34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.
Espainiako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du urriaren 7az geroztik blokeatuta duela material militarra Israelera esportatzea. Azaroan munizioa bidali zuela azaleratu zuen, ordea, Eldiario.es-ek. Orain argitaratu du abenduan ere material militarra bidali zela Espainiatik enpresa israeldar batera: hegazkinetako bonbak egonkortzeko gailuak.
Gobernuak erantzun du, batetik, abenduan Israelera bidalitako material hori Filipinetara birbidaltzeko zela, baina birbidalketa horrek ere polemika piztu du, herrialde hartan giza eskubideen urraketak eta inpunitatea orokortuta baitaude. Bestetik, arrazoitu dute esportazio horren lizentzia urriaren 7a baino lehenagokoa zela, baina orduan, urriaren 7 aurretik baimendutako esportazioak egin egingo dira? Izan ere, egunkariak gogoratzen du aurrez emandako baimenak bertan behera utz ditzakeela gobernuak, materiala bakea urratzeko eta tentsioak areagotzeko erabiliko dela aurreikusi badaiteke, eta gobernuak iragarritako arma-blokeoak horretarako aukera ematen du.
Bake eta desarmerako Delás ikerketa zentroko kide Alejandro Pozok deskubritu ditu datuok, eta garbi du berak: “Blokeoa iragarri arren, Espainiak Israelgo enpresekin kolaboratzen eta komertzializatzen jarraitzen du”. Amnistia Internationalek, bere aldetik, adierazi du Israelera material militarra esportatzeko debekuaren barruan egon beharko luketela urriaren 7a baino lehen lizentzia eskuratutakoek ere.
Otsaila erdialdetik Zipren egonik itxoiten, azkenean Gazarantz abiatu da martxoaren 12 goiz honetan Oper Arms egituraren ontzia, 200 tona jaki dituela bere baitan. Dena aurreikusi bezala joanez gero, itsasontziak bi egun beharko ditu Gazako kostaldera heldu eta laguntza banatzen hasteko. Gazarako laguntza humanitarioa itsasotik bideratuko lukeen lehen ontzia izango litzateke.
Open Arms eta World Central Kitchen Gobernuz kanpoko Erakundeek hilabeteak daramatzate laguntza prestatzen, eta Zipreren, Israelen eta Palestinako Aginte Nazionalaren baimenarekin bideratzen dabiltza itsasontzi bidezko laguntza.
Laguntza itsaso bidez bideratzeko erabakia plazaratu zuten aitzineko astean AEBek eta Europar Batasunak. Urrats hori deitoratu du Nazio Batuen Erakundeak: "Poztu egiten gaitu laguntza beste bide batzuetatik iristeak, jakina, baina ezerk ezin du ordezkatu eskala handiko laguntza lurretik banatzea", azaldu du Stephane Dujarric NBEren idazkari nagusiaren bozeramaileak.
Adostasun batera heldu ez arren, negoziatzen segitzeko borondatea du Hamas erakundeak. Postura hori argitu nahi izan du Ismaïl Haniyeh adar politikoko buruak: "Argi eta garbi diot okupazioak duela akordio batera ez iristeko erantzukizuna, baina negoziazioen jarraipena edozein modutan egiteko prest gaudela erraten dut". Martxoaren 10ean zabalduriko mezua da.
Gazatik ateratzeko, erasoak gelditzeko eta desplazatuei itzultzen uzteko "konpromiso argia" hartuz gero Israelek, orduan bahitu eta presoen arteko trukeari buruzko negoziaketetan "malgutasun" gehiago erakusteko prestutasuna izanen luketela zehaztu du Haniyehek.
Martxoaren 11n abiaturiko Ramadan garaiaren hasierarentzat ez dute su-etenik lortu bi aldeek eta bitartekari lanetan dabiltzan AEBak, Egipto eta Qatar.
Elektrokutatuta, armadako txakurren erasoen bidez, exekuzioen itxura eginda... hainbat tortura modu deskribatu dizkiote Israelek atxilotutako palestinarrek Middle East Eye hedabideari, hilabete luzeko atxiloaldien ostean. Besteak beste, gizon batek kontatu du Israelgo armadak atxilotu zuela eskola batean babes hartuta zegoela, familiarekin, eta 42 egunez metalezko kaxa batean sartuta izan dutela, eskuak lotuta eta begiak estalita.
Galdeketetan ere tortura erabili dutela salatu dute zenbait gizonek. Middle East Eyeko kazetariei eman diete testigantza: elektrokutatu egin dituzte, soldaduen txakurrek eraso egin diete, ur hotzez blaitu dituzte, zigarroekin erretzen dituzte... Gainera, loa, janaria eta edaria ere ukatu dizkiete. "Behin eta berriz sinetsarazi didate hilko nintzela", azaldu du atxilotuta edukitako batek.
Torturatuetako batek baieztatu duenez, "ez dute inor barkatzen" Israelgo soldaduek: 14 urteko zein 80 urteko pertsonak dituzte atxilo, eta tratu txarrak ematen dizkiete.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteak daramatza esanez Gaza hegoaldeko Rafah hirian sartuko dela armada, eta airekoaz gain, lurreko erasoa ere abiatuko dutela. Dena den, Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioak ez du espero inbasio hori "berehala" izango denik, Al Jazeerak CNNko iturriak aipatuta ziurtatu duenez. Zera azaldu dute AEBetako gobernuko bi ofizialek: "Ez da ikusi Israelgo Gobernuaren inongo plan humanitariorik edo ebakuazio planik Rafahko zibilen segurtasuna bermatzeko, han operazio militarra hasi aurretik".
Israelen etengabeko erasoek behartu dituzte Gaza hegoaldera mugitzera palestinar gehienak, eta egun, Rafah-n pilatuta daude, Al Jazeeraren azpiko irudian ikusi daitekeenez. Kalkulatzen da Gazako 2,3 milioi biztanleetatik erdia baino gehiago dagoela hegoaldean, eta janari, ur eta medikamendu eskasia handia dute.
Nazioarteko agintariek eta erakundeek ohartarazi diote Netanyahuri Rafah-n operazio militarra egitearen ondorioez, eta ez inbaditzeko exijitu diote, hondamendi humanitarioa izango litzatekeelako. Halere, Israelgo lehen ministroak dio Rafah-n ez sartzea "gerra galtzea" litzatekeela, eta hori ez dela pasako.
Musulmanentzat urteko hilabeterik garrantzitsuena dena hasi da. Ramadaneko baraualdia Israelen erasopean egin behar dute Palestinako musulmanek, eta ohartarazi dute gosete larrian daudela.
Jerusalem ekialdean ere Israelgo indarrek ehunka musulmani eragotzi egin diete ramadana nahi bezala hastea: ukatu egin diete Al-Aqsako meskitara errezatzera sartzea, Wafa berri agentziak esan duenez.
Joe Bidenek AEBetako presidenteak iragarri du laguntza humanitarioa eskaintzeko portu bat sortuko duela Gazako mugan. Genozidioa gauzatzeko AEBen rola zuritzeko estrategia dela leporatu diote.
Joe Bidenek iragarri du Gazako palestinarrei laguntza humanitarioa eskaintzeko behin-behineko portu bat sortuko duela Gazako kostaldean. Asmoa da itsasontzien bidez ura, jakiak eta botikak bidaltzea. "Israeldarrekin koordinatuko ditugu lurreko segurtasun baldintzak, eta NBErekin eta GKE humanitarioekin lan egingo dugu Gazako laguntza banatzeko", azaldu du.
AEBetan mobilizazio jendetsuak eta kritika gogorrak dira Bidenen gobernuaren aurka, erakunde sionistari emandako erabateko babesagatik palestinarren aurkako genozidioa burutzeko. Azken asteetan Bidenen gobernua saiatzen ari da bere irudia leuntzen eta Israelen ildo gogorretik amiñi bat aldentzen diskurtsiboki, Israelek zibil “gehiegi” hil dituela edo su-etena negoziatzen ari direla esanda. Baina funtsean, Israelen sarraskia erabat babesten jarraitzen dute. Berriki Washington Post-en ikerketa batek argitaratu duenez, Bidenen administrazioak Israeli 100 arma-salmenta baino gehiago onartu eta entregatu dizkio modu ezkutuan azken bost hilabeteetan, zehaztapen handiko milaka munizio gidatu, diametro txikiko bonbak, bunker-suntsitzaileak, bestelako laguntza hilgarriren artean. Urriaren 7an Israelek erasoa abiarazi zuenetik, Israeli onartutako atzerriko bi salmenta militar baino ez ditu publikoki jakinarazi Bidenen gobernuak.
Middle East Eyes hedabideak azaldu duenez, otsailalren 20az geroztik ez da iristen elikagairik lurrez Gaza iparraldera, eta asteartean hamalau kamioiko konboi bat harantz bidean zioala Israelgo armadak geldiarazi eta atzera bota zuen. NBEeko Elikadurarako Munduko Programak ere berretsi du gertaturikoa.
Kamioi horiek 200 tona elikagai zeramatzaten iparraldeko eremuetako herritarrentzako. Atzerantz egin ondoren, beste herritar ugarik ibilgailuak asaltatu eta elikagaiak eraman dituzte. Jordaniako armadak, bestalde sei tona elikagai jaurti ditu airetik iparraldeko eremuetan, baina "ez da inondik inora nahikoa" azaldu du Carl Skau Elikadurarako Mundu Programako arduradunak.
Bien bitartean Munduko Osasun Erakundeak (MOE) oharatarazi du Gazako Zerrendako herritarren elikadura egoera "jausi" egin dela eta ez duela "aurrekaririk", nutrizio falta horrek duen azkartasunagatik. Bertan dagoen Ahmed Dahir MOEren misioko zuzendariordeak datu bat ere eman du: azken egunetan gutxienez hamabost haur hil dira ospitaleetan elikadura edo ur faltagatik eta Gazako haurren %16 egoera larrian dago.
FIDAE aire eta espazioaren nazioarteko azokan parte hartzea ukatu dio Txilek Israeli, Defentsa Ministerioak astearte arratsaldean ohar bidez jakitera eman duenez.
Hego Amerikan egiten den defentsari buruzko azokarik handiena da, eta munduko handienetakoa. Apirilaren 9 eta 14 artean dira egitekoa eta 40 herrialdek hartuko dute parte, eta besteak beste gerrarako hegazkinen erakustaldiak izango dira
Txileko Gobernuak parte hartzea ukatu dio Israeli, defentsarako munduko industria militar boteretsuenetakoa izan arren. Arrazoi zehatza ez du eman, baina Gabriel Boric presidenteak adierazi du Netanyahuren erantzuna Gazan "neurriz kanpokoa" dela.
Ez da lehen aldia herrialde bati parte hartzea ukatzen diotena. 2022an, Ukrainako gerraren testuinguruan Errusiari ere parte hartzea ukatu zion herrialde anfitrioiak.
2024ko urtarrilean Txilek eta Mexikok Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatu diote ikertu ditzala Israel Palestinan egiten ariko litzatekeen "gerra krimen guztiak". Boric presidenteak sarritan salatu du sare sozialetan Israelen jokabidea.
Hego Amerikako herrialde horretan palestinar errefuxiatuen komunitate sendo bat dago XIX. mendetik eta Palestina Estatu "libre, independentea eta burujabe" gisa aitortua du.
Rania Abu Anza palestinarrak hamar urte eta hiru in vitro ernalketa behar izan zituen haurdun geratzeko. Duela bost hilabete pasatxo erditu zituen bikiak, eta pasa den larunbatetik iganderako gauean zendu ziren biak, Israelgo Armadaren bonbardaketaren erruz. Haiekin batera, Rafah hegoaldeko eraikin berean bizi ziren hamaika senitartekoak ere hil ziren, eta beste hainbeste desagertu daude. Txiripaz, salbatu den bakarra Abu Anza izan da. Igande eguerdian hitz egin zuen berarekin Associated Press albiste-agentziak.
Gernika-Palestina herri ekimenak Bilboko Guggenheimenen egin du protesta larunbatean. Zazpi eguneko Elkartasun Aktiborako Astearen baitan kokatu ditu ekintzak.
Palestinako bandera bat eskegi dute museoaren fatxadan, baita pankarta bat ezarri ere, Genozidioa stop. Free Palestine aldarriduna, Guggenheim ipintzen duen letren gainean.
Euskal kulturari lotutako hainbat pertsonak manifestazio nazionalera deitu dute martxoaren 17an, Donostian; 12:30ean abiatuko da Alderdi Ederretik, Haizearen orrazian amaitzeko.
Kulturatik genozidioari stop ekimenak egin du deialdia eta ostegun honetan aurkeztu dute Gazako gertaerei buruzko haien ikuspuntua Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Adierazi dute ez dutela ohitu nahi gizatasunaren galeraren eta izuaren normalizazioaren aurrean, eta horregatik antolatuko dutela mobilizazioa.
Gazan Israelek eragin duen sarraskiari buruzko hainbat datu eman dituzte, hala nola, 30.000 pertsonatik gora hil dituztela, hamar minutuero ume bat hil edo zauritzen dutela eta bonbek Gazako eraikinen %56 suntsitu dutela. Baina zenbakiek ez dutela dena azaltzen diote, eta horregatik deitu dutela manifestazioa: batetik, palestinarrekiko elkartasuna erakusteko eta, bestetik, berehalako su-etena eta genozidioaren amaiera eskatzeko.
Salatu dute, halaber, Palestinako egoeraren aurrean “mundu libre eta zibilizatua” erakusten ari den “epelkeria konplizea”, Israelgo soldaduek erasoen eta minaren aurrean iseka egitea eta egoera horietara ezin garela ohitu azpimarratu dute. Israelek palestinarrekin egiten duena bete-betean apartheid-a dela ere azpimarratu dute.
Ruper Ordorika, Olatz Salvador, Alex Ubago, Maddi Oihenart, Ramón Barea, Karra Elejalde, Eneko Sagardoi, Aitziber Garmendia, Bernardo Atxaga, Uxue Alberdi, Montxo Armendariz, Jon Garaño, Fernando Bernués, Jon Maia, Amets Arzalluz, Toti Martinez de Lezea, Gorka Otxoa, Juan Zeberio eta kultur munduko beste dozenaka gizon-emakumek egin dute deialdia.
Gaza hiriko Al Rashid kalean gertatu da erasoa goizaldean. Herritarrak laguntza humanitarioa ekartzen zuten kamioien zain zeuden eta 04:30ak aldera iritsi direnean, Israelgo tanke eta hegazkinek eraso egin diete. Ondorioz, Gazako osasun ministerioaren arabera, 104 pertsona hil edo 280tik gora zauritu dituzte, eta kamioietan eraman behar izan dituzte ospitaletara, Israelgo armadak ez baitie utzi osasun zerbitzuei eremura hurbiltzen.
Al Jazeerari ilaran zain zegoen herritar batek jakinarazi dioenez, “kamioiek zekarten irinaren bila joan ginen eta Israelgo Armadak tiro egin zuen gure aurka. Martir ugari dago lurrean eta orain ari gara erretiratzen, ez baitago lehen sorospenik”.
Laguntza humanitarioaren zain dauden taldeen aurkako erasoetako bat gehiago da honakoa. Azken egunotan Salah al-Din kalean zegoen beste herritar talde handi baten aurkako erasoa egin zuen Israelgo armadak hildako eta zauritu ugari eraginda.
Ezkerra taldeak eskatuta hartu du ebazpena asteazken honetan Europako Legebiltzarrak. Lehen aldia da horrelako eskaera bat egiten duela Israelen inbasioa hasi zenetik. Horrekin batera eskatzen du Gazako herritar guztiek izan dezatela laguntza humanitarioa eskuratzeko aukera. Alde horretatik, legebiltzarrak aitortzen du UNRWA errefuxiatu palestinarrez arduratzen den erakundeak egiten duen lana, eta eskatu die hari bideratuko laguntza eten duten estatuei laguntza berrezar dezaten.
Iragan urrian landu zuen lehenbiziz gaia Europako Legebiltzarrak eta orduan laguntza humanitarioa emateko eten armatua eskatu zien aldeei. Urtarrilean ostera, su-etenaren alde egin zuen, baina baldin eta Hamasek bahituak askatzen bazituen. Eta oraingoan, su-eten “iraunkor” eta “berehalakoa” eskatu du.
“Nazioarteko erakusleihoetan Israelek duen edozelako ordezkaritza, Gazan hark dituen politiken eta genozidioaren onarpena da”, diote milaka artistek sinatutako agiriak. Hori dela eta ekimena bultzatu duen kolektbikoak, Italiako Gobernuari eskatu dio Israel Veneziako Bienaletik kanporatzeko.
Gennaro Sangiuliano Italiako Gobernuko Kultura ministroak erantzun die eskaera “lotsagarria” eta “onartezina” dela, Israelek “bere burua defendatzeko eskubidea duelako”, eta “pentsamendu eta sormen askatasunari mehatxu” egiten diola.
Eskaera sinatu duten artistek gogoratu dute, aldiz, duela bi urte Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, bienalak ez ziola utzi parte hartzen Errusiako Gobernuari, eta orduan bezala, orain Israelekin berdin egin dezala eskatu dute.
AEBetako Oregoiko Estatuko Portlan hirian izan zen erreketa ekarri zuen bilkura. Iragan otsailaren 25ean bere buruari su eman ondoren hil zen Whashingtongo Israelgo enbaxadaren aurrean Aaron Bushnell militarra. Israel Gazan egiten ari den erasoa salatu nahi zuen ekintzarekin. “Beteranoek zera diogu: Palestina askatu! Gogoratu Aaron Bushnell”, zioen erreketan parte hartzen ari ziren militar ohiek erakutsitako pankartak.
A moving act of solidarity as veterans burn their uniforms at a vigil for Aaron Bushnell hosted by veterans against war. This was after some extremely moving speeches, including a Vietnam War veteran who was a part of the SDS and did a lot of anti-war organizing. pic.twitter.com/9iJzeDAk2a
— alissa azar (@AlissaAzar) February 29, 2024
Hori da ostegun honetan Gazako Osasun Ministroak jakinarazi duena, Israelgo Armadak 30.000 palestinarretik gora hil dituela urriaren 7tik gaurdaino egindako erasoetan. Gerra luzea iragarri zuen Israelgo Gobernuak erasoei ekin zienean eta hala izaten ari da. Hildako gehienak emakumezkoak eta umeak dira. Hildakoak, dena den, askoz gehiago ere izango dira, horietako milaka hondakinen azpian daudela uste delako.
Su-eten hotsak ere badira datorren asterako, baina oraingoz ez da ezer zehaztu. Kontrara, su-eten hotsen artean udaberriarekin bat Libanoren aurkako Israelen eraso handiaz ere gero eta gehiago hitz egiten da.
Goseak eta gaixotasunek ere ere gero eta hildako gehiago eragiten dituzte eta laguntza humanitarioa sartzea lortzen ez bada, armek bezain beste hildako sortuko dituzten beldurra gero eta handiagoa da. Israelek Gaza guztiz blokeatuko zuela iragarri zuen urriaren hasieran eta horrela izaten ari da.
Su-etena lortzeko akordioa oso gertu dagoela eta martxoaren 3an su-eten hori hasteko esperantza duela adierazi du Joe Biden AEBetako presidenteak. Ramadan sasoia dator eta garai horretan erasoak etengo lirateke. Dena den, Hamasek erantzun du azkarregi mintzatu dela Biden eta akordioaren gai nagusiak lotu gabe daudela oraindik.
Zer dio akordioak?
AEB, Israel, Egipto eta Qatar barne hartzen dituen negoziaketen proposamen-zirriborroa argitara atera da. Horren arabera, su-etenak 42 egun iraungo ditu, Ramadanarekin bat eginez, eta hasierako fase batean 40 zibil israeldar askatuko ditu Hamasek, 400 preso palestinar ingururen truke.
Horrez gain, Parisko proposamenak dio laguntza humanitarioa emateko 500 kamioi sartuko direla Gazan, ospitale eta okindegi birrinduak berreraikiko dituztela eta Gaza iparraldera desplazatutako palestinarren itzulera graduala eta mugatua ahalbidetuko dela.
Kontuak kontu, zuhurrago mintzatu dira Hamaseko agintariak. Akordioa oraindik ez dela itxi diote, puntu nagusiak lotu gabe daudela eta indar israeldarrak erretiratzeko irizpideak ez daudela erabat garbi. Zirriborroa propaganda egiteko filtratu dela ere adierazi dute Hamaseko kideek: “Parisko zirriborroa proposamen estatubatuarra da eta bere helburua da Netanyahuri denbora gehiago ematea, eraso berri baterako prestatzeko”.
Israelen genozidioa hasi zenetik, Israel eta Hamasek astebeteko su-etena adostea baino ez dute lortu, pasa den azaro bukaeran: 105 bahitu israeldar askatu zituen Hamasek eta 240 preso palestinar Israelek.
Nazioarteak onartzen duen aginte bakarra da Zisjordanian gobernatzen duen Palestinako Aginte Nazionala –PAN–. Gobernuko kide guztien izenean, Mohammed Shtayyeh lehen ministroak jakinarazi du kargua utziko dutela: "Dimisioa ematea erabaki dugu Zisjordanian eta Jerusalemen inoiz ikusi ez den indarkeria gorakada bizitzen ari garelako, eta Gazako zerrendan egun bizi den gerra, genozidio eta gosetea medio".
Horrez gain, Palestinaren aldeko batasunaren alde jarduteko beharraz ere mintzatu da Shtayyeh: "Gazako egungo errealitatea kontuan hartzen duten gobernurako zein politikoak diren akordioak behar ditugu. Palestinaren batasunean eta gobernua lurralde orotara hedatzeko gaitasunean oinarritutako Palestina-Palestina adostasunak ezinbestekoak izango dira".
PANek babes gutxi
Palestinako Aginte Nazionala 1990ean sortu zen, Osloko Akordioen ondotik, Palestinaren independentzia eratzeko lanean jarduteko. Hau da, Mendebaldea babestu gisan, bi estaturen ideia indartzeko. Zisjordanian gobernatu izan dute historikoki, eta Gazan ere bai epe batez, 2007an Hamas indarra hartu zuen arte.
Nazioartean publiko egin diren inkesten arabera, Palestinako Aginte Nazionalak ez dauka palestinarren babes handirik. Abenduan egindako galdeketak jaso zuenez, hamar palestinarretik seik PAN desegitea eskatzen dute; bestalde, %92k eskatzen du PANeko presidente Mahmoud Abbas-en dimisioa.
Zenbait gaztek Bulebarreko McDonald's-en aurkako ekintza egin dute larunbatean. Pintura gorria jaurti dute eraikinera, eta "Boikot Israel" mezua idatzi dute, herritarrak bultzatzeko frankizia hori boikotatzera, Palestinarekin elkartasunez. Irutxuloko Hitzak gogorarazi duenez, McDonald’s multinazionalari boikota egiteko eskatzen ari dira mundu osoko Palestinaren aldeko eragileak, eta nazioarteko zenbait sukurtsal ixtera behartu dituzte, haien aurkako ekintzen ondorioz.
Israelgo McDonald's-ek hango soldaduei janaria doan ematen die, eta genozidioaren konplize direla salatu dute Palestinaren aldeko eragileek. Ekintzaren bideoa zabaldu du Irutxuloko Hitzak:
Ia bost hilabete iraun ostean, eta Israelen bonba eta erasoei aurre egin ostean, Gaza iparraldeko ehunka herritar hegoalderantz mugitzen ari dira, muturreko gosea ezin jasanda. Janaria topatzeko ari dira Gaza hegoaldera lekualdatzen. Al Jazeerari haietako zenbaitek ziurtatu diotenez, elikagai falta dela eta, animalien janaria jaten ari dira. Gaza iparraldean "bizitza ez dela bizigarria" ohartarazi dute: "Heldu gara puntu batera ez diguna Israelek edo jazarpenak ematen beldurra, baizik eta goseak".
UNRWA erakundeak ere ohartarazi du Gaza iparraldeko egoera larria dela. UNRWAko mandatari nagusi Philippe Lazzarini-k baieztatu duenez, urtarrilaren 23az geroztik ezin izan dute janaririk eraman Gaza iparraldera. Israel da oztopoak jartzen ari dena Gazara janaria helarazteko bidean, giza laguntzako erakundeek salatu dutenez.
Washingtongo Israelgo enbaxadaren aurrean bere buruari su eman dio 25 urteko gizon batek, AEBetako Aireko Armadako militar aktiboa zenak. Gizonak zuzenean grabatu du dena, eta prentsari "muturreko protesta" egingo zuelako abisua pasa dio. Bere buruari su eman aurretik azaldu du palestinarren aurkako genozidioaren konplize izateari utziko ziola: "Muturreko protesta ekintza bat egitera noa. Baina ez da batere muturrekoa, Palestinan kolonizatzaileen eskutik jendea bizitzen ari denarekin alderatuta. Hori da gure klase dominatzaileak normala izatea erabaki duena".
Sutan zegoela "Palestina askatu" aldarria errepikatu du hainbatetan. Talia Jane kazetari eta aktibistak sare sozialetan argitu du militarra Aaron Bushnell zela, eta bideoa igo du, familiaren baimenarekin, eta Bushnell tapatuta. Ikus daiteke polizia bat sua itzaltzen saiatzen ari den bitartean beste batek pistolaz seinalatzen duela gizona. Ospitaleratu egin dute, baina zaurien ondorioz hil dela ziurtatu du Jane-ek.
Su-etena eskatzeko eta Israeli boikota aldarrikatzeko mobilizazio jendetsuak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. BDZ osatzen duten eragileek manifestazioetan azpimarratu dute Palestinako genozidioa gelditzeko ezinbestekoa dela arma merkataritza eta Israelekiko harremanak etetea, eta "neurri zehatz eta eraginkorrak" hartzeko exijitu diete EAEko, Nafarroako, Espainiako eta Frantziako gobernuei: "Orain, inoiz baino gehiago, bada garaia erakundeek ekin dezaten, Hegoafrikako salaketarekin bat egin dezaten eta Israeli zigorrak ezar diezazkioten". Gazako genozidioaz gain, salatu dute Zisjordanian eta Jerusalemen "garbiketa etnikoaren prozesua azkartzen" ari dela Israel, atxiloketa masiboen, hilketen eta erasoen kanpainekin.
Iruñeko irudiak bildu ditu Ahotsa.info atariak:
Bilboko irudiak jaso ditu Ecuador Etxeak:
Manifestazio horiez gain, Laudioko ehunka herritarrek Israelen sarraskia irudikatzeko zapata pareak bildu zituzten plazan, hildako palestinarrak oroitzeko; giza katea ere egin zuten. Aiaraldea komunikabideak jaso du bideo honetan:
Bestalde, Donostian, larunbatean gazte batzuek McDonald's multinazionalaren Bulebarreko eraikinera margo gorria bota zuten, Israelekin duen harremana salatzeko. Irutxuloko Hitzak eman du ekintzaren berri:
"Herrien arteko elkartasuna" iparrorratz, aste osoko egitaraua antolatu dute hainbat sindikatuk, Gernika-Palestina dinamikaren baitan. Otsailaren 25etik martxoaren 3rako egitarau oparoa osatu dute: hildakoen izenen irakurketa, hitzaldiak, diru bilketa, bilera informatiboak ala beste. ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, CGT, Etxalde eta Ikama aritu dira Palestinaren aldeko ekimenen antolaketan. Palestinaren banderak etxeko leihoan jartzeko deia luzatu diete herritarrei.
Iazko urte bukaeran martxan jarritako Elkartasun Aktiboa kanpainaren parte da ekimena. Bi helburu nagusi dituzte: batetik, Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen ministroa nazioarteko epaitegien aurrera eramatea; eta, bestetik, Palestinako erakundeek Gazan antolatutako proiektuak babestea.
Netanyahu nazioarteko epaitegien aurrera eramateko, "herrien arteko elkartasuna"
PCHR Palestinako Giza Eskubideen Erakundeak, Al-Hacqek eta Al-Mezak Nazioarteko Zigor Auzitegian salaketa jarri dute genozidioagatik, Netanyahu nazioarteko epaileen aurrera eramateko. Bide horretan laguntzeko asmoz abiaturik du Gernika-Palestinak diru bilketa. "Ekarpen ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, Gazako erakundeek bultzatutako bide judiziala laguntzeko". Laguntzeko moduak askotarikoak direla zehaztu dute sindikatuek: dohaintza ekonomikoa (Laboral Kutxako ES0530350083240830140015 kontu zenbakian); Mundubat GKEaren dohaintza atalean ekarpenak (BIZUM bidez 08736 kodearekin) edota Palestinarekiko elkartasun taldeetan parte hartuz.
Horrez gain, Euskal Herriko hainbat abokatuk jarraipen talde bat sortu dute. "Egunero genozidioa gertatzen ari da gure aurrean; hori dela eta, arlo juridikoko ekimen hori babestu behar dugu", azaldu zuen Carlos Alberto Ruiz Socha abokatu eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundeko kideak otsailaren 14an Bilbon egindako agerraldian. Ruizez gain, taldearen parte dira Nazario Oleaga, Joseba Crespo, Amaia Izko, Aitzol Asla eta Iratxe Urizar abokatuak.
EHUko irakasle talde bat aritu da "Zer egin dezakegu Palestinako sarraskiaren aurrean?" galderaren inguruko hitzaldia antolatzen. Otsailaren 26an iraganen da, 12:30etan Gizarte eta Komunikazio Fakultateko sarreran, Leioan.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, ekimenaren helburuak dira "palestinar herriaren aurkako sarraskia salatzea" eta, "berezki, herritarrak horren aurkako jarrera aktiboa izatera animatzea". Israelen "maniobra kolonial, inperialista eta kapitalista" salatzeko betebeharra azpimarratuz, aktibatzeko deia luzatu diete herritarrei: "Horren aurrean herritarrak ezin gara geldirik geratu, nahiz eta askotan ez jakin distantziatik zer egin dezakegun".
Horra hitzaldiaren mamia:
"Gaur egun, Gazako errealitate izugarria da ez dagoela leku segur bat ere ez, gune seguruen promesak alferrikakoak direla eta erakin zehatz batzuk saihesteko mekanismoek ez dutela balio", MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko zuzendari Meinie Nicolai-ren hitzak dira. Israelek tanke bidez MSFren eraikin bati eraso egin ondoren egindakoak dira. Otsailaren 20an MSFeko langileak eta senideak zeuden Khan Yuniseko etxe bat jomugan hartu dute, bi lagun hil dituzte –medikuen senideetarikoak– eta beste sei kolpatu.
"Bizitzeko dugun eskubidea palestinarren mugimendu-askatasunaren gainetik dago". Israelko Segurtasun ministro Itamar Ben-Gvir-en hitzak dira. Hori erranik, Zisjordaniako herriak hesiz inguratzeko xedea plazaratu du. Israeldar kolonoek okupaturiko Zisjordaniako eremu batean izandako tiroketa baten ondotik egindako adierazpena da. Guttienez hildako bat eta zortzi kolpatu daude kolonoen aldetik, erasoa bideratu duten bi palestinar hil dituzte, eta hirugarren bat dute atxiloturik.
Gaur egun, 300 kolonia daude Zisjordanian, 700.000 kolono israeldar ari dira Palestina ilegalki okupatzen. "Israelek lurrak bereganatzeko politika ankerrarekin jarraitzen du, nazioarteko zuzenbidea urratzen duten legez kanpoko koloniak etengabe zabalduz, eta horrek ondorio izugarriak ditu giza eskubideei eta palestinarren segurtasunari dagokionez. Israelgo kolono bortitzek palestinarrei eraso egin diete hainbat hamarkadatan, eta ia erabateko inpunitatea dute", Amnesty International-eko Agnes Callamarden hitzetan.
Urriaren 7az geroztik, Zisjordaniako palestinarren aurkako indarkeria gora
Urriaren 7az geroztik, azkarki gogortu da Zisjordaniako palestinarren aurkako indarkeria. Amnesty International-ek salatu egin du "neurriz kanpoko indarkeria hiltzailearen erabilpena manifestazioetan eta atxiloketetan".
2023an Zisjordaniako 507 palestinar hil ditu Israelek –tartean, 81 adin txikiko–. 2005ean abiatu zituen biktimen kontaketak Nazio batuen Erakundeak eta orduz geroztik izandako urterik hilgarriena izan da iazkoa. "Gazako bonbardaketen eta ankerkeriaren estalpean, Israelgo indarrek legez kanpoko indar hilgarria biderkatu dute okupatutako Zisjordaniako palestinarren aurka; legez kanpoko hilketak eginez eta bizitzarekiko mespretxu nabarmena erakutsiz. Legez kanpoko hilketa hauek giza eskubideen nazioarteko legedia zapaltzen dute eta inpunitate osoz bideratzen dira, etenik gabeko zapalkuntza eta menderatze erregimen instituzionalizatuaren testuinguruan". Amnesty International-entzat dabilen Erika Guevara-Rosas abokatuaren hitzak dira.
2023ko urriaren 7tik aurtengo urtarrilaren 29ra bitartean guttienez 360 palestinar hil ditu Israelek Zisjordanian.
Beste behin AEBek Israelen sarraskia babesteko erabakia hartu dute eta NBEren Segurtasun Kontseiluan erabakitzekoa zen su-eten ebazpena eragotzi du bere botoarekin. Hala, Netanyahuren gobernuari baimena eman diote jarraitu dezan Gazan eta Palestina osoan bere sarraskiarekin.
Segurtasun Kontseiluko ia herrialde guztiak bozkatu dute su-eten baten alde, hamairu herrialdek zehazki. Erresuma Batua abstenitu egin da, baina AEBetako enbaxadore Thomas-Greenfieldek besoa altxa du ezezkoa emateko eta, hortaz, beto horrekin, ebazpena ez da aurrera atera.
AEBek argudiatu dute, ebazpenak trabak jarri ditzakeela Washington baldintza batzuen truke lantzen ari den su-etena lortzeko esfortzu diplomatikoetan. "Batzuetan, diplomazia gogorrak gutako edonork nahi baino denbora gehiago behar du", esan du amaieran Thomas-Greenfieldek.
Ebazpenaren proposamena Aljeriako enbaxadoreak aurkeztu du eta besteak beste, biztanleria zibilaren leku-aldatzeak gelditzea eta bahituen askatzea ere eskatzen zuen.
Errusiak AEBei egotzi die "hiltzeko lizentzia" ematea Israeli, beren jarrerarekin.
Gaza hirian oinarrizko elikagaiak dituzten Nazio Batuen giza laguntzako kamioietara hurbiltzen diren palestinarrei tiro egiten ari dira Israelgo soldatuak, Al Jazeerak bideo batzuen bidez baieztatu duenez. NBEk ohartarazi du palestinarrak gosete larrian daudela. Elikagai kaxak hartu nahi dituzten "ehunka" palestinar tirokatzen ari da Israel: "Aukerarik gabe geratzen ari dira etsita eta gosez dauden palestinarrak. Euren bizitzak arriskuan jartzen ari dira frankotiratzaile israeldarren tiroen aurrean, Gaza hirira sartzen diren giza laguntzako kamioi gutxi horietako batera heltzeko", jakinarazi du Al Jazeerako kazetari Tareq Abu Azzoum-ek, Rafahtik.
Goseteari aurre egiteko, palestinarrak ontzi txikien bidez arrantzatzen saiatzen ari dira Gazako kostaldean, baina kanoiontzietatik Israelgo soldaduak arrantzale horiek ere tirokatzen ari da, Al Jazeerak ziurtatu duenez. Gosete larria eragiten ari dira Gazako herritarrengan, eta Israelek ez du giza laguntzaren sarbiderik baimentzen ia.
Israeli ikuskatzaile estatusa kendu dio Afrikako Batasunak, eta bertatik kanporatu dute, Le Monde egunkariak baieztatu duenez. 2021eko uztailean berrizendatu zuen Afrikako Batasunak (AB) Israel ikuskatzaile gisa, nahiz eta ABren parte diren 21 estatuk neurri hori gaitzetsi, Palestinarekin elkartasunez –besteak beste, Hegoafrikak, Aljeriak, Zimbabwek, Namibiak eta Botswanak–. 2023ko otsailean ABko goi bilera batetik kanporatu zituzten Israelgo ordezkariak, esanez ez zutela baimenik bertan egoteko, eta gonbidatuta zegoela Israelek Etiopian duen enbaxadorea soilik. Palestinako auzia argitzeko eskatu zuten estatu horietako ordezkariek, eta Israelgo Kanpo Harremanetarako Ministerioak kritikatu zuen AB "Hegoafrika eta Aljeria bezalako herrialdeek bahituta" zegoela, eta horiek "gorrotoak gidatuta eta Iranek kontrolpean" jarduten dutela, Europa Press berri agentziak jaso zuenez.
Urtebete geroago, ofizialki kendu dio ikuskatzaile estatusa Israeli Afrikako Batasunak.
The Guardian hedabideak azaldu duenez, Osasunaren Munduko Erakundeak jakinarazi du Nasser ospitalea geldirik dagoela. Hala egoteko hiru arrazoi eman dituzte OMEko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesus-ek eta tokiko osasun funtzionarioek: borrokaldiak, erregai gabezia, eta Israelen erasoaldiak.
OMEko zuzendariak mezu hau zabaldu du X sare sozialaren bidez: "Nasser ospitalea jada zerbitzutik kanpo dago, astebeteko setioaren eta ondorengo sarekadaren ondorioz. Taldeari ez zioten utzi sartzen pazienteak nola dauden jakiteko eta osasun behar larrienak ikusteko. Ospitalera erregaia zeramaten. 200 bat gaixo gelditzen dira eta horietatik 20k beste ospitale batera segituan eramatea behar dute. Paziente guztiek dute beste ospitale batera eramateko eskubidea. Atzerapenak biziarekin ordainduko dituzte pazienteek. Ospitalean sartzen eta pazienteengana hurbiltzen utzi behar dute".
Nasser ospitalea Gazako hegoaldean dago, Khan Younis hirian, eta otsailaren 18tik, igande goizetik, ezin ditu erabiltzaileak artatu. Ez dago elektrizitaterik, ezta nahikoa osasun langile ere.
Argindar sorgailuak geldirik egon dira hiru egunez eta ondorioz urik gabe geratu dira. Hondakin-urak larrialditako geletara zabaldu dira eta zainketa intentsiboetako pazienteak nola artatu ez daukate. Oxigeno-hornidurarik gabe egotearen ondorioz, gutxienez, zazpi pertsona hil dira.
Lau mediku-talde baino ez dira gelditzen ospitalean, 25 langile, guztira.
Boikota, desinbertsioa eta zigorrak mugimenduak manifestazioak antolatu ditu Konplizitaterik ez, Israeli boikota! lelopean. Bilbon Moyua plazatik abiatuko da, Donostian Boulebarretik eta Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira. Hirurak 12:30ean hasiko dira. Iruñekoa 12:00etan hasiko da Antoniuttitik.
Carrefourren aurkako kanpainak jarraitzen du
Luzia Etxeberria DBZko kidea da eta ahotsa-infori azaldu dio Israelen aurkako boikot kanpainan bereziki Carrefour dutela jomugan. Bere aurka egiteko bi arrazoi eman ditu. Batetik, Zisjordanian, Carrefourrek hitzarmen komertzialak dauzka frankizia israeldarrekin. Ondorioz, koloniatan Carrefour dendak ari dira ezartzen. Bestetik, armada israeldarrak Gazan dauden israeldar soldaduak eta militarrak elikatzen ditu Carrefourrek doan emandako janariari esker. DBZko kide Etxeberriak dio Carrefourrek babes hori goraipatzen duela.
DBZk eskatu du Carrefourrek saltzen dituen hainbat produktu ez erostea. HP gailu informatikoen markari boikota egitera deitu dute, Israelek kontrol-guneetan erabiltzen duen sistema nagusia delako eta Israelgo Estatuak erabiltzen duen sistema nagusia delako. Datilei ere boikota egitera deitu dute. Carrefourreko datiletan jartzen du Israelgoak direla eta Etxeberriak dio lurralde okupatuetan landatutakoak direla.
Israelek militarki kontrolatzen ez duen muga trabeskatu du berriki EITB hedabideko kazetari talde batek. Erronka zaila, jakinez atzerriko hedabideek galarazia dutela Palestinara hurbiltzea. Israelek Gazaren kontrako ofentsiba militarra abiatu zuenetik, abantsu 30 mila hildako izan dira. Al Arif hiriko ospitalean izan dira euskal telebistako kazetariak, eta bonbardaketen ondorioz zauritutako haurren errealitate gordina ikusi dute bertan. Kazetari horien artean zen Ane Irazabal. Azaldu duenez: "Netanyahuk argiki Rafahko hiria eskuratu nahi du, Egiptoren menpe den pasabide horren kontrola eskuratzeko". Euskal Irratietako lagunek berarekin hitz egin dute.
Otsailaren 23rako jarri dute hitzordua, 18:00tan Baionako Herriko Etxe aitzinean. Gazaren aurkako sarraskia eta Israelek burutu palestinarren genozidioa salatzeko hitzordua izanen da.
Suziri baten ondorioz Israelgo Armadak soldadu bat galdu izanari aire-erasoz erantzun dio Israelek. "Hezbollah jomugan harturik" bideratu du erantzuna, nahiz eta erakunde horrek ez duen beregain hartu hilketa. Hezbollahko kide bat eta familia bereko hiru zibil hil ditu Israelek, baita beste hamar bat kolpatu ere. Gehiago izango dira, ostegun goiz honetan "gutienez hamabi erasoaldi" bideratu dituelako Israelek, Aljazeera komunikabidearen arabera.
Aspaldikoak diren Hezbollah eta Israelen arteko tentsioak gora doaz urriaren 7az geroztik, eta mugaren inguruan izan ohi badira erasoak, lurralde bakoitzean geroz eta barrurago doaz azken aldian. "Tentsio igoera arriskutsua" deitoratu du beste behin Nazio Batuen Erakundeak.
"Garaipen osoa lortu arte borrokan ariko gara, eta horrek erran nahi du zibilek borroka guneak utzi ondoren eraso indartsu bat bideratuko dugula Rafahn", Benjamin Netanyahuk otsailaren 14an Telegram bidez jakitera eman duenez. 1,4 milioi palestinar bertan metaturik daude –urriaren 7aren bezperan baino bost aldiz gehiago– eta Israelek abiaturiko bonbardaketetatik ihesi, exodoa abiatu dute hainbatek. Alta, berez "segurtasun gune" gisa sailkatua zuen Israelgo armadak Rafah.
Hiri horretan abiaturiko eraso kaotikoaren aurka kokatu dira orain arte Israelen babes sendoak izandakoak: AEB, Kanada, Australia… Frantziako Estatuko presidente Emmanuel Macronek ere galdetu dio "operazio militarren bukaera" Netanyahuri.
Urriaren 7az geroztik Gazako herritarren %80ak ihes egin behar izan du bere etxebizitzatik, baina Gazako Zerrendan gelditu dira. Hori horrela, Rafah hiriko biztanleria bostez biderkatu da azken lau hilabeteetan: 1,4 milioi palestinar dira bertan metaturik, beste inora joan ezinean.
Gazan lau hilabete baino gehiago daramate bonba eta tiro artean. Sarraski horretan ospitaleak, bertako langileak eta han babesten direnak ez dira salbu. Guztira 350 eraso egin dizkio entitate sionistak Gazako osasun sistemari, eta 645 pertsona hil, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) jakitera eman duenez. Erasoak 98 osasun zentrotan, 90 anbulantziatan eta Gazan ziren 36 ospitaleetatik 27tan gertatu dira eta 818 pertsona zauritu dituzte, OMEren datuen arabera.
Hainbat kasu lazgarriren berri eman du OMEk. Gertatu den azkenetakoa da Jan Yunis hiriko ospitale batean, Gazako hego-mendebaldean, gertatutakoa. Erizain batek tiroa jaso zuen ebakuntza-gelan lanean ari zela.
Zisjordanian ere egoera okerrera egin du. Osasun azpiegituren aurkako 364 eraso zenbatu ditu OMEK, eta horietan 10 palestinar hil eta 62 zauritu egin dituzte indar sionistek. 44 osasun-etxe kaltetu dituzte, 15 klinika mugikor eta 24 anbulantzia.
Gazako Osasun ministerioak asteazken honetan eman dituen datuen arabera, urriaren 7az geroztik Israelek egindako erasoen ondorioz 28.576 palestinar dira hildakoak eta gutxienez beste 68.291 zauritu dituzte. Azken 24 orduetan 103 lagun hil dituzte, ministroaren esanetan. Dena den, oraindik ere milaka gorpu harrapatuta dauden hondakinen azpian, eta beraz, Israelgo Estatuak hil dituen herritarren benetako kopurua askoz handiagoa da.
A Jazeerak kontatu duenez, Gaza hegoaldeko ospitale handienean errefuxiatuta zeuden herritarrei soldadu israeldarrek ohartarazi diete lekua ebakuatzeko, eta ihesean zeudenean, tiroka hasi dira soldaduak. Ospitalean zeuden hiru lagun hil dituzte eta beste hamar zauritu.
Bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko buruak salatu du drone israeldarrek Gazan lanean ari ziren bi kazetariren aurka egindako erasoa. Bi kazetariak egoera kritikoan daude.
Palestinarren defentsarako WOL talde estatubatuarraren kontua (Within Our Lifetime), taldearen presidentearena eta taldearen babes kontuak Instagrametik ezabatu ditu Metak. Eztabaidarako aukerarik eman gabe ezabatu dituela salatu du taldeak. Metatik jaso duten mezua da beren kontuak eta jardunak "ez dituela komunitatearen arauak errespetatzen".
“Israelen genozidioaren aurka egoteagatik plataforma honetan egotea debekatzen bazaigu, Instagramek garbi utzi du zeinen alde jarri den”, salatu du taldeak. Eta gaineratu du salaketa eta protestak egiten jarraituko dutela: “Munduari argi utziko diogu ez gaituztela isilaraziko; alderantziz, zarata gehiago aterako dugu”.
Metaren zentsura
Giza Eskubideen Behatokiak 2023ko abenduan argitaratu zuen txostenaren arabera, Instagram eta Facebook kudeatzen dituen Meta enpresa sistematikoki ari da zentsuratzen Palestinari buruzko edukiak sare sozialetan, tartean bakearen aldeko mezuak. “Palestinaren babes mezuak zentsuratzea iraingarria da eta zaurian sakontzea baino ez dakar, palestinarren adierazpen askatasuna itota dagoen ankerkeria eta errepresio uneotan”.
Urriaren 7az geroztik palestinarren aldeko edukiak zentsuratzea egotzi ostean, Metak argudiatu zuen akats teknikoen ondorio izan zela.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]
Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.
Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]
Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]
Israelen ofentsiba inperialista beste fase batean sartu da: bonbardaketak Yemen, Libano eta Sirian; Iranen kontrako erasoak; Libanoren inbasioaren saiakera… Sionistek aspaldiko helburu bat lortu dute: Palestinatik haratago joatea, eta erasoaldia eskualde mailako gerra... [+]
Turkiaren ekimena babestu dute nazioarteko herrialde ugarik, gehienak arabiarrak edo islamiarrak, baita Hegoafrika, Brasil, Kuba, Errusia, Norvegia eta Vietnamek ere, besteren artean.
Gazako iparraldeko Beit Lahiya hiria setioan dago eta Israelen etengabeko erasoaldiek gutxienez 120 palestinar hil dituzte azken aldi honetan. Astebete baino gutxiagoan, urriaren 24tik 29ra bitartean, NBEk “biktima masiboak” izan dituzten zazpi eraso erregistratu... [+]