Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.
"Minnesota askatu!", "Michigan askatu!" zein "Virginia askatu!" txioen bidez azken egunetan biderkatuz doazen protestak elikatzen dabil Donald Trump AEBko presidentea. Fusilak eskutan atera dira herritarrak kalera eta armen erabilpenaren mezua ere bideratu du presidenteak txio bidez.
Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu du Osakidetzako profesional guztiei egingo dizkietela test azkarrak, eta zehaztu du arrisku gehien duten langileak izango direla testak egiten lehenak. Goiena.eus-en albistea:
Apirilaren 18 honetan jokatu beharra zuten Espainiako Kopako gizonezkoen finala. Batasunaren mezua zabaltzen duen bideoa atera dute bi taldeetako jokalarien artean: "Final hau denona da eta denon artean irabaziko dugu".
Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian apirilaren 18ko arratsaldea arte 1.376 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 16.962 kutsatu eta 1.317 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 5.908 gaixo.
Hildakoak honela banatzen dira lurraldeka: Araban 308, Bizkaian 515, Gipuzkoan197, Nafarroan 354. (Iparraldetik 2 daude kontabilizatuta. Erreferentzia gisa, Pirinio Atlantikoak departamenduan –Iparraldea horren erdia da– 18 heriotza aitortu ditu Frantziako Gobernuak, baina zehaztapen gehiago barik).
Euskal Herrian ofizialki testeatu eta kutsatutzat aitortuak dira 16.962. Ospitaleetan 1.317 daude. Horien lurraldekako datu ziurrik ez daukagu.
1.376 hildakorekin, non legoke gaur Euskal Herria estatu balitz gainerako herrialdeen sailkapenean? Apirilaren 7 gaueko datarekin mundu mailako estatistikak finkatutako datuekin, Euskal Herria 13. postuan legoke hildakoen kopuru absolutuetan, 1769 heriotza eduki dituen Turkiaren ondoren eta 1.400 zeramatzan Suediaren aurretik.
Bestalde, euskal herritarrok gutxi gora behera 3,2 milioi biztanle garenez, gure arteko hilkortasun tasa da milioi 1 biztanleko 430.
Mediku infektologoa da Miguel Von Wichmann hernaniarra. Azkeneko asteotan, «guztiz» aldatu da bere laneko ohiko dinamika, eta «ia osotasunean Koronabirusa duten pazienteak tratatzera» mugatzen da orain. Baina aurreneko pertsonan ere ezagutu du birusa: martxoaren aurreneko egunetan eman zuen positibo, oraindik hona iritsi gabe zegoela uste zenean. Bi astez egon zen ospitalizatuta
Aljerian dira koronabirusagatik hildako gehienak, orotara 364 dira. Munduko Osasun Erakundeak bere kezka berretsi du apirilaren 17an: abiadura handian hedatuz doa birusa kontinente horretan ere.
65-70 urtetik goragokoentzat konfinamenduak segitu beharko duela zehaztu bazuen ere apirilaren 13an, azkenean, hori ez da horrela izango. Neurriak eragin kexuak baretzeko behar izan du hitza hartu Macronek.
Espainiako Armadaren hegazkin batek ekarri ditu ostiralean, 17, Txinako Kunshan hiriko aireportutik hiru makina Hernaniko Bexen konpainiak erabiliko dituenak hilabetean 10.000 maskara egiteko, kirurgiarako balioko dutenak. Laugarren makina militarren Burgosen daukaten faktorian edukiko dute.
Baionako bi erizainek hainbat gutun jaso zituzten martxo amaieran euren auto eta etxeetan, auzotarrak koronabirusaz kutsatzeko "arriskuan" jartzen ari zirela esanez.
Hauek dira apirilaren 18ko goiz aldean orduan, Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17ko azken orduanzenbatuta:
- Hilak 154.266. Herrialdeka: AEB 37.154, Italia 22.745, Espainia 20.002, Frantzia 18.681, Erresuma Batua 14.576, Belgika 5.163, Iran 4.958, Txina 4.632 , Alemania 4.352 , Holanda 3.459, Brasil 2.141, Turkia 1.769, Suedia 1.400, [Euskal Herria 1.342, Worldometersek ez du biltzen, ez da estatua], Suitza 1.327, Kanada 1.310, Portugal 657, Irlanda 530, Indonesia 520, Mexiko 486, India 486, Austria 431, Ekuador 421...
- Kutsatuak 2.250.790. Herrialdeka: AEB 709.735, Espainia 190.839, Italia 172.434, Frantzia 147.969, Alemania 141.397, Erresuma Batua 108,692, Txina 82.692, Iran 79.494, Turkia 78.546, Belgika 36.138, Brasil 33.682, Errusia 32.008, Kanada 31.927, Holanda 30.449, Suitza 27.078, Portugal 19.022, [Euskal Herria 16.550 , Worldometersek ez du biltzen, ez da estatua], Austria 14.595, Irlanda 14.352...
- Sendatuak 535.352.
- Heriotzak miloi 1 biztanleko: San Marino 1.159, Andorra 453, Belgika 445, [Euskal Herria 442, Worldometersek ez du biltzen, ez da estatua], Espainia 428, Italia 376, Frantzia 286, Erresuma Batua 215, Sint Marteen (San Martin uhartearen zati holandarra) 210, Holanda 202, Suitza 153, Suedia 139, Luxemburgo 115, AEB 112, Irlanda 107...
Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:
Ostiral arratsaldean iragarri du Txileko osasun ministroak: COVID-19 gaitzetik sendatu direnei "inmunitate txartela" emango diete. Horrekin ez dute berrogeialdia bete beharko eta lanera itzuliko dira.
Santiago Ospitalean gertatutako preso baten heriotza salatu du Salhaketak. Antza bihotzekoak jota hil da presoa ospitaleko langileekin izandako liskar batean Ertzaintzak "gogor" esku hartu ostean. Salhaketak jakinarazi du oraindik ez dutela informazioa kontrastatzerik izan.
Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian apirilaren 17ko arratsaldea arte 1.342 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak,16.550 kutsatu eta 1.500 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 5.688 gaixo.
Hildakoak honela banatzen dira lurraldeka: Araban 304, Bizkaian 500, Gipuzkoan188, Nafarroan 348. (Iparraldetik 2 daude kontabilizatuta. Erreferentzia gisa, Pirinio Atlantikoak departamenduan –Iparraldea horren erdia da– 18 heriotza aitortu ditu Frantziako Gobernuak, baina zehaztapen gehiago barik).
Euskal Herrian ofizialki testeatu eta kutsatutzat aitortuak dira 16.550. Ospitaleetan 1.500 daude. Horien lurraldekako datu ziurrik ez daukagu.
1.342 hildakorekin, non legoke gaur Euskal Herria estatu balitz gainerako herrialdeen sailkapenean? Gaur gauean munduko datuak finkatutzat ematean jakingo dugu. Ostegunean, 16, Euskal Herria 14. postuan zegoen eta aldaketa handirik ez da aurreikusten.
Bestalde, euskal herritarrok gutxi gora behera 3,2 milioi biztanle garenez, gure arteko hilkortasun tasa da milioi 1 biztanleko 442. Atzoko zifrekin (milioi 1 biztanleko 405 heriotza), apirilaren 16an Euskal Herria estatu independentea balitz egongo zen zerrenda bereko 5. postuan, San Marino, Andorra, Belgika eta Espainiaren ondoren eta Italiaren aurretik. Bihar goizean jakingo dugu gaurko datuekin non geundekeen.
Beasaingo CAFeko lantokiak hilaren 20an irekiko ditu ateak ia sei astez itxita egon ondoren. Enpresa Batzordeak zuzendaritzarekin akordioa lortu du "kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien saihesteko" eta berreskuratu beharreko orduen inguruan. Itzulera mailakatua izango da.
Koronabirusaren estatistikak findu ahala agertuko da 2020ko martxo apirilean izurri honek eragin dituela hasiera batean estatistika ofizialek ziotena baino askoz biktima gehiago. Frantziak aldatu behar izan du kontabilitatea, Espainiak aitortzen du benetako zifrak lotu ezinean dabilela, Kataluniak ostegunean bi halakotu zituen bereak, Nafarroako Gobernuak argitara atera itzalean geratutako hainbat hildako... Herrialde gehienetan gertatzen ari den kontua da, The Economist aldizkarirako estatistikak egiten dituen James Tozerrek azaldu duenez.
Apirilaren 17an, ostegunez, Hernanikoa bezalako azoketan, bezero ilararik handiena landareen postuetan sortu da. Izan ere bezperan jakinarazi du Jaurlaritzak baratzeak landu ahalko direla. Herritarrak baratzera joateko duen distantziak arazo izaten jarraitzen du, ordea. Baratzeak lantzeko herritarren presioa ari da pixkanaka bidea zabaltzen.
Jakoba Errekondo: "Gure amona zena, Joxepa Amunarriz Arostegi Zubietako Barrenetxeko sukaldetik baratzerako tartean gogoratzen dut. Baratze izugarri bat zuen bere kontu. Igandea izan ezik, egun guztiak bere baratzerako zituen. Baratzetik bizi zuen etxea. Baratzetik bizi zuen sendia". (...)
Txinako agintariek Wuhan hiriko –Covid-19 izurria bertan abiaturik gogorren kolpatua izan den hiri txinatarreko– biktima kopurua eguneratu dute, kontaketa %50an handituz: 2.579 pertsona ez, 3.869 hil direla aitortu dute. Horrela hein batean bederen arrazoi eman diete agintariek Wuhanen esandakoak baino jende gehiago hil dela salatu izan dutenei.
Buruko gaixotasun larriak dituzten pertsonen hitzak dira erreportaje honen oinarria. Zehazkiago, Hogar Alavés erresidentzian bizi direnenak. Iragan astean erresidentziako langileei egin genien elkarrizketa, koronabirusaren krisia nola eragiten ari zaien ezagutu nahian. Orduan proposatu genien erresidentziako egoiliarrei ere egitea elkarrizketa, hainbestetan egin ohi duguna saihesteko: gutxitutako kolektibo baten inguruan hitz egitea kolektibo horren parte direnekin hitz egin gabe. Begi onez hartu zuten proposamena. ARGIAk gai batzuk proposatu, eta, langileek gidatuta, dozena bat lagunek parte hartu dute elkarrizketa saio laburretan, taldean edo banaka eta modu anonimoan.
Horiek dira apirilaren 16eko arratsaldean, Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17:45ean zenbatuta.
- Hilak 141.922. Herrialdeka: AEB 34.233, Italia 22.170, Espainia 19.130, Frantzia 17.920, Erresuma Batua 13.729, Iran 4.869, Belgika 4.857, Alemania 3.856, Txina 3.342(*), Holanda 3.315, Brasil 1.764, Turkia 1.643, Suitza 1,333, [Euskal Herria 1.298, ez du biltzen, ez da estatua], Suedia 1.281, Kanada 1.048, Portugal 629, Indonesia 496, Irlanda 449, Mexiko 449, India 423, Austria 410...
- Kutsatuak 2.118.894. Herrialdeka: AEB 670.91, Espainia 182.816, Italia 168.941, Frantzia 165.027, Alemania 135.633, Erresuma Batua 103.093, Txina 4.632, Iran 77.995, Turkia 74.193, Belgika 34.809, Brasil 30.425, Kanada 29.929, Holanda 29,214, Errusia 27.938, Suitza 26.732, Portugal 18.841, [Euskal Herria 16.159 , Worldometersek ez du biltzen, ez da estatua], Austria 14.475, Irlanda 13.271, India 12.759, Israel 12.758, Suedia 12.540, Peru 12.491...
- Sendatuak 535.352.
- Heriotzak miloi 1 biztanleko: San Marino 1.120, Andorra 427(*), Belgika 419, Espainia 409, [Euskal Herria 405, Worldometersek ez du biltzen, ez da estatua], Italia 367, Frantzia 275, Sint Marteen (San Martin uhartearen zati holandarra) 210(*), Erresuma Batua 202, Holanda 193, Suitza 148, Suedia 132, Luxemburgo 110(*), AEB 103, Irlanda 98, ...
Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:
Albistea osatzen ari gara.
Egun berean iragarri dituzte kulturan diharduten profesionalentzako neurri bereziak Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Elkargoak. Nafarroako Gobernuak berriz, autonomoei emandako laguntza berezien barruan sartu ditu kulturan diharduten pertsonenak ere.
Espainiako Estatuan ikasturtea nola amaitu zehaztu du asteazken honetan Espainiako Gobernuak, baina plan propioa duela erantzun du Eusko Jaurlaritzak: udako oporretan ikastetxeek ateak zabaltzea, adibidez, ez du onartu EAErako, ezta ikasle guztiek ikasturtea gainditzea ere, nahiz eta adierazi duen inork ez duela ikasturtea errepikatuko koronabirus krisiaren erruz.
“Eskolako lanak beti dira gehiegi, ez kopuruagatik, kalitateagatik baino. Egoera berrian, etxean daukagun altxorra aprobetxatu behar dugu. Sukaldea bera zientzia tailer bat da, etxeko landareak aztertu daitezke, garbigailua martxan jarri, arropa zintzilikatu, plantxatzen eta josten ikasi… –dio Tonucci pedagogoak– eta jakina, irakurri, bakarrik eta familian”.
Gipuzkoan koronabirusak hildakoen %70 egoitzetan hil da. Txomin Lasa Gipuzkoako zahar egoitzetako ELAko arduraduna da. Haren ustez, hainbat egoitzatan egoera oso larria da eta zoritxarrez zentro batzuetan gertatu den sarraskia errepika daiteke pare bat aste barru. Heriotza guztiak saihestea ezinezkoa izango zela jakitun, beharrezko neurriak hartu izan balira halako panorama ez genuela izango adierazi digu ELAko ordezkariak.
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren Euskaraldirako prestaketa moduan, eta ingurune hurbileko hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta bultzatzeko, ekimena abiatuko dute apirilaren 20an.
Apirilaren 16 honetan nahasmendu pixka bat egon da aurreko orduetan Euskal Herrian gertatutako heriotzen kontaketan. Hasieran 63 heriotza berri aipatu badira Espainiako Osasun ministerioak emandako datuetan oinarrituta, gero Nafarroako Gobernuak gehiago sartu ditu kontaketan, ospitaleetatik kanpo gertatu eta kontabilizatu barik zeudenak, denetara, 78 heriotza gehiago. Iparraldetik ez da iritsi ez heriotza gehiagoren berririk eta ez aurreko zenbaketaren eguneraketarik (nahiz eta susmagarria den Pirinio Atlantikoetan agintariek 15 heriotza aitortu eta horietatik Iparraldeari 2 bakarrik egokitzea, lurraldez bezala biztanlez departamenduaren erdia denean).
Nafarroak zahar-etxeetako heriotzak eguneratu arte, Euskal Herrian Covid-19ak hildakoak honela banatzen ziren lurraldeka: Araban 290, Bizkaian 489, Gipuzkoan177, Nafarroan 261. (Iparraldetik 2 daude kontabilizatuta. Erreferentzia gisa, Pirinio Atlantikoak departamenduan –Iparraldea horren erdia da– 15 heriotza aitortu ditu, baina zehaztapen gehiago barik).
Ofizialki testeatu eta kutsatutzat aitortuak dira 16.159. Ospitaleetan 1.580 daude. Agintariek 5.458 gaixo eman dituzte sendatutzat.
Gutxi gora behera 3,2 milioi biztanle garenez euskal herritarrok, gure arteko hilkortasun tasa da milioi bat biztanleko 405.
Gaurko zifrekin, apirilaren 16ekoekin, Euskal Herria estatu independentea balitz koronabirusak hildakoen estatistiketan egongo zen 14. postuan kopuru absolutuetan eta milioi bakoitzeko hildakoetan 5. postuan.
[Apirilaren 17an, 8:45ean editatua]
Espainiako Estatuan ikasturte amaiera zein izango den aurreratu zuen asteazkenean Isabel Celaá Hezkuntza ministroak, eta “erabaki guztiak Madriletik datozela” salatu du LAB sindikatuak. Horrez gain, hezkuntza komunitateari baino, programazioari begirako irtenbidea bilatu dutela uste du sindikatuak.
Espetxeetan koronabirusaren hedapenari muga jarri asmoz onartu du legea Turkiak. Recep Tayyip Erdoganen Gobernuarekiko kritikoak diren presoen kaleratzea, baina, ez du barne biltzen.
Musulmanak Indian koronabirusa zabaldu nahian ari direla diote zenbait nazionalista hinduk; “korona yihada” egitea egozten diete. Pandemiaren aurretik ere Delhiko zenbait auzotan musulmanen aurkako zenbait eraso egin zituzten hinduek; koronabirusaren krisiak areagotu egin ditu eraso horiek.
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]
Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.
Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.
Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.
Txinan derrigorrezko isolamendu neurriak kendu dituzte nazioarteko bidaiarientzat, eta eguneroko kutsatzeen datuak emateari utzi. Politika aldaketa baten ondorioz dira neurriok, baina egoeraren kontrolik ezak nazioartean izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute zenbait adituk.
Iraungi diren gehienak Pfizer markakoak dira, Europar Batasuneko hornitzailerik handiena.
Milaka herritar kalera atera dira hiriburu nagusietan, Txinako Gobernuaren zero COVID estrategiak eragiten dituen kalte ekonomikoak eta psikologikoak salatzera. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazioetan orri zuria erakusten dute manifestariek, zentsura irudikatzeko. Pandemia hasi... [+]
Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu... [+]
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
"Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.
Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze... [+]
Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.