BILBO
Euskal Herriko hiririk handiena Nerbioi ibaiaren bukaeran kokatua dago,
mendiz inguratuta (hortik datorkio Botxo ezizena). Izan ere,
euskal industriaren eta merkataritzaren motore den hiri honen garapen
eta garrantziaren zati handi bat kokapen horri zor dio. Beraz esan daiteke
mendez mende Bilboko izaera eta bizimodua moldeatzen joan dela Nerbioi
itsasadarra, betidanik barnealdearen eta itsasaldearen komunikazio-bide
pribilejiatua izan baita; itsasadarrak merkataritzako gaiak, industriak
eta pertsonak erakarri ditu, gaur egun ezagutzen dugun Bilbo Handia sortuz.
HISTORIARI
BEGIRADA BAT
Hasieran, itsasadarraren eskuinaldean kokatutako nekazari eta arrantzalez
osaturiko hirixka bat zen, baina pirata normandiarren erasoak zirela-eta,
ezkerraldera aldatu ziren (Bilbo Zaharra). Halere, 1300eko ekainaren 15ean,
On Diego Lopez de Harok hiri gisa fundatu zuenean, eskuinaldean egin zuen.
Hiri berria, Bizkaiko burdinari eta Gaztelako artileari esker, oso bizkor
hazi zen. Horretan asko lagundu zuten Bizkaiko Jauntxoek emandako pribilejioek,
Bermeori merkataritza-plazaren estatutua kendu izanak, eta, azkenik, Urduñatik
Bermeora joateko Bilbotik pasatu beharraren nahitaezkotasunak.
XVI-XIX. mende bitartean Bilboko bizitza bi erakundek arautuko zuten:
Udaletxeak eta Kontsuletxeak (azken hau merkataritzaz arduratzen zen).
Merkataritza eta itsasoari loturiko enpresek aberastuta, garapen handiko
garaiak ezagutu zituen Bilbok, baina nekazaritza gune eta herrixkekin
tentsioak ere bizi zituen, Bilbo beren lepotik aberasten ari zela pentsatzen
zutelako. Izan ere, hiriak, bere interesak gordetzeko, aginte zentralarekin
hitzarturik jarduten zuen, askotan herrien interesen aurka. Horregatik,
1631, 1718 eta 1804. urteetan matxinadak izan ziren.
Independentzia Gerran frantsesek bi aldiz okupatu zuten Bilbo, baina
Karlistadek eragin handiagoa izan zuten, liberalen gune izanik karlistek
hainbat aldiz setiatu zutelako. Gerra horiek amaitu ondoren, Bilboko industrializazio
izugarria etorri zen (industria astuna), haren izaera erabat aldatuz:
finantza-bankuak sortu ziren (1857an Banco de Bilbao), hiriaren garapen
handia gertatu zen (1876an Zabalgunea, eta geroago Ezkerraldea) eta hiria
bera handiagotzen joan zen (Abando, Begoña, Deustua... irentsiz).
Horrek guztiak eta etorkinek (giza-klase berri bat sortu zuten: langileria)
gaur egun duen itxura moldatuko zuten.
Guda Zibilean Euskadiko Gobernu Autonomoko hirigune izan (burdinazko-gerrikoak
iraun zuen arte), eta gerraoste zaila bizi izan ondoren, 60ko hamarraldian
bigarren industrializazioa eta etorkinen uholdea ezagutu zituen. Horrek,
diru berriaz gain, urbanizazio, itxura eta kutsadura arazo galantak ere
ekarri zituen, gaur egun ahal den neurrian konpontzen ari badira ere.
Gaurko egunean, azkenik, Bilbo XXI. mendean paper garrantzitsua bete
nahi duen hiri moderno eta itxurosoa bihurtzeko ahaleginetan ari dira,
industrian aritzetik gero eta gehiago zerbitzugune izatera pasatzen ari
delarik.
ALDE
ZAHARRA
Hiriaren sorlekua ez da jadanik bere gune ekonomiko-administratiboa,
baina bere arima izaten jarraitzen du askorentzat. Gainera, historiari
eta arteari begiratuz gero, hiriko eremurik aberatsena da, eta bertako
Zazpi Kaleetako denda-gunea herrialde osoan ospetsua da.
Ibilbidea Areatzan hasiko dugu, Arriaga Antzokiaren parean. Pariseko
Operan inspiraturiko eraikin neobarrokoa dugu berau. 1890an inauguratu
zen, La Gioconda operaren emankizunarekin, eta bitxikeria
gisa, bertaratu zirenek lan hura telefonoz entzuteko aukera izan zuten.
Plazaren ezkerraldean, XVIII. mendeko San Nikolas Barikoa itsasgizonen
zaindariaren omenezko eliza barrokoa dugu. Elizaren alboan 1839ko Plaza
Barri neoklasikoa dago; arkudun plaza itxia da (sartu ezik, ez dugu ikusiko).
Berau zeharkatu eta ezkerretara eginez, Miguel de Unamuno Plaza dugu,
idazlearen bustoa ere bertan dagoela, bere jaiotetxetik (Erronda kalean)
hurbil.
Ezkerrean gorantz abiatzen den Mallonako Bidarria hartu eta gero bidegurutzean
eskuinetara egiten badugu, Bilboko zaindari den Begoñako Basilikara
iritsiko gara. Basilika gotikoa XVIan altxatutakoa da, birjina agertu
omen zen antzinako ermita baten gainean. Bide beretik itzuli eta ezkerretara
joz, Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoa topatuko dugu
gure aurrean, Gurutze kalearen 4. zenbakian. Ordutegia: asteartetik larunbatera
10:30-13:30 eta 16-19 (igandetan goizez). Sarrera dohainik. Alboan Joan
Santuen Eliza aurkitzen da, jesuitek XVII. mendean berreraikia.
Aurreraxeago, Alde Zaharraren bihotzean, Santiagoko Katedrala dugu, Bizkaiko
gotikoaren eraikinik garrantzitsuenetako bat. Antzinako tenplua hiria
bera baino zaharragoa da, eta gaur egungoa XIV. mendean hasi ziren eraikitzen.
Aurrealdea neoklasikoa du, baina elementu zaharragoak ere baditu. Alboko
Aingeruaren ataurrea, isabeldar estilokoa, oso ederra da. Barrualdean
erretaula neoklasikoa nabarmenduko dugu. Apostoluari eskainitako katedralaren
plazan bertan, Karlos III.aren garaiko iturri barrokoa dago.
Katedraletik irten eta Zazpi Kaleetako edozein hartuta itsasadarreraino
hurbilduko gara. Kale horiek (Somera, Artekale, Tenderia, Belostikale,
Carniceria Vieja, Barrenkale eta Barrenkale Barrena) Alde Zaharraren sorlekua
izango lirateke eta San Antongo Zubiaren eta Katedralaren artean paraleloki
antolaturik daude, denda eta taberna sare bitxia osatuz.
Somera kalearen amaieran, eskuineko aldean, Atxuriko Azoka aurkituko
dugu, itsasadarraren gaineko itsasontzi itxura duela (horretaz hobeto
ohartuko zarete ibaiaren bestaldetik). Ezkerrean aldiz, San Antongo Eliza
eta Zubia. Tenplua XIV. bukaera aldera hasi zuten, hiriko harresiak amaitzen
ziren lekuan. Eliza gotikoa ia karratua eta txikia da, eta hiru barneluzegok
eta triforioak osatua dago. Fatxada Berpizkunde garaikoa, dorrea barrokoa
eta erretaula platereskoa dira. Zubia ez da Bilboko eta Athletic-en armarri
zaharretan ageri dena, hura elizaren aurrean zegoelako eta 1882an desagertu
zelako, Gerra Zibilaren ostean eginiko beste bat baizik.
Zubia igaro eta eskuinetara eginez, hurrengo zubiaren (Erriberakoa) aurreko
kalean (Mirasol Kondea) Arte-Erreprodukzioen Museoa dugu. Hemen Artearen
Historiako lanik ospetsuenetakoak ikus ditzakegu, eskaiolaz eginiko tamaina
errealeko kopien bitartez. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9-13:30
eta 16-19 (sarrera 200 pta.). Igandeetan 11-14 ordu bitartean (dohainik).
IBAIAREN
ESKUINALDEA
Erriberako Zubia igaro eta ezkerreko aldetik, ibai ondoko Erribera kalean
zehar Udaletxerantz abiatuko gara, tartean Arriaga berriz zeharkatu eta
itsasadarraren alde bietako etxe politak ikusiz. Udaletxea XIX. mendekoa
da, eklektiar estiloan egina. Barrualdean Saloi Arabiar exotikoa nabarmentzen
da. Zubizuri biribila eta Salbeko zubien ondotik igaro ondoren, Bilbori
XXI. mendean indartsu sartzen lagunduko dion ontziaren branka ikusiko
dugu uretan islaturik.
GUGGENHEIM-BILBAO
MUSEOA
Frank Ghery-k diseinaturiko eraikin ezin ikusgarriago honetan (batez
ere ibaiaren beste aldetik behatzen badugu), 24.000 m2tan zehar gaur egungo
artearen bilduma pribaturik garrantzitsuena (New York eta Veneziako museoekin
batera) ikusteko parada izango dugu. Arte mota hau ulertu ez arren, eraikina
bera bisitatzea merezi du, barrutik zein kanpotik zeharo harrigarria delako.
Zergatik?
Kanpoaldetik titaniozko estalki distiratsu eta irregularrak eraikinari
hondartutako itsasontziaren itxura sortzen diotelako, eta barrutik, argi
zein espazioen jokoek eta forma biribilek ez dutelako inolako zerikusirik
beste museoekin. Ordutegia: asteartetik igandera 10-20 ordu bitartean.
Astelehenetan itxita. Sarrera: Helduek 1.200 pzta.; jubilatu-ikasleek
600, eta 12 urtetik beheragoko umeek (pertsona heldu batek lagunduta)
dohainik.
ZABALGUNEA
Museoa igaro ondoren, Deustuko Unibertsitate ospetsuaren egoitza neoklasikoa
dugu, eta Deustuko Zubia zeharkatu ostean, eskuineko aldean Casilda Iturrizar
Parke handi eta atsegina dugu, ahateak eta iturri zibernetikoa barne.
Parkearen hasieran Arte Ederretako Museoa aurkituko dugu, Europan onenetarikoa
dena. Bilduma iraunkorretan El Greco, Goya, Van Dyck, Tapies, Zuloaga...
eta beste askoren lanak azpimarra ditzakegu. Ordutegia: asteartetik larunbatera,
10-13:30 eta 16-19:30 ordu bitartean (igandeetan 10-14 artean). Sarrera:
helduek 400 pta. Ikasle, langabetu eta jubilatuek 200 pta. Parkea eta
Gurutze Sakratuaren Monumentua pasatu ostean, Euskalduna Zubi okertutik
hurbil, Erruki Etxearen lorategia, Bilboko Athletic taldearen San Mames
futbol-zelaia eta, horren atzean, Erakustazoka ditugu.
Gurutze Sakratuan bertan, hiriko arteria nagusia dena abiatzen da, hots,
Gran Via de Don Diego Lopez de Haro, Gran Via gisa ezagunagoa.
Plaza Biribilean du amaiera, Areatzatik hurbil, eta bertan (eta kale perpendikularretan)
Bilboko eraikin zibil ikusgarrienetako asko aurkitzen dira. Goraka begira
ibiliz, fatxada ikusgarriak dituzten etxe asko ikusiko ditugu. Esaterako,
Gran Viaren erdialdean, Moyua plaza biribil ikusgarrian, Txabarri Jauregia
(Gobernu Zibila; leiho-talde guztiak ezberdinak ditu), Carlton Hotela
(lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza), Estatuko Ogasunaren Eraikina edo
Aurora Polar-en eraikin arrazionalista.
Kalean aurrerago eginez Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza eklektikoa,
BBVArena (goian Mercurioren estatua duela) edota Espainiako Bankuarena.
Azkenik, Plaza Biribilean, BBVAren egoitza modernoko kristalen aurrean
Lopez de Haroren monumentua ikusi ostean, Atxukarroren Bilbo-Santander
tren geltoki modernista berdexka eta ikusgarria dugu, eta alboan, Sociedad
Bilbaina ingeles estiloko egoitza kulturala eta Burtsaren eraikina. Bertara
edonor sar daiteke.
Beste monumentu eta etxe interesgarri batzuk honako kale hauetan ikus
ditzakegu: Albiako Lorategietako plaza atseginean Justizia jauregia, Iruña
Kafetetxe neomudejar ospetsua, Sabino Aranaren jaiotetxe izandakoaren
gaineko Sabin Etxea (EAJren egoitza), eta San Bizente Martiri eliza euskal-gotikoa.
Mazarredon Athletic-en egoitza den Ibaigane Jauregia, besteak beste. Bertendona
kalean Campos Eliseos Antzoki ikusgarria, bilbotar Art Noveau
estiloaren erakusgarri. Azkenik, Elkanon zehar ere etxe dotoreak aurkituko
ditugu.
Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Bizkaia
19 m.
358.422
%14
41 km2
8.742 bizt./km2
Inauteriak
Aste Santua
Aste Nagusia (abuztuko 3. astea)
Santo Tomas (abenduak 21)
|
SANTURTZI
Nerbioi ibaiaren ezkerraldea handioski zaintzen duen Serantes mendiaren
magalean, Santurtzi betidanik izan da itsasoari lotutako gunea, baina
gaur egun, Abrako Golkoan duen kokapen estrategikoa aprobetxatuz, bertako
superportua Europako nagusienen artean kokatu da.
Hala ere, merkatal portu horrengatik baino gehiago, askoz txikiagoa den
eta tradizio askoz handiagoa duen arrantza-portuarengatik da ezaguna hiri
hau, eta zer esanik ez, bertako sardina eta sardina saltzaileengatik.
Hauek, arrantzaleen emazteak gehienetan, herriko arimaren zati handia
osatzen zuten, eta bai eurak eta bai euren ahotan entzun zitekeen Santurtzitik
Bilbora kanta ospetsuak ere betidanik Santurtziko promozio-kanpainarik
onuragarriena suertatu dira. Santurtziko hiria, nolanahi ere, sardina
saltzaileen inguruko folklorea (aspaldi amaitu zen Bilboraino oinez joatearena)
baino askoz gehiago eskaintzen duen hiri bat da.
LABURPEN
HISTORIKOA
Hiriaren lehen berria 1075ekoa da, Somorrostroko Sancti Georgi izeneko
monasterioarekin loturikoa hain zuzen. Bertako izena ere hortik datorkio.
Beraz, elizaren inguruan biltzen zen nekazari eta arrantzaleen herrixka
bat dugu XI. mendean.
Hurrengo mendeetan, Sestao eta Trapaga Aranarekin batera, Somorrostroko
Bailararen Hiru Kontseiluak izeneko errepublika moduko bat osatu zuen.
Horrelaxe iraun zuen harik eta XIX. mendean sakonki aldatzen hasi zen
arte, lehenbizi meategien ustiakuntza zela-eta, eta gero, XX. mendearen
inguruan, Nerbioiren inguruko industrializazio itzelaren eraginez.
Bai prozesu batean eta bai bestean ere, Santurtzik kanpoko jende mordoa
hartu behar izan zuen, eta erabat aldatu zen herriko arrantza-bizimodua.
Era berean, mende honen hasieran Bilboko eta Madrilgo burgesiaren artean
modan jarri zen Santurtzi, eta bertako itsas bainuak aprobetxatzearren
etxe ederrak eraikitzen hasi ziren.
IKUSTEKOAK
Santurtziko bisitaldia erdigunetik hasi beharrean beste leku adierazgarri
batetik has dezakegu, hots, Zierbenatik gatozela merkataritza-portu itzeleko
jarduerak behatzeko begiratoki aparta den Iparragirre Etorbide edo Pasealekutik.
Honen erdian, portuaren gainean bertan, Sardina Saltzailearen Pasealekua
eta estatua ditugu, herriko pertsonaia garrantzitsu hura irudi iraunkor
eta betiko bihurtuz.
Hori ikusi ostean, Julian Gayarre kaletik eskuinerantz jo dezakegu, zuzen-zuzenean
Itsasoko Andre Mariaren elizara iritsiz. Mamariga auzo arrantzalean kokaturik,
parrokia hau neogotikoa da, 1901. urtekoa. Hortik aurrera jada erdigunean
sartzen joango gara, elizaren izen bereko kaleari jarraikiz. Handik gutxira,
Maestro Calles eta Sabino Arana kaleen arteko kantoian Dorretxe Jauregia
ageri zaigu. Lorategiz inguratutako jauregi eder honek, 1890ekoa baina
XVIII.eko etxe nobleen moduan eraikia, gaur egun Udaletxeko hainbat bulego
biltzen ditu, eta bere elementurik azpimarragarrienen artean izkinako
armarria eta lorategietako bi lehoiak aipa ditzakegu.
Bere ondoan ia, Udaletxe ikusgarria altxatzen da. Estilo eklektikoan
1905ean egina, teilatuaren alboetan arbel beltzezko bi kupula bitxi erakusten
ditu, eta barrualdean beirategi polikromatu ederrak ditu ikusgai: lehen
solairuan mende hasierako Santurtzikoa, eta bigarren solairuan, Bizkaiko
armarriarena. Udaletxearen aurrean Cristobal Murrieta santurtziar banka-gizonaren
omenezko estatua ikus dezakegu.
Oso gertu berriz, herriari izena eman dion San Jorge Parrokia, kondairak
dioenez, Ingalaterratik ihesi zetozen monje batzuek egina. Antzinako eliza
aurre-erromaniko horren aztarnarik ez da geratzen, eta XII.aren bukaeran
eraikitako eliza erromanikoaren aztarnarik garrantzitsuena Bilboko Museo
Historiko-Etnografikoan gordetzen da, bere tinpanoa hain zuzen. Gaurko
eraikina, 1844ko dorreak eta XIX.aren bukaeran berritutako tenpluak osatzen
dute. Eliza atzean utziz, Udal Parke ederrera iritsiko gara, gordetzen
dituen zuhaitz mordoa dela-eta Parke Historiko-Artistikoa izendatu dutena.
Erdian 1917ko kiosko bitxia dugu.
Honenbestez, Santurtziko arima zaintzen duen Arrantza-Portura iritsi
gara. Gaur egun funtzionatzen jarraitzen duen kai honetan txalupa koloretsuen
atzean Karmengo Amaren estatua handiosa ikusiko dugu, portuaren eta bertako
arrantzaleen zaindaria. Arrainaren salmentarako loja 1916an eraiki zuten.
Hemendik aurrera, portuaren ondotik, Portugaleterantz abiatu gaitezke
oinez, ikusiko dugun moduan bata bestearen aldamenean daude-eta. Horrela,
1860an eginiko Nautika Eskolaren sarrera Santurtziri badagokio ere, eraikinaren
gainerakoa Portugaleteko lurretan kokatua dago. Eta, bitxia bada ere,
gauza bera gertatzen da eraikin bat baino gehiagorekin.
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Bizkaia
15 km.
6 m.
49.419
%11
7 km2
7.040 bizt./km2
San Jorge (apirilak 23)
San Joan (ekainak 24)
Karmenak (uztailak 16)
|
PORTUGALETE
Portu kasu bitxia da; batetik, sei kilometro karratutan 50.000
pertsonatik gora bizitzeak, imajina dezakezuenez, herrian sekulako giro
eta animazioa sortzen duelako, eta bestetik, nahiz eta ezkerraldean kokatua
egon, langile baino burges kutsu handiagoa izan duelako betidanik.
Gaur egun, Portugaletek pozik eskaintzen ditu bere alde zahar gogoragarria,
Nerbioi ondoko pasealeku polita, eta batez ere, honen gaineko Bizkaia
edota Zintzilikako Zubia, Bizkaia osoko siluetarik ezagunenetarikoa eta
portugaletetarrak harrotzeko arrazoi nagusia.
LABURPEN
HISTORIKOA
Nahiz eta herri gisa lehenagotik egon, hiri gisa 1322an fundatu zen,
Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak luzatutako foruari esker. Hortik
aurrera, erdi aroaren amaiera aldera (XIV.-XV. mendeak) Euskal Herriko
beste leku askotan bezala, sendien arteko borroken gorabeherek eragin
nabarmena izan zuten bertan. Portugaleteko kasuan Salazar sendia aipatu
behar dugu, 1379an izen hori daraman dorretxea eraiki zutenen sendia,
hain zuzen ere.
Bitartean, itsasadarraren ondoko gotorleku gisa sortutako hiria merkataritza
eta industrian murgiltzen hasiko da, eta XVI. mendean, gaur arte iraun
duen garapen ekonomiko eta demografikoa hasi zen. Hirugarren Karlistadan
(1871-75) hiriaren setioa eta zapalkuntza jasan ondoren, bizkortu egin
zen bere modernizazioa, trenbidea, zubi ospetsua eta beste hainbat eraikin
inauguratuz.
Urte horietan Portugalete modan jarri zen burgesiaren artean, hondartza
eta bainuetxearengatik batik bat, eta gaur berau edertzen duten eraikinetako
asko egin ziren. Mende honen bigarren erdian berriz, ondoko guneetako
industrializazioak eraginda, hiriak sekulako hazkunde demografikoa ezagutuko
du, Euskal Herriko Hong-Kong txikia dei genezakeena bihurtzeraino.
IKUSTEKOAK
Santurtzi eta Portugalete lotzen dituen Nautika Eskolatik hasita, 820
metro neurtzen dituen burdinazko kaia dugu, Abraren uretan barneratzen
dena. Itsas haizeaz gozatzeko leku egoki honetan kainaberadun arrantzale
bat baino gehiago ikusiko duzue.
Erdigunerantz aldiz, Txurruka Kaia hasten da, portuko lanak zuzendu zituen
ingeniariaren omenez. Bere gainean XIX.-XX.eko etxe burges ederrak altxatzen
dira. Halere, bertatik paseatzen hasi aurretik eskuinean dugun Areilza
Doktorearen Parkean sar gaitezke.
Txurruka Kaiaren erdian hiri honetako sinboloa hasten da, itsasadarra
zeharkatzen duen Bizkaia Zubia ospetsua. 1893an eraikia, munduan bere
moduko lehenengoa izan zen, hots, era honetako lehenengo zintzilikako
zubia (gaur egun bederatzi daude soilik), itsasontzi handiak pasatu beharrak
ez baitzuen zubi arrunta egiteko aukerarik uzten. Burdinazko eraikin harrigarri
honek ibaiaren 160 metroak lotzeko sistemarik erabiliena izaten jarraitzen
du, eta bere interesagatik, Gizateriaren Ondare izendatu dute.
Zubia igaro eta laster Orubearen Plaza (Plaza del Solar) ederrera iritsiko
gara, herriaren erdigunea markatzen duen zabalgunea.
Plazan bertan, estilo-nahasketa nabaria erakusten duen mende hasierako
Musika Kiosko ikusgarria ageri zaigu. Plazaren erdi-erdian, berriz, Victor
Txabarriri eskainitako monumentua altxatzen da, XIX. mende amaierako euskal
ekonomia eta politikagintzan eragin handia izan zuen portugaletetarraren
oroimenean.
Enparantza edertzen laguntzen duten beste bi eraikinak 1884ko Udaletxe
barroko-neoklasikoa (arkupeduna eta tonu urdinetan margotua dagoenez oso
ikusgarria geratzen dena), eta estilo kolonialean (beste batzuentzat neoklasikoan)
egindako Hotela dira. Azken hau mende hasierako Bizkaiko aristokraziaren
topagune zen. Azkenik, Udaletxearen alboan, Santa Maria eta Salcedo kaleen
kantoian, Portugaleteko urrezko garaiko beste eraikin ikusgarri pare bat
ikusiko dugu, plaza ederrari amaiera ezin hobea emanez.
Salcedotik jarraitu eta Iturrizar kalean ezkerretara joz Santa Klara
Komentura iritsiko gara. Bertan Berpizkunde-plateresko estiloetako kanpandorrea
azpimarra dezakegu. Hiriko beste tenplu erlijioso nagusira joateko, aldiz,
bide beretik itzultzea eta Santa Maria kale aldapatsua igotzea gomendatzen
dizuegu, horrela Portuko kalerik girotsuenetarikoa ezagutuko
duzue-eta. Kale honetan bertan, lehenbizi topatuko duzuena Salazar Dorretxea
izango da, 1379. urtean egina eta 1934an berreraikia.
Itsasadarra behatzeko begiratoki aparta den inguru honetan antzinako
harresien zatitxo bat ere ikusiko duzue, erdi puntuko arku bat eta guzti.
Ondoan dagoen Santa Maria Basilika hiriko eraikin historikorik garrantzitsuena
da. Gotiko-Berpizkunde arteko estiloan egina, gurutze latindarreko hiru
nabe ditu. Barruan zutabeak, triforioa, gurutzeriako sabaia eta erretaula
nagusia nabarmentzen dira. Azkenik, bisitaldia La Canilla Pasealekuan
buka dezakegu, lau urtaroak irudikatzen dituzten estatuen inguruan.
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Bizkaia
14 km.
35 m.
53.699
%11
6 km2
8.951 bizt./km2
San Antonio (ekainak 13)
San Roque (abuztuak 16)
San Nikolas (urriak 9)
|
GETXO
Getxok Nerbioi itsasadarraren hasierako eskuinaldea betetzen du, eta
Bilbotik kilometro gutxira dagoenez, iazko mendetik bertako egoitza-auzorik
ezagunena bihurtu da. Izan ere, XIXtik aurrera eta batik bat XX.aren hasieran
Getxo jauregiz eta etxe ederrez betetzen hasi zen, batez ere Neguri aldea,
hiri hau Bizkaiko dotoreenetakoa bihurtuz.
FISONOMIA
ETA HISTORIA
Getxo nortasun propioa eta berezia duten auzotan banatuta dagoela esan
behar da: Areeta (Bilbotik hurbilena), alboan Erromo, Neguri aberatsa,
Algorta (hiriko erdigunea) eta Andre Maria (sorburua). Harantzago Galea
lurmuturra dugu.
Hiria Andre Mariaren Monasterioaren inguruan (XII.az geroztik parrokia)
sortu zen, eta nekazariz eta arrantzalez populatua egon da. Bilboko portuaren
jarduerak ugaritzearekin batera, Algortako auzunea ere garatzen eta indartzen
joango da, Andre Maria 1779an berreraikitzen zuten bitartean. XIX.etik
aurrera turismoa agertuko da, eta horrekin batera, uda pasatzeko bigarren
etxeak eraikitzen hasiko da burgesia. Horrela, askok Getxo aukeratuko
dute.
Areetako auzunea sortzeak horretan lagundu zuen, bertan txaletak eta
udako etxeak altxatu zirelako. Era berean, komunikazioak ere hobetu egin
ziren (Bizkaia Zubia 1893an inauguratu zen). Portua handitzean, Areetako
hondartza desagertu eta bainu-zonaldea ere lekuz aldatuko da, oraingo
honetan Neguriko auzo dotorea jaioz.
IKUSTEKOAK
Bizkaia Zubiak Nerbioi itsasadarraren bi aldeak lotzen ditu, Portugalete
eta Areeta hain zuzen. 1893an egina, munduko lehen zintzilikako zubia
izan zen, eta itsasontziei oztoporik jarriko ez zien lotura bat eraikitzeko
arazoa konpondu zuen. Zubiko Enparantza atseginetik ezkerrerantz, Areetako
Etorbidearen erdian Andre Mari Mesedeetakoaren eliza dugu, bertan Euskal
Autonomia Elkarteko organorik handiena dugula.
Nerbioirantz itzuliz, berau amaitzen den ertzean, Txurrukaren omenez
egindako Oroigarri handi eta ikusgarria agertzen zaigu; kanpoaldeko portua
birmoldatu zuen gizonari eskainia, lurraren eta itsasoaren arteko borroka
irudikatu nahi du. Bertatik hasten den hondartza gaineko pasealekuan zehar,
edota atzeko Zugazarte kalean zehar, estilo ezberdinetako etxe eta jauregi
ederren artean ibiltzen hasiko gara: Itxas-Begi, Bake Eder...
Hala ere, hoberena Negurira ailegatzean topatuko dugu, batez ere Arriluze
Pasealekuaren gainean dugun jauregi zoragarrien bilduma: Eguzki Alde (Asuako
kaminoarekiko kantoian, 1918koa), eta bata bestearen ondoan, Lezama Legizamon
(lorategiekin batera osotasun zoragarria, leku ezin hobean), Aizgoyen
eta Arriluze.
Pasealekua amaitzean harresiak eta Naufragos Etxe-itsasargi bitxia (arkuen
gainetik sortzen den baserri modukoa) ditugu, Ereaga hondartza hasten
den lekuan. Puntu honetan Kirol Portuaren ondotik, Abra Badiaren erdi-erdian
dagoen itsasargiraino ailegatu gaitezke.
Honen erdian dagoen Ereagako Jaispidetik igo eta Algortako Etorbidean
ezkerretara eginez, Algorta auzoan dagoen Udaletxe aldera iritsiko gara.
Urre koloreko hondar harlanduz eginiko eraikin honen ezkerrean Loiolako
San Inazioren eliza neorromantikoa eta eskuinean ingeles estiloko Santa
Klara Jauregi eder-ederra aurkituko ditugu.
San Inazioren azpian jaiotzen den Miramar kalea hartuz (oso bista politak
dituena), Maria Kristina Parkea igaro eta handik gutxira, Algortako Portu
Zaharrera jaitsi ahal izango gara. Portu Zahar honen kaletxo estu eta
aldapatsuak arrantzale-etxe zurixka eta atseginen artean doaz beherantz,
Getxo ezberdin bat erakutsiz.
Alboan dugun Usategi Parketik berriz ere San Nicolas (neoklasikoa) eta
Aita Trinitarien (erromaniko itxurakoa) elizetaraino igo gaitezke, eta
bertan ezker aldetik, Arrigunaga hondartzaraino jaitsi. Honen eskuinean
Galea muturraren labar zurixkak eta zoragarriak ditugu ikusgai. Andre
Mari eliza labarren hasieratik gertu dago. Gaur egun ikusiko duguna batik
bat XVII.eko erromanikoa da, baina XII.eko antzinako tenpluaren hondar
batzuk gordetzen ditu. Bertatik hurbil, Aingeru Jagolearen baseliza dugu.
GALEAKO
MUTURRA
Abiapuntuan, Andre Maritik hurbil eta labarren gainetik gailentzen dela,
Aixerrota dugu, XVIII. mendean altxatu eta gaur luxuzko jatetxe dena.
Labarraren gainetik doan bidezidorretako bat hartuz, Abra, Portua eta
Ezkerraldeko zein Eskuinaldeko ikustaldi paregabeez gozatzeko aukera izango
dugu, paisaia industriala eta naturalaren nahasketa behatzeko aukera.
Bidearen azkenaldera Printzearen Gaztelua edo Gotorleku Zaharra geratzen
da. Tamalez, XVIII. mendeko eraikin-multzo interesgarri hau (harresiak,
luebakia, zubi altxagarria eta dorre biribila) egoera negargarrian dago.
AIZKORRI
HONDARTZA
Galea lur muturrean bertan dugun aparkalekutik (ikus ibilbidea), oinezkoentzat
prestaturik dagoen Galeako Bidea hasten da (harrizko baldosaz egina dago),
laua eta oso erraza. Hala ere, guk nahiago dugu jendearen ibilian ibiliaz
sortzen joan diren bidezidorrei jarraitu, labarretatik edo erlaitzetik
hurbilago goazelako, eta beraz, bistak are zoragarriagoak izango direlako.
Itsaso zabala ezkerrean dugula, gehienez ordu erdira, Aizkorri hondartza
edo kalaren goialderaino iritsiko gara.
Euskal Herrian merezi duena baino askoz ezezagunagoa den hondartza basati
honek lehenengoz ikustean txundituta utziko zaituzte. Eta itsasbeheran
teatro natural erraldoi hau bisitatzeko aukera baduzue, itzultzeko irrikitan
egongo zarete.
Gogorik izanez gero, uretaraino bidezidor batetik jaisteko aukera dago,
eta berriz ere igo ostean, gure ibilera Sopelaraino luza dezakegu, Gorrondatxe
eta Barinatxe (Basatia) hondartzak bisitatuz. Edo bestela,
labarren gainean eseri, mugarik gabeko itsasoari begira olatuen zurrumurrua
entzun eta gure kostaldeko beste mirari horietako bat behatuz, minutuak
eta orduak pasatzen utzi ditzakegu...
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Bizkaia
15 km.
51 m.
83.461
%19
12 km2
6.955 bizt./km2
Jazzaldia (uztaila)
San Inazio (uztailak 31)
Portu Zaharra (abuztuak 10)
Andra Mari (abuztuak 15)
Folk Jaialdia (irailean)
Areeta (irailak 24)
|
|