GASTEIZ
Arabako eta, 1980az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu denak
herrialde osoko populazioaren bi herenak biltzen ditu, baina beste hiriburu
batzuk ez bezala, bere garapena eta handitzea planifikatua eta ordenatu
izan da, eta horren ondorioz, berdegunez beteriko oso hiri atsegina eta
bizi-kalitate altukoa dugu gaur egun. Bestalde, eta bitxikeria gisa, Arabako
Lautadan kokatua egoteak Hego Euskal Herriko hiririk hotzena izatearen
ospea ekarri dio, Siberia-Gasteiz ezizenak agerian jartzen
duen moduan
HISTORIA
APUR BAT
Arabako Lautada kontrolpean izateko, 1181ean Gasteizko herrixkak, Antso
VI Jakituna Nafarroako Erregeak fundatua, Victoria izena hartu zuen. 1200ean
Gaztelaren menpe geratu ondoren, merkataritza-gune bihurtu zen, artisauen
eta juduen komunitatearen laguntzari esker oparotasun garaiari hasiera
emanez. XIII. mende honetan Erdi Aroko hiria altxatuko zuten.
XIV.ean beherakada etorriko zen, Europako krisiaren eta noble landatarren
eta hiriko biztanleen arteko liskarren ondorioz. Populazioa jaitsi eta
nobleek gotorleku gisako jauregiak eraiki zituzten. XVIII. mendea arte
Gasteizek ez zuen ordu arte bizi izandako oparotasuna berreskuratuko,
eta bitartean merkataritzan jarraitu zuen.
Frantsesek 1803-1813 bitartean okupatu zuten, eta I. Karlistadan ere
gauza bera jasan zuen. Azkenik, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuei jarraitu
gabe, industrializazioa XX. mendeko bigarren erdialdetik aurrera garatu
da bertan. Gaur egun, hiriburu izateak zerbitzu-gune garrantzitsu bihurtu
du, tamaina txikiko industria ahaztu barik.
ANDRE
MARI ZURIAREN INGURUAN
Ohi dugun moduan, Gasteiz barruko ibilbide hau ere hiriko arimatik hasiko
dugu, biztanle guztien topaleku den Andre Mari Zuriaren Plazatik alegia.
Hementxe biltzen dira blusak jaietan, Zeledon noiz jaitsiko
den zain. Triangelu itxura duela, leihate zuri eta zabaleko etxe ederrek
inguratzen dute plaza hau, San Migel eliza kokaturik dagoen izkina izan
ezik. Erdian Gasteizko Bataila gogoratzen duen monumentu handiosa kokatua
dago.
San Migel eliza XIV. mendekoa da, eta ataurreko bi arku handien artean
Andre Mari Zuriaren irudia gordetzen da. Barruan erretaula azpimarratu
behar dugu. Elizaren atzean XVI. mendeko Villa Suso jauregi gotiko-platereskoa
dugu (gaur egun kultur gunea), eta pixka bat harantzago San Bizente eliza.
Tenplua XV. mendekoa da, eta dorrea XIX.ekoa; barruan erretaula txurrigereskoa
dugu.
Elizaren eskuineko San Bizente aldapatik beherantz jaitsiz, eta berriz
ere eskuinetik plazara itzuliz, hiriko bitxikeria arkitektoniko baten
albotik pasatuko gara: Arkutxoak. Hauek XVIII.-XIX. mende
bitartean zehar altxatu ziren, mailakatutako eraikin batzuen bidez hiri
zahar eta modernoaren arteko gainbeherari irtenbide bat eman nahirik.
Begiratoki polita osatzen dute. Azkenik, Andre Mari Zuriaren ondoan, Espainiako
Plaza itxi eta karratu bikaina dugu (220 x 220 oin). Arkupedun enparantza
hau XVIII. mendearen bukaera aldekoa da, eta elementurik garrantzitsuena
Udaletxe neoklasikoa du.
ERDI
AROKO ALDE ZAHARRA
Azken plaza honen ekialdeko atetik irtetean, eskuineko aldean, 1922ko
Postetxea ikusiko dugu, dorretxe zaharren antzekoa dena, baina gu, ezkerretarantz
eginez, San Frantzisko aldapa igotzen hasiko gara, Gasteizko poteo-kalerik
ezagunenean sartuz. Horrela, Aiztogile kalearen (euskaldun gehienek horrela
idatzia ezagutzen dute) 22. zenbakian XV. mendeko Sokaren Etxea aurkituko
dugu, erdi aroko behe-solairu, dorre gotiko eta izardun sabai eder batez
hornitua.
Berrehun bat metrotara Bendaña Jauregi zurixka topatuko dugu,
gotorleku kutsua ematen dion armarridun dorre zilindriko bat duela. Jauregi
eder honek Euskal Herriko erakustokirik bitxi eta, ondorioz, interesgarrienetako
bat gordetzen du: Fournier Karta Museoa. Museo honek Felix
Alfaro Fournierrek 1916az geroztik bildu, mundu guztian zehar erosi eta
hainbat pertsonek emandako karta-bilduma osatua du, munduko garrantzitsuena
alegia, eta baita horrelako kartak egiteko osagaiak ere. Garai askotako
eta mundu osoko kartak ditugu ikusgai, beste bitxikeria askoren artean.
Zabalik: asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; larunbatean
10-14 eta igande-jaiegunetan 11-14 bitartean.
Kalea amaitzear dugula, Andre Mariaren Katedrala edo Katedral Zaharra
ageri zaigu. XIV. mendekoa (XII.eko baten gainean egina dago baina dorrea
XIX.ekoa da), hiriko parterik altuenean kokatua dago. Kanpotik gotorlekua
dirudi, hiru ataldeak nabarmentzen direlarik, eta barruan gurutze latindarreko
plantak hiru nabe ditu, eta koru plateresko ederra.
Jainkotegiaren iparraldean XV. mendeko Andatarren Dorretxea (sarbidea
babesten zuena eta hiriko eraikinik zaharrena), metro batzuk aurrerago
XV.-XVI.eko Portale ikusgarria (aroztegi eta postetxe izandakoa) eta eskuineko
aldean XVI.eko Gobeotarren Jauretxea ditugu, guztiak ere Buruileria Plazaren
inguruan. Gainera, Berpizkundeko azken eraikin honek bere baitan Arabako
Arkeologi Museoa du, herrialde honetan topaturiko aztarnek osatua. Zabalik:
asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; asteburu-jaietan
goizez. Sarrera dohainik da, hiriko museo guztiak bezalaxe.
Frai Zacarias Martinez kaletik itzultzen ari garela, Eskoriatza-Eskibel
jauregiaren aurrealde platereskotik igaroko gara (XVI.eko Berpizkunde
estiloan egina), eta aurreraxeago, kalearen beste aldean, Montehermoso
jauregiaren paretik. Metro batzuk aurrerago aldiz, gure eskuinean, harresietako
hondakin batzuk ditugu.
Puntu honetan Bakardade kantoiko eskaileretatik San Pedro eliza ikusiko
dugu. Gehientsuena XIV. mendekoa da, XIII.ean hasi ziren baina XIX. mendea
arte ez zuten guztiz amaitu, lanak eta erreformak zirela medio. Hala ere,
bertara zuzenean joan beharrean, lehenik harekiko paralelo doazen Korreria,
Zapatari eta Herreria kaleetako etxe eta jauretxeetan zehar ibiltzea gomendatzen
dugu, sigi-saga, alde zahar osoaren irudi egokia jasotzeko.
Dena dela, ezinbestean ikusi beharrekoa Doña Otxandaren dorretxea
da, eta horretarako Korreria kalean barrena Harategi kantoiraino segitzea
gomendatzen dugu, bertako eskaileretatik oso ikusgarri ikusten baita.
XV. mendeko erdi aroko etxe baten hondarren artean 1970ean eraikia, Arabako
Natura Zientzietako Museoaren egoitza da. Azkenik, kalearen amaieran,
berriz ere Andre Mari Zuriaren plazan egongo gara.
HIRIGUNE
MODERNOA
Alde Zaharra modernoarekin lotzen duten Andre Mari Zuria, Espainiako
Plaza, Arkutxoak eta Postetxea bisitatu ostean, orain bete-betean sartuko
gara zabalgune neoklasikoan. Espainiako Plazaren hegoaldeko irteeratik
hasiko gara, bertan XX. mende hasieran etxeei txertatutako begiratoki
zuri-ederra ikus dezakegulako. Leihate mota hau ohikoa da inguru honetan,
eta eraikinak nabarmen edertzen ditu.
Ezkerrean Postetxea utziz, bere garaian polemika handia sortu zuen Foruen
Plazara iritsiko gara. 1981ean Txillida eskultoreak eta Gantxegi arkitektoak
egina, granitozko monumentu-multzo bat da, harmailak dituen plaza ikusgarri
baten barnean. Hartu dugun kalearekiko paralelo doazen Alava Jenerala,
San Prudentzio eta Florida kaleek ere badute zer ikusia, baina gu laugarrenetik
itzuliko gara, hots, Manuel Iradier kaletik.
Foru kalearekiko kantoian Fournier Karta-Etxea edo lantegi zaharra dugu,
eta San Antonio kalearekiko kantoian, berriz, Pando-Arguelles jauretxe
izandako eraikin ikusgarria. San Antoniotik Loma jeneralaren plaza zeharkatuz
(aurrean San Antonio eliza dugula) Andre Mari Zuriaren plazara itzul gaitezke.
FLORIDATIK
ARMENTIARA
Hiri gutxik izango dute bizpahiru kilometroko pasealeku batean hainbeste
interesgune eta berdegune, eta horrexegatik, autoa utzi eta Armentiara
oinez joatea aholkatzen dizuegu.
Florida Parkearen alde batean Eusko Legebiltzarra dago, 1853koa, eta
parkearen ondoan Katedral Berri neogotikoa, bost nabe, girola, eskultura
eta hainbat beirategi ikusgarri dituela. Katedral aurreko Vicente Goikoetxea
kaletik Arabako Foru Aldundiaren jauregira iritsiko gara, Probintzia Plazan
kokatua. Florida 1820ko parke polit eta erromantikoa da. Bertako errekek,
basotxoek eta 1890eko musika-kiosko zuriak (alboetan lau errege bisigodoen
eskulturak ageri direla) hiriko lekurik erakargarrienetakoa bihurtzen
dute. Parkearen ezkerraldetik Florida Ibilbidea abiatzen da, gero Senda,
Frai Francisco Vitoria eta Cervantes izenak hartuko ditu ibilbide horrek,
baina osotasunean hartuta, pasealeku bakarra, arbolatsua eta ederra dugu.
Senda zoragarri honetan lehenbizi Zulueta jauregitik (Antso Jakitunaren
Fundazioa) eta lorategietatik pasatuko gara. Trenbide azpitik igaro ostean,
jada Frai Francisco Vitoria ibilbidean, XX. mende hasierako jauregi ederrak
bata bestearen atzetik agertuko zaizkigu: Zuloaga Etxea, Buruko Minen
Etxea (begiratokiei eusten dieten irudietatik datorkio izena), Maria Enea
(ingeles estilokoa), Sofia Enea ederra (alboan, arabiar estilokoa)...
Bi hauen parean, Arabako Armagintza Museoa topatuko dugu (historiaurretik
XX.erainoko mundu osoko armak), eta horren alboan, Augusti gaztelu-jauregian,
Arabako Arte Ederren Museoa (XIV.-XX. mende bitarteko margo eta eskultura
interesgarriak ikusgai dituela, eta baita numismatika gela bat ere). Zabalik
(biak): asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; larunbat
eta jaiegunetan, berriz, 11etatik 14etara.
Armagintzakoaren alboan Ajuria Enea Lehendakariaren egoitza dugu, euskal
estiloan altxatua. Aurrerago Pradoko Parke zabaletik, Famili Santuaren
kapera bizantiarraren ondotik eta Mendizorrotzako kirol instalakuntzetatik
igaro ostean, Garaipen Arku moduko baten azpian San Prudentzioren estatua
ikusiko dugu, atzean santu honen omenezko basilika dugula.
Horrek guztiak Armentian sartzen ari garela adieraziko digu; gasteiztarrek,
bertako zelai, sagardotegi eta inguruneez baliatuz, asteburuetan askotan
bisitatzen duten herrixka. San Prudentzio Arabako zaindaria da, eta bere
basilika, erromanikoaren perlatzat hartua dago. XII. mendekoa baina XVIII.ean
eraberritua, azpimarratzekoak dira kanpoko zein barruko eskulturak, gurutzeria
eta kapitel galantak, abside ikusgarria, XVIII. mendeko arkudun ataurrea
eta bi tinpanoak.
Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Araba
525 m.
216.929
%14
277 km2
783 bizt./km2
San Prudentzio (apirilak 28)
Blusen eguna (uztailak 25)
Andra Mari Zuria (abuztuak 5) |
|