C's unionista bortitza lehen indarra, independentziaren aldeko blokea irabazle

Zuzeneko jarraipena
  • Egun garrantzitsua Kataluniaren etorkizuna erabakitzeko orduan. Egunak ematen duenaren minutuz minutuko jarraipena egingo dugu.


2017ko abenduaren 22an - 09:26
Matxinada akusazioa Mas presidente ohiaren eta beste bost ordezkari politikoren kontra

Matxinada, sedizioa eta diru publikoaren erabilera okerra egotzita hainbat kontseilariren aurkako prozedimendua bideratu duen Auzitegi Nagusiko epaile Pablo Llanerak auzia zabaldu du, eta barnean sartu ditu Artur Mas presidente ohia, ERCko idazkari nagusi Marta Rovira, PDECat-eko koordinatzaile nagusi Marta Pascual, CUPeko diputatu ohi Anna Gabriel eta Mireia Boya, eta AMIko presidente Neus Llloveras. Epaileak ez ditu, oraingoz, deklaratzera deitu, Vilaweb.cat agerkariak nabarmendu duenez.

 

Europako Batzordeak jakinarazi du ez duela hauteskundeez baloraziorik egingo

Europako Batzordeak alderdi katalanei eskatu die konfrontazioa, zatiketa eta indarkeria saihestu eta elkarrizketaren bideari heltzeko. Gaineratu du Kataluniako egoerari buruz Bruselak duen jarrerak bere horretan jarraitzen duela eta, zentzu horretan, ez duela hauteskundeen emaitzei buruzko baloraziorik egingo.

 

Artadik (JuntsxCAT) dio independentistek elkar ulertuko dutela

Elsa Artadik (JuntsxCAT) adierazi du, Arrimadasen hitzei erantzunez, indar independentistek elkar ulertuko dutela. Hauteskundeen inguruan esan du ez dutela kanpaina autonomista egin. "2 milioi baino bozka independentista gehiago, sekula ez dugu hainbeste boto jaso. CUPekin hitz egin behar dugu, baina mandatu argia dugu". Gehitu du espainiar gobernuak emaitzak errespetatu behar dituela, eta Bruselara joango direla gaur, emaitzak baloratzeko.

Arrimadas, alderdi independentistez: "Dudan jartzen dut berriz ere akordio batera helduko diren"

Ines Arrimadas Ciutadans alderdiko hautagaiak Onda Cero irratian egindako adierazpenetan nabarmendu du hauteskundeok erakutsi dutela honakoa ez dela Katalunia eta Espainiaren arteko arazoa, baizik eta katalanen artekoa. Herritarrei "lasai egoteko" eskatu die, eurak "indartsu" eta independentistak "ahul" daudelako. Halaber, zalantzan jarri du ERC eta Junts per Catalunya ados jarriko diren gobernua osatzeko. "Inork ez dezala ondoriorik arinegi atera. Ezagutzen ditut; akordio batera helduko diren dudan jartzen dut".

'El País'-en titular kontrajarriak

'El País' egunkariaren lehen edizioko azalaren eta behin betikoaren arteko aldeak eman du zeresanik. Aurrenekoaren titular nagusia zen: "Ciutadansen garaipenak bloke independentistaren gehiengoa geratu du". Eta argazkian ageri da aurpegi seriodun neska bat botoa ematen. Bigarrenean, titularra da: "Ciutadansen garaipenak ez du gehiengo independentista eragotzi". Argazkian, bestalde, Carles Puigdemont ageri da, Bruselan, ezustea eta poztasuna batzen dituen irudian.

 

Rajoyk PPren Batzorde Exekutiboa bilduko du gaur

Mariano Rajoyk PPren Batzorde Exekutiboa bilduko du gaur, ostirala, hauteskundeen emaitzak baloratzeko. Alderdiko hautagai Xavier Garcia Albiolek hiru diputatu besterik ez ditu lortu, 2015eko hauteskundeetan baino zazpi gutxiago; Kataluniako Parlamentuan ordezkari gutxien izango dituen alderdia da PP.

EH Bildu: "Kataluniako demokratek 155ari irabazi diozue"

Kataluniako hauteskundeen emaitzarengatik poza agertu du EH Bilduk. "Kataluniako demokratek Espainiako Estatuaren inposizioari, 155ari, irabazi diozue", adierazi du koalizioak twitter bidez. 

"155aren erasoaldiak lortu duen gauza bakarra independentzia eta demokrazia nahia sendotzea izan da. 155ak eragin du PP hutsaren hurrengoa izatea Katalunian", txiokatu du Miren Larrion EAEko legebitzarkideak.

 

Puigdemont (JxCAT): "Presidente legitimo gisa esaten diot Europari: Rajoyren errezetak ez du funtzionatzen"

Carles Puigdemont, JxCAT: "Hasteko, zoriondu Katalunia parte-hartze historikoagatik, errekorra jarri du, eta inork eztabaidatu ezingo duen emaitzagatik. Eskertzen ditut emaitza hau posible egin duten herritar denak: Oriol Junqueras, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart. Eta jarraitu nahi dut gobernu legitimoarekin, zutik iraun dugulako, jarraikortasuna emanaz gure erakunde historikoei.

Kataluniako Errepublikak irabazi dio 155.aren erregimenari! Katalunia Errepublikak irabazi dio 155aren monarkiari! Oharra har dezatela! Espainiako Estatuak porrota egin du. Rajoyk eta bere lagunek galdu egin dute. Gaur hauteskundeak irabazi dituzten hiru alderdiak ez dira Espainiako politikakoak. Horrek frogatzen du Kataluniak ez duela inoiz hutsegiten.

Rektifikazio, erreparazio eta restituzioa eskatzen dute emaitza hauek. Urriaren 1agatik barkamena eskatu behar dute, estatu kolpeagatik. Eta restituzioa gobernu legitimoarena eta jendearen askatasunarena, presoek kalera atera behar dute eta gobernu legitimoak Generalitatera itzuli behar du. Rajoyk erabili duen errezetak, Europari azaldu behar zionak, porrot egin du. Gaur independentismoak diputatu bat gehiago du, JxCAT eta ERCk diputatu bat gehiago dugu PSC-Cs-Comun blokeak baino. Presidente legitimo bezala esaten diot Europari: Rajoyren errezetak ez du funtzionatzen. Errezeta berari eusten badiozue, emaitza berak izango dituzue. Alda ezazue errezeta. Europak babestu du Rajoyren errezeta, eta oharra har dezala: Katalanek erabaki behar dugu gure etorkizuna, eta errezeta horrek beti funtzionatuko du.

Independentismoak irabazi du, salbuespen egoera batean: hautagaiak presondegian, gobernua erbestean, 155aren tripartitoak izan dituen baliabiderik eduki gabe... Kanpaina mediatikoa izan dute egunero eta egun osoz 155aren hautagaien alde. Kanpaina horretan erabilitako baliabideen azalpena eman beharko dute noizbait. Hauteskunde hauek prestatuta zeuden unionismoak irabaz zezan, eta gehiengo independentistak ukitu gabe jarraitzen du. Mehatxuak, gerra ekonomikoa... erabili dituzte. Gehiengo bat dago Katalunian, bozetan eta hautetsietan, erreferenduma eskatzen duena. Eta herrien gehiengoan.

Parte-hartze historikoa egon da, eta beraz, indar transbertsala da independentismoa. Espainiako Estatuak gure aurka zuzendu du ofentsiba oso bat, Ibex35-ek ere bai, medioek ere bai, Europak ere bai... guk baditugu errezetak funtzionatzen dutenak: jendearekin egitekoak, parte-hartzearekin egitekoak, Kataluniak Espaniarekin duen harremana konpontzekoa... Kataluniako herriak ez du 155a onartuko. 155a etenda geratu behar da, presoak askatu behar dira eta garrantzitsuenari heldu behar diogu: politikaren errezetari. Seguru soluzio bat aurkituko dugula. Katalanek eskatzen dute entzunak izateko eskubidea".

Ia %100 zenbatuta, Ciutadansek diputatu bat irabazi du azken unean, PPri kenduta

Emaitzak, %98,95 zenbatuta:

C´s  37
JxCat  34
ERC  32
PSC  17
CatComú-Podem  8
CUP  4
PP  3

Parte hartzea: %81,95

 

Arrimadas (C's): "Konstituzionalismoak, batasunak eta solidaritateak irabazi du"

Inés Arrimadas Ciutadanseko hautagaiak nabarmendu du lehenengo aldiz alderdi konstituzionalista batek irabazi duela Katalunian eta alderdi hori Ciudadanos izan dela. “Eskerrik asko paper laranja hartu duzuen 1.100.000 herritarrei”. Une “historikoa” dela azpimarratu eta sorrera urteetara jo du: “Orduan jada ohartarazi genuen, gaur egun gertatzen ari diren gauza asko gertatuko zirela”. Katalunian “konstituzionalismoak, batasunak eta solidaritateak” irabazi duela adierazi du, eta “munduari mezu bat” bidali diotela: gehiengo soziala Katalunian “Espainiarekin bat egitearen aldekoa” dela eta independentistek ezin dutela “denen izenean hitz egin”. Independentistek bototan eta aulkitan indarra galdu dutela adierazi du, eta gaur garbi geratu dela Procés-ak ez duela etorkizunik katalan guztientzat. “Lege injustua” ere aipatu du, “boto gutxiago duten alderdiei aulkiak ematen dizkiena”. Borrokan jarraituko dutela esanez bukatu du diskurtsoa.

 

Rovira (ERC): "Independentismoak irabazi ditu hauteskundeak"

Mezu argia eman du Marta Rovirak hauteskundeen emaitzak baloratzean: "Independentismoak irabazi du". Herritarrek askatasunaren alde bozkatu dutela gaineratu du. Parlamentua berriz martxan jarri eta "agindu demokratikoari" leial izatea dagokiela adierazi du ERCko zerrendako bigarren hautagaiak. "Gure lehentasuna izango da lan egitea preso politikoak kartzelatik atera ahal izan daitezen eta atzerriratuak bueltatu ahal izan daitezen", adierazi du. Gainontzeko alderdiei eskua luzatu die, "aukera berdintasunaren alde" lan egiteko, baita ongizate ekonomikoa lortzeko ere. Kartzelan dagoen ERCko zerrendaburu Oriol Junqueras ere gogoan izan du Rovirak hauteskundeen balorazioa egitean.

EAJ: "Hauteskunde hauen emaitzak erakutsi du 155ak ez duela ezertarako balio izan"

EAJk sare sozialen bidez zabaldu du Kataluniako hauteskundeei buruzko lehenbiziko balorazioa. Jeltzaleen esanetan, "emaitzek erakutsi dute 155. artikulua aplikatzeak ez duela ezertarako balio izan; hauteskunde-argazkia 2015eko bera izanda, argi geratu da beste era batera ekin behar zaiola Kataluniako gatazka politikoari".

 

Andoni Ortuzarrek esan du elkarrizketa eta negoziazioa areagotu beharko direla, akordioen bidez jendarte katalanak asebeteko duen marko politiko eta juridiko bat lor dezan.

Jordi Turull (JxCAT): "Kaixo, Soraya, Puigdemonten gobernuak irabazi du"

Hiru kideren artean egin du JxCATek balorazioa. Hitza hartzen lehena Elsa Artadi izan da: "155ak galdu du gaur. Puigdemontek 34, Rajoyk 4. Independentziak 70, 155ak 56. Zorionak ERC eta CUP, independentismoaren garaipena denon garaipena da, gaur JxCAT, ERC eta CUPen garaipena da. Bereziki eskaintzen diegu garaipen hau preso politikoei [izenez aipatu ditu]".

Jarraian, Eduardo Pujolek hartu du hitza: "155a hilda eta lurperatuta geratu da, bozkakutxek lurperatu dute. Emaitzek bermatzen dute Puigdemont presidentaren figura instituzionala, eta garaitzen du inposaketa eta zinismo politiko jarrera. Rajoyk galdu egin du. Oharra hartzeko garaia da, zuzenketetarako garaia da, erreparazioaren txanda da eta restituzioarena, Kataluniako Gobernua restituitu behar da eta herri honi eginiko kaltea erreparatu". 

Azkenik, Jordi Turullek: "Bozkakutxek PPri lepoa moztu diote. Kaixo, Soraya, Puigdemonten gobernuak irabazi du".

Domènech (ECP): "Emaitzek gogoeta eragin behar dute indar aurrerakoi eta ezkertiarren artean"

En Comú Podem alderdiko hautagaiaren esanetan, “emaitza hauek argi eta garbi oposizioan jarri gaituzte, eta oposiziotik ekingo diogu. Ez dira guk nahi genituen ezta espero genituen emaitzak, onartu behar dugu. Eta emaitzek gogoeta eragin behar dute herrialde honetako indar aurrerakoi eta ezkertiarren artean. Zein puntutaraino egin diren ongi gauzak, hau ezkertiarren herria izanik eskuinak gehiengoa lor dezan, kolore bateko zein besteko eskuinak”. Aldi berean, gaineratu du, emaitzek gogoeta eragin behar dutela baita ere 155a eta Rajoyren Gobernua sustengatu dutenen artean: "Katalunian ezin dira egin Zigor Kodean eta errepresioan oinarritutako politikak".

Iceta (PSC): "Ez dugu lortu independentismoarekiko gehiengo alternatiboa lideratzea"

Miquel Iceta hautagai sozialistaren hitzetan, “1999tik ez genuen emaitzak hobetzea lortzen, beraz pozten gara, baina ez dira espero genituen emaitzak. Ez dugu independentismoarekiko gehiengo alternatibo bat lortu, eta ez dugu lortu gehiengo hori lideratzea. Dena den, aipatzekoa da gehiengo independentistak 2015ean baino diputatu gutxiago lortu dituela eta orduan bezala, oraingoan ere bototan ez direla gehiengo. Horrek markatu beharko luke gobernu berria, eta herri honi hainbesteko kaltea egin dion aldebakarreko bide ilegalei uko egin beharko lieke”.

Riera (CUP): "Urriaren 1eko errepublikak irabazi ditu hauteskundeak"

CUPeko Carles Rierak azaldu du lau helburu zituela ezkerreko zerrenda independentistak hauteskunde hauetan: parlamentuko gehiengo errepublikarrari eustea; gehiengo errepublikar horren barruan ezkerreko indarrek edukitzea gehiengoa; Kataluniako parlamentuan ezkerreko indarrak izatea nagusi; eta CUPek aurreko hauteskundeetako emaitzak edo hobeak lortzea. Lau helburu horietatik bi lortu dituztela esan du Rierak, baina beste bi ezetz. Gehiengo errepublikarrari eutsi izana nabarmendu du: "Urriaren 1eko errepublikak irabazi ditu hauteskunde hauek", esan du Rierak, egoitzan zegoen jendea "independentzia" oihuak egiten hasi aurretik.

Garcia Albiol (PP): "Ez gara gai izan independentismoaren alternatiba garenok gehiengoa osatzeko"

Xabier Garcia Albiol, PP: "Agerikoa da hauteskunde hauek Cs irabazi dituela, eta PPtik egitea dagokigun lehen gauza Cs zoriontzea da garaipen honengatik. Eta eskertu nahi ditugu milaka eta milaka katalanak gure kandidaturaren alde boza eman dutenak, ulertu dutenak PP zela ondoen ordezkatzen zituela. Eskertu baita ere egun osoan zehar hautes-eskoletan interbentore eta apoderatu aritu direnak, baita Espainiako beste puntuetatik etorri direnak.

Balorazioa oso argia da, matizik gabe: oso emaitza txarra izan da, ezin dugu harro sentitu. Politikan, bizitzako edozein eremutan bezala, badira egun onak, ez hain onak eta txarrak, eta gaurkoa egun txarra da Kataluniako PPrentzat, eta batez ere, Kataluniaren etorkizunarentzat. Kezka handiz ikusten dugu Kataluniako etorkizun sozial eta ekonomikoa, gehiengo independentistarekin. Saiatu gara azaltzen eta pedagogia egiten, ekarriko lituzkeen ondorioez gehiengo independentistak. Baina Kataluniako herritarrak beren hitza adierazi dute. Kezkatzen gaitu, ez garelako gai izan transmititzeko hauteskundeak Cs irabazi dituela, baina baita ere frakasatu dutela boto baliagarria eskatzen zutenek. Ez gara gai izan gehiengoa osatzeko independentismoaren alternatiba eraikiz. Oposizioan egongo gara, eta horrek ezin digu asebetetzerik eman. Gehiengo alternatiboa osatzeko gai izan ez garenez, batzuek bost minutuz ospatuko dute gaurko garaipena, baina ezin dira horrekin asebete.

Alderdi handi hori izatera itzultzeko gogoeta egin behar dugu. Oso harro sentitzen naiz alderdi honen siglekin, pertsonekin, eta egiten ari den lanarekin, katalan eta español sentitzen garenekin. Kataluniako historian norbaitek aurpegia eman badu eta muturrak hautsi baditu español sentitzen diren katalanen alde, Kataluniako PP izan da. 30 urte daramatzagu Katalunian harrotasuna defendatzen.

Gaurkoak hauteskunde autonomikoak ziren, ez besterik. Badakigu gehiengoa independentista bada, gauzak ez direla errazak izango".

Ia %90 zenbatuta; Ciutadans lehen indarra, independentziaren aldekoek gehiengoa Parlamentuan

Behin-behineko emaitzak %89,9 zenbatuta:

C´s  36
JxCat  34
ERC 32
PSC 17
CatComú-Podem  8
CUP  4
PP  4

Parte hartzea: %81,95

 

Agusti Alcoberro (ANC): "Independentismoak irabazi ditu hauteskundeak"

Agusti Alcoberro (ANC): "independentismoak irabazi ditu hauteskundeak, historiako parte-hartzerik handienean, eta oso hauteskunde zailetan, presidenta erbestean eta zerrendako kideak kartzelan egonik. Egoeran gaude berresteko Kataluniako herritarrek garaitu dutela 155. artikulua eta berretsi dutela urriaren 1ean bozkatutako Errepublika. Frogatu da herritarren garaipena, estatu golpearen aurrean. Eskatzen dugu presoak askatzea eta erbestean dauden gobernuko kideak askatasunean itzultzea. Txanponaren bestaldea da, 155. artikulua indarrean jarri duen PP indar marjinala bihurtu dela. Beraz, irabazi ditugu hauteskunde batzuk ez zeudenak egoki eginda, zilegitasunik gabekoak. Kataluniako herritargoak eutsi dio eta eusten jarraituko du, adierazi du aurrera jarraitzeko borondatea."

Granollers da "Ohio katalana": hiriko emaitzak eta Kataluniakoak oso antzekoak dira

AEBetako hauteskundeetan maiz hartu izan da Ohio eredutzat, herrialdeko emaitza orokorra iragartzeko gakoa izan daitekeelakoan. Bada, abenduaren 21eko bozetan, Granollersek dirudi "Kataluniako Ohio", izan ere, hiri horretako emaitzek eta Kataluniako zenbaketa orokorrak oso antzeko argazkia erakusten dute.

 

%80 zenbatuta, independentistek gehiengoari eutsi baina 2015ekiko hiru eskerleku galduta

Hauek dira behin-behineko emaitzak %80 zenbatu denean:

C´s  36
JxCat  33
ERC  32
PSC  18
CatComú-Podem  8
CUP  4
PP  4

Gehiengo absolutua 68 eskerleku dira, eta independentziaren aldekoek 69 lituzteke emaitza hauekin

PP seigarren indarra izatera pasa da Badalonan, Albiol alkate izan zen hirian

Oraingoz zenbatutakoa kontuan hartuta, botoen %8 baino ez luke lortuko PPk Badalonan, alderdiko zerrendaburua alkate izan zen hirian. Emaitza horrekin, popularrak seigarren indarra izatera pasa dira. Ciudadanosek irabaziko luke botoen %30 lortuz eta ERC litzateke bigarren indarra. 

%70 zenbatuta, gehiengo absolutua independentistek

Puigdemonten Junts per Cataluniak, ERCk eta CUPek 70 ordezkari dituzte. 2015ean Junts pel Sí-k eta CUP 72 gehitu zituzten. 68 diputatutan dagoen gehiengo absolutuari eutsiko liokete alderdi independentistek.

Ciutadans doa lehen indar gisa, bigarrenari 106.811 botoko aldea ateratzen dio.

 

Erdia zenbatuta, botoen %48,2 lukete independentziaren aldeko hiru indarrek

%52 inguru zenbatu denean, baliodun bozen %48,2 izango luke Junts per Catalunya, ERC eta CUPen baturak. 155. artikuluaren aldekoek berriz (Ciutadans+PSC+PP), %40,1.

Artur Mas heldu da Junts per Catalunyako hautagaiak dauden aretora

PdCAT alderdiko presidente izan arren, perfil baxua izan du kanpainan.

%45 zenbatuta, Ciutadans garaile botoetan eta eserlekuetan; independentziaren aldeko blokeak gehiengoari eutsi

Behin-behineko emaitzak:

Zenbatuta: %45

C´s 35
JxCat 34
ERC 32
PSC 18
CatComú 8
CUP 4
PP 4

Parte hartzea: %81,7

Independentziaren aldekoek 71 eserleku, %30 zenbatuta

Emaitzak %30 zenbatu denean:

C´s: 34 eskerleku
JxCat: 34
ERC: 32
PSC: 18
CatComú-Podem: 8
CUP: 5
PP: 4

Parte hartzea: %81,6
 

 

Ciutadans eta Junts per Catalunyaren arteko berdinketa eta independentisten gehiengoa botoen %18 zenbatu denean

Bozen %18,14 zenbatu denean, Junts per Catalunyak eta Ciutadansek 35na eskerleku lukete Kataluniako Parlamentuan, Generalitatearen datu ofizialen arabera. Tarte txikiagatik, C´s lehena da une honetan boto kopuruari dagokionez. ERCk, berriz, 31 jesarleku lituzke. CUPen bostak gehituta, independentziaren aldeko indarren baturak gehiengo absolutuari eutsiko lioke (71).

Hauek dira behin-behineko emaitzak:

  • C´s: 35
  • JxCat: 35
  • ERC: 31
  • PSC: 18
  • CatComú-Podem: 8
  • CUP: 5
  • PP: 3
Zenbaketa astiro doalako azalpenak eman ditu Generalitateko hauteskunde prozesuetako buruak

Gaurko hauteskundeetako botoak jaso, prozesatu eta argitaratzeaz arduratzen da Lluis Anaya, Generalitateko hauteskunde prozesuetako saileko burua. Azalpenak eman ditu Twitter bidez, zenbaketa astiro doalako. Idatzi duen txioan dioenez, parte-hartze altuak mantsotu du zenbaketa, baita boto nuloei buruzko eztabaidek ere.

Alderdiek hauteskunde-egunaz egin duten balorazioa

PSC: “Ospatzeko arrazoiak izango ditugu”

PSCk azpimarratu du bozkatzaileen kopurua “oso handia” izan dela eta hori ona dela, “emaitzari legitimitate handiagoa emango diolako”. Jardunaldi lasaia izan dela nabarmendu du, eta nahi izan duen guztiak “askatasunez” espresatu ahal izan duela bere iritzia eta bere botoa. Miquel Iceta hautagaiak espero du norabide aldaketa ahalbidetzea hauteskundeek eta adierazi du ospatzeko arrazoiak izango dituztela gaur gauean, PSCk hobera egingo duela ziur baitago.

PP: “Denetik pasa daiteke”

Popularrek ere positiboki baloratu dute parte-hartze handia eta katalanek bizitza politikoarekin “inplikatu” izana. Xavier Garcia Albiol hautagaiak adierazi du denetik pasa daitekeela gaur gauean, eta beretzat emaitza on bat dela “Katalunian aldaketa adierazten duen emaitza bat”.

JxC: “Ez dira hauteskunde normalak izan”

Junts Per Catalunya pozik agertu da parte-hartzearekin, baina nabarmendu du ez direla hauteskunde normalak izan, preso politikoak eta erbesteratuak badirelako. Halaber, salatu du hainbat alderdi saiatu direla emaitzak aldatzen. “Katalanek ezetz esango diote 155ari eta Mariano Rajoyren esku-hartzeei. Gaur, 155a hautetsontzietan hilko da”.  

CUP: “Hauteskunde kanpaina guztiz anormala izan da”

CUPek adierazi du gaur jokoan dagoena dela “inposizioari, inpunitateari eta errepresioari aurre egitea, eta denok barne hartuko gaituen Errepublika eraikitzea”. Bozkatzeko eskubiderik ez dutelako bozkatu ez duten 830.000 herritarrak ere gogoan izan dituzte. Parte-hartzea handitu izana positibotzat hartu du alderdiak, eta azpimarratu du hauteskunde kanpaina “guztiz ezohikoa eta anormala” izan dela, Hauteskunde Batzordeagatik eta kaleetan izandako polizia kopuru handiagatik.

Catalunya en Comú: “Agindu garbia emango diote politikariei”

En Comúrentzat, parte-hartze “historiko” honek “agindu garbia” emango diete politikariei. Zuhur agertu da alderdia eta ez du askoz gehiago esan.

Ciutadans: “Aldaketa gogoa ikusi dugu kalean”

Ciutadansen arabera, “gaur aldaketa gogoa ikusi dugu kalean eta hauteslekuetan”.  Parte-hartze “historikoa” eta “normalizazio demokratikoa” zoriondu ditu, eta Kataluniarentzat bakarrik ez, “Espainiarentzat eta Europarentzat ere egun inportantea” dela gaineratu du. Konstituziogileak “inoiz ez bezala” mobilizatu izanagatik harro, emaitza onak espero ditu alderdiak.

ERC: “Ilegalki konbokatutako hauteskunde ilegitimoak izan dira”

ERCk azpimarratu du “ilegalki konbokatutako hauteskunde ilegitimoak” izan direla. Hala ere, parte-hartze handia ikusita, “herria oso politizatuta dago eta horrek emaitza legitimatzen du”. Gogoratu dute “baldintzarik okerrenetan” egin dutela kanpaina, zerrenda-burua espetxeratuta eta hainbat hautagai ere kartzelan edo inputatuta. Oraingoan Poliziaren porrarik ez dela egon eta biolentziarik gabe herritarrek bakean bozkatu ahal izan dutela azpimarratu dute.

Anonymous-ek boto-zenbaketaz arduratzen den Indra enpresaren webgunea hackeatu du

Indra.es webgunera sartzea ezinezkoa da albiste hau idazten ari garen momentuan. Hauteskundeetako boto-zenbaketaz arduratzen den enpresaren kontrako eraso informatikoa egin du Anonymousek. Espainiako Gobernuak eta enpresak ukatu egin dute erasoa. Anonymousek aldiz, zenbait txio bidali ditu hackeatzearen berri emanez.

ANCk mahaietako ahaldunei akten argazkiak sareratzeko eskatu die "bermeekin egiteko kontaketa"

ANC erakundeak Katalunia osoko mahaietako ahaldunei eskatu die akten argazkiak Twitterrera igotzeko, herriz herri kontrola eramateko traola-sistema batekin. Ibex 35eko parte den eta PPri ordainketa ilegalak egin izanagatik ikertutako Indra enpresa arduratzen ari da hauteskunde sistema informatikoaz. Lehiaketa publikorik gabe hautatu zuen Espainiako Gobernuak. Zenbaketan tranpa egingo dieten beldurra adierazi dute asteotan independentista askok.

 

%81,53koa parte-hartzea izan da gaurko hauteskundeetan, 2015ean %74,95ekoa

Generalitatearen orriaren datuen arabera, parte-hartzea oso handia izan da, 2015ean %74,95ekoa izan zen, beraz, aurtengoa 6,58 puntu gehiagokoa da.

El Pluralek emandako datuen arabera, Kataluniako 947 herrietan 2.680 hautes eskola egon dira zabalik gaurko egunez, eta hauetan guztira 8.247 mahai.

Zer emaitza aurreikusi dute hautagaiek?

TV3 kate publikoak hauteskundeetan beren alderdiarentzat zer emaitza espero duten galdetu die Kataluniako hautagaitzetako zerrendaburuei. Denek, PSCko Miquel Icetak salbu, parte hartu dute kinielan eta hauek dira beraien pronostikoak: Marta Rovirak 32 diputatu aurreikusi ditu bere alderdiarentzat; Jordi Turullek 34 Junts Per Catalunyarentzat; Ines Arrimadasek esan du Ciudadanosek 31 lortuko dituela; Xavier Domènech-ek 24 eserleku aurreikusi dizkio Catalunya en Comú Podem-entzat; Xavier Garcia Albiolek 11 PPrentzat eta Carles Rierak 11 CUPentzat.

Hauteskunde eguneko irudi bitxi batzuk
Laura Sancho gazteak bere boza Carles Puigdemonti utzi dion unea

Bruselan erbesteratutako orain arteko Presidentak bozik eman ezin, eta bisitan joan zitzaion Laura Sancho gazteak adierazi zion beren lehenbiziko boza (18 urte baititu) Puigdemonti uzteko prest zegoela. Carles Puigdemontek esker hitz hauekin zabaldu du Sanchok boza eman dueneko argazkia.

Bloke independentista nagusi, baina Ciutadans lehen indarra GAD3-ren arabera

La Vanguardia-rako egin du inkesta hautetsontziak itxi direnean honako emaitzarekin:

C'S: 34-37

ERC: 34-36

JXCat: 28-29

PSC: 18-20

Cat. en Comú: 7-8

CUP: 5-6

PP: 3-5

 

 

Itxi dituzte hauteslekuak, hasi da botoen kontaketa

20:00ak dira eta eskolak itxi dituzte. Emaitzen jarraipena egingo dugu hemendik aurrera.

Neutraltasun "bermerik" ez Canejan herriko hautes-mahai honetan

CUPeko Lleidako zerrendaburu Mireia Boya Busquets-en txio honek salatzen duenez, Espainiako Hauteskunde Batzordeak xingola horiak debekatu ditu hautes-mahaitan eta aldiz, Canejan herriko mahaiko presidentea ukatu egin da bandera española biltzera.

830.000 lagunek ezin izan dutela bozkatu salatu du CUPek

CUPeko Idazkaritza Nazionaleko bozeramaile Nuria Gibert-ek salatu du 830.000 herritarrek ezin izan dutela bozkatu, eta oraindik bozkatu ez dutenak bozkatzera animatu ditu, demokraziaren izenean.

 

<< <
1 2
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
2024-08-08 | ARGIA
Puigdemont Kataluniara itzuli da zazpi urteren ondoren, eta berriz ere desagertu da

Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]


Jesús Rodríguez. Tsunami Democràtic auzia
“Zergatik erori da orain auzi osoa, akatsa egin eta hiru urtera?”

Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]


Kataluniara itzuli dira Tsunami auziko erbesteratuak

Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.


Tsunami auzia artxibatu du Espainiako Auzitegi Gorenak ere

Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]


2024-06-12 | David Bou
Erbeste debekatua

Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]


“Ez dugu auzi justurik edukiko; gidoi hau lehendik idatzita zegoen”

Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]


Auziagatik, erbestean
AURRERAPENA | “Amnistia Legea finkatzen joan ahala, are gehiago indartu dute terrorismoaren akusazioa”

Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.

Aurrerapena da ondorengo... [+]


2024-05-30 | ARGIA
Amnistia Legea aurrera atera da Espainiako Kongresuan

Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.


Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


‘La Directa’ babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: “Kazetaritza ez da terrorismoa”

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere “terrorismoagatik” inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


Eguneraketa berriak daude