Rafah bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Zuzeneko jarraipena
  • 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko maiatzaren 02an - 12:08
Azken eguneraketa: 2024-09-03 10:18
Gakoak
Nazioarteko Justizia Auzitegia hasi da aztertzen Hegoafrikak Israelen aurka aurkeztu duen genozidio salaketa

Ostegun goizean hasi da epaiketa, 10:00etan, Herbehereetako Haga hirian. Hegoafrikaren alegatua izango da lehena eta Israelen aldia izango da ostiralean. 23.000 hildako eragin ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik.

"Eskaera bat aurkeztu diogu auzitegiari, premiaz ebazteko Israelek urratu egiten dituela Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Itunaren betebeharrak, eta berehala etenarazteko betebehar horiek urratzera eramaten dituen ekintzak", adierazi zuen Hegoafrikako Atzerri Gaietarako Ministerioak ohar bidez abenduaren 29an. Heldu zaie eguna eta urtarrilaren 11 honetan hasi da bi aldeek garrantzitsutzat daukaten epaiketa. Leporatzen zaiona "ikaragarrizkotzat" eta "absurdotzat" jo du Israeleko presidente Isaac Herzogek.

Nazio Batuen Erakundearen auzitegi gorena da Nazioarteko Justizia Auzitegia, Bigarren Mundu Gerra eta gero sorturikoa. Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna urratzea leporatua zaio Israeli eta hain zuzen, Bigarren Mundu Gerran bideratu Holokaustoa eta gero idatzi zuten itun hori, 1948an. 84 orriko errekerimendu mamitsua landu du Hegoafrikak, argi utzi nahian "palestinar talde nazional, arrazial eta etnikoaren zati substantzial baten suntsiketa ondorioztatzeko" asmoz dabilela Israel. Horren parean, Israeleko Gobernuak dio zibilen hilketak saihestuz dabilela Hamasen aurkako gerran.

84 orriko dokumentua esku artean

Hegoafrikako dokumentuak datu andana biltzen ditu: abenduaren datuak izanik, "21.100 palestinar baino gehiago hilik, horietan 7.729 haur baino gehiago, eta beste 7.780 baino gehiago desagerturik"; "palestinarren auzo osoak eta 335.000 etxe baino gehiago suntsiturik"; "biztanleriaren %85aren etxe kanporaketak"; "bi orduoro bi ama hilik Gazan", eta beste. Horrez gain, Israelen suntsiketa "itsua" ez dela argi uzteko argumentuak ere ditu salaketak: auzitegiak, liburutegiak, unibertsitateak, museoak, egitura historikoak, gune erlijiosoak, eskolak, artxibo eta artefaktu historikoak biltzen dituzten eraikinak eta baita hilerriak ere suntsitzeko xede sistematikoa erakusten da salaketan. Azkenik, Israelek bideratu "blokeo politika" ere zehazki aipatzen da, besteak beste ur, elikagai, erregai eta medikamentuei bideratu blokeoak zerrendatuz. Gainera, eraso armatuaz gain, "palestinar gehienak gosez hiltzen" direla ohartarazten du Hegoafrikaren dokumentuak.

Urgentziazko prozedura izanik, ondoko asteetan eman beharko luke epaia Nazioarteko Justizia Auzitegiak. Genozidioa leporaturik Israel epaituko duten lehen aldia da eta horregatik da epaiketa garrantzitsua alde guztientzat. Hala ere, epaia betearazteko biderik ez du bermatzen Nazioarteko Justizia Auzitegiak.

Hegoafrikako Justizia ministroa: "Palestinaren suntsiketa ez zen urriaren 7an hasi"

Hegoafrikako Justizia ministro Ronald Ramolak hitza hartu du epaiketaren hastapenean eta Israelen jarrera historian kokatu du: "Palestinaren aurkako indarkeria eta suntsiketa ez ziren urriaren 7an hasi, duela 76 urte hasi zen".

Nahiz eta zehaztu urriaren 7ko Hamasen erasoa salatzen dutela, argi utzi du "ez dagoela justifizkaziorik edo arrazoirik" Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Ituna zangopilatzeko, eta Israel horretan dabilela. Ministroaren aurretik, Hegoafrikaren ordezkariak, Israelek gaur egun eta iraganean Palestinan behin eta berriz bideratu "kolonizazioa" "Apartheid-a", "krimenak", "herra diskurtsoak" salatu zituen, urtarrilaren 11 honetan Israeli leporaturiko genozidio salaketa justifikatzeko.

Goiz odoltsua Gaza hegoaldean: dozenaka hildako Israelen bonbapean

AEBetako eta Europako hedabideek zabaldu dute Gazako erasoaldiaren "beste fase" batean sartu dela Israel, bere sarraskiaren "intentsitatea" murriztuko duela. Aitzitik, asteazken goizean Rafah, Khan Younis eta Nuseirat eraso ditu Israelgo armadak eta dozenaka hildako eragin ditu ondorioz.

Gauean, Rafah hirian eraikin baten kontra egindako eraso batek hamabost lagun hil ditu gutxienez. Gainera, Jabaliako errefuxiatuen kanpalekuan bi etxe bete betean jo dituzste bonbek eta hor ere hildako ugari izan dira, horietako asko haurrak. Jadanik 23.000 lagunetik gora hil ditu Israelek Gazan.

 

Maulen Palestinaren aldeko bi hitzordu asteburuan, kultura ardatz

BDS (Boikota Desinbertsioa Santzioak) kolektiboko Zuberoako taldeak bi ekitaldi antolatu ditu asteburu honetan Palestinaren errealitatea kulturaren bidez gertutik ezagutzeko.

Alde batetik, Yallah Gaza izeneko filmaren proiekzioa izango da ostiralean, Mauleko Baitha zinema aretoan 20:30ean. "Aurreiritziak desmitifikatzeko" emango dute film-dokumental hori, Kazeta.eus-ek azaldu duenez, eta Andre Rosevegue Bakearentzako Batasun Judu Frantseko kideak gidatuko du ondorengo eztabaida eta iritzi trukea.

Bestetik, larunbatean Mauleko merkatuan judu antisionistei buruzko bi libururen inguruko azalpena gidatuko du Roseveguek berak. Herritarrak Ekialde Hurbilean gertatzen ari denaz gogoetatu eta haunarraraztea da DBS Xiberoaren hitzordu horien helburua.

Gatazka Libanora zabaltzeko bidean: Israelek Hezbollah-ko beste buruzagi bat hil du
Wissan al-Tawil Hezbollah-ko buruzagiaren aldeko funeralean jendetza bildu zen Libanon. 

Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagarik jakinarazi duenez, Ali Husein Barji Hezbollah-ko goi kargua hil du Israelek astearte honetan. Hegoaldeko Libanoko komandantea zen Barji, eta Hagariren esanetan dozenaka "ekintza terrorista" egin zituen Israelen kontra.

Hezbollah-k baieztatu du komandantearen heriotza Khirbet Selm herritik gertu izan dela, hain justu astelehenean Israelek beste buruzagi bat hil zuen tokitik gertu. Wissan al-Tawil goi kargua hil zuen Israelek duela bi egun, eta bere funerala egin baino ordu batzuk lehenago hil du orain Barji. Libanoko milizia armatuaren esanetan "kolpe gogorra" izan da.

Eraso horiek Israel Gazan egiten ari den sarraskia Libanora zabaltzeko arriskua eta bildurra areagotu dute.

Hezbollah misilak eta droneak jaurtiz erantzuten ari da eta Israelgo base militar garrantzitsu bat ere jo du jadanik. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek, berriz, mehatxu egin du, Beirut Gaza hiriaren copy-pastea bihurtzeko: "Badakigu egin dezakegula", esan dio The Wall Street Journal egunkariari.

Benetan eskalatze baten aurrean al gaude?

Eskalatze hori analizatu duen Al Jazeera-ko erreportari Zeina Khodrsen esanetan, gatazka zabaltzea konoplexuagoa izan daiteke. Alde batetik, Hezbollah-k lortu du Israelgo ipar ekialdeko muga ezegonkortzea bere erasoekin, eta Khordsenen esanetan Israelek segurtasun gehiago bilatzen du muga horretan.

Baina bestetik, Hezbollah-k badaki Israelek bere kideak ez ezik jarraitzaileak ere kolpatu ditzazkeela: "Beirut hegoaldeko auzuneetan milioi erdi pertsona bizi dira, nora joango dira ekonomia kolapsaturik dagoen herrialdean?", galdegin du.

Bere ustez, Israel "marra gorriak" gainditzea frogatzen ari den bitartean Hezbollah marra horien barruan ari da oraingoz borrokan.

"Ez dago dudarik eskalatze baten aurrean gaudela" ziurtatu du, baina Hassan Nasrallah Hezbolah-ko idazkari nagusiak joan den astean esandakoa ere gogoratu du: erabakiak hartzeko orduan, Libanoren "segurtasun interesak" hartu behar direla kontuan esan zuen Nasrallahk. Askok kontentzio asmo bat ikusi dute hitz horietan.

Gaza nola berreraiki prestatzen ari da Israel: "Arabiarrak ezin dira Gazan geratu"

Etxeak non, nola eta zein biztanlerekin berreraiki pentsatzen hasia da Israel, hango N12 hedabideak jakitera eman duenez. Middle East Eye-k jasotakoaren arabera Nachala izeneko mugimendu edo taldea izango da horren arduraduna, eta dagoeneko hasi dira antolatzen kolono israeldarrak bertara eramateko plana.

Daniela Weiss eledunaren hitzak jaso ditu Middle East Eye-k: "Argi izan behar dugu Hamas behin betiko desegitea dela helburua, bahitu israeldar guztiak askatzea eta Gazako Zerrenda osoa berregitea, komunitate israeldarrek bertan lur hartzeko". Horrez gainera, palestinarren exodoaz ere mintzatu da: "Gutxi gorabehera, gero eta gutxiago badira ere, bi milioi arabiar inguru daude uneotan Gazan. Ezin dira han geratu. Ez dute bertan geratzeko motiborik, ez argudiorik. Beste herrialdeetara bidali behar ditugu".

"Gazako Soluzioa"

Behin arabiarrek Gazatik alde egin ondoren hasi nahi dute Gazaren "konponketa". Ideia batzuk fintzen hasi badira ere, urtarrilaren 28an egingo duten bilkuran etxebizitza berrien mapak eta kokapenak fintzea espero dute.

Nachala taldeak publiko egindako argazkia, Gazako mapa eskuetan dutela.

 

Palestinako futbol selekzioko hautatzaile ohia hil du Israelek

Duela egun batzuetako bonbardaketek azpian harrapatu zuten Hani Al-Masri, Palestinako gizonezkoen futbol selekzioko hautatzaile ohia.

TIME aldizkari estatubatuarreko Tony Gapin kazetariak honela galdegin du sare sozialetan: "Nola onar dezakegu Israelek parte hartzen segitzea selekzioen txapelketetan, eta Errusia, Ukrainari eraso egin zionetik, zergatik dago galarazita? UEFAk eta FIFAk zerbait esango dute?".

Israelgo burokraziaren (beste) estrategia: laguntza kamioiak geldiaraztea

Ehunka eta ehunka kamioi geldirik daude Gazara sartzeko zerrendan, Rafahn, Egiptoko mugan. Israelgo Poliziak goitik behera miatzen ditu kamioiak, eta ilara luzeak daude kontrola pasatzeko. Denbora asko igarotzen da. AP albiste agentzia izan da horren testigu.

Horrez gainera, Poliziaren miaketak hain ari dira izaten gogorrak, parean tokatzen den agenteari zalantza sortzen badio pakete batek kamioi osoa ez atzera eta ez atzera geratzen dela, eta beste inork ezin duela garraiatu kamioi horrek zeramana. Bazterrean geldirik dauden zenbait kamioi egiptoarrek, argazkian ikusten denez, Palestinako bandera zeramaten gainean.

AP Photo

 

Gazan hamar haur baino gehiago anputatzen dituzte egunero

Israelen bonbardaketek zaurituta, Gazako hamar haurrek baino gehiagok egunero hanka bat edo bi galtzen dituzte, batez beste, Save the Children erakundeak jakinarazi duenez. Israelek Gazaren aurkako sarraskia urrian hasi zuenetik gutxienez 1.000 haurri kendu diete gorputz adarren bat, eta Osasunaren Mundu Erakundeak baieztatu duenez, beharrezko ebakuntza asko anestesiarik gabe egin dizkiete umeei, baliabiderik gabe utzi dituztelako ospitaleak. Umeak helduak baino zaurgarriago direla gogorarazi dute, gorputza erabat osatu gabe izaten dutelako askotan, eta leherketa batek eragin eta kalte handiagoa izan dezakeelako haiengan.

Save the Children-eko Palestinako arduradun Jason Lee-k deskribatu du medikuengan eta erizainengan sortzen duen larritasuna haurrak bonba zauriekin iritsi eta artatzeko nahikoa baliabide ez izateak: "Nahiz eta gerra eremua izan, bonbek elbarri utzi duten haur txiki baten irudia eta soinuak ezin dira normaltzat hartu eta are gutxiago gizatasunaren mugen barruan ulertu". Haur palestinarren sufrimendua "imajinaezina" dela ohartarazi dute, batik bat "saihestu daitekeelako": "Haurren hilketa, mutilazioa eta sufrimendua haurren eskubideen aurkako urraketa larri gisa kondenatzen da, eta egileek erantzukizunak izan behar dituzte", salatu du erakundeak.

Argazkia: James Denselow, Save the Childreneko Erresuma Batuko arduraduna.

 

Beste hiru kazetari hil ditu Israelek asteburuan

Al Jazeera hedabideko bi kazetari hil dituzte Israelen misilek asteburuan. 27 urteko Hamza Dahdouh –Al Jazeeraren Gazako ordezkaritzako buru Wael Dahdouh-en semea– eta 30 urteko Moustafa Thuraya kazetariak autoan zihoazen elkarrizketa batzuk egitera, ustez segurua den bide batetik, baina Khan Younis mendebaldean zeudela Israelek misil bat jaurtita hil ditu biak. Autoan zihoan Hazem Rajab kazetaria ere larri zauritu dute. Bestalde, Gaza hiriko aire erasoek Ali Salem Abu Ajwa fotokazetaria ere hil dute.

Hildako semea agurtzerakoan, Wael Dahdouh-ek berretsi du Gazako sarraskiaz informatzen jarraituko duela, orain arte bezala. Kazetariaren familia ia osoa eta lankideak ere hil ditu Israelek, eta erresistentziaren ikur bilakatu da egiten ari den lanagatik. Al Jazeera hedabideak erasoa gogor gaitzetsi du, eta ohartarazi du hilketa hauek berretsi dutela beharrezkoa dela berehalakoan hartu behar direla neurri legalak indar okupatzaileen aurka, ziurtatzeko ez dutela zigorgabetasunik izango.

Palestinako Kazetarien Sindikatuak erregistratu du 102 kazetari hil dituztela Israelgo indar armatuek eta beste 71 zauritu, urriaz geroztik.

Argazkia: AFP.

 

OMEk dio 600 palestinar inguru al-Aqsa ospitaletik desagertuta daudela

Gaza erdialdeko al-Aqsa ospitaleko egoera kaotikoa eta larria dela ohartarazi dute Osasunaren Mundu Erakundeko eta Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek. Israel gogor bonbardatzen ari da inguru hori ere, eta ospitaleko zuzendariak baieztatu du osasun langile gehienek eta 600 paziente inguruk alde egin behar izan dutela, nora zihoazen jakin gabe, erasoak areagotu direlako eta ebakuazio deiak handitu direlako. Ehunka palestinar desagertuta daudela adierazi du OMEk.

OMEko langile Sean Casey-k al-Aqsa ospitalean izan da, eta ziurtatu du soilik bost mediku gelditu direla ehunka zauritu artatzeko; egunero ehunka pertsona artatzen ditu mediku bakoitzak, egoera kaotikoan eta baliabide eskasekin, Al Jazeerak jaso duenez. Mugarik Gabeko Medikuak, Nazioarteko Erreskateen Komitea (IRC) eta Palestinarrentzat Laguntza Medikoa (MAP) elkarteek jakinarazi dute euren langileak al-Aqsatik ebakuatu behar izan dituztela.

Israelek jarraitzen du Gazako ospitaleak etenik gabe bonbardatzen, eta OMEk jakinarazi duenez, Gaza iparraldeko ospitale guztiak zerbitzuz kanpo daude.

Argazkia: Adel Hana / AP.
Urtarrilaren 12an CAF gaitzesteko protesta Donostian, diputazio aurrean

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak ostiralean kontzentrazio zaratatsua egitera deitu ditu herritarrak, 18:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan. Salatuko dute Gipuzkoako Diputazioa eta CAF "sionismoaren konplize" direla. Izan ere, aldundiak CAFeko presidente Andrés Arizkorreta Garcíari ohorezko domina emango dio: "Gipuzkoako Foru Aldundiak CAFen Israelekiko kolaborazioa sarituko du, gipuzkoar guztion izenean!". Adierazi dute "onartezina" dela saria ematea: "'Internazionalizazioa' saritu nahi dute. Palestinarren gainetik, koloniak lotzeko Israelentzat trenak egitea saritu nahi dute".

Urtarrilaren 27rako deitu dute manifestazio nazionala, Ordizian, Mendebaldeko gobernu, alderdi politiko eta enpresen Israelekiko konplizitatea salatzeko.

Greba orokorra burutu dute Cisjordanian, Hamaseko Saleh al-Aruriren heriotza salatzeko

Greba orokorraren bidez adierazi dute beren haserrea Cisjordaniako palestinarrek urtarrilaren 3an. Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Aruriren hilketa salatzeko protesta izan da. Talde ezberdinek deituriko greba orokorra izan da –tartean Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen Al-Fatah alderdiak–. "Erresistentziak jarraitzen duela" argi utziz greba orokorra eta dolu egun nazionala zuten urtarrilaren 3a. Garraio publikoak, enpresa pribatuak zein zerbitzu publikoak, grebaren jarraipena sektore ezberdinetan sentitu da.

Abenduaren 11n ere greba orokorra burutu zuten, mundu mailako Strike for Gaza edo Greba Gazaren alde mugimenduarekin bat eginez.

 

Palestinarekin Elkartasuna dinamikak manifestazio nazionala antolatu du urtarrilaren 27rako

Ordizian eginen dute manifestazio nazionala, urtarrilaren 27an. Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, "Mendebaldeko gobernuen, erakundetutako alderdi politikoen eta enpresen konplizitatea –bereziki, CAF trenbideen euskal enpresarena– salatzeko" unea izanen da. CAF enpresa dabil Jerusalemgo trenaren eraikuntza lanetan eta hori "Palestinako genozidio sionista laguntzea" dela dio Palestinarekin Elkartasuna kolektiboak: "Proiektu horrek, palestinarren jabetzak konfiskatu, lurralde palestinarra erantsi, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak lekualdatu eta kolono sionistak Palestinako Lurralde Okupatura transferitzea ahalbidetzen du".

Israelen sarraskia geldiarazteko "presioa egiten jarraitzeko unea" dela diote manifestazioaren antolatzaileek, horri esker "eskuineko zein ezkerreko alderdi politikoek Israelekin era guztietako harremanak eteteko eta Palestinaren aurka armak bidaltzen dituen Espainiako estatuari babesa emateari uzteko".

Manifestazioa San Bartolome auzotik abiatuko da urtarrilaren 27ko 12:00etan.

Manifestazioaren berri emateko prentsaurrekoa. Argazkia: Irutxuloko Hitza

 

Azken 24 orduetan 125 palestinar hil ditu Israelek

Azken 90 egunetan 22.438 palestinar hil ditu Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako erasoetan, Gazako Osasun Ministerioko bozeramaile Ashraf Al-Qudrak adierazi eta Al Jazeerak jaso duenez.

Gutxienez 57.614 pertsona zauritu dira, asko haurrak.

Azken 24 orduetan 125 palestinar hil eta 318 zauritu dituzte, Ministerioak gaineratu duenez.

Beste 7.000 inguru desagertuta eta ustez hilda daude, beren etxeetako hondakinen azpian.

Iran, Hezbollah, Itsaso Gorria… Gerra Gazatik Ekialde Hurbilera zabaltzeko arrisku erreala

Azken asteetan zabalduz zihoan mehatxua geroz eta errealagoa da: Gaza erabat suntsitzen dabilen gerra Ekialde Hurbilera hedatu daiteke. Hiru lurralde dira tentsio gorenean –Hezbolaren bidez Libano, Iran eta Itsaso Gorria– eta beste batzuk ere sartu daitezke dantza makabroan aurki: Qatar, Turkia... Irakurtzeko:

 

Etxe Zuriko langileek protesta egin dute, su -etena galdatzeko

Maskarak eta betaurrekoak dauzkate aurpegia gorderik atxikitzeko asmoz. Biden presidente, zure langileek su-etena eskatzen dute mezua dakarren banderola lehen lerroan jarri eta protesta egin dute AEBetako Etxe Zuriko dozenaka langilek. Guztien izenean hitza hartu du Josh Paulek, Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Sailetik berriki demisionaturikoak.

Hamaika urtez bertan ariturik lanean, urri bukaeran utzi zuen bere postua armen salmentaren egoera "ezinjasana" zeukalako. Ondokoa azaldu zuen komunikabideetan: "Ez da lehen aldia kontu moral konplexuen aurrean garela,  baina Israel eta Hamasen arteko gatazkan ez ditugu inondik inora jarraitzen armen salmentarako bete beharreko baldintzak". AEBek Israelen arma eskaerei itsuki erantzuten dielako utzi nahi izan du bere postua: "Herri bati armak bidaltzea, jakinik masiboki zibilak hiltzeko baliatuak izanen direla... hori AEBetako Estatu sailean pasatako urte luzeetan inoiz ez da izan gure helburua". Israelekin, ordea, gertatzen ari da.

 

Genozidioa burutzeko Israelen zortzi metodoak

Palestinan gutxienez zortzi metodo erabiltzen ari da Israel, genozidioa eta zigor kolektiboa aurrera eramateko. Hala azaldu du Alain Gabonek The Middle East Eye hedabidean. Israelek metodo horietako asko aurrez ere erabiltzen zituela dio Gabonek, baina urriaren 7az geroztik krudelki eta bortizki areagotu duela intentsitatea, mundu guztiaren begiradapean bada ere.

1- Herritarrak hiltzea. Palestinarrak indiskriminatuki bonbardatzen ari dira. Israelek dio zibilak babesteko neurriak hartzen ari dela, baina errealitatea kontrakoa erakusten ari zaigu eta biktima gehienak zibilak dira. Eskolak, ospitaleak eta etxebizitzak bonbardatu dituzte.

2- Gosez hiltzea. Elikagaiak eta ura (bizi ahal izateko funtsezkoena) blokeatzen dizkiete. Tamalez, ez da metodo berria.

3- Arreta medikurik gabe uztea. Azpiegitura medikua suntsitzen ari dira, tartean ospitaleak, eta beraz, bizitza salbatu zezakeen jendea ere hiltzen ari da, ezin izan duelako arreta medikurik jaso.

4- Gaixotasunak zabaltzea. Azpiegitura medikua kolapsatuta eta bizi baldintza negargarrien esku, Palestinako herritarren artean erraz zabaltzen dira gaitzak.

5- Etxegabetze behartuen bidez nekatzea. Behartutako birkokatzeak erabiltzen ari da Israel, lehenengo Gaza iparraldetik hegoaldera, ondoren hegoaldean bertan alde batetik bestera, beren hitzetan zonalde seguru batetik bestera bidaltzen dituzte herritarrak eta jendea akitzen ari dira.

6- Ingurumena suntsitzea. Gazan ekozidioa ere egiten ari da Israel. Ingurumenaren suntsitzea eta kutsaduraren tamaina izugarria da eta etorkizuneko belaunaldiengan izango du eraginik.

7- Gizartea atomizatzea. Azpiegitura gubernamental eta administratiboak sistematikoki suntsitzen ari da Israel, Hamasen aurka borrokatzen ari den aitzakiapean, eta nora jo ere zaila dute palestinarrek; gizartea bera hausten ari da, harremanak eta sareak atomizatzen.

8- Palestinarren espiritua urratzea. Hamarkadatan zehar, Israelek gerra psikologikoa erabili du, herritarren artean etsipen eta inpotentzia sentsazioak zabaltzeko. Metodo hau oso eraginkorra izan da zaurgarrienen artean: Gazako ume asko eta askok depresio larriak eta pentsamendu suizidak zituzten jada urriaren 7a baino lehenagotik.

Hamaseko buruetako bat hil duen Israelen erasoa “ez da zigorrik gabe geratuko”, ohartarazi du Hezbolak

Astearte honetako gertaerek gatazka areagotu eta gaiztotuko dute, ziurrenik. Libanon, Beirut hegoaldean, Israelek ofizialki bere gain hartu ez duen erasoan gutxienez sei pertsona hil dituzte, tartean Saleh al-Arouri Hamasen adar politikoko buruzagiordea. Hamasek gaineratu duenez, erasoan Hamasen adar militarreko bi komandante ere hil dituzte, besteak beste.

Saleh al-Arouri Hamasen adar politikoko buruzagiordea.

Eraso egin zuten auzoan Hamasen bulegoak daude, baina Hezbola Libanoko mugimendu armatuaren gotorleku ere bada. Hain justu, Iranekin eta Hezbolarekin harremanak indartu zituen Arourik. Hezbolak ohartarazi du erasoa ez dela zigorrik gabe geratuko eta gehitu du bere kideek dagoeneko hatza prest dutela tiro egiteko.

Libanoko lehen ministro Najib Mikatik erasoa kondenatu du eta adierazi du Israelen “beste krimen bat” dela.

Israel, errepresaliarako prestatzen

Daniel Hagari Israelgo bozeramaile militarrak erantzun du armada oso prestatuta dagoela arlo guztietan, bai defentsan bai erasoan, eta Hezbolaren errepresalietarako prestatzen ari dela herrialdea. “Edozein eszenatokirako gertu gaude”.

Urriaren 7az geroztik, Israelgo indar armatuek behin baino gehiagotan esan dute Hamaseko liderrei eraso egingo dietela Palestinako lur okupatuetatik kanpo ere, Libano, Qatar eta Turkia barne. Dauden lekuan daudela, Hamaseko lider guztiak asasinatzeko agindua emana dio Mossadi Benjamin Netanyahu lehen ministroak berak.

Protestak

Asteartean bertan protestak izan ziren Zisjordanian eta Ismail Haniyeh Hamasen adar politikoko buruak gogor kritikatu zuen erasoa: Israelen “erailketa koldarra” izan dela esan du. “Ekintza terrorista izan da, Libanoko burujabetzaren urraketa eta Israelen erasoaren zabaltzea. Eraso eta erailketa hauek guztiek inoiz baino indartsuago egingo gaituzte. Hori da erresistentziaren eta gure mugimenduaren historia, beti egin gaitu indartsuago”.

 

Urriaren 7ko musika jaialditik bizirik irten ziren hainbat herritarrek salaketa jarri dute Israelen aurka

Urriaren 7an Hamasen erasoa jasan zuen musika jaialdian zeuden 42 lagunek salaketa jarri dute Israelgo indar armatuen, Poliziaren eta segurtasun indarren (Shin Bet) aurka. Israelgo segurtasun agintariek eurek gerora aitortu dutenez, jaialdiaren aurkako balizko mehatxuen berri ematen zuten txostenak zituzten, eta batez ere horretan oinarritu da salaketa; utzikeria eta ekintza falta leporatu die Israelgo Estatuari.

“Espero zen arriskua ikusita, festaren arduradunei indar armatuek telefono dei bat egitea, berehala sakabanatu zezaten, nahikoa izango zatekeen bizitzak salbatzeko eta festan zeuden ehunka lagunen lesio fisiko eta mentalak aurrezteko. Utzikeria eta akats larria ulertezinak dira”, dio salaketak, Times of Israel hedabideak jaso duenez. Gehitu dute segurtasun indarrek ez zutela babes nahikorik eman, soldadu asko ez zirelako egun horretan lanean ari.

42 herritarrek 56 milioi dolarreko kalte-ordaina eskatu dute.

Segurtasun agintarien txostenetan ageri denez, festak kezka sortu zuen aurrez eta operazio komandantea bera jaialdia egitearen aurka agertu zen aurreko gauean. Shin Bet segurtasun indarren buru Ronen Bar-ek ere, operazio berezietarako talde bat bidali zuen aurreko gauean mugara.

Israelgo armadaren hilketak

Bestalde, hainbat biktimak publikoki adierazi du dagoeneko Israelgo armadak kontrolik gabe egin zuela tiro, urriaren 7an, eta ondorioz herrikideak hil zituztela. Poliziaren ikerketak ere berretsi du Israelgo Defentsak herritar ugari hil zituela egun horretan. Besteak beste, Hamaseko kideekin tiroketa gurutzatuan, militar israeldarrek herritarrak hil zituztela (tartean Hamasek bahiturikoak) aitortu dute lekuko israeldarrek.

 

Israelek gutxienez 22.509 palestinar hil ditu hiru hilabete eskasean

Hau da urriaren 7tik Palestinan izandako hilketen eguneraketa, Palestinako Osasun ministroaren, Israelgo Armadaren eta Israelgo Segurtasun Agentziaren datuen arabera, Al Jazeerak jaso duenez:

Gaza
Hildakoak: 22.185
Zaurituak: 57.035

Zisjordania
Hildakoak: 324
Zaurituak: 3.800

Israel
Urriaren 7an hildakoak: 1.139 (1.400eko zifra berrikusita eta beherantz eguneratuta)
Lurreko inbasioan hildako soldaduak: 173
Zaurituak: 965

Gazako al-Shifa ospitalean lurperatutako palestinarrak. / Argazkia: Mohammed Hajjar.

 

Huthien erasoak Itsaso Gorrian: zamaontzi erdiek ibilbidea aldatu dute

300 ontzik baino gehiagok planak aldatu behar izan dituzte, eta Suezko kanaletik pasatzeari uko eginda, Afrika azpitik zeharkatzen ari dira.

Milizia huthien erasoak areagotu egin dira azken egun eta orduetan Itsaso Gorrian. Haien arabera, helburu dituzte soilik Israeldik datozen edo Israelera doazen zamaontziak, baina beste hainbat itsasontzik, blokeatuta geratzearen beldur, planak aldatu dituzte. Suezko kanaletik pasa beharrean Afrika hegoaldetik gurutzatzen dutenek, gutxi gorabehera, 3.000 itsas milia gehiago egiten dituzte.

AEBetako diplomazia ordezkariak Itsaso Gorrira joan dira azken egunetan, zamaontzien gatazka arintzeko asmoz.

Aseguruen garestitzea

Abenduaren hasieran, huthien erasoaldien aurretik, arrisku saria ontziaren zamaren balioaren %0,02an zegoen, garraiatutakoaren arabera igo zitekeena. Orain, gcaptain.com-en arabera, %0,7ra igo da. Agerkariak dioenez, 500 milioi dolarreko zama daramaten ontzientzat, asegurua 3,5 milioi dolar garestitu da.

 

Gaza iparraldeko eraikinen bi herenak suntsitu dituzte

Gaza iparraldeko egitura guztien bi heren baino gehiago suntsitu dituzte Israelgo Armada lurraldeari eraso egiten hasi zenetik, eta ondorioz, satelite irudiak begiratuta, kokaguneak beste kolore eta ehundura batekoa dirudi espaziotik. Albistea Associated Press albiste-agentziak ostegun honetan eman zuen jakitera, AEBetako kartografiako adituek aipatuta.

Israelen erasoaldiak Gazako iparraldeko egitura guztien bi heren baino gehiago suntsitu ditu, eta hegoaldean, lurraldeko bigarren hiria den Khan Youniseko eraikinen laurden bat. Oregon Unibertsitateko gerra suntsipenean adituek emandako datuak dira, Copernicus Sentinel-1 sateliteak emandako irudiak aztertuta.

Suntsiketak dozenaka milaka etxebizitza biltzen ditu, baita eskolak, ospitaleak, meskitak eta dendak ere. NBEko begiraleek adierazi dute Gazako eskola eraikinen %70 inguru kaltetu direla. Horietako 56 eskolek zibilen babesleku ziren. Israeldarren erasoek 110 meskita eta hiru eliza ere kaltetu dituzte. Voa hedabideak erreportaje honetan zehazten duenez, Israel Gazan egiten ari den erasoa historian gertatutako suntsigarrienen artean dago.

Argazkia: Palestinako Wafa albiste agentzia

 

Abenduak 22: 20.360 hildako lurralde okupatuetan, 8.076 haurrak

Urriaren 7tik gaurdaino 20.057 palestinar hil ditu gutxienez Israelgo Armadak Gazan, horietatik 8.000 haurrak, eta 303 Zisjordanian (74 haurrak), lurralde horietako agintaritzak emandako datuen arabera. Gazan zaurituak gutxienez 53.320 dira eta Zisjordanian 4.655 dira. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, halaber, kalkulatzen da 6.700 pertsonatik gora dagoela desagertuta eraikinen hondakinen artean.

Israelgo biktimei dagokienez, hildakoak 1.139 dira Israelgo Armadaren arabera, eta gutxienez 8.730 zaurituak. Datuok Al Jazeerak aldiro egiten duen biktima kontaketatik jaso ditugu.

Argazkia: Fatima Shbair/AP

 

Negoziazio gogorrak NBEko Segurtasun Kontseiluan AEBek su-eten eskaera onartu dezaten

NBEn Segurtasun Kontseiluko kideak gogor ari dira negoziatzen aste osoan, seguruenik ostiral honetan egingo den bozketan AEBen adostasuna lortzeko. Arabiar Emirerri Batuak ari dira proposamena bideratzen eta bi eduki garrantzitsu adostu nahi dituzte: batetik, Gazara behar den giza laguntza segurtasunez bideratu ahal izatea, eta bestetik, su-eten iraunkorra.

Israeli su-eten iraunkorra eskatzeko puntua da AEBek bideratu nahi ez dutena, orain arteko bozketetan bezala, horrela eskatuta betoa jarriko baitio eta eskaera ez da aurrera aterako. Azken unera arte negoziazioetan ari dira, eta seguruenik gaur, ostirala, bozkatuko da.

Israelek behin eta berriro uko egiten dio su-eten iraunkorrari eta Hamas guztiz suntsitu arte ez dela horrelakorik gertatuko berretsi du. Alabaina, prest dago aldian-aldiko su-etenetarako, horietan Hamasekin bahitu trukeak egiten badira. Hamasek, aldiz, iragarri du jada ez dela gisa horretako truke gehiago izango Israelek su-eten iraunkorra finkatzen ez duen arte.

HRW: "Gosea gerra tresna erabiltzea krimen nazkagarria da"
Jendea ogia erosteko ilaran, Nuseirateko errefuxiatu-gunean, Deir al Balahn, atzean okindegi suntsitua ikusten dela. (Argazkia: Ashraf Amra/Anadolu)

Human Rights Watch (HRW) erakundearen txosten berri batek dio Israelek gosetea darabilela gerrako arma gisa Gazan. Taldeko Israel eta Palestinako zuzendari Omar Shakirrek esan du gutxienez bost froga daudela Israel gosez hiltzen ari dela lurraldea,

Bat: Bi hilabete baino gehiagoz luzatzen ari da janaria eta uraren blokeoa mugan.

Bi: Laguntza humanitarioa Gazara sartzeko blokeoa duela bi hilabete baino gehiagotik dagoela dokumentatuta dago.

Hiru: Laborantza-lurren suntsiketa, laborantza-lur berdeen ehuneko handi bat erabat hondatu dute.

Lau: Bizirik irauteko beharrezkoak diren elementuak nahita suntsitzea, izan gari-errotak, ospitaleak, edo ur eta saneamendu instalazioak.

Bost: Israelgo funtzionariok adierazpen argi eta garbiak egin dituzte beren estrategia edo politika azalduz. Zibilak gosez hiltzea behin baino gehiagotan aipatu izan dute emaitza politikoak lortu asmoz, izan bahituen askapena edo Hamasen suntsipena.

"Ondorio argia dago: Israelgo Gobernuak gosetea tresna gisa erabiltzen du, eta hori gerra krimen nazkagarria da", adierazi du Al Jazeeran.

 

BIDEOA | Hizbullah-ko kide baten hileta Israelen misil baten jomuga, Libano hegoaldean

Libano hegoaldeko Aita al-Shaab herrian Hizbullah-ko kide baten hileta ekitaldian, misil bat bota du, bideoan jasota geratu denez.

"Identifikatu gabeko objektu" batek Norvegiako ontzi bat jo du Itsaso Gorrian

Norvegiako ontzi bat "identifikatu gabeko objektu" batek jo du Itsaso Gorrian, jabeak adierazi eta Al Jazeerak jaso duenez.

"Zorionez, ez da zauriturik izan Indiako tripulazioan, eta ontziak kalte mugatuak izan ditu", adierazi du Norvegiako Inventor Chemical Tankers enpresak.

Yemengo matxino huthien erasoen testuinguruan kokatu behar da gertaera hau. Hauek adierazia dute Itsaso Gorrian nabigatzen duten Israelgo ontziei, baita Israelera doazenei ere –edozein dela nazionalitatea– erasoen jomuga bilakatu dituztela, Gazako erasoa geratzen ez den bitartean.

Nazioarteko zenbait konpainia handienek jada adierazi dute Itsaso Gorrian nabigatzeari utzi diotela.

 

Protestak Tel Aviven, jakin ostean Israelgo armadak hiru israeldar bahitu hil dituela

Milaka pertsona atera dira protestan kalera Tel Aviven, Hamasek bahituta zituen hiru israeldar Israelgo armadak hil zituela jakin berritan. Pertsona hauek gerritik gora biluzik eta bandera zuriak eraman eta hebreeraz laguntza eskatu arren, tirokatu egin zituzten.

Militarrek esan dute bahituak Gazako militanteekin izandako borrokaren testuinguruan hil zituztela, eta doluminak eman dizkiete familiei, esanez "gardentasun osoz" gertakariaren ikerketa egingo dutela.

Manifestariek gobernuari eskatu diote Hamasekin adostasun batera hel daitezela bahituak aska ditzaten.

 

Pistolak banatzeko kanpainari eutsiko dio Israelgo Gobernuak

Eskuin muturreko alderdiko eta gobernuko Segurtasun Nazionaleko Ministro da Itamar Ben-Gvir, eta bere ministerioak areagotu egin ditu azken bi hilabeteetan pistolak herritarren eskura jartzeko kanpaina. Bideo-azalpenen bitartez pistolak nola erabili erakusten zaie herritarrei.

Haaretz egunkari israeldarrak ulertzera eman zuen "kezkatzeko moduko egoera" sor zitekeela armak edonoren eskura jarrita, eta horri erantzunez, kanpainak areagotu ditu Ben-Gvir ministroak eta harro mintzatu da sare sozialetan: "Ez dit inongo kanpainak galaraziko. Karguan segitzen dudan bitartean ahalik eta arma gehien banatu nahi ditut".

Gutxienez 19.000 palestinar hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik

Gazako eta Zisjordaniako palestinar erailak dagoeneko 19.000ko langara heldu dira. Azken datuen arabera, Gazako hildakoen zifra 18.787koa da, eta Zisjordaniakoa, berriz, 301.

Zaurituak, bestalde, guztira ia 55.000 dira.

Al Jazeerak israeldarren kopuruak ere eman ditu taula baten bidez: hildakoak 1.139, eta zaurituak 8.730.

NYX hotel-kate israeldarraren aurrean ekintza egin du BDZk, Bilbon

Dozenaka lagunek, lurrean etzanda, errepidea itxi dute Bilboko erdigunean, Areatzan, NYX hotel-kate israeldarraren aurrean. "Genozidioa gelditu" aldarrikatu eta Israeli boikota egitera deitu dituzte herritarrak.

"Hotel hau Israelek bere normaltasuna proiektatzeko baliatzen dituen postal idiliko horietako bat da", adierazi dute manifestariek zabaldutako bideoan.

 

Israelek dio Gazako erasoarekin jarraituko duela, "nazioarteko babesarekin edo gabe"
Israelgo atzerri ministro Eli Cohen eta lehen ministro Benjamin Netanyahu.

Israelgo Gobernuak entzungor egin dio asteartean NBEn Batzar Orokorrak eginiko su-eten eskaerari –ez du eragin loteslerik– eta erantzun du esanez gudarekin jarraituko duela "nazioarteko babesarekin edo gabe". Netanyahuren gabineteko Atzerri ministro Eli Cohenek eskatu die gainerako estatuei mundu mailako itsas-bideak babesteko "modu eraginkor eta oldarkorrean" erantzuteko, Yemengo Houthiek Itsaso Gorrian Israelera doazen ontzi guztien aurka abiatutako kanpainaren harira.

Erasoekin jarraitu arren, intentsitatea ahultzea eskatu diote AEBk Israelei

AEBen Segurtasun Nazionaletako aholkulari Jake Sullivanek dio sarraskiarekin jarraitu behar duela Israelek, baina "erasoen intentsitatea apalduz". Wall Street Journal komunikabideari egindako adierazpenak dira.

Ildo beretik hitz egin du AEBen diplomaziaren bozeramaileak: "Gatazkaren bukaera nahi dugu (…) baina ez zaigu iduritzen operazioak orain bukatu behar duenik (…) Israelen aurkako eraso terroristek jarraitzen dutelako eta epe luzera horrek ez liokeelako eskualdeko inorren segurtasunari mesede egingo.

Ostegun eta ostiral honetan Israelen dago AEBen Segurtasun Nazionaletako aholkularia, besteak beste Benjamin Netanyahurekin biltzekoa da.

Angeluko BAB2ko Carrefour aitzinetik salatuko dute Israelen genozidioa

Abenduaren 23an eginen dute 11:00tan elkarretaratzea Angeluko BAB2ko Carrefour-en aitzinean, Palestinan Israel egiten ari den sarraskia salatzeko. Carrefour -ek Israelekin duen partaidetza ikusirik, enpresa horren boikotatzeko deia zabaltzeko unea izanen dute antolatzaileek: "Mundu mailako estatuek genozidioa onartzen eta sustengatzen duten heinean, izatekotan Israelen gaineko presioa herritarren partetik etorriko da. Egoera salatzeko milioika herritar gara karrikan; armen esportazioa oztopatzen dabiltza geroz eta enpresa ala portu gehiagotan; eta horrez gain, beste arma eraginkor bat baduguesku artean: boikota".

 

Palestinaren aldeko manifestazioa eginen dute larunbatean Altsasun

Palestina askatu, Israel genozida lelopean eginen dute manifestazioa abenduaren 16an, 19:00etan abiaturik Udaletxe aurretik. Sakana Harrera Haranak antolatu du ekimena.

 

Kamal Adwan ospitaleak setiatuta jarraitzen du, urik, jatekorik eta elektrizitaterik gabe

Ospitaleak, eskolen modura, Israelen jomuga dira baita ere, Hamaseko kideak bertan ezkutatzen direla argudiatuta. Asteartean, Gazako Zerrenda iparraldean dagoen Kamal Adwan ospitalea setiatu zuten indar armatuek, eta uneotan bertan jarraitzen dute soldaduek. Al Jazeerak jaso duenez, ospitaleko medikuen eta pazienteen aurka tiro egiten aritu dira, behin eta berriz.

Gazako Osasun ministroaren arabera, indar armatuek ospitalean jarraitzen dute, mugimendua debekatu dute barnealdean eta urik, jatekorik eta elektrizitaterik gabe dituzte barruan daudenak. Medikuek ezin dituzte artatu zaintza intentsiboetan dauden haurrak eta ez dute urik ume txikienei esnea prestatu ahal izateko.

Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko erakundeei deia egin die ministroak, berehalako neurriak har ditzaten, umeak, zaurituak eta ospitaleko langileak erreskatatu ditzaten eta ospitalea babestu dezaten.

 

Israelek 86 kazetari hil ditu bi hilabetetan

Aurrez ikusi gabeko eskalan eta erritmoan ari da Israel kazetariak hiltzen, eta askok garbi dute: ez dute nahi munduak ikustea egiten ari direna. Palestinako Kazetarien Sindikatuko presidente Nasser Abou Bakr-en hitzetan, "Israelek hil nahi ditu bere krimenen lekuko diren kazetariak. Inoiz ez dugu halakorik bizi izan eta gaindituta gaude. Egunero kide eta lagunak galtzen ari gara, Israelen politika genozidaren eta kazetarien aurkako hilketa selektiboen ondorioz. Gure kazetariak beti izan dira jomuga Israelgo armadarentzat, baina oraingo kopuruak izugarriak dira".

Gainera, Israelgo indar armatuek ez dituzte bakarrik kazetari palestinarrak erasotzen: Israelekiko kritikoa den informazioa zabaldu dezakeen edozein kazetari jomuga izan daiteke. Are, kazetarien senideen aurka egin du Israelek, behin baino gehiagotan.

Gazan eta lur okupatuetan gertatzen ari dena kontatzeko kazetariak egiten ari diren lanaren garrantzia nabarmendu du Abou Bakr-ek.

Irudian, Israelek orain arte hildako kazetarien izen-abizenak eta argazkiak:

 

NBEren eskola bat suntsitu du Israelgo armadak

Gaza iparraldean (Beit Hanoun-en), Palestinako errefuxiatuentzat (UNRWA) Nazio Batuen Erakundeak duen eskola bat bonbardatu eta erabat suntsitu du Israelgo armadak, beheko bideoan ikus daitekeenez. Milaka herritar desplazaturentzat aterpe dira eskolak, baina Israelen jomuga bilakatu dira, Hamaseko kideen babesleku diren aitzakiapean.

Gazako beste ikastetxe bati ere egin dio eraso Israelek: Shadia Abu Ghazala eskolari. Al Jazeerak jaso duenez, hainbat lekukok adierazi du eskolan aterpe hartuta zeuden emakumeak, haurrak eta jaioberriak hil dituztela Israelgo indar armatuek: "Soldaduak iritsi ziren eta euren aurka tiro egiten hasi ziren; gizonak eraman zituzten eta gero ikasgeletan sartu eta emakume eta haur guztien aurka egin zuten tiro".

 

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Israelgo justizia ikertzen ari da ea Netanyahuk bazuen urriaren 7ko Hamasen erasoen berri

Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]


2024-11-11 | Leire Ibar
Israelek fosforo zuriarekin gutxienez 24 eraso egin dituela dokumentatu du NBEk

Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.


2024-11-11 | Jon Torner Zabala
Frantzia-Israel: 4.000 poliziaren presentzia eta Palestinako bandera debekatua

Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]


“Atera ala hil”, Gaza iparralderako Jeneralen doktrina

Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]


2024-11-06 | Andrea Bartolo
Ofentsiba sionistaren atzean, Mendebaldeko burgesiaren interesak

Israelen ofentsiba inperialista beste fase batean sartu da: bonbardaketak Yemen, Libano eta Sirian; Iranen kontrako erasoak; Libanoren inbasioaren saiakera… Sionistek aspaldiko helburu bat lortu dute: Palestinatik haratago joatea, eta erasoaldia eskualde mailako gerra... [+]


Israel armaz ez hornitzeko eskatu diote NBEri 52 herrialdek

Turkiaren ekimena babestu dute nazioarteko herrialde ugarik, gehienak arabiarrak edo islamiarrak, baita Hegoafrika, Brasil, Kuba, Errusia, Norvegia eta Vietnamek ere, besteren artean.


2024-10-30 | Julene Flamarique
“Gazako iparraldean bizitza bermatuko duen ezer ez dago”

Gazako iparraldeko Beit Lahiya hiria setioan dago eta Israelen etengabeko erasoaldiek gutxienez 120 palestinar hil dituzte azken aldi honetan. Astebete baino gutxiagoan, urriaren 24tik 29ra bitartean, NBEk “biktima masiboak” izan dituzten zazpi eraso erregistratu... [+]


Eguneraketa berriak daude