Rafah bonbardaketaz babesteko biderik ez da existitzen

Zuzeneko jarraipena
  • 34.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


2024ko maiatzaren 02an - 12:08
Azken eguneraketa: 2024-09-03 10:18
Gakoak
AEBetako diplomaziari ongietorria Turkian: "Sionista hiltzaileak, ospa gure herrialdetik"

AEBetako Estatu Idazkari Antony Blinken astelehen goizean heldu da Turkiara, eta protesten artean jaso dute herritarrek. Lehen belarrondokoa Recep Tayyip Erdogan presidenteak eman dio: berarekin biltzeko asmoa zuen Blinkenek, baina "azken orduan" familia bisitatzera joan dela esan dio, eta Atzerri Gaietarako ministro Hakan Fidan bidali du bilerara. Agerikoak dira Palestinan gertatzen ari denaren gaineko desadostasunak, eta bistakoa da ere, diplomazia mailan, presidente eta presidente maila berean hitz egin nahi duela Turkiak.

Bi ordu eta erdi luzeko bilera egin dute AEBetako eta Turkiako ordezkariek, eta ez dirudi ezer askorako eman duenik, The Guardian, Middle East Eye, The New York Times eta El País hedabideen arabera. Areago, harremana nahiko hotzak direla esan dute. Izan ere, Turkia, NATOko kide izan arren, Palestinaren alde lerratu da irmotasunez.

Herritarrak haserre: "Ospa hemendik"

Blinkenen bisita ez dute gustu handiz hartu Turkian. Ehunka herritar protestara irten dira Ankara hiriburuan eta inguruetan, eta istiluak izan dira Poliziarekin. Besteak beste, "Biden hiltzailea, ospa gure herrialdetik", "Israel hiltzailea" eta "Biden/Blinken sionista hiltzaileak" gisako aldarriak leitu dira mundu zabalean.

AP
AP
AEBetan inoiz baino jende gehiago manifestatu da Palestinaren alde: 300.000 pertsona

Larunbat arratsean manifestazio jendetsua egin zuten Washington hiriburuan. Antolatzaileen esaten 300.000 pertsona elkartu ziren Palestinaren alde, Israelen ankerkeria salatzeko eta Biden presidenteari gerra-etetea eskatzeko. Gobernuko agintarien arabera, 100.000 lagun batu ziren. Middle East Eye-k jaso du informazioa.

AEBen historian, Palestinaren alde sekula baino jende gehiago elkartu da kaleetan.

 

Biktimen familiek protesta egingo dute Tel Aviven

Gatibu edo desagertuta dauden ehunka palestinarren senideak Israelgo parlamentu kanpoan bilduko dira, Israelgo gobernua presionatzeko. Era berean, familiek publiko eginiko adierazpen batean esan dute funtzionarioei “bahituak askatzea” eskatuko dietela, baldintza batzuekin: su-etena eman eta laguntza humanitarioa bidaltzea. Hala, gatibuentzako sendagaiak eskuratu ahal izateko.

Kopuru eguneratuak

Gaza:
Hildakoak: 9.770
Zaurituak: 24.808

Zisjordaniako lurralde okupatuak:
Hildakoak: 155
Zaurituak: 2.100

Israel:
Hildakoak: 1.405
Zaurituak: 5.600

    *Urriaren 7tik aurrerako zifrak

Israelgo gaueko erasoek 200 pertsona baino gehiago hil dituzte Gazan

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 200 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazan gauez egindako aire erasoetan. Ministerioak eginiko adierazpen batean, gaineratu du hildakoen kopuruak Gazako hiria eta Gazako Zerrendaren iparraldea soilik barnebiltzen dituela.

Osasun Ministerioak esan du, orotara, gatazka hasi denetik, Israelek 9.770 pertsona hil dituela, horietatik bi heren inguru emakumeak eta haurrak.

Bonba atomikoa jaurtitzea iradoki du Isralego ministro batek, eta Netanyahuk "behin-behinean" kargugabetu du

Israelgo Gobernuko Ondasun ministroa den Amijai Eliyahuk iradoki du bonba atomikoak jaurtitzea "aukera posible bat" dela, Hamasen mehatxuei "errealki erantzuteko". Ministroen bilera batean afera mahai gainean jarri zuela kontatu du Israelgo irrati batean, eta harrabotsa sortu du. Oposizioak, hainbat ministrok eta Netanyahuk berak ere gaitzetsi egin dituzte adierazpenok, eta suspenditu egin dute kargutik, "behin-behinean".

Albistea dezente zabaldu da nazioartean, eta Eliyahuk, esandakoak zuzentze aldera, "metaforikoki" hitz egiten ari zela esan du. Time of Israel hedabideak jaso ditu azken hitz horiek.

Otzma Yehudit alderdi ultraeskuindarra, arabiarrak deportatzearen alde

Ultraeskuineko alderdi sionista Netanyahuren gobernuan sartuta dago, eta alderdi horretako kide ezaguna da Amijai Eliyahu ministroa. Meir Kahane sionista errabinoaren ideologia –kahanismoa– jarraitzen du alderdiak, hau da, "juduen lurraldean –alegia, Israelen– bizi diren arabiarrak judutarren etsaiak" direla diote.

IKUSI | Israelgo tanke baten aurkako erasoa Hamasen bideo batean

Hamasen talde armatua den Al-Qassam brigadak Israelgo tanke baten aurka beren kide batek eginiko erasoaren bideoa argitaratu du sare sozialetan.

Hemen ikus daiteke.

Kopuru nagusiak | Gazan hildakoak 9.200 baino gehiago jada

Gazako Osasun Ministerioak ostiralean emandako datuen arabera, urriaren 7az geroztik, 9.227 dira hildakoak. Zisjordanian beste 143 palestinar hil dituzte.

Ministerio palestinarrak aipatu du horietatik 3.826 haurrak zirela. Hau da, hildako guztien %41.

32.500 pertsona baino gehiago zauritu dira hiru asteotan Gazan Israelgo bonbardaketen ondorioz. Zisjordanian 2.100 dira zaurituak kolonoen eta armadaren erasoen ondorioz.

2.030 pertsona falta dira Gazan, 1.020 haur barne.

Israelgo armadak emandako datuen arabera, denbora tarte berean, gutxienez 1.405 israeldar dira hildakoak (339 soldadu eta 58 polizia lehen egunean, eta 25 soldadu lurreko erasoa hasi zutenetik) eta zaurituak gutxienez 5.431.

Hamasek bahitutakoak 242 dira (soldadu, zibil eta 30 haur) eta 40 pertsona falta dira.

Israelek bere espetxeetan 4.000 presotik gora ditu zituen urriaren 7a baino lehen eta orduz geroztik, beste 1.900 palestinar atxilotu ditu. Bi preso tortura zantzuekin hil dira egunotan.

Mohammed Abu Hatab kazetari palestinarra eta bere familiako 11 kide hil dituzte

Gazako Khan Younis herrian hil zituzten atzo kazetaria eta bere familiako hamaika kide. Palestinako Aginte Autonomoko telebistako kazetaria zen, eta hark emandako albistea jaso du Wafa albiste agentzia palestinarrak.

Airez egindako erasoa izan zen eta kazetaria etxeratu ondoren gertatu zen. Palestinako Kazetarien Sindikatuaren esanetan, beren sindikatuko 27 kazetari hil dituzte Israelek egindako erasoetan urriaren 17tik gaurdaino.

Mohammed Abu Hatab kazetari palestinarra lanean erasoen berri ematen.

 

Israelgo armadak dio Hamasen tunel batzuk suntsitu dituela
Israelgo soldaduak Gazan lurreko erasoan (AP)

Israelgo armadak esan du Gaza barruan Hamasen zenbait tunel aurkitu eta suntsitu dituela.

Operazioa Yahalom unitateak gauzatu du, ingeniaritzarekin loturiko lanak –hala nola, lurpeko tunelak suntsitu lehergailuak erabiliz– egiteko entrenatutako dibisioa.

Israelgo soldaduak Gazako sarraskia ospatzen

Ondorengo bideoan ikusi daiteke horietako une bat, baina sareetan asko daude. Asko dira, halaber, palestinarren aurkako gerraren aldeko agintarien adierazpen gupidagabeak, hala nola Israelgo Ondare ministroaren hauek: "Gazako iparraldea inoiz baino ederrago dago. Dena bonbardatzen eta suntsitzen, besterik gabe, gure begiei egindako oparia... ondorengo egunean... Urteetan Gazan borrokatu direnei lur sailak emango dizkiegu".

 

Milaka langile palestinarrek preso edo desagertuta jarraitzen dute
Preso palestinarrak, beste garai bateko argazki batean. (Argazkia: ICAP)

Urriaren 7an Hamasek Israeli eraso egin zionean, Gazako 19.000 langile palestinarrek zuten baimena Israelen lanean aritzeko, baina ez da ezagutzen horietatik zenbat ari ziren lanean egun hartan.

Ezaguna da, ordea, erasoen ondoren, horietako milaka desagertu direla edo atxilotuta daudela Israeleko edo Zisjordaniako hainbat egoitza militarretan. Walid (ez da egiazki bere izena) da horietako bat, eta Al Jazeerari jakinarazi dionez, Zisjordaniako Anatot izeneko egoitza horietako batean izan dute preso sabai gabeko kaiola batean hiru egunez, eguzkipean, jan eta edan gabe, eta komunera joateko baimen barik.

Ondoren eraman zuten ehunka atxilotu ziren 300 metro karratuko beste eremu batera, eta han galdetu zien soldaduei ea hitz egin zezakeen Gurutze Gorriarekin. Erantzun gisa iraindu eta jo egin zuten. Azkenean, ordea, Zisjordaniako paperak zituela frogatu zuen eta askatu egin zuten. Jacobin agerkariaren erreportaje honetan aurki daiteke Gazako langile hauei buruzko informazio gehiago.

NBEren ebazpenak betetzea eskatu dio Nafarroako Legebiltzarrak Israeli
Argazkia: @EHBilduNafarroa

Nazioarteko legedia betetzea eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak ostegun honetan, eta horretarako Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak bete ditzala exijitu dio Israeli.

Eskaera Palestinaren aldeko hainbat elkartek prestatu dute eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek eraman dute legebiltzarrera. UPNk, PPk eta Voxek aurka egin dute. PSNk “Hamasen terrorismoa gaitzestea eta Hamasek bahituak askatzea gehitu nahi izan du, baina beste alderdiek ez dute horrelakorik onartu, mozioa aldez aurretik prestatuta zegoela argudiatuta. Azkenean, PSNk ez du argazkitik kanpo geratu nahi izan eta aldeko botoa eman du.

Gidoitik kanpokoa izan da UPNko Iñaki Iriarte parlamentariak bat egin duela mozioarekin. UPNk jakinarazi du “arrazoi familiarrengatik” bazuela horretarako baimena. EH Bildu eta Contigo-Zurekineko parlamentariak palestinar zapiarekin joan dira legebiltzarrera eta horrek UPNko Javier Esparzaren protesta ekarri du. Unai Hualde legebiltzarreko lehendakariak, ordea, “horrek ez diola ordenari eragiten” eta bozketari bide eman dio.

Gaza hiritik atera ezinean dauden milaka zibilak Israelgo indarren jomuga dira

Errepide nagusia, Salah al-Din, erabat blokeatuta dago; ez dago modurik jendea edo autoak handik pasatzeko. Kostaldeko Al-Rashid errepidea Israelgo tankeek blokeatuta egoteaz gain, sionisten itsas indarren eta aire armadaren bonbardaketa gogorrak jasan ditu, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Zibilen hainbat auto, anbulantzia-ibilgailu eta NBEren bandera  gainean zutela izendatutako autoak, izan dira erasoen jomuga.

Oraindik jende asko dago Gaza hirian eta iparraldean, eta handik alde egiteko deiek ez dute haien segurtasuna bermatzen. Al Jazeeraren arabera, Gurutze Gorria lanean ari da jendearen ebakuazioa koordinatzeko, baina pasabide segurua bermatzeko Israelgo armadari egindako deiek ez dute erantzunik izan. Beraz Gazako biztanleek hegoaldera ihes egiteko bermerik gabe jarraitzen dute.

Israelekiko harreman ekonomiko oro eteteko deia luzatu die Iranek "herri musulmanei"

Israelekiko harreman ekonomikoak eteteko deia luzatu diet Ali Khamenei Irango aiatolak munduko herri musulmanei. Azaroaren 1ekoa da eskaera: "Gobernu musulmanek erregimen sionistarako petrolio eta elikagaien esportazioa blokeatu behar dute eta ez dute Israelekin ekonomikoki lankidetzan aritu behar".

9.000 hildakoen langa gainditurik Gazan

Dagoeneko 9.061 pertsona hil dira Gazan, horietatik, 3.760 hemezortzi urtetik beherakoak dira. Horiei gehitu behar zaizkie desagerturik direnak.

Urriaren 7az geroztik, Gazan sarraski bortitza bideratzen dabil Israelgo armada. Egun horretan erasotu zuen Israel Hamas erakundeak, orotara 1.400 hil eraginez.

Israelen armen garraiatzea errefusatu dute Belgikako hainbat sindikatuk

CNE, UBT, Setca eta Transcom sindikatuen urriaren 31ko adierazpena da: "Palestinako gerrarako material militarra maneiatzea errefusatzen dugu". Gazan gertatzen ari den "genozidioa" ez dute onartzen eta ez dute horren parte izan nahi. Hain zuzen, sindikatuek jakitera eman dutenez, Belgikako aireportuetatik ere bidali izan dituzte armak. Su-etena eskatu dute sindikatuek.

Horrez gain, Palestinako sindikatuen deiarekin bat egin eta munduko beste sindikatuei ere galdetzen diete armagintza horretan ez parte-hartzea. Ondokoa diote Palestinako sindikatuek: "Genozidio egoera hau Israelgo gerra-makina geldiaraziko duen Palestinako herriarekiko elkartasun globalaren handitze masiboari esker soilik saihestu daiteke. Berehala jardun behar duzue –munduko edozein lekutan zaudetela– Israelgo estatuaren eta blokeo-azpiegituren armatzea saihesteko".

Gazako 35 ospitaletatik hamasei funtzionatu ezinean daude

Osasunaren Mundu Erakundearen datua da: Gazako 35 ospitaletatik hamasei funtzionatu ezinean daude, Israelen erasoen eraginez. Osasun egoera oso larria da Gazan eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEren arabera 20.000 palestinar daude gogorki kolpaturik eta arta lortu ezinean.

Egiptoko Gobernuak zehaztu du kolpatu batzuk hartuko dituela bere ospitaleetan. Hala ere, oso guti dira egoera ikusirik: azaroaren 1ean hartu ditu lehen 80 zaurituak.

Boliviak Israelekin dituen harreman diplomatikoak eten ditu

"Milaka hildako eta palestinarren behartutako lekualdaketa" eragiten dituzten erasoen bukaera eskatu du ofizialki Boliviak. Mezua bidali dio Israelgo Gobernuari eta jakitera eman dio bien arteko harreman diplomatikoak mozten dituela. Luis Arce presidentearen idazkariak eman du erabakiaren berri, prentsaurreko bidez, Boliviako Kanpoko Arazoetarako ministrorde Freddy Mamani ondoan zuela. "Israelgo ofentsiba militar oldarkor eta neurrigabearen arbuiatzeko eta salatzeko" asmoz harturiko erabakia da.

Boliviaz gain, Txilek, Kolonbiak eta Jordaniak atera dituzte beren enbaxadoreak Israeletik.

Palestinaren alde Baionako karrikak hartzera deitu dute dozenaka eragilek

Gazako Sarraskia gelditu! Konponbidea eta bakea Palestinarentzat lelopean larunbatean eginen duten manifestaziorako deia luzatu dute hogeita hamar bat eragilek –sindikalistak, artistak, elkarte mundukoak eta beste–. Hainbat eragile sozial eta politikok ere bat egin dute hitzorduarekin, tartean, LAB eta EH Bai. Manifestazioa 16:00etan abiatuko da Euskaldunen Plazatik.

Ondokoa irakurri daiteke izenpeturiko adierazpenean: "Jendarte zibileko kide garen heinean, ezin dugu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu. Gernikako bonbardaketaren eta Aieteko adierazpenaren arteko bidea luzea izan bada ere, Euskal Herrian ikasi dugu bake prozesu bat beti posible dela. Ekialde Hurbilean, hau bortizkeriaren deseskalatze batetik pasa daiteke eta hala izan beharko luke". Frantziako Estatuak Israeli erakutsitako sostengua salatzeaz gain, "Palestinar herriarekiko elkartasun edota negoziazioaren aldeko posizioak jasaten ari diren kriminalizazio sistematikoa" ere deitoratzen dute.

Ondoko bost aldarrikapenak plazaratu dituzte antolatzaileek:

1: Berehalako su-etena eskatzen dugu, eraso guztien bukaera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea.

2: Halaber, Gazaren setioarekin eta, orohar, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea galdegiten dugu, bai eta laguntza humanitarioearen sarrera lehen bai lehen ahalbidetzea ere.

3: Herritar palestinar eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela adierazten dugu.

4: Konponbide baketsu eta negoziatua bilatzeko deia luzatzen diegu alde guztiei eta nazioarteko komunitareari; hots, Nazioarteko Zuzenbidean eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen betearazte zorrotzean oinarritzen den konponbidea.

5: Bake justu, egonkor eta iraunkorra lortzeko elkarrizketa prozesu bat abiatzea premiazkoa dela adierazten dugu, Palestinaren kolonizazioari bukaera eman eta Nazioarteko Zuzenbideak jasotzen duen herrien autodeterminazio eskubidea bermatzeko".

Jabaliako sarraskian "gerrako krimen" zantzuak ikusten ditu NBEk

NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak esan du Jabaliako erasoan "gerra krimen zantzuak" somatu dituela. Azaroaren 1ean bigarren aldiz bonbardeatu du Israelek errefuxiatuen kanpalekua. Bezperako erasoan 195 lagun hil eta beste 120 desagertu ziren, Gazako autoritateen azken datuen arabera. Bigarren erasoan "dozenaka hil" egon direla diote lekuko iturriak.

Gazatik ateratzeko aukera ireki dute atzerritarrentzako eta herritartasun bikoitza dutenentzako

Asteazken honetan ireki dute Gazatik ateratzeko aukera atzerritarrentzako eta herritartasun bikoitza dutenentzako. Kasuan kasu, Rafahko pasabidea zabalduko zaie bi irizpide horietariko bat betetzen dutenei. 81 herritar atera dira azaroaren 1ean eta printzipioz, beste 596k dute gauza bera egingo azaroaren 2an. Egiptoko Kanpo Arazoetarako Ministerioak zehaztu duenez 7.000 herritarrek jasoko dute ateratzeko baimena. Muga hori kudeatzen duten autoritateen arabera palestinar zauritu batzuk ere pasatzen ahalko lirateke Egiptora –azaroaren 1ean, ordea, hori ez da bete, Rafahko pasabidean dagoen Al Jazeerako kazetariak argitu duenez–. Orotara, bi milioi palestinar baino gehiago daude Gazatik atera ezinean.

Israelek sarraskia eragin du Gazako Jabalia errefuxiatu gunean
Argazkia: Anas Al Sharif

Gaza iparraldean dagoen Jabalia errefuxiatu gunean ehunka palestinar hil ditu Israelek tona banako sei lehergailu jaurtita etxebizitzen aurka. Gazako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 400dik gora dira hildakoak, horietako asko haurrak, Palestinako WAFA agentziak jaso duenez.

Beste kopuru bat ere zabaldu da. Gazako Indonesiar Ospitaleko zuzendariak esan du 145 direla gutxienez hildakoak, baina jende asko etxeen hondakinen azpian geratu da eta gauez elektrizitaterik gabe, ilunpetan, erreskateak egin ezinik ari dira. Beraz, baliteke hildakoen kopurua altuagoa izatea. Bide batez esan du, ospitaleak bihar utziko diola lan egiteari erregai falta dutelako.

Al Jazeerak jaso duenez, Euskal Herrian 15:00ak zirenean, aire erasoa izan da aipatu errefuxiatu gunean. Hainbat etxebizitza goitik behera erori dira barnean jendea zegoela eta beraz familia askok kide ugari galdu dituzte aldi berean. Ehunka dira zaurituak eta ospitaleak gainezka daude.

Irudietan bonbardaketak eragindako samina, batez ere, senideak galdu dituztenen artean.

Jabalia Gazako zortzi errefuxiatu gunerik handiena da. Jabalian bizi diren herritarrak, Israelgo estatua 1948an sortu zutenean beren etxeetatik bota zituzten jatorrizko herrietatik joandakoak eta beren ondorengoak dira. Etxe gehienak –ez bakarrik Jabalian, baita beste Palestinako hirien kanpoaldeetan dauden errefuxiatu guneetan ere– oso oinarrizkoak dira eta bizi baldintza gogorrak bizi dituzte bertako herritarrek.

Israelgo militarrek behin eta berriz bonbardatu dute kanpamendua gerra hasi zenetik, besteak beste, urriaren 9an, 12an, 19an eta 22an. Hala, bertako ehunka pertsona hil eta zauritu dituzte. Kanpamenduko etxeak, hiru eskola, ehunka familia desplazatuentzako babesleku bihurtuak dituzte.

Beste bi errefuxiatu gune ere bonbardatu ditu gaur Israelek, guztira beste 25 pertsona hilez.

 

Urriaren 7tik gutxienez 8.525 palestinar hil ditu Israelek

Palestinako Osasun Ministerioak eguneratutako datuen arabera, Israelen bonbardaketek gutxienez 8.525 palestinar hil ditu urriaren 7ak erasoak hasi zituztenetik. Horietatik 3.542 haurrak dira.

"Israelgo tropak ez dira gai izango borrokalari eta zibilen artean bereizteko"

Israelgo tropak lurretik sartzen ari direla eta, "biktima eta hildako zibil ugari" egongo direla ohartarazi dio Al Jazeerari Nawaf Al Thani kanpo harremanetako eta defentsako analistak, baldin eta Gaza hiriko auzo oso populatuetara sartzen badira –Zeitoun auzo populatura hurbiltzen ari direla jakinarazi dute, esaterako–. "Israelgo militarrak ez dira gai izango bereizteko borrokalarien eta zibilen artean. Horrek nazioarteko komunitatea kezkatzen du".

Israelek "gerrako arauak hautsi" dituela salatu du analistak: "Jarrera hori ez du babesten inolako estrategia militarrek. Gerra bideratzen duten zenbait arau daude, eta nik ez dut ikusi ezer Israelen jarrera babesten duenik", argitu dio hedabideari.

Hamasek dio Gazan sartutako Israelgo ibilgailu ugari suntsitu dituela

Hamasen beso armatu al-Qassam-ek ziurtatu du Israelgo indarrei aurre egin dietela Gazan, eta eguneraketa hauek eman dituzte:

"Beit Hanoun eraikinean sartu diren indar sionistak ezabatu ditugu".

"Bulldozer baten eta soldaduak zeramatzan ibilgailu baten aurka egin dugu".

"Gaza ipar mendebaldean eta Gaza hiriko hegoaldean borroka gogorretan sartuta gaude, eta hainbat ibilgailu israeldar suntsitu ditugu, Gazara sartzen ari zirenak".

Israelgo tankeak aurrera egiten ari dira Gaza iparraldean

Gaza ipar mendebaldetik eta Gaza hiriko hegoaldetik sartzen ari dira Israelgo tankeak. Al Jazeerak baieztatu duenez, tankeak aurrera egiten ari dira astearte honetan ere.

Astelehenean Gaza hiriko kanpoaldean tanke batzuk ikusi ziren, baina Hamasek esan zuen borroka gogorren ostean handik erretiratzera behartu zituztela. Asteartean ere Hamasen eta Israelgo armadaren arteko borroka gogorrak izaten ari dira.

Egunero 420 haur baino gehiago hiltzen edo zauritzen ari dira Gazan

UNICEFeko zuzendariak ohartarazi du egunean gutxienez 420 haur hiltzen edo zauritzen ari direla Gazan, Israelen bonbapean.

Zisjordanian palestinarren aurkako 100 eraso egin dituzte kolonoek

Israelgo armada Gaza bonbardatzen ari den bitartean, israeldar kolonoak Zisjordanian ari dira erasoak egiten. Al Jazeerako Hoda Abdel-Hamid kazetariak bertatik kontatu duenez, tentsioa oso handia da eta kolono israeldarren indarkeria nabarmen areagotu da urriaren 7tik. Ordutik palestinarren edo haien etxebizitzen aurkako gutxienez 100 eraso egin dituzte, eta kazetariak dio Palestinako Agintaritza kezkatuta dagoela, baina nazioarteko babesa eskatzeaz gain ezer gutxi egin dezakeela.

Shin Bet Israelgo barne segurtasuneko ordezkariek ere ohartarazi dute Zisjordanian indarkeria handituz doala eta eztanda egingo duen tentsio gune bilakatu dela.

Dozenaka hildako palestinar bart ere, bonbardaketen ondorioz

Guda hasi zenetik, 24. bonbardaketa gaua izan da bart pasa berri dena. Al Jazeeran irakur daitekeenez, dozenaka zibil hil dituzte Israelgo hegazkin militarrek. Honela dio, hitzez hitz beren albisteak:

"Israelgo indarrek Gazan egindako aire erasoek hildako eta zauritu ugari utzi dituzte, horietatik asko haurrak. Hegoaldeko Rafah hirian, gutxienez 18 pertsona hil dituzte Hamaseko Abu Shamalaren familiaren etxebizitza bonbardatuta, WAFA albiste agentzia palestinarrak informatu duenez.

Rafahko beste etxebizitza bat bonbardatuta beste bederatzi pertsona hil eta hainbat zauritu dituzte.

Gazako al-Zawaida eremuan egindako bonbardaketek gutxienez 18 pertsona hil dituzte, gehienak haurrak eta emakumeak.

Gaza iparraldean, etxebizitza bat kolpatu dute eta hiru pertsona hil dituzte, tartean 6 urteko haur bat eta beste bederatzi zauritu dituzte.

WAFAren arabera, igo egin daiteke bart Israelek hildakoek kopurua, jende ugari beren etxe birrinduen hondakinen azpian geratu baita".

 

Bart 60 palestinar atxilotu dituzte Zisjordanian

Atxiloketa gaua izan da bart ere Zisjordaniako leku ugaritan, Al Jazeeran jaso dutenez. Guztira 60 pertsona eraman dituzte Israelgo indar militarrek.

Atxiloketa gehienak Betleem, Hebron eta Nablus hirietan egin dituzte, baita Salfit, Jenin, Tulkarem, Ramallah eta Jerusalemen ere.

"Atxiloketen ondoren tortura eta atxilotuekiko eta beren familiekiko erasoak datoz, baita zigor kolektiboa eta beren jabetzen suntsiketa ere", adierazi du Palestinako Presoen Elkarteak eta Atxilotuen Aferen Batzordeak.

Urriaren 7az geroztik gutxienez  1.740 dira Zisjordanian Israelek atxilotu dituen pertsonak.

Azpian, konboi militarra Betleemeko Dheshah errefuxiatu gunean.

 

Gazan garbiketa etnikoa egiteko plana baztertu behar izan du Bidenek

Joe Bidenen agindupean, AEBetako gobernuak Gazan garbiketa etnikoa gauzatzeko planak egin zituen 2,3 milioi palestinar Egiptora bidaltzen saiatuta. "Biden presidentea beste herrialde batzuekin batera plana lantzen ari da, zibilek Gaza utzi eta Egiptorako muga segurtasunez gurutza dezaten", adierazi zuten urriaren 11n. Astelehen honetan plana bertan behera geratu dela adierazi du.

Irakurri asmo horiei buruz egindako adierazpenak errepasatuz Lander Arbelaitzek idatzitako artikulua.

Bahituen bideoari erantzun dio Israelgo Gobernuak

Hamasek astelehen goizean hiru bahiturekin publikatu duen bideoari erantzunez oharra publikatu du Israelgo lehen ministroaren bulegoak.

"Hau Hamas-ISIS-en partetik propaganda psikologiko krudela da. Familiekin gaude. Gure esku dagoen guztia egingo dugu bahituak eta falta diren pertsonak etxera ekartzeko".

X sare sozialean, aurretik Twitter zena, Netanyahuk hiru emakumeen izen-abizenak jakinarazi ditu eta ondorengoa idatzi du: "Gerra krimenak egiten dituen Hamasek bahitutako Elena Trupanov, Daniel Aloni eta Ramon Kirshten-i zuzentzen natzaie. Besarkatzen zaituztet. Gure bihotzak zuekin eta beste bahituekin daude. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara bahitutako eta desagertutako pertsona guztiak etxera ekartzeko".

Istiluak eta 60 atxilotu Errusiako aireportu batean, errefuxiatu israeldarrak iristear zirelakoan

Errusiako Dagestanen istiluak sortu dira igande gauean, manifestariek aireportura jo dutenean Tel Avivetik ateratako hegazkin bat lur hartzear zela zurrumurrua zabaldu ostean.

Poliziak 60 lagun atxilotu ditu istiluak sortu dituztela egotzita, eta Kremlin-go bozeramale Dmitry Peskov-ek adierazi du gertaerak "atzerriko eraginen erruz" jazo direla.

Bere hitzetan, "intentzio maltzurrak dituztenek" Gazako sufrimendua erakusten duten irudiak erabili dituzte Kaukasoan gehiengo musulmana duen errepublika honetan jendea "aztoratzeko".

 

Preso trukea eskatzen duten bahitu batzuen bideoa argitaratu du Hamasek

Hamasek urriaren 7an bahitu zituen hiru israeldarren bideoa argitaratu du, Al Jazeeran irakur daitekeenez. Bertan, Hamasen eskakizun nagusia dena bere egiten dute: Israelen dauden preso palestinarrekin trukea.

Gutxienez 6.600 preso palestinar daude Israelgo espetxeetan, Palestinako Presoen Elkarteak emandako datuen arabera. Presoen eskubideen alde lan egiten duen Adameer elkarte palestinarraren arabera, 5.200 dira preso politikoak.

Urriaren 7an Hamasek erasoa egin zuenez geroztik, 1.590 palestinar atxilotu dituzte Israelgo militarrek.

Ondorengoa diote bideoan, hitzez hitz euskaratuta:


Israeldarren mezua Gazan Netanyahuri:

"Benjamin Netanyahu, kaixo, Hamasen gatibu daramatzagu 23 egun... Atzo prentsaurreko bat izan zen presoen familientzat, eta badakigu su-eten bat gertatzear zela. Askatuko gintuztela suposatzen zen, askatu egin behar gintuzuela, agindu zenuela, askatuko gintuztela.

Hala ere, zuen porrot politiko, segurtasun eta militarragatik sufritzen ari gara, zuek urriaren 7an eragin zenuten "porrotagatik". Ez gintuen lagundu soldadu bakar batek ere eta inor ez zen guregana etorri. Ez gintuzten defendatu, eta herritar errugabeak gara, Israelen zergak ordaintzen ditugun herritarrak.

Orain gatibu gaude eta zuek hiltzen ari zarete. Denok hil al nahi gaituzu? Armadak gu hiltzea nahi duzu. Ez al da nahikoa eragindako sarraskia? Zuretzat ez al da nahikoa herritar israeldarrak erailtzea? Aska gaitzazu orain. Aska gaitzazu. Aska itzazu. Aska itzazu beren 7.000 presoak. Askatu guztiak. Gure familiengana itzultzea merezi dugu. Orain. Orain!"

Ur gazia eta ur kutsatua edaten ari dira Gazan

AEBen barne dokumentuek jaso dute haurdun dauden 52.000 emakume eta 30.000 haur inguru ur kutsatua edo ur gatzatua edaten ari direla, Haaretz hedabide israeldarrak zabaldu duenez.

 

Israelgo tankeek atzera egin eta Gazatik atera dira

Goizean goizetik Gaza hirira hurbiltzen ari ziren tanke israeldarrek atzera egin berri dute, Al Jazeeran irakur daitekeenez. Gaza inguratzen duen hesian hiru kilometro inguru barneratu dira. Borroka handiak izan dira. 

Israelgo Defentsa ministerioak esan du bere guda hegazkinek egun batean 600 helburu kolpatu dituztela. Erasoa jaso duten eremuen artean dago Al-Azhar unibertsitatea. Bertatik tankeen aurkako misilak botatzen ari zirela adierazi du IDFk.

Azpiko bideoan ikus daiteke Gaza hiriaren kanpoaldean, iparraldetik hegoaldera ihes egiteko errepidea blokeatu duen tanke israeldar batek harrapatuta geratu den eta buelta ematen ari zen auto bati nola egin dion tiro.

Hildakoen kopuru eguneratua

Hauek dira urriak 7a geroztik hildako eta zaurituak, Al Jazeerak jaso duenez:

Gaza:
Hildakoak: 8.306
Zaurituak: 21.048

Zisjordanian:
Hildakoak: 119
Zaurituak: 1.960

Israel
Hildakoak: 1.405
Zaurituak: 5.431

 

"Heriotza arabiarrei": Israelen ikasle palestinarrak ebakuatu behar izan dituzte lintxamendu saiakera batetik

Larunbat gauean Israelen bizi diren ikasle palestinarrak erreskatatu behar izan dituzte Netanya izeneko hirian, Haaretzen irakur daitekeenez. Ehunka judu palestinar ikasleak bizi diren egoitzaren kanpoan bildu dira "heriotza arabiarrei" oihuka, esanez sinagogan egiten ari ziren otoitza eten zietela. Goiz hartan norbaitek bi arrautza bota zituen, eta beraiei egotzi zieten. Egoitza horretako leiho zenbaitetan bandera palestinarra zintzilikatu zutela aurpegiratzen diete, eta Israelek debekatu egin du bandera hori erakustea.

Bideoetan ikus daiteke jendetza kanpoan istiluak sortzen, Israelgo banderak airean, ateak gainditzen saiatzen. Pertsona hauek, gainera, saiatu ziren barrura sartu eta indarrez ateratzen palestinarrak.

Poliziak eta bertako zenbait pertsonak babestuta atera ziren ikasle palestinarrak lintxamendutik. Ikasle egoitza horretan beren gelak hutsik geratu dira eta herriko alkateak eskatu dio ikastetxeko zuzendaritzari logelak kentzea pertsona hauei eta gudak eragindako erbesteratuentzat egokitzea.

 

<< <
1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazaren aurkako sarraskia
Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


2024-12-17 | Leire Ibar
Gasteizen bizi diren Gazako bost familien egonaldia era mugagabean luzatzeko eskatu dute

Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]


2024-12-16 | ARGIA
Israelek Irlandan duen enbaxada itxi du, Dublinek genozidio salaketarekin bat egin ostean

Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.


2024-12-06 | Hala Bedi
Xabi Losada, Palestinarekin Elkartasuna
“Israelgo estatu terrorista ez da soilik harreman militarren bidez sostengatzen”

Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]


Frantziak “immunitatea” aitortu dio Netanyahuri, Libanoko su-etenaren truk

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]


Laguntza humanitarioa, etenda: 130.000 haur elikagai eta botikarik gabe

Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.


2024-11-26 | EHU Palestina
EHUn Israelen genozidioa eta apartheidarekin harreman oro aztertu eta eteteko batzordearen alde

Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


Gazako %36 guztiz suntsitu dute, base militarrekin lurraldearen kontrola segurtatzeko

Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]


2024-11-22 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez ditu harremanak apurtu Elbit Systems armagintza-enpresa sionistarekin

Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]


Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Israelgo justizia ikertzen ari da ea Netanyahuk bazuen urriaren 7ko Hamasen erasoen berri

Hori da Israelgo hedabideetan azken egunotan bolo-bolo dabilen albistea. Baieztapenaren inguruan auzi ugari daude, eta horietako batzuk ikerketa judizialean aztertzen ari dira. Israelgo Estatuko Fiskaltza urriaren amaieratik ikertzen ari da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen... [+]


2024-11-11 | Leire Ibar
Israelek fosforo zuriarekin gutxienez 24 eraso egin dituela dokumentatu du NBEk

Gazako herritarrei arma kimikoarekin eraso egin izana salatu du NBEren Giza Eskubideen Bulegoak ostiralean argitaratutako txosten batean. Fosforo zuria nazioarteko legedian debekatuta ez dagoen arren, debekatuta dago populazio zibilaren aurka erabiltzea.


Eguneraketa berriak daude