Egilea: Karlos Zurutuza
Badakigu zenbat diren flandestar eta zenbat frantsesdunak Belgikan. Ezagunak dira baita ere, Bruselako magrebtarren datu zehatzak, edo Antwerpen bizi diren judutarrenak. Baina misterioa da oraindik Bruselan zenbat eurokrata dauden. Batzuk diote hiriburuko populazioaren %20a gainditzen dutela. Egia balitz, 200.000tik gorako kopuruaz hitz egingo genuke.
Gaur Europar parlamentua, bankua eta etiketa bereko egoitzak kanpotik bisitatu ditut. Aluminio eta kristalezko auzo erraldoia da. Alde asko obratan daude, baina ez dirudi eraikin berriek abangoardiako monotonia hura hautsiko dutenik. Baina kristalezko fatxada batean kolore pintzelkada sumatu dut. “Respect the Irish vote” (errespeta ezazu irlandar bozka) zioen leloa, leiho batetik zintzilikatutako elastiko berde batean. Elastikoa horituta zegoen, uda osoa eguzkipean emango baitzuen ziurrenik. Gogoan baduzue, Irlandak joan zen ekainean eman zion bere ezezko borobila Lisboako Itunari.
“Irlandak Europaren kontra bozkatu du”, zioten, eta diote egun ere eurokratek. “Irlandan badakigu irakurtzen”, erantzun zien Declan Ganleyk, irlako ezezkoaren aldeko bultzatzaileetako batek. “Lisboako Ituna, Frantziak eta Herbehereak lehenago errefusatutako dokumentuaren kalkoa da. Jendeari entzungor egitea onartezina da”, gaineratu zuen irlandar analistak.
Herri txiki haren erantzunak hemengo kristalezko dorreak astindu zituen une batez. Tamalez, bertan egosten ari da saldu nahi diguten Europa; pasillo eta parlamentuetako negoziazio ilunen bidez onduta. “Ez kezkatu, utzi guri pentsatzen eta emaiguzu bozka gero”, omen da mezua. Demokrazia ala “tirania leuna” ote?
Irlandak oso argi dauka.
Irlandak bai, eta guk? Guk argi al daukagu zer nahi dugun? Segi fuerte Karlos!
Ion 2008-09-19 15:40:32© 2008 ARGIA.eus