Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.
Agureak gorpuekin zaharren egoitzak elkarbanatzen. Egoera gogorra topatu dute Espainiako estatuko hainbat zaharren egoitzatan armadako kideek, eraikinak desinfektatzera joan direnean. SER irrati kateak jakinarazi du albistea, eta gobernuak baieztatu egin du.
Italiako Estatuan 6.077 hildako zenbatu dituzte astelehenean, igandeko balantzean baino 602 gehiago, Babes Zibilak emandako datuen arabera. Kutsatu aktiboen kopurua 50.418 da dagoeneko, hau da, aurreko egunean baino 4.789 kasu berri gehiago. Azken 24 orduetan hildakoen kopurua igandekoa baino txikiagoa da, eta egun hau krisia hasi zenetik behera egin zuen lehena izan zen. Dagoeneko 7.432 dira sendatutakoak Italian, 408 azken 24 orduetan.
Martxoaren 23ko ilunabarrean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometer zerbitzuak 18:08an zenbatuta:
- Hilak 16.307. Herrialdeka: Italia 6.077, Txina 3.261, Espainia 3.270, Iran 1.812, Frantzia 860, AEB 501 , Erresuma Batua 335, Holanda 213 , Suitza 118 , Hego Korea 111...
- Kutsatuak 370.000. Herrialdeka: Txina 81.093, Italia 63.927, AEB 41.526, Espainia 33.089, Alemania 28.865, Iran 23.049, Frantzia 16.689 ...
- Sendatuak 101.000. Horietatik 72.703 Txinan.
Berria-k daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 23ko arratsaldea arte 145 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak eta 3.310 kutsatu.
Ororen buru, aztertuta Gara-k, Berria-k eta EITBk oraintxe (16:00) dauzkaten informazioak, honako zerbait izan behar du orduotako argazkiak:
- Hildakoak 145. Araban 79, Bizkaian 35, Gipuzkoan 15, Nafarroan 24, Iparraldean 1.
- Kutsatu eta testeaturik positibotzat emandakoak: 3.310: Araban 1.09, Bizkaian 1.032, Gipuzkoan 380 eta Nafarroan 886. Iparraldea bere baitan hartzen duen Pirinio Atlantiko departamendu osoan 40 kasu aipatu dira ofizialki, eta horietatik Iparraldean Berria-k une honetan 11 dauzka kontatuta.
- Ospitaleratuak: Araban 328, Bizkaian 541, Gipuzkoan 136, Nafarroan 339 eta Iparraldeko daturik ez dugu.
Covid-19aren jarraipen estatistikoak euskaldunoi gure herrigintzak daukan beste zulo galanta erakusten digu.
Etxetik atera ezin dugun arren, haur eta gazteek ariketa fisikoa egin dezaten hainbat proposamen biltzen dituen webgunea martxan jarri dute Gorputz Hezkuntzako irakasle ugarik. Astelehenetan, dantza estilo ezberdinak; asteartetan, material birziklatuarekin egiteko jolasak; asteazkenetan, gorputz adierazpena; ostegunetan, puxikak erabiliz hainbat erronka; ostiraletan, etxeko materialekin malabarrak; larunbatetan, bilaketa jolasak; eta igandetan, erronka eguna. Bestelako gomendioak ere jaso dituzte.
Norbere etxean duen espazioaren arabera eta norberak gustukoen dituen jarduerak kontuan hartuz, egunero gorputza mugitzeko deia egiten dute irakasle hauek. Poliki-poliki, jarduera eta proposamen berriekin osatzen joango dira webgunea.
Eldiario.es hedabideak jaso du sindikatuen ezinegona. Gaur hasi eta 72 orduko tartearekin sartu da indarrean, koronabirusaren zabalkundeari eusteko neurri gisa, funtsezkoak ez diren ekoizpen jardueren itxiera, baina sindikatuek grebarekin mehatxatu dute, oraindik zabalik geratuko diren enpresak gehiegi direla iritzita. Jarraitu albistea irakurtzen
Pentsiodunen mugimenduek ez dute utziko beren protesta kanpaina, urte bete baino gehiagoz indartsu mantendu dutena, Covid-19 izurriak eragindako konfinamenduagatik. Gaur zabaldu dutenez, astelehenero 12:00etatik 13:00ak artean nork bere balkoian protestako zapi, banderola edo bestelakoak erakusteko deia egin dute, pentsiodunen gutxieneko eskubideen aldarrikapenekin jarraitzeko. Koronabirusak eragin duen larrialdiak are eta nabarmeago uzten duelako erretretadun bakoitzak hilero gutxienez 1.080 euro eskuratzearen garrantzia.
Frantziako agintariek erabaki dute Miarritzeko aireportua ixtea epe muga jakinik gabe. Aurretik, Berriak-k zabaldu duenez, asko ahuldua zen Iparraldeko aireportuaren jarduera, bere erabiltzaile nagusia den Air France konpainiak hegaldiak %95 murriztuta. Bitartean, Pauekoak zabalik jaraituko du. Miaritzekoan larrialdiko hegaldiak eta hegazkin pribatuenak mantenduko dira.
ARGIAK elkarrizketa egin dio Gasteizko Batera Zaindu zaintza sare herritarreko kide Aitziber Romero Sánchezi. 2.500 pertsonatik gora eman dute izena Bateran, autoantolakuntza eta komunitatea oinarri. Larrialdi egoera ezarri aurretik hasi ziren sarea ehuntzen, eta hiriko 50 zonaldetara deszentralizatu dira dagoeneko. Eskatu duten pertsonei laguntza emateaz gain, zaintza egiteko irizpideak eta baliabideak ari dira sortzen eta sare sozialetatik zabaltzen.
Ondasun Higiezinen Zergaren fakturak kobratuko dizkio Eliza katolikoari gurtzarako ez dituen lokalengatik, hala nola, etxebizitza, garaje eta bestelako lokalengatik. Neurri horretatik kanpo geratuko dira gurtzarako eta hezkuntzarako dituen higiezinak, hau da, parrokiak, elizak eta ikastetxeak. Segi irakurtzen albistea.
20 gaixorekin erabili dute hidroxiklorokina eta %70a sendatu ditu Marsellako Unibertsitate ospitalean. Gainontzeko %25aren egoerak ez du txarrera egin tratamendua erabili geroztik. Hori horrela, munduko hainbat herrialdetako 3.200 gaixorekin erabiliko dute tratamendua. Segi irakurtzen albistea
640.000 test berriok, orain arte erabili direnetatik ezberdinak dira: ohiko testek prezisio handiagoa dute emaitzetan baina denbora gehiago behar dute osatzeko, berriok odol analitikan oinarritzen dira eta emaitzak askoz arinago eskaintzen dituzte, prezisio pittin bat gutxiagokoak izan arren. Espainiako Gobernuak eskuratu dituenok Txina eta Hego Koreatik iritsi dira eta gaur bertan hasiko omen da banatzen erkidego autonomoen artean "ekitatez", deklaratu dutenez. Horiek jasotzen lehentasun edukiko dute, beti El Pais egunkariaren arabera, Covid-19aren kontrako lanean lehen lerroan ari diren osasun langileek eta zahar etxeetako egoiliarrek. Informazio horien arabera, Sanchezen gobernuak 6 milioi gehiago dauzka enkargatuta.
Bart ETB2n egindako elkarrizketan, EAEko lehendakariak adierazi du koronabirusa zabaltzea saihesteko jarduera ekonomikoa bertan behera uzteko beharrik ez dagoela. Haren iritziz, ezin da itzalaldi ekonomikorik gertatu, “koma ekonomikoan” sartuko ginatekeelako.
Albiste osoa irakurtzeko jo lotura honetara.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Twitter bidez –eta gazteleraz soilik– jakinarazi du Larrialdietako Unitate Militarrak (UME) hiriburuko tren geltokia desinfektatuko duela. Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok “komunikatu” dio erabakia alkateari. Alkateak adierazi du Udala ari dela horretaz arduratzen jada, baina “koronabirusaren aurkako laguntza eta errefortzu oro positiboa” dela.
El Delegado del Gobierno @DenisItxaso me ha comunicado esta tarde que la UME desinfectará mañana la estación de tren. El Ayuntamiento de #VitoriaGasteiz ya está realizando esa tarea, pero todo refuerzo y colaboración contra el #coronavirus siempre es positiva. pic.twitter.com/ceQGNZlqBI
— Gorka Urtaran Agirre (@gorka__urtaran) March 22, 2020
Martxoaren 22ko ilunabarrean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometer zerbitzuak 18:05an zenbatuta:
- Hilak 14.455. Herrialdeka: Italia 5.476, Txina 3.261, Iran 1.685, Espainia 1.763, Frantzia 562, AEB 349, Erresuma Batua 243, Holanda 179, Hego Korea 104...
- Kutsatuak 337.982. Herrialdeka: Txina 81.054, Italia 59.138, Espainia 28.672, AEB 27.120, Alemania 23.927, Iran 21.638, Frantzia 13.459...
- Sendatuak 96.000. Horietatik 72.440 Txinan.
Berria-k daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 22ko eguerdia arte 112 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak eta 2.899 kutsatu. Larunbatean 15 lagun hil dira.
Ororen buru, aztertuta Gara-k, Berria-k eta EITBk oraintxe (16:00) dauzkaten informazioak, honako zerbait izan behar du orduotako argazkiak:
- Hildakoak 112: Araban 60, Bizkaian 24, Gipuzkoan 13, Nafarroan 14 eta Iparraldean 1.
- Kutsatu eta testeaturik positibotzat emandakoak: 2.899 (Berria): Araban 912, Bizkaian 860, Gipuzkoan 325 eta Nafarroan 794. Berria egunkaria da Iparraldeko datuak ematen bakarra eta badirudi hemen denera 8ren berri baizik ez dela eman, 7 Lapurdin, 1 Zuberoan).
- Ospitaleratuak: Araban 326, Bizkaian 375, Gipuzkoan 111, Nafarroan 228 eta Iparraldeko daturik ez dugu.
Covid-19aren jarraipen estatistikoak euskaldunoi gure herrigintzak daukan beste zulo galanta erakusten digu.
EITBk emandako albistearen arabera, Espainiako Estatuko zientzia alorreko 69 adituk txosten bat sinatu dute eta ohartarazi dutenez, ezinbestekoa da biztanleriaren erabateko konfinamendua dekretatzea koronabirus izurritearen hedapena geldiarazteko.
Adituek egindako simulazio matematikoen arabera, orain arte hartutako neurriekin jarraituz gero, Espainiako osasun sistema martxoaren 25 inguruan kolapsatuko litzateke. Kolapsoak esan nahiko luke Zainketa Intentsiboetako Unitateetan jada gaixo gehiago artatzeko baliabiderik ez luketela izango.
Espainiako Estatua eremuka sailkatzea proposatzen dute. A eremuan kokatu dituzte Madril, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Errioxa, EAE, Nafarroa eta Katalunia. Herritarrak 15 eta 21 egun bitartean erabat konfinatuta egongo lirateke. Mugikortasuna eta pertsonen arteko kontaktuak ahalik eta gehien murriztuko lirateke, hau da, joan-etorri guztiak eta oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro debekatuko litzateke. Beraz, herritarrak ez lirateke lanera joango, ez bada behar-beharrezko zerbitzuetan lan egiten dutela. Gipuzkoako Bazkundeak eta Adegik kontrako norabidea erakusten duten neurriak hartu berri dituzte. 350.000 maskara enkargatu dituzte enpresentzako.
B eremuko herritarrek konfinamendu partziala izango lukete.
Espainiako Gobernuak beste hamabost egunez luzatu du alarma egoera, autonomi erkidegoetako presidenteei bideokonferentziaz jakinarazi dienez.
Hasieran, martxoaren 29ra arte dekretatu zuten alarma egoera; luzapena apirilaren 12ra artekoa izango da. Espainiako Kongresuak onartu beharko du.
María Ángeles Fernández kazetariak "Las casas de nuestros privilegios" artikulua idatzi du Pikara Magazine hedabidean. Berrogeialdia aise igarotzeko modua duen jendea kexaka entzun eta egiaz etxealdia gogorra egingo zaienak ekarri ditu gogora kazetariak, hala nola, 20 metro koadroko etxeetan bizi direnak, indarkeria matxista etxean jasaten dutenak eta berrogeialdirik gabe ere etxean lana egiten duten etxekoandreak eta etxeko langileak. Artikulua euskaraz irakurri ahal izango duzu lotura honetan: Gure pribilegioen etxeak.
Martxoaren 19an, bideo grabaketa bidez, LABeko idazkari nagusiak patronalaren neurrira egindako konfinamendua dela hau salatu zuen eta enpresek jarduera ekonomikoa eten badute sindikatuen eta langileen presioagatik izan dela adierazi du. Aranbururen kritika-mezuaren zati bat lotura honetan duzue.
Maskara eta bestelako babes materialen falta salatzen ari dira etengabe osasun zentroetan, zahar-etxeetan eta abar, Espainiako Gobernua ezinean ibili baita orain arte horiek lortzeko. Bada, Gipuzkoako Bazkundeak oharra kaleratu du esanez 350.000 maskara industrial enkargatu dituztela Asian "Gipuzkoako enpresen eskura" jartzeko.
Enkargua Adegi enpresarien elkartearekin batera egin du eta Mondragon taldearen kolaborazioa izan du horretarako. Maskarak martxoaren 30ean iritsi litezkeela dio eta enpresei eskatzen die lehenbailehen adierazteko nolako bolumena behar duten.
Italian behar beharrezkoa ez den ekoizpen guztia bertan behera utzi dute eta Hego Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira halako neurriak eskatzen ari direnak. LABek esaterako, langileei planto egiteko deia egin die, eta soilik gutxieneko zerbitzuekin eta guztiz funtsezkoak direnekin jarraitzeko.
Gipuzkoako patronalak egindako gestioa kontrako norabidean doa ordea, langileek enpresetan maskarekin produzitzen jarraitu dezatela bideratua, itxura guztien arabera.
Larunbat iluntzean (martxoak 21) eman du neurriaren berri Giusseppe Conti Italiako lehen ministroak. Sindikatuekin eta enpresariekin adostu duela adierazi du. Apirilaren 3ra arte gutxienez indarrean izango da neurri berria.
Ekoizpena geldituko ez duten sektoreen artean hartu dituzte logistika, garraioa, sendagaiak, osasuna, energia eta agroindustria. Beraz, hedabideek haien martxa jarraituko dute, farmaziak, janari saltokiak, parafarmaziak, banketxeak, posta zerbitzua eta aseguru etxeak irekita egongo dira.
Lehen ministroak adierazi du II. Mundu Gerraz geroztik Italiaren erronkarik handiena dela. Italiak du koronabirusarekin hildako biztanle gehien munduan. 4.825 pertsona hil dira, atzo inoiz baino gehiago: 793. Guztira 53.578 dira kutsatuak, hildakoak, gaixo daudenak eta sendatu direnak kontuan hartuta.
Martxoaren 17an Eliana Como sindikalista elkarrizketatu zuen ARGIAk. Hark adierazi zuen funtsezkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea eskatzen zutela eta greba orokorra egitea aldarrikatzen zuen.
Egun batetik bestera, internet bidezko i(ra)kaskuntza sistemara pasa gara Euskal Herriko eskoletan. Horrek sortu dituen zuloak, erronkak eta gogoetak azaldu dizkigu Iñigo Beristain Bastidako ikastetxe publikoko zuzendariak –Bastida izan zen eskolak itxi zituen lehen herria, martxoaren 9an–. Bere hitzetan, “dugun hezkuntza eredua ebaluatzeko eta birplanteatzeko balioko du” krisi honek. Hasteko, "curriculumean zer den inportantea bereizten hasi behar dugu. Eskolak beste erritmo bat behar du". Irakurri elkarrizketa osorik.
Berria-k daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 21eko iluntzea arte 97 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak eta 2.397 kutsatu. Egunkariak aitortzen duenez, instituzioek informazioak bai neurtzeko eta bai denboran emateko moduak behin eta berriro aldatu dituztenez, zaila da Euskal Herriko estatistikak zuzen eramatea.
Ororen buru, aztertuta Gara-k, Berria-k eta EITBk oraintxe (20:50) dauzkaten informazioak, honako zerbait izan behar du orduotako argazkiak:
- Hildakoak 97 (Berria): Araban 56, Bizkaian 19, Gipuzkoan 11, Nafarroan 10 eta Iparraldean 1.
- Kutsatu eta testeaturik positibotzat emandakoak: 2.397 (Berria): Araban 801, Bizkaian 651, Gipuzkoan 273, Nafarroan 664 eta Iparraldeko Lapurdin 7 (Nafarroa Beherea eta Zuberoako daturik ez dugu).
- Ospitaleratuak: Araban 254, Bizkaian 310, Gipuzkoan 84, Nafarroan 222 eta Iparraldeko daturik ez dugu.
Covid-19aren jarraipen estatistikoak euskaldunoi gure herrigintzak daukan beste zulo galanta erakusten digu.
Martxoaren 21 ilunabarrean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometer zerbitzuak 16:09an zenbatuta:
- Hilak 12.836. Herrialdeka: Italia 4.825, Txina 3.255, Iran 1.556, Espainia 1.378, Frantzia 450, AEB 288, Erresuma Batua 233, Holanda 136, Hego Korea 102...
- Kutsatuak 298.000. Herrialdeka: Txina 81.000, Italia 53.578, Espainia 25.374, AEB 22.738, Alemania 21.854, Iran 20.610, Frantzia 12.612...
- Sendatuak 95.000. Horietatik 71.740 Txinan.
Naomi Klein kazetari kanadarra ezaguna da egiten dituen ikerketa lan sakonengatik, horien artean ezagunenetakoa da 2007an idatzi zuen Shock doktrina liburua. Hartan azaltzen zuen nola kapitalismoak baliatzen dituen krisiak pribatuaren kultura are eta gehiago barreiatzeko, txiroagoak txiroago eginez eta aberatsak aberatsago. Koronabirusaren krisia ikuspegi horretatik nola aztertzen duen galdetu diote Vice hedabidean. Rebelión atarian gaztelaniaz irakur daiteke elkarrizketa. Hemen egin dugun laburpena.
"Egoera txarra baino txarragoa bizitzera" preparatzeko deia luzatu die afrikarrei Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Koronabirusa hedatuz doa kontinente guztian zehar eta gaur egun 54 herrietatik 37tan daude pertsona kutsatuak. Prebentziorako baliabideak eskas ukanki eta osasun sistema kaskarragatik, egoera laster okertuko dela diote osasun arloko aditu askok.
Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean dauzkan erantzukizunen kargu egiteko prest agertu da Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Zaintza krisia kudeatzeko mahai teknikoa eratzeko asmoa agertu zuen martxoaren 16an, eta dagoeneko martxa hartzen hasia da ekimena. Erantzun indibidualez harago, kolektiboki antolatzeko beharrari erantzun nahi diote. Ostiralean mahaiaren talde motorrak egin duen bilera amaitu berritan, mugimendu feministako kide Josebe Iturriozekin hitz egiteko aukera izan dugu.
Martxoaren 11n Osasun Mundu Erakundeak koronabirusaren hedapena pandemia izendatu zuenetik eta martxoaren 19ra arte, hirietako kutsaduraren oso jaitsiera handia izan da Nafarroako hiri eremu handienetan. Etxean egoteko agindu ofiziala eman zenetik gertatu da hau eta autoaren erabilera txikiak azken urteetako aire kalitate onenak ekarri ditu. Hemen albistearen jarraipena.
Aiaraldea tokiko hedabideari mintzatu zaio ofizioz banatzailea den Edu Canterla laudioarra: "Ez erosi Internet bidez asperdura kentzeko, beharrezkoak diren horniketak egin nahi ditut". Canterla egun hauetan etxez etxe dabil, enpresa erraldoi baten eskaerak bideratzen, eta sare sozialetan mezua zabaldu du jendeari jakinarazteko berebiziko beharrak asetzeko dagoela, eta ez norberaren asperraldia ekiditeko: "Elkartasuna, mesedez, gutxitu harramanak ahal bezain beste. Nire familia ez dago itxialdian ni egunero 100 lagunekin tratua izateko, jostailuak eramaten zuen seme-alabak entretenitzeko. Lehen mailako beharrak asetzeko zerbitzuak eman nahi ditut, eta hauek ez dira".
Edu Canterla: ""Ez erosi Internet bidez asperdura kentzeko, beharrezkoak diren horniketa zerbitzuak egin nahi ditut" https://t.co/YvsuLg3df1
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 21, 2020
Jon Olano Uriain kazetariak jorratu du albistea Berrian: Jada 4.300 baino gehiago dira Hego Euskal Herrian lana aldi baterako erregulatzeko txostena aurkeztu duten enpresak. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek jakinarazi du mila pasa direla herrialde horretan, eta, Jaurlaritzaren arabera, 3.382 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEkoek 28.000 langileri baino gehiagori eragingo diete. Nafarroan guztira zenbat langileri eragingo dion ez du jakinarazi Gobernuak, baina aurreratu du erregistratutako lehen 300 espedienteek 5.000 langileri eragingo diotela.
Zehazki, enplegua aldi baterako erregulatzeko 485 dosier aurkeztu dituzte Araban, eta 5.076 langileri eragingo die. Horien artean dago Mercedes. Bizkaian 2.029 lantokitan ezarriko dute dosierra (17.823 langile), eta Gipuzkoan 868 txosten (5.947 langile).
ELA sindikatuak oharra argitaratu du martxoaren 20an, Tubacex eta Sidenor irekitzera behartu izana salatuz: "Zuhurtziarengatik oinarrizkoak ez diren jarduera guztiak eten beharko lirateke. Osasuna bermatu ezean ez da produkzio arrunta berreskuratzeko testuingururik izango. Lehendabizi osasuna, ondoren beste guztia.
Enpresek oinarrizko neurriak bete ez dituztenean sindikatuok hartu behar izan dugu iniziatiba neurri horiek ezarri arte lana geldiarazteko. Atzo Lan Sailak Tubacex eta Sidenor irekitzera behartu zuen ikuskaritzaren inongo txostenik jaso gabe, enpresa horietako egoerari buruz langileen ordezkaritzari galdetu gabe eta bisitarik egin gabe. Are gehiago, enpresekin izandako hartuemanetan, hauek onartu zuten produkzioa topera izanda ezin dituztela prebentzio neurriak bete".
Eusko Jaurlaritzak koronabirusari buruz emandako martxoaren 19ko datuetan ikus daiteke testa egin zaienen artean positibo eman dutenen kopuruak eremuka, osasun etxea dagoen guneka. Eta gune hauetako bakoitzaren biztanleria kontuan hartuta, gaitzak proportzioan gehin erasandako gunea Sansomendi da (Lakua auzunearen zati da), alde oso handiz: 100.000 biztanletikn 620ko tasa du, eta hurrengoak diren La Habanako osasun etxeak (Gasteiz) 399,9ko tasa du eta Abetxukokoak 393,3koa.
Hona proportzioan kutsatuenak diren guneen zerrenda:
- Sansomendi (Lakua, Gasteiz): 620ko tasa.
- La Habana (Gasteiz): 399,9ko tasa.
- Abetxuko Gasteizko kontzejua: 393,6ko tasa.
- Basauri-Kareaga: 351.
- Gazalbide-Txagorritxu: 265,1.
- San Martin (Gasteiz): 262,4.
- Salburua: 259,7.
- Arabako Errioxa: 225,9.
- Lakuabizkarra (Gasteiz): 223,5.
- Zaramaga (Gasteiz): 205,7.
- Olagibel (Gasteiz): 205.
Hamarnaka eragile sozial eta sindikal biltzen dituen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak langile klasearen eta gehiengo sozialaren aldeko neurriak hartzea eskatu die erakundeei: “Koronabirusaren krisiak agerian utzi duela egungo gizarte ereduak aldaketa sakonak behar dituela”. Kezka agertu du “osasun-krisiaren testuingurua aprobetxatuz epe motzean elite ekonomiko eta politikoen eraso berria” bihur litekeenaren aurrean.
Azpimarratu dute sistema berri bat eraikitzen hasi behar dela, "zaintzak eta bizitzak guztiaren erdigunean jarriko dituen sistema berri bat". Eskubide Sozialen Kartak proposamen zehatz batzuk aurkeztu ditu, helburu hauekin: zerbitzu publikoak garatzea; egoera prekarioenean dauden kolektiboak babestea; oinarrizko eskubideak bermatzea, hala nola etxebizitza, elikadura osasuntsua, ura edo energia izateko eskubidea; zaintza-lanak garatzea; indarkeria matxistaren aurka borrokatzea; enplegua defendatzea eta bermatzea; neurriak hartzea langile klaseak krisiaren ondorioak ordain ez ditzan.
Birzentralizazioaren aurrean, burujabetza publiko eta komunitarioa
Salatu dutenez, Espainiako eta Frantziako gobernuak Koronabirusaren pandemiak sortutako alarma baliatzen ari dira estatuaren birzentralizazioa areagotzeko. Egoera horren aurrean, azpimarratu dute inoiz baino beharrezkoagoa dela subiranotasun politikoa eta materiala aldarrikatzea, eta, horregatik, gaineratu dute, bizitzari eusten dioten tresna publiko eta komunitarioek herritarren kontrolpean egon behar dutela, erabakitzeko eskubidea bermatuz. “Eredu berri baten inguruan indarrak batu eta artikulatzeko unea da”, azpimarratu dute.
Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]
"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]
Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.
Bilboko Lan Arloko Epaitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuari eta ezintasun iraunkor absolutua onartu dio COVID19 iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati.
Espainiako Gobernuko Osasun ministro Carolina Dariasek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du garraio publikoan musukoa derrigorrezkoa ez izatearen dekretua.
Txinan derrigorrezko isolamendu neurriak kendu dituzte nazioarteko bidaiarientzat, eta eguneroko kutsatzeen datuak emateari utzi. Politika aldaketa baten ondorioz dira neurriok, baina egoeraren kontrolik ezak nazioartean izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute zenbait adituk.
Iraungi diren gehienak Pfizer markakoak dira, Europar Batasuneko hornitzailerik handiena.
Milaka herritar kalera atera dira hiriburu nagusietan, Txinako Gobernuaren zero COVID estrategiak eragiten dituen kalte ekonomikoak eta psikologikoak salatzera. Aspaldi ikusi gabeko mobilizazioetan orri zuria erakusten dute manifestariek, zentsura irudikatzeko. Pandemia hasi... [+]
Sumindura pikor batekin hartu dute batzuek zero-covid estrategiaren inguruan Renmin Ribao egunkari txit ofizialak aste honetan bertan argitaratu duen artikulu-segida. Ondorioztatu baitute –zuzen, behingoz– Beijingeko agintariek, Partiduaren XX. Kongresua amaitu... [+]
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
"Azken txanpan" sarturik, arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar direla dio MOE erakundeak.
Irailaren 1ean ekin diote 2022-2023 ikasturteari Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19aren aurkako neurririk gabe. Berrikuntza gehiago ere izan dituzte: Seaskako ikastola eta kolegioetan ehun ikasle gehiago dituzte, eta Irisarrin, Larrainen eta Barkoxen murgiltze... [+]
Ikerketan ia 40.000 hilekodun pertsonek parte hartu dute eta haietatik ziklo erregularra dutenen %42k txertoaren ondoren odoluste handiagoa izan dutela ondorioztatu dute ikerketan.