Goizeko hamarretan hastekoa zen epaiketa, baina bederatzietarako jende andana bilduta zegoen Espainiako Auzitegi Nazionaleko San Fernando de Henares-eko epaitegietan: 47 auzipetuak, haien lagun eta senideak, EH Bildu, ERC eta Junts Per Catalalunya alderdietako ordezkariak, auzipetuen abokatuak eta Euskal Herriko zein Espainiako hedabideetako kazetari ugari, besteak beste.
Irribarreak ezinegonarekin eta urduritasunarekin nahasten ziren auzipetu, senide eta lagunen artean. Epaitegira sartu aurretik Ibon Meñika auzipetuak egin ditu adierazpenak. “Ez gatoz hona justizia bila”, esan du hasteko, Auzitegi Nazionala salbuespen epaitegia dela azpimarratuz. Epaiketan Euskal Herriari begira aritzeko asmoa azaldu du Meñikak, “iragana” atzean utzi eta “etorkizuna” elikatzeko asmoz. Euskal jendarteak etorkizun hori bidegabekeriarik gabea nahi duela azpimarratu du, eta auzipetuek norabide horretan ekarpena egiteko prest daudela agertu. ERC, Junts per Catalunya eta ERC alderdiek Madrilen dituzten ordezkariek epaiketa salatu eta elkartasuna adierazi diete auzipetuei.
Txalo artean sartu dira epaitegira auzipetuak. Tentsioa , haserrea, harridura edo etsipena zabaldu dira une batez senide eta lagunen artean, auzitegiko arduradunek publikorako hogei leku soilik zeudela esan dietenean. Kanpoan gelditu behar izan dute batzuek. Prentsa aretoan urduritasuna ere kazetarien artean, epaiketa jarraitzeko pantailaren audioa ez zihoalako epaiketa hasita egonik ere. Audioa bueltatzerako, fiskala banan-banan ari zitzaien galdetzen auzipetuei leporatzen zaizkien egitateak onartzen dituzten edo ez. Auzipetu guztiek baiezkoarekin erantzun dute, aldarte serioan. Erronda amaituta, fiskaltzak akordioaren berri eman du, eta defentsek zein akusazio partikularrek onartu egin dute. Akordioa berretsia geratu da. Ordu erdi eskasean igaro da dena.
Kalera irten dira auzipetuak eta haien abokatuak jarraian. Auzipetuen aurpegiek eta zenbaiten begi dirdiratsuek seriotasuna eta askatu gabeko sentimendu intentsuak helarazten zituzten. Urdaileko nahaspila aipatu du batek baino gehiagok. Senide eta lagunen artean poz keinuak nabariagoak ziren.
Amaia Izko auzipetuak hartu du hitza, gainontzeko sumario kideez inguratuta eta Jon Enparantza eta Arantza Zulueta ondoan zituela. Zulueta eta Enparantza dira espetxera bueltatu beharko duten auzipetu bakarrak, bost hilabetez. Izkok “salbuespen politika eta legedien” testuinguruan kokatu du akordioa. Onartzearen erabakia kolektiboa izan dela eta “irtenbideak” elikatzeko nahian hartu dutela nabarmendu du. Konponbide horretan, “preso eta iheslarien auzirako soluzio agenda” baten beharra azpimarratu du Izkok auzipetuen izenean.
Igandean Madrilera ekarri zituzten Mirentxinen furgonetetara bueltatu dira ondoren auzipetuak, Madril lehen bai lehen atzean utzi eta bide erdian elkarrekin bazkaltzeko asmoz. Fokuetatik aldendu ahala, sentimenduak askatzen hasi dira batzuk, pixkana.
Amaitu da 2013tik luzatu den amesgaiztoa. Edo, eman zaio hasiera amaierari: bi pertsona espetxera bueltatuko dira bost hilabetez, eta oharkabean geratu ohi diren urteetako inhabilitazioek kalte esanguratsuak ekarri dizkiete beste hainbati. Auzipetuak ez zihoazen auzitegira justizia bila, eta ez dute horrelakorik aurkitu bertan. Hurrengo egunetan urteetako itxarote ankerrak eta gaurko bizipenek sortutako korapilo pertsonalak askatzen joango dira auzipetuak. Hurrengo hilabeteetan herri honen korapilo kolektibo handienetako batzuk askatzeko aldarria eginez hartu dute Euskal Herrirako bidea.
Jonan Fernandez, Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Lankidetzarako Eusko Jaurlaritzako idazkariak balorazio positiboa egin du 11/13 makroauziaz astelehen goizean Auzitegi Nazionalean lortu den akordioaz.
Bizikidetzarako positiboa dela adierazi du eta honekin tentsio une bat desegiten dela. Aldi berean, halakoak etorkizunean beste esparru batzuetan akordioak lortzeko erreferentzia direla azpimarratu du, bai kartzela politikan bai antzekoetan.
Auzipetuak banan-banan pasatu dira epaimahaiaren aurretik eta galdetu diete ea onartzen duten egiten zaizkien akusazioak,.Denek baietz erantzun dute eta akusazioek adierazi dute ez dagoela zertan jarraitu ahozko auziarekin.
Lortutako akordioaren arabera, benek espetxea saihestuko dute, salbu eta bi auzipetuk: Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak. Zuluetak hiru ute eta sei hilabeteko zigorra jaso du eta Enparantzak bi urte eta zazpi hilabetekoa. Hala ere, aldez aurretik espetxean izan diren denbora kontuan hartuta, orain bost hilabete egin beharko dute espetxean.
Gainerako 45 auzipetuetako talde batek bi urteko espetxe zigorra jasoko du eta beste batek urtebete eta sei hilabetekoa. Akordio horrekin orain epaia idatziko da.
Akordioaren berri jakin denean, auzipetuek Auztiegi Nazionalean bertan adierazi dutenez, akordioa erabaki kolektiboa izan da eta salbuespen egoerak bultzatu dituela zigorrak onartzera, bestela hauek askoz handiagoak izateko arriskua zutelako. Euskal Herriak egun bizi duen egoeran ez dela preso gehiago behar azpimarratu dute eta akordio honekin hori saihesten dutela neurri handi batean. Egindako adierazpenaren amaieran azpimarratu dute orain agendaren lehen lerroan jarri behar dela preso eta iheslarien gaia, hauek ere irtenbide bat izan dezaten.
Makroepaiketetarako propio prestatutako San Fernando de Henareseko epaitegietan egingo da epaiketa. Aste honetan astelehen, astearte eta asteazkenean daude zitatuak auzipetuak. Ondoren, hiru astetako etena izango du epaiketak. Orotara 18 saio aurreikusi dira, hiru hilabetez luzatuko direnak.
Lopidana zerbitzu gunetik Madrilerako norabidean irten eta lau kilometrotara, azken maitasun keinua jaso dute auzipetuek. Herritar batzuek “47ak herrian, kopon! Maite zaituztegu” zioen pankarta handi bat zabaldu dute zubi batetik behera, furgonetak azpitik pasatzear zirela. Bozina joz eskertu diete keinua auzipetuek.
Madrilen mezu berbera zabalduko dutela esan du auzipetuen bozeramaileak: “Epaiketak iragan ilun batera eramaten gaitu, eta guk geuk eta jendarteak aurrera begiratu nahi dugu. Hori da bihar eramango dugun mezua: soluziorako agenda bat behar dela, presoen auzian baina baita ere konponbidearekin lotutako afera ezberdinetan”
Akordio baten aukeraz galdetuta, aukera baztertu gabe bada ere auzipetuak epaiketaren klabean daudela adierazi du Zarrabeitiak: “Ez gara espekulazioetan sartuko. Epaiketa guztiek dituzte beren tempusak eta aukera ezberdinak, baina gaur gaurkoz dakiguna da bihar epaiketa hasiko dela. Maleta egina etorri gara”.
Irten aurretik, larunbateko manifestazio jendetsuan jasotako babesa eskertu dute auzipetuek. Epaiketara soluzioen aldeko mezuarekin doazela adierazi dute, presoen alorrean zein “konponbidearekin lotutako afera ezberdinetan”. 601 espetxe urteko zigorra eskatzen diete 47 auzipetuei, eta epaiketa hiru hilabetez luzatuko da.
Astelehen goizean hasiko da 11/13 auziko epaiketa, eta igande goizean abiatu dira auzipetuak Madrilera. Gasteiz ondoko Lopidana zerbitzu gunean egin dute prentsa agerraldia 47 auzipetuek. Ez da ausaz aukeratutako tokia. Bertan egiten dute hitzordua astez aste euskal preso politikoen senide eta lagunek, espetxeetara bidaian irteteko. Senideak eta presoak hartu dituzte gogoan, Madrilera Mirentxin gidarien furgonetetan abiatu aurretik.
Beñat Zarrabeitia auzipetuak egin ditu adierazpenak auzipetuen izenean. Lehenik eta behin, larunbatean Bilboko kaleetan jasotako elkartasun uholdea eskertu du Zarrabeitiak: “Babes pertsonal eta kolektibo oso esanguratsua izan da, asko indartzen gaituena. Oso pozik gaude”. Astelehenean hasiko den epaiketaren aurkako mezuaz gain, manifestazioak beste mezu batzuk ere helarazi dituela nabarmendu du: “Herritarrek larunbatean konponbideari bai esan zioten, espetxe politika aldatu beharra dagoela, eta etorkizunari begira jartzeko ordua dela”.
Irailaren 16an hasita, euskal presoen eskubideen defentsan aritutako 47 euskal herritar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean: osasun arloko profesionalak, abokatuak eta presoen eskubideen aldeko eragileetako kideak dira auzipetuak. IrtenBidera. Giza eskubideak,... [+]