2012a urte polita izan da sarean gabiltzan euskaldunontzat, mugitua bai behintzat. Esango nuke indartu egin garela azken hamabi hilabeteotan. Ekimen interesgarriak abiatu dira eta lehendik genituen zenbait proiektu berritu dira.
Azken talde honetatik hastearren, euskarazko zenbait proiektu berritu dituzte, hala funtzionalitatea eta inpaktua hobetuz. Euskara hutsezko proiektuak aipatzearren, Hamaika telebistaren webgune berritzea, Zuzeuren diseinu ukituak, Sustaturen berraktibazio interesgarria pilotu automatikoarekin, edo argiaren webgune berritzea. Lan hauek eginda irizpideak markatu ditu bakoitzak 2013an aurrera egiteko, eta ziur jaka berriok soinean, erosoago ariko garela.
Datu zehatzik ez dugun arren, ziur naiz gora doala sarean ere euskaraz bizi garenon kopurua, bai behintzat sarean euskarazko edukiekin geroz eta asetuago sentitzen garenona behintzat. Twitterreko denbora lerroari begiratu besterik ez dago ikusteko zenbat jende ari den profilak egiten azken urtean, ondoren euskaraz mintzatuz. Sakondu beharreko bidea da alajaina, oraindik ere milaka baitira euskaraz jakin eta ingurune edo erreferentzia euskaldunen faltan frantsesez eta gazteleraz mintzatzen diren erabiltzaileak.
Sarean euskaraz ibiltzeko lan eraginkorrena ziurrenik LibreZale bezalako lantaldeek egiten dute. Aurten ere hainbat programa libre euskaratu dituzte. Euskarazko Wikipediak ere 148.000 artikuluko muga gainditu du, hainbat bolondresen lan eskergari esker. Kapitulu honetan esan, azken bi urteotan Eusko Jaurlaritzak Lur Hitzegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopediak liberatzea erabaki izana benetan poztekoa dela. Euskarazko edukien zirkulazioa eta ikusgarritasuna handitzea dakarte halako erabakiek, eta euskaldunok behar dugu gure mundua azaltzen lagunduko diguten materiala, izan testuak, argazkiak, audioak edo bideoak. Zentzu honetan, aipatu nahi nuke ARGIAn gure edukiak liberatu ditugula aurten. Hemendik aurrera, Wikipedian, blogetan, liburuetan, telebista saioetan edo dena delako euskarritan, guk ekoitzitako materiala erbaili ahal izango du edonork, iturria aipatuz gero eta era berean zabalduz gero.
Hala ere, LibreZale eta Wikipediako proiektu iraunkorren aldean –nolabait definitzearren–, beste modu bateko esperientziak ere protagonismoa hartu dute aurten. Proiektu zehatz batzuek jende mordoa mugitu dute, tresnak euskaratze prozesuan. Adibiderik garbiena ziurrenik Twitterren euskaratzea bera izan da, batetik konpainiari itzulpen zentroa irekitzeko kanpaina eginez, eta behin hori lortuta, tresna bera itzultzen. Euskarak aurten espazioa irabazi duela esatera ausartuko nintzateke eta aldi berean, etorkizunean fruituak jasotzeko haziak ereini direla. Antolakuntza berriak sortu dira. Twitter itzuli da, Whatsapp egungo modako aplikazioa, Android mugikorrak itzultzeko taldea sortu da.. eta alor honetan, jende berriak elkar ezagutu du. Eta garrantzitsuena nere ustez, teknologia berrietan euskarak jokatu behar duen papera argi ikusten duen jende kopurua gora doa. Honetan zortea dugu, katalanak oso eredu ona dira.
Mugikor inteligenteen zabalkunde masiboa aurtengo fenomenoa izan da. Aukera berri asko ematen dituzte, eta gizartean adikzio mailak gora doaz. Hizkuntza ikuspegitik baina, lan handia dago egiteko. Tresna hauek erabiltzen dituen euskaldun oro frantsesez edo gaztelaniaz ari da, eta horrek itzulpenari presa eta garrantzi handia ematen dio. Oso pozgarria da Android mugikorrak euskaratzeko kanpainak abiatu izana, hauek baitira mugikorren %80ak, baina iPhonak ere itzultzeko bidea pentsatzen joan behar genuke, katalanek beren hizkuntzan dituzte, beraz, guk ere izan ditzakegu.
Amaitzeko ideia bat nabarmendu nahi nuke. EuskaraBildua jardunaldietan Albert Cuesta kazetariak ideia berriak aipatu zituen: Ahozko teknologia garatu behar dugu. Kafe makinari, GPSari, autoari edo telebistari hitz egin eta honek ulertzeko bidea egiten ari dira munduko teknologia zentroetan, beraz, euskara hauetan txertatzeko ere zerbait pentsatzen hastea ez legoke gaizki.
© 2009 ARGIA.com