jauziak txundituta utziko gaitu, ziur egon. Argazki-kamara eraman.
UREDERRA
BAKEDANOTIK
Aurrekoa baino ibilera apur bat gogorragoa da, baina ordea, ikusiko dituzuen
mirariak ikusita, neke apur hori berehala ahaztuko zaizue. Herritxoaren
atzealdeko aparkalekutik (ikus ibilbidea) bidexka batetik jaisten hasiko
gara, sigi-saga, errekaren ezkerralderaino iritsi arte.
Hortik aurrera, egin beharreko gauza bakarra uraren sorlekurantz abiatzea
da, batzuetan uraren albotik eta beste batzuetan metro batzuk urrundu
ostean berriro ere itzuliz, lurraldeak leku bakoitzean eskaintzen dituen
bideak (eta begiratokiak) aprobetxatuz. Bitartean, aurrean duzuen ur urdin-berdexka
ezin garbiago hori benetakoa ote den pentsatuko duzue, bata bestearen
atzean igaroko dituzuen uharka miragarriak aluzinazioak ote diren, edota
ur-jauzi eta ur-lasterrak ametsetako kontuak ote diren.
Pagadi misto honetan zehar aho-zabalik aurrera egiten duzuen bitartean,
azkenean beste guztien gainetik nabarmentzen den ur-jauzi are ikusgarriago
bateraino iritsiko zarete (ezinezkoa dela pentsatzen baduzue ere), aurreko
besteak baino altuagoa eta bertikalagoa baita.
Haren gainetik ibaiaren beste aldera pasatu, eta eskailera batzuetatik
barrena Urederraren Iturbururaino eramango gaituen bidezidor eta zubitxoraino
hurbilduko gara.
LEGAIREKO ZELAIAK
Urbasaren Arabako jarraipen gisa, zelai hauek herrialde honetako eremu
oso atsegina osatzen dute. Opakuatik gertu dagoen aparkalekutik (ikus
ibilbidea), landa eder hauek iparrerantz zeharkatuz Legaire izeneko errekatxora
iritsiko gara, pagadi, trikuharri eta bordak barreiatzen diren inguru
lasai eta zoragarrian barrena.
Hemen, sartaldeko malkarrerantz joz gero (bista politak), Atau mendatea
topatuko dugu, eta hemendik, hegaletik gertu jarraituz, gurutze altu batek
seinalatuko digun Mirutegi Gaineraino, amildegiaren gainean bertan. Balkoi
pribilegiatu honetatik dugun ikuspegia izugarritzat joko dugu, besterik
gabe. Ibilera nahikoa laua da, eta presarik gabe arratsalde batean egiten
da.
AGURAIN
Arabako lautadaren bihotzean dagoen Agurain aldeak historiaurretik jada
populazio nabaria izan du, monumentu megalitiko ugariek erakusten duten
moduan. Hiriko alde zaharrak erdi aroko trazadura du, eta antzina inguratzen
zuten harresiek hortxe diraute, jauretxe askorekin batera.
IKUSTEKOAK
Santa Maria Eliza gotikoa (XV.-XVI. mendeak) harresiaren ipar-muturrean
aurkitzen da, eta beraz, hiriaren defentsa sisteman integratua zegoenez,
gotorleku funtzioa ere betetzen zuen. Barruan hiru barneluzego edo nabe
ditu, eta erretaula nagusia (urreztatua eta polikromatua), Berpizkundeko
kaperak eta zilargin-koruak nabarmentzen dira. Kanpoaldean bere ataria,
suzko-gotikoa, gailentzen zaigu.
San Joan Parrokiak berriz, eliz atari barrokoa erakusten digu, dorre
erdi gotiko (behealdea) erdi barroko (goialdea) bat duela. Barruan XVII.go
erretaula nagusia nabarmentzen da, flandestar kutsuko margo interesgarriak
dituela.
Bi eliza hauen artean (bakoitza alde zaharraren mutur batean) Zapatari,
Harategi eta Kale Nagusian zehar, jauretxe eta jauregi bilduma zabalaz
gozatzeko aukera izango dugu. Etxe hauetako askok armarri ederrak dituzte.
Iparreko Bentaberri Gurutzea, hiriak gordetzen duen muga-gurutzerik
handiosena, lorategi pribatu batean dago, San Lazaro Ospitaletik oso gertu.
Gurutzearen besoak ederki landuak ditu.
SORGINETXE
TRIKUHARRIA
Arrizabalaga auzoan kokatutako trikuharri hau Euskal Herriko politenetakoa
da eta oso ondo zaindua dago. Trikuharria zazpi kare-harrik osatzen dute
(batzuk 2,5 metro baino altuagoak). 1831n aurkitu zen (zientziarako),
eta 1890an, horietako harri bat mugitu zutenean, hiru hilotzen aztarnak
azaldu ziren.
Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Araba
25 km
600 m.
3.867
%15
38 km2
102 bizt./km2
San Juan (ekainak 24)
Errosarioko Andre Mari (urriak 2) |
AIZKOMENDI
TRIKUHARRIA
San Millan herriko Egilatz auzoan dagoen 11 harriko monumentu megalitiko
hau ere 1830-31an aurkitu zuten, eta aurkikuntza honek Arrizabalagakoarekin
batera, euskal historiaurreari buruzko ikerkuntzaren hasiera ekarri zuen.
LEZEA
N1etik ikusten den (Iruñerantz ezkerretara) haitzulo hau Asparrengo
Ilarduia auzoan dago, eta espeleologiazaleek askotan bisitatzen dute,
bere pasabideek mendigune osoa zeharkatzen dute-eta. Besteontzat ere,
merezi du bertaratzea, belarri moduko sarrera ikusgarria gertutik behatu,
bertatik isurtzen den errekatxoan busti eta kanpoaldeko atsedenlekuan
patxada ederrean egoteko bada ere.
|