Egun bost unibertsitate ofizial kokatzen dira Euskal Herrian: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Unibertsitatea. Horiekin batera badira ordezkaritza duten beste bi unibertsitate: UNED Hego Euskal Herrian eta Pabeko Unibertsitatea Ipar Euskal Herrian. Testuinguru horretan, Udako Euskal Unibertsitateak, 40 urte ondoren izaera ofizialik ez badu ere, Euskal Unibertsitatearen sorrerako erakunde unibertsitario erreferentziala da.
Aipatzekoa da hainbat unibertsitatek euskararen erabilera normalizatzeko egiten ari diren lana, baina oraindik, UEU salbu, ez dago euskaraz normaltasunez diharduen unibertsitaterik. Alde handiak dauden arren batzuetatik besteetara, guztietan dago egiteko ugari euskara normaltasunez erabiltzeko maila guztietan, ondoriozta dezakegularik euskara bigarren mailako hizkuntza dela 2012an, nahiz eta euskara unibertsitateetako egitekoetan bai eta aurten aukeratu berri ditugun EHU eta NUPeko errektoreen egitasmoetan sartuta egon.
Ikerkuntzari dagokionez, euskarazko ikerketa proiektuak urriak dira eta ikerketa-talde euskaldun gutxi daude. Ez da errentagarria euskaraz ikertzea: laguntza gutxi, curriculumerako balio eskasa, sortze lan handia eskatzen du terminologia mailan, talde eraketan, baliabide urriak eta beste hizkuntzetara itzuli beharra aintzat hartzea nahi bada. Hortaz, euskarak esparru horretan duen egoera eskasa da, eta euskarazko doktorego tesiak aurrera eramateko mugak, handiak. Inguma dugu UEUk eskainitako euskal komunitate zientifikoaren datu-basea eta bertan kontsulta dezakegu euskarazko unibertsitate mailako produkzioa, artikulu eta hitzaldietatik hasi eta doktorego tesietaraino.
Ezinbestekoa dugu unibertsitate arteko elkarlana, aurrera egin nahi badugu; euskal komunitate zientifikoa ezagutu eta ahal den neurrian bildu, euskaraz ikertu, euskal jakintza elikatu, ikerketa bilkurak ehundu eta euskal produkzio zientifikoa biltzeko. Ez dugu erraza, baina, 2012ko murrizketa ekonomikoan murgilduta gauden honetan; ez ikasle presoak oraindik ere Euskal Herriko unibertsitateetan matrikulatu ezin diren honetan; ez eta are suntsigarriagoa den Espainiako Wert ministroak mehatxatzen digun murrizketa ideologiko-zentralistarekin. Badugu beraz zeregina.
© 2009 ARGIA.com