Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

InternetSailak



Sare sozialen urtea

Lander Arbelaitz

XXI. mendeko lehen krisi ekonomiko honetan, egin dugu urtarriletik abendura arteko bidea, eta tronpatzeko beldurrik gabe, esan dezakegu sarea ez dela gelditu. Sare sozialek erabat baldintzatu dute 2010eko jarduna, eta bizitza errealean ere geroz eta erreferentzia gehiago egiten zaizkie Facebook, Tuenti eta Twitterri. AEBetan, Facebook Google baino bisitatuagoa izaten ari da egun batzuetan.

Ez da talde edo erakunderik geratu sare sozialetatik kanpo, mirariak egiten dituztela dirudi, norbaitengana heltzea edo inork norberari buruz duen irudia aldatzea badu helburu, han egongo da. Hau da, marketin tresna bilakatu direla eta jendea gogaitzen hasi duen moda txatxutzat hartzera ausartuko nintzateke, bai behintzat Facebook. Obamaren ziber-kanpaina eredu hartuta, alderdi politiko eta erakunde guztiak bertan arrantzan ikustea pixka bat aspergarria da.

Etxera etorrita, Euskal Herrian sortu dira sare sozialen alorreko bi proiektu: Bata, ZuTaGu. “Ezagutza partekatzen” lemapean, ideia polita sortu dute, baina handien itzalpean aritze horrek eragina izango du eta ez du jende gehiegi inguratzerik lortu. Ikusi egin behar, beste bultzada bat ematen zaion, ala maldan behera eroriko den guztiz, beste asko erori diren gisan.

Bestea, Berriketan.info; azken aldian Euskal Herrian Interneten sortu den proiekturik interesgarrienetakoa da. Balorazio sakonik egiteko goizegi bada ere, ezin uka daiteke euskaldunon arteko sare sozial interesgarri izateko elementuak badituela. Itxura ona du, batez ere, kontutan hartzen bada, sare sozialak orain arte oso tresna zentralizatuak (beraz, menpekoak) direla. Gaia aipatuta, esan aurten Facebookek zenbait euskal herritarren profilak ezabatzea erabaki zuela AEBetan egon bide duen zuzendaritzak, azalpen handirik eman gabe, adibidez, Arnaldo Otegirena.

Horrez gain, sare sozial horien lehen biktimak agertzen hasi dira. Soinu askorik atera gabe, hau da, Interneteko guneak normalki hiltzen diren moduan, azken hatsak ematen ari dira AupaTu eta Zabaldu.com. Albiste interesgarriak partekatzeko sortutako webguneak. Oraindik erabiltzen badira ere, geroz eta gutxiago. Twitterrek hartu du ezinbestean euren espazioa.

Honez gain, bideoen urtea izan da. Bideo motzen, luzeen, LipDuben eta zuzeneko bideoen urtea. Erabat sustraitu da ordubetetik gorako bideoak pantaila aurrean ikusteko ohitura –zenbat gazte dagoen engantxatuta telebistarako grabatu ziren telesailen batera Interneten!–. Hala ere, urtearen bigarren erdian batez ere, gazteen artean indarra hartzen joan den generoa da LipDuba. Zenbait txapelketa antolatzea nahikoa izan da euskarazko lan onek sarean milaka bisita izateko.

Azkenik, Wikileaks filtrazio eta dokumentu sekretuak aireratzen dituen webguneak ere eman du zeresana. Urtebetean munduko gobernurik indartsuenen trapu zikinak atera ditu, nahiz eta Euskal Herrian oraindik Euskaleaks baten zain gauden. Bitartean, zenbait otorduren fakturak ibili dira emailez email.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan