Ipuina konta daiteke ahoz, konta daiteke eskuz, edo konta daiteke begiz. Palestinan gizon bat ibili zen, begiak eskutan, isil-isilik, oinez doazen istorioak gelditu nahian. Eta behin gelditutakoan, elkartu egin ditu, elkarren anparoan hizketan hasten direlako, ipuin bat kontatzen. Gauero ipuin bat entzunez lo hartzen duten haurrek bezala, goizero esnatuko da begitxoa ipuin berri bat kontatzera.Egunez egun, ipuinez ipuin, hamabost osatu arte. Hamabost ipuin begiz kontatuak, hamabost ipuin begiz entzutekoak. osatu arte.
Esaten diote arabiarrek. Jerusalem deitzen diogu guk, hebreera baita gure hizkuntza ofiziala. Mendebaldeko inperio guziak pasa dira hiri santutik, erromatarrak eta persiarrak, babiloniarrak eta otomandarrak, arabiarrak eta ingelesak... Israeldarrak orain. Baina gu ere, euskaldunak, santuak gu, ez gara ibili gabeak.
argazki bilduma ikusi"Herri bat ezagutu nahi baduzu, lehendabiziko gauza joan zaitez merkatura. Baina ez ezer erosi, are gutxiago saldu, egon begira. Eta aberastuta aterako zara". Aitona bati entzun nion, eta ez zen preseski Jerusalemgoa bera, baina asmatu zuen Jerusalem ezagutzeko bidea. Larunbatero-larunbatero Mehane Yehuda merkatuan kabitzen baita Jerusalem osoa. Eta baita zu ere joaten baldin bazara.
argazki bilduma ikusiBaziren trobadoreak, eta badira dezimistak, edo payadoreak, edo glosadoreak, edo nik ez dakit nola deitutako inprobisatzaileak, bakoitza bere munduan, baina gure munduan denak. Bertsolariak Euskal Herrian. Eta poeta herrikoiak Palestinan. Hona hemen lagin txiki bat.
argazki bilduma ikusiPentsamenduari ezin zaio argazkirik atera. Baina pentsalariari bai. Keinukerari ere bai, postura eseriari bestela, edo hatz bati zerbait esan nahi duenean. Eta ez duenetan, eta isilik dagoenean ezpain artean. Bi poeta, filosofo bat, eta eskultore bat. Eta argazkilari bat pentsamenduei begira.
argazki bilduma ikusi“Arratsalde on!” edo “kaixo!” esan ziguten, edo zerbait euskaraz behintzat, eta harrituta gelditu ginen. Ahmad Saadat, FPLPko burua falta den etxean, euskara entzun genuen, lehen aldiz. Palestinara iritsi ginenetik ez genuen besteren ahotan euskararik entzun, eta Saadatarren etxean bai, agurra euskaraz. Eta gero, “zuen etxean zaudete”. Sokran. Arabieraz erantzun genien guk. Bakoitzak bere apurretik. Eta marka, azkenean, ingelesez egin genuen elkarrizketa.
argazki bilduma ikusiBassam eta Yasser. Ez da bi izenek egitura bera dutelako bakarrik. Yasser eta Bassam. Ez da biak, kontsonante batez hasi, a bokalaz segitu, kontsonante bikoiztu bat kateatu, eta bokal eta kontsonante batez bukatzen direlako bakarrik. Bassametik Yasserrera dagoen bidea kultura ministro batetik pertsonaia historiko batengana dagoen tartea da. Baina azken finean, politikak politika, historiak kultura bihurtzen du edozein pertsonaia.
argazki bilduma ikusiFadwa emazteak hala eskatzen du, Abbas presidenteak ere bai, herri palestinarrak aldarri hori du ahoan, eta guk ere nahi dugu. Marwan Barghouti Fatako liderra horma irudi hauetatik askatu, esku burdinak eten, eta kalera atera dadila. Argazkilari batek sekula ez luke hainbesteko pozik hartuko bere argazkiak zaharkituak gelditu direla ikustean.
argazki bilduma ikusiEz nuen sekula pentsatu nolako zortea den norbera jaio den lekukoa izatea. Palestinar gehienak ez dira hala. “Egun batean nire herrixka erakutsiko dizut”, esaten dizute askok irribarretxo ameslari bat zabalduta. Eta urrutira jaurtitzen dituzte begiak, han goraino, ia-ia beren herrixka ikus daitekeen lekuraino, baina ezin. Oraindik ez dute sekula ere ikusi. Ez dira sekula ere izan. Gu ere ez. Gu Balatan izan ginen, guk Balata ikusi genuen, milaka errefuxiatu palestinar jaio eta bizi diren “herrixka”. Eta Balatan milaka haurtxo hurbilduko zaizkizu, eta denek irakurriko dizute ipuin liburu bera: “Ni ez naiz hemengoa”.
argazki bilduma ikusiAzzan al-Ahmed lehen ministro ordeari elkarrizketa emango ote zigun galdetu genion, eta oso atsegin, baietz esan zigun. Biharamunean, urte hasieratik txakur txikirik kobratu gabe dauden funtzionario denek beraiekin hitz egitera aterako ote zen galdetu zioten, eta lehen ministro ordeak, zakarxeago, baina baietz esan zien haiei ere.
argazki bilduma ikusiGerrako argazkilari bati entzun nion kazetari askok oilo bustiaren isatseko lumarekin idazten duela. Eta ulertu nion, kazetariaren lumak ez daukala zertan frenteko lehen lerroan ibili, idatz dezakeela beste norbaiten begiek ikusia, eta berari belarrira kontatua. Argazkilariak kontatuko dio askotan. Kamerak ez baitaki ikusten ez duenari irudirik ateratzen, eta joan beharra dauka, tiroen artera, nahi edo ez. Gazara adibidez. Gazara joatea bala galduen bila joatea bezala da gaur egun. Eta guri ez ziguten ausartak izateko baimenik eman. Eta eskertzen diet, zinez. Baina baimenik ezean, kazetari bat aurkitu genuen, turkiarra, Nursel Gurdilek, Gazari buruz benetako luma batekin idazten duena. Eta guk, Gazari ezin, eta benetako lumari atera genizkion argazkiak.
argazki bilduma ikusiEta ez du inork berak bezain ongi definitu Belenen auzo den Beit Jalla herriko ospitalearen izaera: “ospitale honetan badira kristauak, eta badira musulmanak. Eta juduekin ere ez dugu arazorik, haiek dira gurekin arazoa dutenak. Baina etorriko balira beso zabalik hartuko nituzke, eta ikusiko lukete, palestinar lur pobrean dagoen ospitale hau nazioarteko ospitale aurreratuenetako bat dela, eta denentzako irekia”. Sartu, eta ikusi.
argazki bilduma ikusiBelen ondoko ospitalean ez dira haur txikiak jaio bakarrik egiten, gazteei ebakuntzak egiten zaizkie, helduak fisioterapeutarenean izaten dira, eta gorputz atal guztientzako zaintza koordinatua dago, sos eta denbora gutxiago galtzeko gaixoak. Israeldarrak horma eraikitzen ari diren lerrotik hamar metrora, kolonoen kokagune baten aurre-aurrean, Palestinako lur behartsuetan, Ekialde Hurbil osoko ospitalerik aitzindarienetako bat dago, Europan ere nekez aurki daitekeena. Eta bertan dago Yaser, soldadu israeldarrek taxia gidatzen ari zela tiroz jo eta koman utzitako gaztea. Pixkanaka-pixkanaka, ekinaren ekinez, berriro jaiotzen ari da.
argazki bilduma ikusiZoharri galdetu ziotenean eskolan zer izan nahi zuen handitzean, “nik, gizondutakoan, haurra izan nahi nuke” erantzun zuen, baina hori ezinezkoa da esan zioten, “orduan okina” erabaki zuen. “Zergatik?” galderak egiteko jaio ziren andereñoak, eta lehenago haurraren kontura zentzugabekeria esan bazuen, zergatik hari zentzuz hornitutako erantzuna luzatu zion: “etxera ogia eramateko”. Azkenean erizaintza ikasi zuen, eta anbulantzian hasi zen lanean. Eta batzutan pentsatzen zuen, ez zebilela bere ametsetik hain urrun, anbulantzian ere gauez lan egitea tokatzen baitzitzaion, eta batzutan ogia eramaten baitzuen etxera.
argazki bilduma ikusiNabuluseko alde zaharreko hormak martirien afixez jantziak daude. Eta afixa bat eranzten baldin baduzu, atzean, deskubrituko duzu beste afixa bat, eta atzean beste bat, eta beste bat, eta beste bat, eta ehunka martiri horma hotza berotuz. Milaka soineko larrutik ordainduak. Baina milaka erantzi, eta erantzi ehunka, eta erantzi eta erantzi banaka-banaka, eta azkenean, afixa higatu bat aurkituko duzu hormaren azalean itsatsia, eta erantzi hura ere, eta atzean, horma. Eta hormaren atzean, sukalde bat, eta ama malko artean platerak lehortzen, eta atzean sala, eta aita seme txikia kontsolatzen, eta atzean logela bat, hutsik, eta ohea deseginda.
argazki bilduma ikusiNabuluseko alde zaharrean kale itsu bat da bizitza. Haur txikiak eskolara bidean doazela tiro egiten diete. Etxera itzultzen diren arratsetan, anaia bat falta izaten da etxetik, soldaduek eramana, tarte baterako, edo agian, betirako. Gaua iristen denean tiro hotsek esnatzen dituzte, beldurrez. Eta ez da harritzekoa, hamasei hamazazpi urte betetakoan, gaueko ilunetan kalera atera, eta bizitzari tiroz erantzuten hasten baldin badira. Indarrez, amorruz, odol beroz, baina etsita. Kale itsu bat baita bizitza.
argazki bilduma ikusi© 2005 ARGIA.eus