34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.
Wael Arafat-ek 28 urte ditu eta urriaren 22an gose greba abiatu zuen, Israelen bonbek Palestinan zuen familia, arreba eta haren lau seme-alabak, hil zituztela jakin zuenean. Israel egiten ari den sarraskian Britainia Handiko Gobernuak duen ardura ere jarri du mahai gainean.
20 kilo galdu ditu Arafatek. “Badakit hil naitekeela, eta ez dut nahi, baina sufritzen ari den nire herriarengatik egiten ari naiz hau, Gazako herritar bakoitza nire anai-arreba da. Gose greba da nire ahotsa entzun dezaten modu bakarra; Israelgo kartzeletan ere hori bera egiten dute palestinar presoek, gose greba, ez dutelako ahotsik, gose greba baino ez dute”. Hala adierazi dio britainiar-palestinarrak Middle East Eye hedabideari.
Israelen bonbardaketa bortitzek 18.400 palestinar baino gehiago hil dituzte Gazan, gehienak emakumeak eta umeak. “Ez dago leku segururik Gazan. Jendeari esan zaio mugitzeko, alde egiteko, baina hori ere ez da ziurra; nahikoa dela esan nahi dugu, entzun gaitzatela”, dio Arafatek.
Britainia Handia, kritiken jomuga
Israel babesteagatik eta militarki laguntzeagatik (472 milioi liberako lizentziak onartu ditu, esportazio militarretan) kritikak jaso ditu Britainia Handiko Gobernuak. Giza eskubideen aldeko talde britainiarrak epaitegietara eraman dute gobernua, salmenta horiengatik. Arafatek Israelgo Gobernuari eskatu dio genozidioa gelditzeko, eta Britainia Handiko Gobernuari, zerbait egin dezala sarraskia amaitzeko.
Israelen aliatu handia da AEB, baina orain arteko kritikarik gogorrenak jaurti dizkio Joe Biden presidenteak, astearte honetan. Israel Gaza indiskriminatuki bonbardatzen ari dela eta nazioartean babesa galtzen ari dela adierazi du presidenteak. Benjamin Netanyahuren gobernuan dagoen eskuin muturra jo du erantzule nagusitzat: Netanyahuk “erabaki zaila hartu behar du, Israelgo historiako gobernurik kontserbadoreena da hau”.
Bidenek gehitu du Netanyahuk ez dituela bere kritikak onartu eta honakoa adierazi diola: “Zuek Alemania bonbardatu zenuten, bonba atomikoa bota zenuten, herritar asko hil ziren”. Bidenen arabera, “hain justu horregatik sortu ziren erakunde hauek guztiak Bigarren Mundu Gerraren ostean, ez zela berriz gertatuko ziurtatzeko. Ez errepikatu irailaren 11n egin genituen akats berberak; ez genuen Afganistango gerran sartu behar”.
Estatu palestinarra hizpide
Behin baino gehiagotan esan izan duen moduan, Bidenek adierazi du Netanyahuk kontuan izan behar lukeela Estatu palestinar baten sorrera etorkizunean. Gerra bukatutakoan, Palestinako Autoritateak kontrola hartu, hauteskundeak egin eta Palestina independente bat sortzea defendatzen du AEBetako Gobernuak. Aldiz, Palestinako Autoritatea Gazara itzultzeko aukera baztertu du Netanyahuk.
Israel armaz hornitzen jarraitzen du
Kontuak kontu, AEBak ere presioak jasaten ari dira, beren aliatua kontrolatu dezan, baina AEBek jarraitzen dute Israel bonba eta tankez hornitzen, eta pare bat albiste lehenago kontatu dugunez, su etenaren aurka bozkatu berri dute NBEren Batzar Orokorrean.
Israelen bonbak Gazan eragiten ari diren suntsiketaren ondorioz, 8.000 herritar desagertuta daudela eta ustez gehienak erasoek jotako eraikinen hondakinen artean harrapatuta daudela adierazi du Muhammad al-Mughair Gazako Defentsa Zibilaren baliabideetako zuzendariak, Al Jazeerak egindako elkarrizketa batean.
Al-Mughairren hitzetan, Defentsa Zibilak ez ditu erreskaterako beharrezkoak diren ibilgailuak, jende gehiago salbatzeko baliotsuak liratekeenak, eta ibilgailu horietako asko Israelen bonbardaketek kaltetuta daudela gaineratu du. Euriak eta baldintza klimatikoak desplazatuen sufrimendua areagotzen ari direla ere adierazi du.
Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrean, 193 kideetatik 153 herrialdek berehalako su etenaren alde bozkatu du. 23 herrialde abstenitu egin dira eta 10 kidek kontra bozkatu dute, tartean AEB eta Israelek (ikusi irudian herrialde bakoitzak bozkaturikoa). Emaitza ez da loteslea, baina iritzi publikoaren adierazle gisa hartu dute batzuek eta besteek: Gazaren aurkako erasoak amaitzeko nazioarteko presioa handitzen ari dela adierazi du hainbat agintarik. Izan ere, su eten humanitario baten aldeko aurreko bozketan, pasa den urriaren 27an, 121 herrialde agertu zen su etenaren alde, 14 kontra eta 44 kidek abstentziora jo zuten.
Hussein al-Sheikh Palestinaren Askapenerako Erakundeko idazkari orokorrak esan du Israel isolatuta geratzen ari dela nazioarteko panoraman, egiten ari den sarraskiaren aurrean.
Egiptok AEBei eta Israeli komunikatu die "tentsio handiz" bizi dituela armada sionistak Gazako zerrendaren hegoaldean egiten ari den erasoak. Egiptok eta Israelek bake akordioa sinatu zuten 1979an, eta haustear legokeela iradoki dute egiptoarrek.
Egiptoko Defentsa ministroa: "Gure segurtasunaren alde, militarki erantzuten has gaitezke"
"Marra gorriak igarotzetik gertu" dago Israel, Egiptoko agintarien arabera. Batetik, Sinai ingurura exodo palestinar handia gertatu da azken egunetan, eta Gazako zerrendako hegoaldean, Egiptori pegatuta, Rafah hiria erasotzen ari da Israel.
Areagotzen ari dira bertako erasoak azken egun eta asteetan. Bart, esaterako, hogei pertsona hil ditu Israelek. Horrela jarraituz gero, palestinarren beste desplazamendu masibo bat gertatzeko aukerak areagotzen dira, eta agintarien arabera Egipto ez dago prest "exodo palestinar handi bati" aurre egiteko.
UNRWAren arabera, Gazako zerrendaren barruan 1,8 milioi desplazatu palestinar daude –populazio osoaren %85–.
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko ordezkaritza bat Palestinako Rafah hirian egon zen atzo eguerdian eta arratsaldean, laguntza humanitarioa zer moduzkoa den aztertzeko. Ondorioztatu zuten, espero bezala, oinarrizko baliabideen eskasia "oso handia" dela.
Ordezkaritza horrek alde egin bezain pronto, baina, Israelek eraso egin dio hiriari eta Palestinako osasun agintarien arabera gutxienez hogei pertsona hil dituzte.
Nazioarteko BDZ mugimenduko antolakundeek garaipen gisa ospatu dute Puma enpresaren erabakia: kirol arropa etxe alemaniarrak ez dio Israelgo futbol selekzioari babesletzarik emango.
2018an egin zen publiko Pumaren eta Israelgo Estatuaren arteko akordioa, eta nazioartean boikoterako kanpaina handia egin zen. Dena den, erdigunetik irten eta apur bat gaia ahanzturan erorita, isilpean jardun du Pumak Israelgo selekzioa babesten, harik eta azken bi hilabetetan fokua Palestinan jarri den arte.
Puma: "Duela urtebete hartu genuen erabakia, inork ez gaitu baldintzatu"
Munduko hirugarren enpresa handiena da kiroleko arroparen sektorean. Komunikatu batez jakinarazi dute akordioa indargabetuko dutela Israelgo Estatuarekin, baina argi azpimarratu dute boikoterako deiak ez diela "inondik ere eragin". Areago, erabakia duela urtebete hartuta zegoela, "era propioan".
Azken bi hilabeteetan, Hamasen lehenbiziko erasoaldiaren ondoren, gutxienez hamabi palestinar preso hil ditu Israelek. Haaretz hedabidearen arabera indarkeria zantzuak dituzte guztiek: ubeldurak, saihetsak hautsita, kolpeak...
Komunikabideak jakinarazi duenez, hildakoen familiei hasiera batean ukatu egin zaie gorpua ikustea. Beste kasuren batean, gorpuak "manipulatu" dituzte Israelgo funtzionarioek.
Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna dela eta Iruñean Palestinaren alde egindako manifestazioan Israel Gazan egiten ari den sarraskia gelditzea eskatu dute milaka lagunek, Ahotsak jaso duenez.
Hezbollah Libanoko talde xiitari mehatxu egin dio Benjamin Netanyahuk, esanez Israeli eraso egiten jarraitzen badute edota erasoak gogortzen badituzte Beirut "Gazan bihurtuko" dutela, eta errautsetaraino suntsitu, Al Jazeerak jakinarazi duenez.
Israelgo armadak Hezbollahri leporatu dio ostegunean Israel iparraldean misil bidez eraso egitea, eta zibil bat hiltzea ondorioz. Hezbollahk baieztatu duenez, ostegunean egindako hamaika erasoetatik batek helburutzat zuen Mattat herriko kuartel israeldar bat, Libanorekin muga egiten duena. Urriaren 7an Israelek Gazan sarraskia hasi zuenetik Hezbollahk ere erasoak egin ditu Israelen aurka, eta ziurtatu dute euren helburua Palestinarrak babestea dela.
Erantzun gisa, zera esan du Netanyahu Israelgo lehen ministroak, Libanoko mugatik gertu egindako bisitan: "Hezbollahk erabakitzen badu bere kabuz erabateko gerrari ekitea, Beirut eta Libano hegoaldea, hemendik urrun ez dagoena, Gaza eta Khan Younis bilakatuko dira".
"Gazan ez badituzte behar dituzten janari eta medikuntzak jasotzen, Itsaso gorrian barrena Israelgo portuetara doazen ontzi guztiak, edozein dela ere beren nazionalitatea, gure armadaren helburu izango dira", esan du Yemengo Houthi indar armatuen bozeramale Yahya Sareek.
Honela dio hainbat txiotan idatzitako mezuak.
"Yemengo Indar Armatuek Itsaso Gorrian eta Itsaso Arabiarretan Israelgo ontziek nabigatzea galarazteko hartutako erabaki arrakastatsuaren ostean, etsai sionistak jarraitzen duenez sarraski izugarriak, genozidioa eta Gazako palestinarrak setiatzen, Yemengo Indar Armatuek iragarri nahi dute galarazi egingo diotela herrialde sionista horretara doazen edozein ontziri nabigatzea, edozein dela ere nazionalitatea, Gazara ez badira behar dituzten janari eta sendagaiak sartzen, eta beraz, gure armadaren helburu legitimo bilakatuko direla ontzi horiek.
Beraz, itsas nabigazioan segurtasuna nahi duen ontzi eta konpainia orori esaten diogu, ekidin Israelgo portuak. Erabaki hau mezua publikatutakoan indarrean sartuko da".
Israelgo armadak Gaza udalerriko artxibategi orokorra suntsitu du, eta bertan jasotako milaka dokumentu historiko galdu dira betiko.
Birzeit Unibertsitateak sare sozialetan nabarmendu du bertako dokumentu batzuk ehun urtetik gora zutela.
Gazako zibilak atxilotzen jarraitzen dute Israelgo soldaduek, Hamasekoak direla egotzita. Zabaldutako irudietan ikusten da lurrean belaunikatuta dituztela atxilotutako ehun bat gizon, barruko arropan. Democracy Now hedabideak jakinarazi duenez, atxilotuen artean kazetariak daude: Diaa Al-Kahlout palestinarra da horietako bat, Londresen egoitza duen Al-Araby Al-Jadeed egunkariko kazetaria. Egunkariak salatu du atxilotuei emandako tratua: "Israelgo armadak tratu umiliagarria eman die Gazako herritarrei, biluztera behartu dituzte, miaketa intrusiboak egin dizkiete atxilotzerakoan, eta gero jakinarazi ez duten tokietara eraman dituzte".
Ostiralerako Gernika-Palestina herri ekimenak deituta zuen elkarretaratze nazionala Gernikan, eta milaka lagunek egin zuten bat. Ez zen ohiko elkarretaratzea izan, Palestinako bandera irudikatzen zuen mosaiko erraldoia osatu zuten bertaratutakoek, baita Gernika koadroaren zati bat ere. 1937ko apirilaren 26an nazi eta faxisten bonbek setiatu zuten Gernika, eta orain Israel Gazan egiten ari denarekin lotu zuten. ‘Sos Gaza’ eta ‘Palestinarekin elkartasuna. Konponbide politikoa orain!’ aldarrikapenak izan zituzten plazan, eta ‘Palestina askatu’ eta ‘Boikot Israel’ oihuak egin zituzten. Bertsolari eta abeslariek jarri zioten doinua ekitaldiari.
Ekitaldian protagonista izan ziren Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen Pilar Ormaetxeberria eta Mohamed Farajallah gazatarra. Palestinarrak herritarrei esan zien genozidioa amaitzeko bi gauza egin ditzaketela: Palestinaz hitz egin eta Israeli boikota. Sarraskiaz harago, bi gauza horiek Palestina errekatik itsasora libre izan arte egiteko eskatu zien.
NBEren World Food Programme-ek (Munduko Elikaduraren Programa) Gazako muturreko gosetearen datuak argitaratu ditu txosten batean: Gaza iparraldeko hamar palestinarretik bederatzik gutxienez egun eta gau oso bat igaro dute elikagairik gabe. Azken hilabetean, %18k hamar egun baino gehiago daramatza janaririk gabe. Gaza iparraldeko herritarren ia erdia (%48) muturreko gosetea jasaten ari da, txostenaren arabera. Kontuan izatekoa da galdeketa hori egin dutela su-etenaren azken egunean, alegia, laguntza humanitarioa sartzen utzi ostean. Geroztik bide guztiak itxi dituzte berriro.
Gaza hegoaldean gosetea apur bat txikiagoa dela ondorioztatu dute, baina egoera asaldagarria erakutsi dute hala ere.
Bere familiarekin batera hil zuten ostegunean. Israelen bonbardaketek haren arrebaren etxea suntsitu zuten, eta bertan zeudela hil ziren Refaat, haren anaia, arreba eta lau iloba. Ironiaz idatzitako txio batengatik hilko zutela salatu zuen berak, hil baino egun batzuk lehenago. Urrian Israel Gaza bonbardatzen hasi zenetik behin baino gehiagotan lekualdatu zen Refaat, haren etxea ere bonbapean hartu baitzuten. Moon of Alabama webguneak zabaldu duenez, Refaatek Israelgo inteligentziaren dei bat jaso zuen esanez lokalizatuta zeukatela babes hartuta zegoen eskolan, eta jakinarazi zioten hil egingo zutela. Eskolatik alde egin zuen, besteak arriskuan ez jartzeko, eta azkenik haren arrebaren etxea bonbardatuta hil zuten.
Dolumin mezu andana jaso du idazle palestinarrak, oso ezaguna baitzen Gazan ez ezik nazioartean ere. Gazako Unibertsitate Islamikoko ingeles literaturako irakaslea zen, eta We are not numbers ("Ez gara zenbakiak") proiektuaren sortzaileetako bat. Proiektu horren helburua da Gazako idazleek bertako errealitatea kontatzea ingelesez, mezua kanpora zabaldu dadin.
Armiarmak bere poema bat euskarara ekarri du, webgunean irakurgai: Bustita.
Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ebazpen bat egin du Gazan su-etena eskatzeko, baina AEBek betoa ezarri diote. Hamahiru herrialdek eman dute aldeko botoa, Erresuma Batua abstenitu egin da, eta AEBek aurka bozkatu dute. Onartu izan balitz, NBEk eskatuko zukeen Gazan berehalako tregoa humanitarioa, baita bahitutako guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko ere.
"[NBEko buruaren] arabera nazioarteko bakearen eta segurtasunaren mantentzea arriskuan jartzen duen edozein gairi buruzko atentzioa eskatu diezaioke NBEko buruak Segurtasun Kontseiluari". Horra zer dioen 99. artikuluak. Gazako egoeraz kezkaturik, behin baino gehiagotan salatu izan du bertako egoera humanitarioa Antonio Guterresek, baina ez du horrek eraginik ukan. Horregatik du aldi honetan NBEaren hitzarmeneko artikulu hori erabili. Hainbat iturrik zehaztera eman dute ostiralean bilduko dela NBEko Segurtasun Kontseilua, Gazaz hitz egiteko.
Abenduaren 5eko datuen arabera, urriaren 7az geroztik 16.248 palestinar dira hilda –horien artean 7.112 ume–. 43.616 kolpatu ere dira orotara.
Khan Yunis Gaza hegoaldean da eta abenduaren 5az geroztik lurretik eta airetik erasotzen dabil Israelen armada. Lurreko ofentsiba hasi zenetik "egun bortitzenak" izaten ari dira, Tsahalen arabera. Hain zuzen, iparralde zein hegoalde, eraso bortitzek ez dute etenik. Hamas erakundeko buru Yahya Sinouar bertan egotea da sarraskia justifikatzeko Israelen arrazoia.
"Gernika Palestina herri ekimenak" deituta, bihar ostirala mobilizazio nazionala egingo da Gernikan eguerdian.
Deialdi honetarako moldatu egin dute Ken Zazpi taldeak musika eta Joseba Sarrionaindiak letra jarrita eginiko "Gernika" kantua. Antolatzaileek esan dutenez, abenduaren 8an Gernikan entzungo da, 16.000 hildakoak, gehienak umeak, ez daitezen ahanzturan galdu eta gogoratzeko izen-abizenak zeuzkatela.
Unicefeko James Elder ordezkariak Gaza hegoaldean igaro du azken gaua, Khan Younis hirian, eta egunak argitu bezain pronto komunikatua igorri du nazioartera, eta Twitter sare sozialean ere partekatu du.
"Pasa dugun gaua ankerra izan da", dio hitzez hitz adierazpenak, Middle East Eye hedabideak jaso duenez. "Ezin diot Gaza hegoaldean bizi diren 1,8 milioi pertsonen larruan jartzeari utzi. Bost-hamar minutuko denbora tartean eraso hotsak entzun ditut ohetik, zerua argitzen zen etengabe, hegazkinak entzuten ziren... Ez dut lorik egin".
Itsaso Gorrian, azken orduetan Yemengo hutiek hainbat erasoaldi egin dituzte. AEBen gerra-ontzi bat kaltetu dutela jakinarazi du Etxe Zuriak, irudiak ikus daitekeena, eta merkataritza ontzi britaniar batzuk ere bai, Israeldik produktuak esportatzen ari zena.
Su-etenari amaiera eman eta lehen erasoak egin ondoren, Israelgo Armadak komunikatu bat igorri du nazioarteko prentsara, estrategia berriaz informatzeko. Argazkian ikus daitekeen moduan, mapa moduko bat egin eta partzeletan banatu du Gazako lurraldea. "Gida" gisa erabiliko omen dute aurrerantzean. Hau da, zein partzela-zenbaki bonbardatuko duen abisatuko du, eta bertako zibilei ebakuatzea proposatu partzela "seguruetara".
Asteburua hastekoa zenean amaitu zen su-etena, eta ordutik erasoek ez dute etenik izan Palestinan. Bi eguneko epean, 700 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek azken erasoaldietan.
Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, urriaren 7az geroztik gutxienez 15.523 palestinar erail ditu Israelek, eta agintarien esanetan "dezente gehiago" izango dira, porlan azpian harrapaturik daudelako asko eta asko. Zaurituen zifra benetan handia da: 41.316.
Israelgo Armadaren buruzagitzak baieztatu du: "Orain arte Gazako zerrendaren iparraldean aritu gara borrokan. Hegoaldeari ekin diogu berriki". Lurreko Armadak, bestalde, Gazako zerrenda osoa erasotzeko agindu du.
Palestinarrek ihes egiteko baliatu dute Hegoaldea oraintsura arte, bertatik lotu izan dira Egiptorekin, baina oraingo erasoek bide horren bideragarritasuna are zalantzatiago bihurtu dute.
Asharq Al-Awsat hedabide turkiarraren arabera, urriaren 7an Hamasek eraso egin eta Israelek "gerra" deklaratu zuenetik, Zisjordanian protestak nabarmen areagotu dira eta horren erakusle da atxiloketa kopurua: data seinalatu hori baino lehenago, Zisjordaniako atxilotu palestinarrak 5.200 inguru ziren. Orain, ia bi hilabeteko epean soilik, 3.400 baino gehiago atxilotu ditu Israelek.
Zazpi eguneko su-etenaren ondoren, Israelek gogor ekin dio berriz Gaza erasotzeari eta egindako erasoen ondoren, dagoeneko ehun palestinar baino gehiago hil ditu, eta ehunka zauritu. Ospitaleak berriz ari dira zaurituak artatzen oso baldintza eskasetan.
Horietako bat izan da Montaser al-Sawaf kameralaria, Turkiako Anadolu albiste agentziarako lanean ari zena. Gazako Gobernuaren arabera, urriaren 7tik gaurdaino gutxienez 72 kazetari edo kameralari hil ditu Israelgo Armadak. Kazetariak babesteko Taldearen esanetan haiek 57 baieztatu dituzte.
Meedle East Eye hedabidearen esanetan, Israelgo Armadako gertuko iturriek adierazi dute egin beharreko lanaren erdia ere ez da egin oraindik. Beste iturri militar batzuen arabera, “Gazako iparraldean oraindik asko dago egiteko” eta Gaza Hiria oraindik konkistatu gabe dago: “Agian %40a da eginda dagoena”.
Ostegun eta ostiral honetan baieztatu da, halaber, Hamasek bahituta zituen Israelgo hiru herritar hilda daudela: Maya Goren, Nier Engel eta Nir Oz. Ez da heriotzen zioei buruzko berririk eman.
Ostegun goizean egin zuten erasoa pistola batez eta M16 fusil batez armatutako bi palestinarrek. Jerusalemgo aldirietako autobus parada baten ekin zioten tiroka han zeuden herritarren aurka. Ondorioz, hiru pertsona hil zituzten, eta 16 zauritu, eta horietako batzuk oso larri daude. Geroxeago Israelgo segurtasun indarrek eta armatutako zibil israeldar batek erasotzaileak hil zituzten. Ondoren, Israelgo iturri ofizialen arabera, soldaduek zibil horren aurka egin zuten, hura ere erasotzailea zelakoan, eta eraso larriekin ospitalera eraman zuten, eta han hil zen.
Hamasek bere gain hartu du atentatua, eta, besteak beste, “okupazioak Gazan egiten dituen sarraskiei” erantzuteko egin dituela baietsi du. Erasotzaileak bi anaia palestinarrak ziren eta horiek hil ondoren, soldadu israeldarrek Jerusalemgo Sur Baher auzoan bizi diren haien familien etxeak asaltatu zituzten eta hainbat senide atxilotu galdeketa egiteko.
Israelgo Gobernuko Energia ministro Israel Katzek eskatu du erasotzaileen senideei Jerusalemgo egoiliar izaera kentzeko. Hori gertatuko balitz senide guztiak Zisjordaniara bidaliko lituzkete. Israelgo Estatuak palestinarrak lau talde handitan banatzen ditu –Israelgo herritarrak, Jerusalem Ekialdekoak, Gaza eta Zisjordaniakoak, eta errefuxiatuak– eta Jerusalem Ekialdean bizi diren 300.000 palestinarrei egoiliar izaera ematen die. Berdin da palestinarrak bizitza osoan, edo are, Israel estatu gisa eratu aurretik ere han bizi badira, gobernuak hala erabakitzen badu, egoiliar baimena kendu eta kanporatzen ditu.
Israelek asteazkenean utzi zuen libre Ahed Tamini gazte palestinarra, Hamasekin egiten ari den preso trukearen barruan. Zisjordaniako Nabi Salih herrikoa da eta mundu mailan ezagun egin da oso gaztetatik hainbat modutan egin dielako aurre Israelgo soldaduei. 11 urte zituela argazkiak daude soldaduei aurre egiten, baina ezagunena izan zen 2017an soldadu bati eman zion zaplaztekoaren kasua. Zaplazteko eta ostikoen aurretik, soldaduek 15 urteko bere lehengusu bat larri zauritu zuten, buruan jotako gomazko bala batekin. Irudiok biralak egin ziren eta zortzi hilabete espetxe zigorra jaso kolpe horregatik.
Iragan azaroaren 7an berriz atxilotu zuten, ustez Instagramen kolono juduak “txikitzeko” idatzitako mezuagatik. Ahed Taminiren familiaren arabera, kontu hark Aheden izena eta argazkia zeramatzan, baina ez zen berea, eta salatzen dute bere izen eta argazkia daramatzaten kontu asko daudela sareetan. Orain, esaterako, juduen aurkako mehatxuak egiten zituen kontu hori ezabatuta dago.
Su etena bukatu bezain laster abiatu ditu eraso gogorrak Israelek. Gazako Zerrenda osoan egin dituzte bonbardaketak, hau da, iparraldeaz gain hegoaldean ere. Suziriak jaurtiki izana leporatu dio Israelek Hamasi eta horren izenean abiatu du berriz sarraskia. Gutxienez 21 hildako daude ostiral goiz honetan –bi iparraldean, zazpi Gaza zentroan eta beste hamabi "segurua" beharko litzatekeen hegoaldean–. Hain zuzen, lekuko iturriek diotenez, badirudi hegoaldea bonbardatzeko asmoarekin hasi duela erasoa Israelek. Urriaren 7an abiaturiko sarraskiak iparraldea osoki xehatu du.
Al-Jazeera komunikabideak jaso ditu bi aldeen adierazpenak. Hamasek ondokoa argi utzi nahi izan du: "Israelek tregua aurreko 50 urteetan lortu ez duena, ez du treguaren ondotik berriro erasoekin jarraituz lortuko". Israelek bere aldetik berretsi ditu bere hiru helburuak, direla "bahituen askapena", "Hamasen desagerpena" eta "Gaza inoiz ez izatea israeldarrentzako mehatxu".
Qatar eta Egipto dabiltza negoziaketa bideratzen, baina oraingoz abenduaren 1 honetan bukatu da azaroaren 24an abiatu zuten su etena. Zazpi egun horietan Hamasek 110 bahitu askatu ditu eta Israelek 240 preso palestinar. Horrez gain, elikagaiak, ura, sendagaiak eta erregaia sartu ahal izan dituzte Gazara.
“Behingoz eta betirako bukatu dezatela israeldarren okupazioa eta palestinarren kontra egiten ari den genozidioa”. Mezu hori oinarri, ekitaldia antolatu du Gernika-Palestina deialdi herritarrak, abenduaren 8an, Gernika-Lumon. Gernikak jasan zuen bonbardaketa eta sufrimendua eta palestinarrak pairatzen ari direna lotu ditu ekimenak.
Abenduaren 8 eguerdian giza irudi erraldoia osatuko dute eta horretarako 120 boluntario eskatu dituzte. Musika eta bertsoak ere izango dira, Euskal Herriko eta Palestinako parte-hartzaileekin (Eñaut Elorrieta, Ihsan O.S., Ikrame Benzyane, Oreka TX, Mohamed Farajallah, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal...). Jon Maia bertsolariak testu bat prestatu du ekitaldirako, eta hainbat hizkuntzatan irakurriko dute.
Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna da azaroaren 29a, eta protesta eta manifestazio ugari egingo dira munduan zehar. Hego Afrikan, Jordanian, Britainia Handian, Alemanian, Norvegian, Brasilen, Kanadan, Belgikan… lanuzteak, protesta ekintzak eta elkarretaratzeak iragarri dituzte egun honetarako. Hainbat herrialdetan, gainera, boikota aldarrikatuko dute eta tokian tokiko gobernuek Israelgo Gobernuarekin duten harremana mozteko eskatuko dute.
Israelgo armadaren arabera, Hamaseko 1.000 eta 2.000 kide artean hil ditu Gazan, eta guztira Hamasek 30.000 kide inguru dituela uste du. Hala jaso du The Guardian egunkariak. Datu horiei erreparatuta, eta aintzat hartuta urriaren 7az geroztik Israelek egindako bonbardaketek Gazan 20.000 lagun baino gehiago hil dituztela, ondorioztatzen da Israelek hil dituenen %90-95 artean zibilak direla, eta Israelek 20.000 lagun baino gehiago hil dituela Hamaseko kideen %3-5 artean akabatzeko.
Joan den ostiralean su etena hasi zenetik, okupatutako Zisjordanian gutxienez 168 palestinar atxilotu dituzte Israelgo indar armatuek, palestinar presoen elkarteek jakinarazi eta Al Jazeerak jaso duenez. Epe berean, Hamasekin egindako akordioari jarraiki 150 palestinar askatu ditu Israelek: 117 haur eta 33 emakume. Hamasek 69 gatibu askatu ditu: 51 israeldar eta beste herrialde batzuetako 18 lagun.
Atxilotzeak, eguneroko praktika
"Okupazioa dagoen bitartean, atxiloketak ez dira etengo. Jendeak hori ulertu behar du, okupazioaren atzean dagoen palestinarren kontrako politikaren parte direlako atxiloketak, edozein erresistentzia mota akabatzea helburu", adierazi dio Al Jazeerari Amany Sarahneh Palestinako Presoen Elkarteko bozeramaileak. "Eguneroko praktika dira atxilotzeak, baita urriaren 7aren aurretik ere, eta espero genuen su etenak iraun bitartean jende gehiago atxilotuko zutela".
Duela 56 urte Israelek Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalen militarki okupatu zuenetik, indar armatuek gauez sarekadak gauzatzen dituzte palestinarren etxeetan, eta "egun lasaietan" 15-20 herritar atxilotzen dituzte. Urriaren 7az geroztik, lehenengo bi asteetan atxilotzeak biderkatu egin ziren.
Astelehen honetan, lau eguneko su etena beste bi egunez luzatu da eta espero da Israelek beste 60 palestinar eta 20 gatibu askatzea.
Israelek gobernu berri bat behar duela adierazi du Ehud Barak Israelgo lehen ministro ohiak, Haaretz hedabide israeldarrean. Atzerri ministro eta jeneral militarra ere izan da Barak. Bere esanetan, Benjamin Netanyahurik eta eskuin muturrik gabeko gobernua behar du herrialdeak, eta lehen ministroaren kargugabetzea eskatu du.
Baraken hitzetan, Netanyahu ez da gai lideratzeko eta ezin du egungo egoera konplexua gestionatu: "Joan beharra dauka, bere akatsen ondorioak konponezin bihurtu aurretik".
Denboran aurrera egin ahala, ospitaleen egoera kaskarrak eraginda batik bat, gaixotasunen eta higiene arazoek sorturiko arazoen erruz "jende asko" hil daitekeela esan berri du Osasunaren Mundu Erakundeko Margaret Harrisek, "bonbardaketen erruz baino gehiago".
Gazako erietxe eta ospitaleen egoera salatu du OMEk. Hornigairik gabe uzteaz gain, Israelgo armadak medikuei eraso egin eta horiek atxilotzeko ahaleginak egin izana azpimarratu du.
Nurit Peled akademiko israeldarrak El Diario hedabide espainiarrarekin hitz egin du. Israelgo Hezkuntza sistema ikertu du arrazakeriaren ikuspegitik. Unibertsitateko lanpostutik kaleratu dute, egindako hainbat adierazpenengatik: "Hainbeste urtetan lepoa burdinazko oinpean itota eduki dutenean, eta bat-batean begiak altxatzeko aukera ikusi dutenean, zer nolako begirada espero zenuten?". Kaleratu egin zutenean, bere abokatuak honako artikulu hau bidali zuen The New York Times egunkarira: "Aurrekaririk gabeko errepresioa da, ahots disidente eta kritikoak isilarazi nahi dituzte".
Luze eta zabal mintzo da Israelgo Hezkuntza sistemaz aipaturiko elkarrizketan. Oinarrian, uste du Israelen "kultura arrazista" dagoela, "palestinarrei gizatasuna kentzen zaiena". Galdera baten erantzuna ekarri dugu hona:
Israelen hezkuntza izugarri arrazista da. Diskurtso osoa da. Hau da planteamendua: "Judua zara? Bai ala ez". Eta hala bazara, "Etiopiako judua zara, sefardia ala askenazia?" Horrekin batera, Holokaustoari buruzko heziketa oso traumatizatzailea eta erasokorra ematen da haurrek hiru urte dituztenetik, trauma hori bizi dezaten eta alemanen ordez arabiarrek egingo duten izkinatik bueltan beste holokausto bat dagoela pentsa dezaten. Eskola-liburuek hori nabarmentzen dute denbora guztian.Horrela, edozein adinetako palestinarrak hiltzeko prest dagoen nerabe askorekin amaitzen den nazionalismoa sortzen da, akabatuko gaituzten nazi berriak direla uste baitute. Hezkuntza hori haurren abusu gisa defini daiteke, haurrak betiko trauman hezten dituelako. Holokaustoaren Egun Nazionalean, hiru urterekin, argazkirik lazgarrienak eta labaingarrienak erakusten dizkiete, eta, ondoren, amesgaiztoak dituzte, ohea bustitzen dute. Judua ez den oro potentzian dagoen nazi bat dela sinestera iristen dira.Hezkuntza honek azaltzen du hainbeste jende egotea "hil ditzagun guztiak" esaten duena, edonori, denei, beldurra diotelako.
Elon Muskek ideia antisemita konspiratzaileak zabaldu zituen hasiera batean, nolabait ere esanez juduek munduko populazio zuria "ordezkatuko" zutela haien botere nahiekin. "Ordezkatze Handia" izendatu zuen.
AEBetako Etxe Zuriak gaitzetsi egin zituen Musk aberaskumearen hitzok: "Gorrotoa zabaltzen dute eta ez datoz bat estatubatuarron balioekin". Israelgo Gobernuak ere gauza bera esan zuen, hitz gogorragoekin.
Musken bisita
Azken orduotan Muskek Israel bisitatu du, Netanhayurekin egon da, eta bistakoa da "bakeak" egin dituztela. Muskek ez du barkamenik eskatu, baina hala eta guztiz ere, Netanyahurekin lerratu da.
Musken jabetzakoa den Starlink komunikazio konpainiaren zerbitzuak Netanyahuren esku jarri ditu. Teknologia aurrerapenen ikuspegitik, bere sateliteak "garatuetan garatuenak" omen dira.
Kazetarien Babeserako Nazioarteko Komiteak jakinarazi duenez, urriaren 8az geroztik, gutxienez 57 kazetari hil dira Gazan Israelen erasoen ondorioz. Pasa den asteburuan lau kazetari palestinar hil dituzte.
Emandako datuen arabera, eraildako 57 kazetarietatik 50 palestinarrak dira, eta beste zazpietatik lau israeldarrak eta hiru libanoarrak. Horrez gain, gutxienez hamazazpi kazetari bahiturik edo atxiloturik daude Israelgo armadaren eskuetan.
Qatarreko Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi du, beren bitartekaritza tarteko, "akordioa lortu da Gazako Zerrendan su-eten humanitarioa bi egunez luzatzeko ".
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]
Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.
Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]
Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]
Israelen ofentsiba inperialista beste fase batean sartu da: bonbardaketak Yemen, Libano eta Sirian; Iranen kontrako erasoak; Libanoren inbasioaren saiakera… Sionistek aspaldiko helburu bat lortu dute: Palestinatik haratago joatea, eta erasoaldia eskualde mailako gerra... [+]
Turkiaren ekimena babestu dute nazioarteko herrialde ugarik, gehienak arabiarrak edo islamiarrak, baita Hegoafrika, Brasil, Kuba, Errusia, Norvegia eta Vietnamek ere, besteren artean.
Gazako iparraldeko Beit Lahiya hiria setioan dago eta Israelen etengabeko erasoaldiek gutxienez 120 palestinar hil dituzte azken aldi honetan. Astebete baino gutxiagoan, urriaren 24tik 29ra bitartean, NBEk “biktima masiboak” izan dituzten zazpi eraso erregistratu... [+]