JARRAIPENA | Mugarria ezarri du milaka lagunek babestutako grebak

Zuzeneko jarraipena
  • Urtarrilaren 30erako greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. ARGIAk grebarekin bat egitea erabaki dute langileek aho batez, eta kazetariek grebaren berri eman dute egun osoan:


2020ko urtarrilaren 30ean - 01:27
Gakoak
Jendetza Donostian manifestazio amaieran (arg: Dani Blanco)
Eguerdian Iruñean manifestazioa eta arratsaldean mobilizazioak herrietan

Goizean goizetik langile piketeak arituko dira Iruñerriko enpresa poligonoetan grebari buruzko informazioa emanez. Goizeko 8,30etan Kalebira abiatuko da Iruñeko Gazteluko Plazatik, hiriko erdi aldeko kaleak grebarekin girotuz.

Goizeko 11etan Iruñerriko herri eta auzoetatik ere zazpi zutabek joko dute Iruñeko Gazteluko Plazan 12:00etan egingo den manifestaziora: Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea (11:30etan); Atarrabia, NUPeko unibertsitatea eta Barañain.

Greba sostengatzen duten hainbat kolektibok ere egin dituzte deialdiak. Horien artean dago AHTrik ez Nafarroako Koordinakundeak egindako deialdia. 11:00etan Iruñeko tren geltokiaren aurrean bilduko dira salatuz AHTrekin aurrera jarraitzen dutela eta hor inbertitzen den dirutza ez dela gastu sozialetara joango.

Arratsaldean herrietan

Arratsaldeko manifestazioak deszentralizatuak izango dira Nafarroan, gehienak 17:00etatik 19:30etako tarteetan abiatuta. Iruñekoa Autobus Geltoki zaharretik aterako da 17:00etan eta gainerako herri eta auzoetan ohiko tokietatik.


 

 

Reala eta Osasunaren arteko partidan grebaren aldeko argazkia eta burrunbada

Hasiera batean ostegunean jokatzekoa bazen ere, gaur jokatuko da Anoetan Reala eta Osasunaren arteko partida. Partidaren aurretik grebaren aldeko argazkia ateratzeko deia egin du Bultzada taldeak.

30. minutuan bi taldeetako zaleei biharko grebaren aldeko "burrunbada erraldoia" egiteko deia zabaldu diete.

 

Zaintza eta babesa: grebalarientzako baliabideak

U30a hurbildu ahala, grebalariei zuzenduriko mezuak eta informazioak ugaltzen ari dira. Gasteizko U30 telegram kanaletik, elkar zaintza eta babeserako hainbat irizpide eta baliabide ematen ari dira.

Gasteizen zaintza-gune bat ezarri dute, eta lau arnas-gune. Horrez gain, poliziarekin eman daitezkeen egoera ezberdinetan herritarrak dituen eskubideak eta gomendagarriak diren jarrerak laburbiltzen dituen mezua zabaldu dute, edozein grebalarirentzako baliagarriak izan daitezkeenak (informazio gehiago: t.me/u30gasteiz):

HAR DITZAGUN KALEAK ELKAR ZAINDUZ!

Identifikazio baten aurrean

- Identifikazio horren arrazoiak eman behar dizkizute.

- Ez eman zure NANean agertzen ez den daturik.

- Ez eman telefono edo posta elektronikoko zenbakirik.

- Ez sinatu inolako agiririk.

Atxilotzen bazaituzte

- Atxiloketaren arrazoiak oso argi eman behar dizkizute.

- Eskubidea duzu medikuarengana joateko, zure egoera fisikoaren berri izateko. Azterketa mediko hori poliziaren presentziarik gabe egin behar da.

- Itzali telefonoa eta gainerako gailuak.

- Nahi duzun pertsonari zure atxiloketaren berri emateko eskubidea duzu.

- Konfiantzazko abokatua izendatzeko eskubidea duzu. Abokatu horren izen-abizenak ezagutu behar dituzu.

- Lasai. Ez etsi eta ez hitz egin poliziarekin. Zure abokatua iristen denean bakarrik hitz egingo duzu, hala nahi baduzu. Gogoratu: ez deklaratzeko eskubidea duzu.

- Ez sinatu inolako agiririk.

- Ez ukitu objekturik.

- Ez onartu DNA frogarik.

- Ez onartu tatuajeen argazkiak.

- Ez jantzi poliziak utzitako edo emandako arroparik.

Poliziak erasotzen badizu edo zauritzen bazaitu

- Egon lasai eta saiatu zaitez eraso egin dizun poliziaren zenbakia identifikatzen eta apuntatzen. Saiatu, halaber, poliziaren ezaugarri nagusiak gogoan hartzen, ondoren deskribatu ahal izateko. Laguntza juridikoa eskatu salaketa jartzeko.

Ospitalera joan eta polizia bertan badago...

- Poliziari kanpora dezala eska diezaiokezu medikuari.

- Medikuak, arrisku bat ez garen bitartean, gure eskaera entzun behar du, eta polizia kanporatu. Poliziak aretotik alde egin behar du.

Poliziaren eraso bat ikusten baduzu

- Lasai egon, eta, ahal bada, grabatu erasoa irudiak gordeta.

- Bilatu erasoa jasan duen pertsona ezagutu dezaketen pertsonak, eta, ahal bada, erraztu zurekin harremanetan jartzeko moduren bat.

- Ez ezabatu jatorrizko gailuko irudiak.

Autoa erregistratu nahi badizute

- Erregistroaren arrazoiak jakinarazi behar dizkizute.

- Eskubidea duzu bertan egoteko eta erregistro osoa ikusteko.

- Idatziz jaso behar dute eramaten dutena, eta informazio hori zuri eman. Gainera, eragindako kalteak erregistratuta geratuko dira.

- Agenteen identifikazio-zenbakia eskatu.

- Begiratu ea zure inguruan segurtasun-kamerarik dagoen.

- Bukatzean, begiratu zure autoa.

Hezkuntzak ere baditu greba egiteko nahikoa motibo

Ikastetxeetan, greba orokorraren jarraipen zabala espero da. Bizitza duinak aldarri, sektoreak badu zer salatu: azken urteetako erreforma eta murrizketak, hezkuntzaren pribatizazioa, irakasleek aurrez jubilatzeko duten ezintasuna edota “EAEn Jaurlaritzaren eskutik badatorkigun hezkuntza lege neoliberala” aipatu dizkigute.

Sindikatuek diote ikastetxe ugaritako klaustroek egin dutela bat osteguneko grebarekin. EAE eta Nafarroan giroa ezberdin sumatzen dutela azpimarratu dute LABetik, kontuan hartuta besteak beste Nafarroan grebaren kontra agertu diren sindikatuek EAEn baino indar handiagoa dutela eta Afapna sindikatua abstenitu egin dela.

Ikasle mugimenduek oro har bat egin dute grebarekin, eta hezkuntza sistema neoliberala eta pribatizazioa salatu dituzte.

“Benetako jarraipena desitxuratu nahi dute Nafarroan”

“Egun bateko grebak ez du hezkuntza eskubidea urratzen, ez litzateke zerbitzu minimorik egon behar”, kritikatu du STEILASek. Arlo honetan ere, EAE eta Nafarroaren arteko aldea handia dela azaldu digu LABek: zuzendaritzako kide bat eta atezaina dira EAEko zerbitzu minimoak; aldiz, Nafarroan ikastetxe bakoitzean eskola garraio guztiak egin beharko du lan zerbitzu minimoak betetzeko, Haur eta Lehen Hezkuntzan zuzendaritzako bi kidek eta hiru ikasleko irakasle batek, eta DBHn lau ikasleko irakasle batek. Hezkuntza-laguntza eskaintzen duten espezialisten %50 ere aritu beharko da. “Etxarriko ikastolan, esaterako, 55 langile dira eta 15ek egin beharko dute lan zerbitzu minimoak betetzeko, gehiegizkoa da guztiz, grebaren benetako jarraipena desitxuratu nahi du Nafarroako Gobernuak”.

Bizitzak erdigunean jartzea zerbitzu publikoak erdigunean jartzea dela gaineratu du STEILASek: “Alegia, hezkuntza publikoa erdigunean jartzea, merkatuaren logikatik aldenduta. Batez ere orain, Eusko Jaurlaritzak laster aurkeztuko baitu EAErako Hezkuntza Lege neoliberala. Lege horren bidez, administrazioak sare pribatuaren gain delegatuko du hezkuntza zerbitzua, berak bermatu beharrean; salto kualitatibo ikaragarria da politika neoliberaletarantz”.

Azken urteetako erreforma eta murrizketengatik irakaskuntzako langileek izan duten eskubide galera eta egonkortasun falta (behin-behineko langileen kopuru handia) salatu du ELAk, berdin lanaldi partzialak eta pribatizazioa ere. Grebako aldarrikapenen artean erretreta dago eta sindikatuek nabarmendu dute Espainiako Estatuan EAEko hezkuntza publikoko langileak direla 60-61 urterekin jubilatu ezin daitezkeen edo errelebo kontraturik egin ezin duten bakarrak. Hori ere salatuko dute ostegunean.

 

Greba orokorrak mundu mailako babesa jaso du

Espainiako Estatuan ez ezik, beste herrialde askotatik babesa helarazi diote Euskal Herriko greba orokorrari. LABek Twitter bidez elkarteen zerrenda zabala argitaratu du. Munduko Federazio Sindikalista, Estaturik gabeko Nazioen Sindikatuen Plataformak, eta Federazio Sindikalaren pentsionisten eta zerbitzu publikoen nazioarteko batasun sindikalek babestu dute osteguneko greba.

 

Pintaketak egin dituzte Lasarte-Oriako Lanbideren egoitzan

Greba orokorraren aldeko pintaketak egin dituzte Lanbideren hainbat bulegotan, eta Lasarte-Oriakoan pintaketak egiten ari ziren kaputxadunek segurtasun-zaintzailea jo zutela salatu du Lanbidek berak. “Segurtasun-zaintzaileak ekintza gaitzetsi zienean, gazteek, baldeak, kartelak eta pintura-poteak bertan utzi eta korrika ihes egin aurretik, lurrera bota zuten langilea. Segurtasun-zaintzaileak min hartu zuen eta bajan dago”. Bai Lanbidek, bai segurtasun-zaintzaileak salaketa bana jarri dute Ertzaintzan.

 

Bizkaiko patronaleko presidenteak "arduragabetzat" jo du greba orokorra

Cebek-eko presidente Iñaki Garcinuño ez dator bat ELA eta LAB sindikatuek egindako irakurketarekin: "EAEko gizarte zerbitzuak herrialde askoren inbidia dira". Pentsioak 1.080 euroko gutxienekoan ezartzea, berriz, "sinplea bezain ezinezkoa" deritzo.

Horregatik, greba orokorrerako deialdia "arduragabea, neurrigabea eta desegokia" dela adierazi du Garcinuñok.

Ertzainek ere bat egin dute greba orokorrarekin

ELA sindikatutik adierazi dute "planto" egiteko beharra "inoiz baino argiagoa" dela. Hori dela eta, bat egin dute gainontzeko sektoreekin urtarrilaren 30eko greba egiteko deialdian.

Sindikatuko ertzainek ohar batean adierazi dute grebarekiko bat etortzea: "Modu zuzenean eragiten digute gure gobernarien erabakiek, eta zoritxarrez greba egiteko eskubidea ukatzen badigute ere, urtarrilaren 30eko greba babestu behar dugu".

Besteak beste, kalean 8.000 ertzain bermatzea eta erretiro-primak berreskuratzea eskatu dute ertzainek.

 

Ezkerraldeko 67 enpresa-komite, grebarekin bat

Prekarietateak zigortuenetakoa da Ezkerraldea Euskal Herrian. Bertako 67 enpresa-komitek atxikimendua adierazi diote urtarrilaren 30eko greba orokorrari, prekarietatearen eta pobreziaren aurka, eta eskubide sozialen eta pentsio sistema publiko baten alde, Agustin Goikoetxea kazetariak sare sozialetan nabarmendu duenez

Ostegunean, besoko morea

Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebarekin bat egiteaz gain aldarrikapen feministak agerian utzi nahi ditu. Aldarrikapenez gain, bultzada feminista nabarmentzea nahi dute. Ondoko proposamenak egin dituzte: besoko morea janztea, amantalak leiho eta balkoietan zintzilikatuz emakumeek doan egiten dituzten lanak bistaratzea, eta greban egon ezingo diren emakumeen –presoak, etxeko langileak, zaintzaileak, indarkeria matxistak hildakoak…– presentzia sinbolikoki irudikatzea.

Bortizkeria matxistarik eta instituzionalik gabeko bizitzak aldarrikatuko dituzte etxeko langileek

Zumaiako Malen Etxea elkartean etxeko langile aritzen diren emakume migratzaileak biltzen dira eta grebara begira adierazpena egin dute. Batzarrean erabaki dute ez dutela geldialdirik egingo ostegunean, besteak beste etxeko lanetan eta zaintzan ari diren langileetako asko “ilegalak” direlako eta lana galtzeko arrisku handia dutelako greba eginez gero. Kaleko protestetan eta sare sozialetan hartuko dute parte.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako eskaerekin bat egin dute, eta horrez gain, bereziki eskatu dituzte emakume langile atzerritar guztientzako bizitokia eta Atzerritar Legea ezabatzea.Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean sartzea ere eskatu dute.

Adierazi dute ez dagoela justizia sozialik, berdintasunik, ekitaterik eta askatasunik milaka emakume migratzaile esplotatzen jarraitzen bada besterik gabe pobreak direlako. Halako aldarria egin dute: “Esplotazioa eta klasismoa arrazakeria da!”.

Askapena: "Bizitzaren aurkako oldarraldi baten aurrean gaude"

Greba orokorrarekin bat egitera deitu du Askapenak. "Gaur, inperialismoaren erasoaldi bortitzenetarikoaren, bortitzenaren ez bada, aurrean gaude. Bizitzaren aurkako oldarraldi baten aurrean. Interes berak ezkutatzen dira Boliviako Estatu Kolpearen atzean, edo Venezuelako etengabeko mehatxuetan. Esku zuri bera Ekialde Hurbileko sakeoan. Helburu berak Txileko nahiz Greziako erreformetan. Diskurtso faxista bera Brasil edo Italian. Kontrol, aberastasun eta boterearen etengabeko akumulazioak ez du mugarik. Lurralde, itsaso zein oihanekin batera, hizkuntza, identitate, herri, kultura, komunitate, indar eta gorputzak zapaldu nahi dituzte, esklabo nahi gaituzte", dio.

"Herrion arteko xamurtarsunari esker ordea, bizitzaren aldeko munduko hamaika herrietako borroka ezagutzeko aukera izan dugu. Elkartasunak ekarri gaitu hona, irakaspen horiek guztiak munduko herri langileonak baitira. Elkarrekin indartsuago garelako, elkarrengandik ikasten dugulako eta elkarrekin bat garelako lantzen dugu elkartasun internazionalista; zauritzen gaituzten arrazoiak gainditzeko. Kapitalismo, heteropatriarkatu eta inperialismoari arnasa kentzen diogun territorio, baliabide, ideia edo gorputz bakoitza, bizitzaren aldeko garaipen bat da, bizitza onaren aldeko urrats bat".

Urtarrilaren 30ean, Euskal Herrian kaleak hartzea bizitza aldarrikatzea dela azpimarratu du Askapenak.

Irakurri idatzi osoa Argiako Eragileen Plazan.

 

Hego eta Ipar Euskal Herriak bat egin du, pentsio duinen alde

"Pentsio duinak. Hemen erabaki" lelopean, zutabe bat abiatu da astearte honetan Hendaiatik eta beste bat Irundik. Santiagoko zubian egin dute bat, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.

LAB sindikatuak antolaturiko ekintzaren bidez, Espainiako eta Frantziako gobernuek "pentsioen aurka sustaturiko politikak" salatu nahi izan dituzte, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren hitzetan. Euskal pentsio sistema publiko bat aldarrikatu dute Euskal Herri osorako.

"Gaurko ekimenarekin irudikatu nahi izan dugu, mugen gainetik, hemen badagoela herri bat, hemen bagaudela langile batzuk euskal pentsio sistema publiko baten alde borrokatzen. Bi estatuen parte gara eta bi estatuetatik Europatik ezartzen dituzten politika neoliberalak inposatzen zaizkigu, hainbat lan erreforma ezarrita, guztiekin prekarizazioa areagotuz", adierazi du Aranburuk.

 

Grebaren egunerako Eskubide Sozialen Kartak antolatu dituen 101 mobilizazioak

Eskubide Sozialen Kartak prentsaurrean adierazi zuen Hego Euskal Herri osoan 101 deialdi antolatu dituztela urtarrilaren 30erako. Lotura honetan PDF fitxategia deskarga daiteke.

 

1.500 langile batzorderen atxikimendua dauka greba orokorrak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako sindikatuek agerraldia egin dute astelehenean grebari buruzko datu ugari emanez. Adierazi dutenez, 1.500 enpresatako langile batzordek egin dute bat deialdiarekin, eta nahiz eta ez zuten zerrenda osoa publiko egin, hainbat enpresa aipatu zituzten: CAF, Bankoa, Altuna y Uria, Petronor, Arcelor mittal Bergara etaLesaka, Ingeteam, Tubacex eta Zara, adibidez.

Udalei dagokienez: Donostia, Iruñea, Bilbo eta Irun; Aldundiak: Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa. Beste enpresa batzuk aipatzearren: EiTB, EHU, Euskotren, Gipuzkoako Urak, Pesa garraioak eta Haurreskoletako Partzuergoa.

ARGIAk ere greba egingo du

Urtarrilaren 27an egin dute ARGIAko langileek batzarra, eta greba egitea erabaki dute bertan, Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdiarekin bat eginez.

Komunikabidea izanik, ARGIAko erredaktoreek greba aktiboa egingo dute ostegunean. Hau da, grebari jarraipena egingo diote, deituta dauden mobilizazioen zuzeneko lekukotasuna emanaz, eta sare sozialetan zabaltzen den informazioa ere bilduz. U30ean grebari buruzko albisteak baino ez ditu emango ARGIAk.

ARGIAko langile bakoitzak bere herriko mobilizazioetan parte hartzeaz gain, eguerdian Donostiako manifestazioan ekonomia sozial eraldatzaileko sarea den Olatukoopen deialdian joango dira inguru horretan bizi direnak.

 

Donostiako deialdiak greba orokorrerako

Hainbat izango dira urtarrilaren 30erako deialdiak. Goizean goiz pikete informatiboak antolatu dituzte Martutene, Miramon eta Zuatzuko enpresaguneetan. Baita PioXII eta Askatasunaren etorbidean ere. Gero hiru zutabetan joango dira manifestazio nagusira. Eskubide Sozialen Kartak ondorengo kartela atera du.

Horrez gain, Eskubide Sozialen Kartako eragileek eta hiriko greba batzordeek antolatu dituzten deialdiez gain, “ofentsiba kapitalistaren aurrean, langileok haustura politikoa” lelopean pikete informatiboa deitu dute Unibertsitateetatik abiatuta, Aulariopetik 11:15ean.

Auzoetako greba batzordeek pikete informatiboak antolatu dituzte. Adibidez, hemen Egiako hitzorduak:

Groseko hitzorduak:

Amarako hitzordua Easo plazan jarri dute.

Intxaurrondoko egitaraua azpiko kartelean. Horrez gain, auzo honetan zaintza gunea jarri dute Intxahurgunean, 10:30etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30etara.

Añorgako deialdiak hemen:

Horrez gain, Komite Antierrepresibo Transfeministak ere greba orokorrarekin bat egin du eta 14:30ean Martuteneko espetxean jarri dute hitzordua. Gero, bertan bazkalduko dute.

 

Gasteizko deialdiak greba orokorrerako

Asteazken gauerako burrunbak deitu dira greba berotu asmoz Alde Zaharrean, Txagorritxun, Judimendin, Olarizun eta nor bere etxeko leihotik.

U30ean, mobilizazioa goizaldean hasiko da, industria poligonoetako pikete informatiboekin. Goizeko 9:30etan hiru zutabe abiatuko dira Boulevard merkataritza gune erraldoitik, Corte Inglesetik eta Arka Plazatik (azken hori, mugimendu feministarena). 10:00etan laugarren zutabe bat dago deitua Lakuako Eusko Jaurlaritzaren eraikinean, eta 11:30etan Gazte Mugimenduarena irtengo da Hala Bediko kantoitik.

Eguneko hitzordu nagusiak eguerdiko 12:00etakoa (Bilbo Plazatik) eta arratsaldeko 18:00etakoak dira (Andra Mariaren Plazatik). Tartean elkarrekin bazkaltzeko bazkari autogestionatua deitu dute antolatzaileek, Andra Maria Plazan.

Eskubide Sozialen Kartako eragileek eta hiriko auzo gehienetan antolatu diren greba komiteek antolatu dituzten deialdiez gain, “ofentsiba kapitalistaren aurrean, langileok haustura politikoa” lelopean pikete informatiboa deitu dute Gasteizko Unibertsitateko Aularioan. Bertatik irtengo da zutabe bat 11:00etan, eta Rafa Plazan goizeko manifestazio nagusira blokean joateko hitzordua zabaldu dute 11:30etan.

Telegram kanala, "ezinbestekoa"

U30eko Gasteizko taldetik azpimarra egin dute herritarrek greba egunerako propio zabaldutako telegram kanala eerabili eta zabaldu dezaten: t.me/u30gasteiz. Kanalaren erabilerak “ezinbesteko garrantzia” izango du: “Kanal horretan, azken orduko deialdiak, iragarri gabeko ekimenak, zaintza-arnasguneen inguruko informazioa, irizpideak, informazio juridikoa eta egunean kontutan izateko ezinbesteko informazioa emango dugu jakitera”.

Gasteizen Lanbideren egoitza eta Mercadona pintatu dituzte

Pinturaz betetako su itzalgailuekin eta sprayekin ongi hornituta, Gasteizen, Salburua auzoko Lanbideren egoitza eta Olarizuko Mercadonan pintaketak egin dituzte grebara deituz. Hala Bedik argitaratu du bideoa.

Suzko barrikada batez moztu zuten AP1 errepidea Legution, greba orokorraren alde

Hala Bedik publikatutako bideo honetan ikus daitekeenez, AP1 errepidea moztu zuten bi zentzuetan Legution.

Bi ordutako auto ilarak eragin zituzten, albisten irakur daitekeenez.

Greba orokorra berotzeko soinu banda, Bergarako Txapa irratian

Urtarrilak 30ean eskubide sozialen kartak eta kolektibo sozial ugarik deitzen duten greba orokorraren beroketa musikal bat egin dute Txapa Irratian, aldarri ugari abestiekin lotuz.

Abestien zerrenda beren webgunean osorik, eta Txibierroak uluka irratsaioa entzuteko hemen azpian.

 

Gazte mugimenduen hiriburuetako deialdiak greba egunerako

Eskubide Sozialen Kartak gazte prekarioak ere lan eta bizitza duin baten alde bideoa zabaldu du:

Donostian gazteen blokea

HIrutxuloko Hitzak azaldu duenez, Donostiako eragile hauek elkartu dira greba orokorreko gazteen blokean: Amarako Gazte Asanblada, Sutan Bang, Amarako Bertso Eskola, Mamur Aisialdi Taldea, Amarako Talde Feminista, Egiako Neska Gazteak, Txantxarreka Gaztetxea, Donostiako Piratak, Intxaurrondoko Gazte Feministak, Ernai Donostia, Unibertsitateko Neska Gazteak, IEP eta Ernai Ibaeta Uni. (Blokera batu nahi diren eragileak Donostiako Greba Komiteko sare sozialetara idatziz atxiki daitezke).

Urtarrilaren 20an kaian egin zuten agerraldian hiri ereduaren gaia jarri zuten mahai gainean: "Donostiako gazteon prekaritate egoera areagotzen duten hiri-eredua eta udaletxetik bultzatzen diren neurri eta politikak ere jarri nahi ditugu jo-puntuan. Postaleko Donostiaren atzean dagoen prekarietateak gazte aurpegia du".

Donostiako gazte blokea.

Gasteizen eta Bilbon Gazte Komitea

Halabedi irratiak elkarrizketatu du Gasteizko gazte komiteko kide Manu Martinez. Berak azaldu duenez, "indibidualismoaren amua irentsi ez eta gazteria haserre eta prest dagoela erakusteko hautua egin dute".

Urtarrilarek 30ean, 11:30ean Hala Bediko kantoian bilduko da gazte mugimendua.

Urtarrilaren 3an aurkeztu zuten Gasteizko Gazte Komitea, eta Naiz.eus-ek bildu duenez, bertan prekarietatea salatu zuten: «Egungo testuinguru sozioekonomikoan ematen ari den prekarizazio orokortuak, gazteok modu berezian kolpatzen gaitu. Enplegu prekario askok gazte aurpegia daukate, etxebizitza merkatuan ematen den espekulazio geldiezinak gure emantzipazioa oztopatzen du, gure lan baldintzak ez dira duinak: kontraturik gabe egiten dugu lan, enplegu bat baino gehiago daukagu, lan-aldi partzialak eta aldi baterakoak izaten ditugu... Gazteok baldintza hauetan bizitzera ohitzen ari gara, eta hau oso larria da»,

Gasteizko Gazte Komitea. Argazkia: Hala Bedi.

Bilboko Alde Zaharrean ere ari da gazte komitea bilkurak egiten.

 

Gazte mugimenduen hiriburuetarako deialdiak

Ernai-k ez digutelako ezer oparituko, gazteon oraina borrokan da artikuluan nabarmendu ditu greba deitzeko bere arrazoiak: " Unibertsitateko gradu bat eta bi master ikasi, lau hizkuntza menperatu eta ekintzaile izanez bizitza duinak izango ditugunaren iruzurra ez dugu irensten. Ez dugu sinisten errealitate gordina behin eta berriro azalaratzen zaigulako: enplegua izanda ere, gazte asko pobrezia mugaren azpitik bizi gara; emantzipatzeko bataz besteko adina 30 urtekoa da nahiz eta gehienok dexente lehenago nahiko genukeen (24 urterekin, ikerketen arabera), eta gure diru-sarreren %60tik nabarmen gora bideratu behar izaten dugu etxebizitza ordaintzera, esaterako".

 

Gazte Koordinadora Sozialistak hiriburuetako bloke hauetarako deialdia egin du:

 

Euskal Herriko Neska* Gazteek ere bat egin dute Eskubide Sozialen Kartak egindako deialdiarekin. "Kapitalaren mesedetara egindako sistema honetan gazteok prekarizazio prozesu gordina bizi dugu eta hau are latzagoa da zapalkuntza heteropatriarkala jasaten dugunongan" adierazi dute. 

Ikasle Abertzaleak taldeak ostegunean goizeko lehen orduetan Gasteizko, Leioako, Bilboko eta Donostiako unibertsitateetako piketeetan parte hartzeko deia egin du, eta ondoren Eskubide Sozialen Kartak hiriburuetan deitu dituen manifestazioetan parte hartzekoa. Hezkuntza segregazioari ere egin diote erreferentzia grebarako arrazoiez idatzitako artikuluan: "Nagusiki bigarren hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuen arteko banaketan nabarmentzen da, eta ikasleen artean klase posizioaren araberako banaketak sortzean datza. Horrek ikasketa prozesua garatzeko orduan familia proletarizatuenetako ikasleek dituzten oztopoetan gehiagarri bat suposatzen du, kasu gehienetan ikasle horien ikasketa prozesua garatzea ezinezko bihurtuz. Krisi ekonomikoaren ondorioz, ikasleok belaunaldiz belaunaldi egoera horren muturreko adierazpenak ezagutzen ari gara".

 

Gora Ikasleon Borroka dinamikak ere bat egin du Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin. Hemen, eman dituzten argudioak:

 

Gazte prekarioen asanbladak ere bat egin du greba deialdi orokorrarekin:

OHARRA: Albiste honetan bildu nahi ditugu gazte mugimendu guztien deialdi nagusiak. Kide zaren mugimenduak hiribururen batean deialdirik egin badu eta hemen agertzen ez bada, bidali (argiak100urte@argia.eus helbidera) eta oso pozik gehituko dugu.

 

Arrasateko Udalak grebako deialdiak zentsuratu dituela salatu dute

"Gure herriko Udaletxeak, aldarrikapen politiko eta sozialak ezabatuz jarraitzen du gure kaleetatik. Ondoren ikusten dituzuen argazkiek erakusten duten bezala: Kale garbiketa ala mezu politiko-sozialen ezabaketa?". Arrasateko Mentxu Elkorok salatu du Mondraberrin, Udalaren jokabidea salatu du, hainbat argazkirekin erakutsiz soilik U30 Greba dioten mezuak ezabatu dituztela.

 

 

Greba Orokorraren bezperan pentsio duinen defentsan atera dira kalera Arabako pentsiodunak
Argazkia: Hala Bedi

HALABEDI.EUS bidez | Astelehenero bezala kalera atera dira astelehenean Arabako pentsiodunak. Pentsio sistema publiko baten defentsa aldarrikatu eta osteguneko Greba Orokorrean parte hartzeko deia zabaldu dute.

Bi urte baino gehiago, 100 astelehenetik gora, darama pentsiodunen mugimendua kalean. Astelehenean Arabako kaleak hartu dituzte berriz pentsio sistema publiko baten defentsan. Indar bereziarekin hartu dituzte ordea honako honetan Arabako karrikak, izan ere, osteguneko Greba Orokorrera begira motorrak berotzen hasiak baitira.

Manifestazio jendetsu batek zeharkatu ditu Gasteizko erdiguneko kaleak. Pentsio publikoen defentsa eta 1.080 euroko pentsio minimoa bermatzea eskatu dituzte eta "edozein Gobernuren aurrean pentsioak defendatzen jarraituko dituztela" gogoratu ere. Manifestazioaren amaieran irakurri duten agirian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean parte hartzeko gonbitea egin dute, "bi urte luze hauetako borrokari segida emateko".

 

Lan, bizi eta pentsio duinen alde kalera ateratzera deitu dute eskubide sozialen kartako kideek

BILBOHIRIA.EUS bidez | Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrera deitu du urtarrilaren 30erako. Hainbat atxiki dira grebarekin bat egin eta parte hartzera; besteak beste, pentsiodunek, feministek eta ikasleek beren ekarpena egingo diote duintasuna ardatz izango duen grebari.

Gerturatzen doa egun handia. Aldaketa sozialerako eginiko pausuak bere emariak lortu dituelakoan daude zenbait eragile, ondorioz, gero eta argiago ikusten dute, osteguneko greba orokorra ez dela edonolakoa izango. 170 greba batzorde sortu dira Euskal Herri mailan gaurdaino eta 1500 enpesa inguruk erantzun diote deialdiari. Bakoitzak bere aldarri finkoak dituen arren, helburu bateratua dute kolektibo guztiek; lan, bizi eta pentsio duinak eskuratzea gizabanako guztietzat. Horretarako parte hartuko dute besteen artean, kolektibo feministak, ekologistak, LGTBI, gazte, langabetu eta etxeko langileenak. ELA, LAB, STEILAS, ESK, HIRU, ETXALDE eta EHNE sindikatuen eskutik datorren greba honetan, argi daukate pekarizazio egoeratik irteteko giltza langileen batasuna dela. Horregatik, urteetako lanak ahalbideratu duen greba eskubideari erantzunaz aztarna utziko duen eguna izango delakoan daude.  Hala eta guztiz ere, salatu dute akordio batera iristeko esperantzarekin proposamen zehatzak helarazi dizkietela patronal zein lehendakariari baina baten zein bestearen aldetik erantzun hutsalak jaso dituztela.

 
 

 

 

Arrasateko Greba Batzordeak bi zaintza gune antolatu ditu ostegunerako

GOIENA.EUS bidez | Zaintza lanak egiten dituztenek –familiakoek zein profesionalek– greba egiteko aukera izateko antolatu dituzte, eta asmoa da, gune horietan lan produktiboak dituzten lagunek egitea lan. Hala, osteguneko greba orokorrean bi gune hauek jarriko dituzte: zaintzaileen zaintza gunea Irati Topagunean, eta haurren zaintza-gunea Erdialdeko Gaztegunean –Pablo Uranga kaleko 6. atarian–. 

Zaintza guneen nondik norakoak azaltzeko ikus-entzunezko bat grabatu eta ohar bat prestatu dute greba batzordekoek.

Greba batzordearen oharra bere osotasunean Goienan.

Lizarran greba orokorrerako motorrak berotzen, Ogasunaren eta La Caixaren egoitzak okupatuz

AHOTSA.INFO bidez | Greba orokorraren gaineko irakurketa eta mobilizazioen berri emateko Lizarraldeko Greba Batzordeak prentsaurrekoa eskeini zuen ostegunean. Gerora, Nafarroako Ogasunaren egoitza eta La Caixakoko bulego bat okupatu zuten sinbolikoki, modu horretan mobilizazioan parte hartzeko deia luzatuz. Guardia Zibilak identifikazioak burutu zituen.

Mugimendu ezberdinetako kideek hartu zuten parte Lizarraldeko Greba Batzordeak ostegunean burututako agerraldian: mugimendu ekologistako kideak, laikotasunaren aldekokoak, harrera mugimendukoak, mugimendu feministakoak, borroka sindikalekoak…hamarnaka lagunek hartu zuten parte. Merkatu eguna zen Lizarran eta normalean pentsionisten elkarretaratzeak hartzen dituen leku eta ordu berdinak Greba Orokorrerako aldarriaz bete ziren ostegunean.

Informazio gehiago Ahotsaren jatorrizko albistean.

Ikasle Abertzaleak osteguneko greba orokorrera batu da eta hainbat mobilizaziotan parte hartzera dei egin du

GEDAR.EUS bidez | Ikasleria langileak krisi ekonomikoaren eraginak "modu nabarian" jasaten dituen honetan, "borrokarako hautua" egin du Ikasle Abertzaleakek hilaren 30erako deitua dagoen greba orokorrean. Helburuen artean, "langile sektore ezberdinen arteko lankidetzarako baldintzak sortzea", "ikasle langileen aldarrikapen eta problematikak sozializatzea" eta "antolakuntzarako ateak irekitzea" aipatu dituzte. Horretarako, goizeko lehen orduan Gasteizko, Leioako, Bilboko eta Donostiako unibertsitateetan zein ikastetxeetan egingo diren piketeetan parte hartzera dei egin du IAk, baita Hego Euskal Herriko hiriburuetan eguerdian izango diren manifestazioetan ere. 'Ofentsiba kapitalistaren aurrean, langile batasuna', 'Langileon interesen alde, klase batasuna', 'Ofentsiba kapitalistaren aurrean, langileok haustura politikoa' eta 'Proletalgoa grebara' lemapean antolatu diren blokeekin egin du bat IAk, baita Gazte Koordinadora Sozialistak ere.

Astelehenean, hilak 28, urtarrilaren 30erako deitua dagoen greba orokorrarekin bat egiten duela adierazi du Ikasle Abertzaleakek, ohar baten bidez. Greba egitera eta zenbait mobilizaziotan parte hartzera dei egin dio Euskal Herriko ikasleria langileari. "Langile sektore ezberdinen arteko lankidetzarako baldintzak sortzea", "ikasle langileen aldarrikapen eta problematikak sozializatzea", eta "antolakuntzarako ateak irekitzea" jo ditu helburu nagusitzat IAk.

Jarraitu albistea irakurtzen Gedar-en.

Hainbat ekintza zuzen Greba Orokorrera dei eginez
Galdakaon egindako ekintza

TOPATU.EUS bidez |  Topatuk jaso ahal izan duen informazioaren arabera, Arrigorriagako eta Galdakaoko banketxe batzuetan egin dituzte ekintzak, baita AP-1 errepidean ere. Urtarrilaren 30erako deitu den Greba Orokorrean “Euskal Herria gelditzeko” deia egin nahi izan dute horrela.

Bi egun falta dira Euskal Herriko Karta Sozialak deituta urtarrilaren 30ean egingo den Greba Orokorrerako, eta deialdia indartu asmoz hainbat ekintza egin dituzte gazte batzuek Bizkaian. Duela egun batzuk Indautxun eta Araian bezala, aste honetan Arrigorriaga eta Galdakaoko hainbat banketxeren aurka egin dute gazte hauek, eta ostegunean “Euskal Herria gelditzeko” deia egin dute.

Arrigorriagako hainbat banketxetako kutxazain automatikoak blokeatu dituzte, eta Galdakaon aldiz, Kutxabank banketxeko kristalak apurtu dituzte. Bilboko Uriolak Otxarkoagako BBKko egoitzan ekintza bera egin dutela zabaldu du. Bestalde, Hirukak berri eman duenez, Sopelako banketxe batean ere antzeko ekintza egin zuten pasa den pasa den astean. Antzekoak izan ziren, baita ere, pasa den astean, Topatuk berri eman zuen moduan, Indautxun egin zuten ekintza, edota Hala Bedik berri eman zuen Araiakoa. Bertan ere kristalak apurtu eta margoketak egin zituzten banketxeetan.

Informazio gehiago Topaturen jatorrizko albistean.

CNT: "Gezurren aurrean, greba orokorra egitea baino ez da geratzen urtarrilaren 30ean"

Erakunde anarko-sindikalak bat egin du U30eko grebarekin, eta honen aurka kokatu diren CCOO eta UGTren aurka gogor mintzatu da. Grebaren aurka erabili diren argudioak banan bana errefusatu ostean, ondorengoa ondorioztatu dute:

"Espainiako gobernu berriari aukera bat emateaz ere hitz egiten da. Noiztik makurtu behar du mugimendu sindikalak gobernu batek esaten duenera? Gobernuak egin dezala egin behar duela uste duena, baina mugimendu sindikala ez da inoiz gobernu batek esaten duenaren menpe egon behar. Eta are gutxiago Confebaskekin eta Iñigo Urkullurekin argumentuetan bat etortzea".

<< <
1 2 3
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: U-30 Greba Orokorra
2021-06-02 | ARGIA
2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira auzipetutako kidearen absoluzioa eskatu dute Gasteizen

Iazko urtarrileko greba orokorrean parte hartu zuen pertsona bat epaitu dute ostegunean Gasteizko Epaitegietan. Autoritatearen aurkako atentatua eta lesioak leporatzen dizkiote, eta hemezortzi hilabeteko espetxe-zigorra eta kalte ordainak eskatu. Euskal Herriko Eskubide Sozialen... [+]


Analisia:
Euskal blokeo politikoa gaindituko dugu

Atzean geratu diren politika sozial eta ekonomiko okerrak aztertuz, Espainiako Estatuak berriki abiatutako aldaketaren euskal deklinazio baten beharra aldarrikatu nahi dugu, egungo blokeo egoera Euskal Herrian ere gaindituz.


2020-02-07 | Topatu.eus
Gazte bat atxilotu dute Burlatan U30eko greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik

Hala salatu dute twitter bidez Burlatako hainbat eragilek. Burlatako greba komiteak deituta asanblada informatiboa egingo dute arratsaldean.


Ertzaintzaren partetik pairatutako hizkuntz eskubide urraketa salatu dute Durangon

Joan den urtarrilaren 30eko greba orokorrean grebalari batek jasandako  Ertzaintzaren eraso eta hizkuntz eskubideen urraketa salatzeko, elkarretaratzea deitu du asteazkenean Durangoko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak.


2020-02-05 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


2020-02-04 | LAB sindikatua
Jendarteak kalera eramandako aldarriei erantzuteko eskatu diogu Maria Chiviteri

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak Nafarroako presidente Maria Chiviterekin bildu dira, joan den urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren testuinguruan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera izan dira... [+]


2020-02-04 | ARGIA
Elkarretaratzea deitu dute Durangon, greba egunean Ertzaintzaren partetik pairatutako hizkuntz eskubide urraketa salatzeko

Asteazkenean deitu du elkarretaratzea Euskal Herrian Euskarazek. Iragan osteguneko greba egunean Ertzaintzak herritar baten hizkuntz eskubidea urratu izana salatuko dute.


Ertzain baten erantzun euskarafoboa Galdakaon: “Ez dut euskaraz hitz egin nahi”

Greba orokorrean gertatua sare sozialetan salatu zuen Beñat Armentiak berak: “Hona hemen Ertzaintza, guztiz oldartuta, nire eskubide linguistikoak urratzen”. Ertzain batek bere hizkuntz eskubideak urratu zizkioten eta kazetari gisa irudiak zabalduz gero 2.000... [+]


Greba orokorra, eraldaketarako bidea

Grebaren mobilizazio jendetsu eta itxaropentsuen ostean, gogoetarako beta hartzea osasuntsu bezain beharrezkoa da, aurrera begirako erronkak gogoan.


2020-02-04 | Arrosa Sarea
AUDIOA | Greba orokorraren errepaso kritikoa

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren biharamunean, grebak suposatu duenaren inguruan hausnartzeko tartea hartu dugu Sonia Gonzalezekin.


2020-01-31 | Juan Mari Arregi
Greba ez debaluatzea

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.


Gorria

Pentsionistak Bilbon 2 urte eta 10 hilabetez astelehenero kontzentratuta egon eta gero, Espainiako Gobernuak pentsioen %0,9ko igoera iragarri du berriki. Enpresari nagusien ikuspuntutik neurri gorria, zentzu guztitan.


2020-01-31 | Hainbat egile*
Greba eguna Piriniotan

Zaraitzu eta Erronkari Ibarrean grebaren inguruan talde hausnarketa bat egiteko elkartu gara. Goizeko hamarretan lan taldeak sortu ditugu, grebaren zergatia eta bertan proposatzen diren gaiak edo ikuspuntuak lantzeko. 

 


Eguneraketa berriak daude