Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraZuberoaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Zuberoa Maule-Ospitale-Pia-Eskiula-Atharratze

DONAPALEUKO (SAINT PALAIS) ERDIALDEAN hasiko gara. Hau Nafarroa Behereko herririk populatuena dugu eta Erdi Aroan gaur baino garrantzi handiagoa izan zuen, Nafar Gortearen egoitza izan baitzen. Nafarroako txanpon ofiziala ere bertan ekoizten zen 1351z geroztik. Herriko Etxearen barruko etxartean Nafarroa Beherea eta Santiago Bidearen Museoa dago (urte osoan zabalik -udan igande goizak ere bai-, 9:30-12:30 eta 14:30-18:30 ordutegiarekin); helduen sarrera 15 libera.

Rue du Palais de Justice-n Txanpon Fabrika zaharra eta Erdi Aroko St. Paul eliza ditugu. Honen aurrean XVI.-XVII.eko Erdoiren Etxea, Nafarroako Errege-erreginak karikaturarizatzen dituzten medailoiekin. Pixka bat aurrerago Errege-Etxea (Maison du Roi) eta espetxea ditugu. Edonondik St. Madalein eliza neogotikoaren kanpandorre lerdena ikusiko dugu.

Maulerako bidean Behazkane, jada Zuberoan Domintxine (frontoi, Herriko Etxe eta batik bat elizak sortutako osotasun ederra), Etxarri (XIX.eko Berpizkundeko Jauregia) eta Arüe (XVIII.eko Joantho-ren Jauregia) herrixketatik pasako gara.

Azken bi hauen inguruan dagoeneko baserrien itxuraldaketa nabaria da, tonu gorriek urdinei utzi baitiete lekua. Paisajea ere ezberdina da; landaretza handia ikus dezakegu, baso txiki baina itxiak, fauna zabala duen uharkaren bat...

Sarrikota-Pian (Charritte-de-Bas) Sarrikotako jauregia nabarmenduko dugu, eta erdialdean Zuberoako beste ezaugarri bat, eliza trinitaria, alegia. Undüreinen eliza ederra bisitatuko dugu. Zintzilikako arbelezko kanpandorrea, ate gotikoa eta 1661eko hilarri diskoidala ditu. Bildoze-Omizepian (Viodos-Abense-de-Bas) berriz, beste eliza hirukoiztar bat eta Dalgalarrondo makila lantegia ditugu.

24. kilometroan Mauleko enparantzara helduko gara. Maule Zuberoako hiriburua da, baina Frantziako Iraultza izan arte foru propioa zuen. Protestantismoarekin eta Matalas iraultzaile-abertzalearekin ere lotua dago eta bizi izandako gorabeheren ondorioz ondare historiko-artistiko zabala du.

MAULETIK OLORUERAKO BIDEA HARTUZ, segituan Sohüta dugu. Bere gazteluaren inguruan Frantziako erregearen gudarosteek Matalas eta zuberotar eskubideen aldeko 400dik gora (Matalas bera barne) gudari erail zituzten.

4 kilometrotara Uhalten ezkerrera eginez, "postaleko" paisaje zoragarriak zeharkatzen hasiko gara, zuhaitz pila eta landaretza zabalaren artean. Tarteka-marteka ohiko xiberotar teilatu urdindun baserri eta bordak ikusiko ditugu.

Bidegurutzetik 8 kilometrotara Ospitale-Pia (L-H-pital-St. Blaise) dugu. Eliza erromaniko-bizantiar harrigarria Santiago Bidearen etapa garrantzitsua zen. XII.ean eraikia, gurutze grekoan, eragin hispaniar-arabiarrak ditu, kanpandorre oktogonalari eusten dion izar itxurako kupulan, mudejar estiloko leihoetan, arku polilobulatuetan, sarrerako kapiteletan... perla artistiko bakarra bihurtuz.

Berriz ere bidegurutzean, orain ezkerrera Barkoxerantz joko dugu. Gero eta paisaje ikusgarriagoak begiratzen joango gara, eta 7-8 kilometrotara bailaretako eta Pirinioetako ikuspegi ederra izango dugu. Kilometro bat gehiago eginda ikusiko duguna Barkoxe kokatzen den bailara polita izango da. Herri lasai honetan Pierre Topet "Etxahun" (1786-1862) bertsolari-idazle handia jaio zen. Bere olerkiak herriaren ahozko tradizioari esker gorde dira, bere sendiak hiltzean idatzitako koaderno guztiak erre zituelako.

Oloruerako errepidea segitzen badugu, 7 kilometrotara Euskal Herritik kanpo, Frantziako Biarnon dagoen herrira helduko gara, Eskiulara.

ZUBEROAN ELIZAK ERE BEREZIAK Berriz ere Maulera itzulirik, orain Atharratzerantz joko dugu. Lehenbizi Irabarne-Libarrenxetik (eliza hirukoiztarra eta jauregi bat) igaroz.

Gotaņek eliza hirukoiztar oso ospetsua du. Berau marko zuridun leihoak eta paretetan landareak dituen etxe baten aurreko bidegurutzean ezkerrera egina dago. Zuberoako eliza berezi hauen harrizko aurrealdea kalbario-kanpandorre hirukoitz batek errematatu ohi du. Erdiko tontorra beste biak baino altuagoa denez, Kalbarioa adierazten duela uste da: Jesus eta bi lapurrak gurutzeetan.

Mendikota (Menditte) herrixka politera iristeko errepidea pixka batean utziko dugu, eta berriz itzultzean Zalgizetik (Sauguis) pasako gara. Iruri (Trois-Villes), berriz, bi pertsonaia historikoren jatorria da. Pierre Bordazaharre "Etxahun" (1908-1979) konposagile, olerkari eta idazlea pastoral mordoaren egilea izan zen, eta "Agur Zuberoa" kanta ere berea da. Jean de Pyrer Tr-ville-ko Kondeak berriz, Matalas zuberotarraren altxamendua eragin zuen, eta Alejandro Dumas-en "Hiru Mosketeroak" liburuan aipatzen da.

Laster Atharratzen gaude, Zuberoako bigarren gunean. Etorri garen moduan Atharratzeko plazako ezkerreko ertzetik sartu, eta 20 metrora berriz ezkerrera eta gorantz hasiko gara. Hemendik aurrera, seinale ugariak jarraituz, bide estu batek Sustaineko lepotik pasatu eta Madalengo bista zoragarrietara garamatza.

Orrialde nagusiraZuberoaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403