Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafar ErriberaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafar Erribera Argetas-Bardeak-Tutera-Kaskante-Fitero

BARDEAK BASAMORTUA

BARDEAK ZURIA

Basamortu edo ilargi itxurako paisaia; Bardeetako desolazio horrek Euskal Herriko ingururik exotiko eta magikoenetako bat osatzen du. Izan ere, ez dugu beste inon aurkituko “Far West” filmetako paisaiak hain gordin gogoraraziko dizkigun parajerik. Ebroko lautada, Tutera aldean, penintsulako lehorrenetakoa da, eta Nafarroa eta Gaztela-Aragoiren arteko gerren hondamendia eta XVIIIa arteko baso-ebaketa masiboa gehitzen baldin badizkiogu horri, gaur ikus dezakegun paisaia ilargitarra geratuko zaigu.

Bardeek (izena euskarazko “abardena”tik omen dator) Nafarroako hego-ekialdeko 415 km2 inguruko errektangelua osatzen dute, hiruzpalau zonaldetan banaturik. Garrantzitsuenak honakoak dira: Bardea Beltza (landaretza gehiago du, batik-bat zumel-pinua, eta horregatik zerutik begiratuta beltza dirudi) eta Bardea Zuria (higatuena, mortuena, eta beraz ikusgarriena; gu honetan zentratuko gara).

“ZURIA” ETA BERTAKO BIDELAPURRAK

Bardea Zuria depresio zabala da, mendi-tarteek zeharkatua, erliebe lau eta lehorraren gainean hegi soil (buru) bitxiak nabarmentzen direlarik. Bertako zonalderik sinestezin eta ikusgarriena Prallon-Piskerra ingurua da (ikus ibilbidea), eta inguru horretatik, Erronkariarren Abelbidea igarotzen da.

Hortik hurbil, Santxikorrota bidelapur mitikoaren gazteluaren hondakinak ditugu. XV.ean benetan bizi izan zen pertsonaia hau, geografia zail honetako erregetxoa izatera iritsi zen. Garai zailetan bertan ezkutatu (kondairaren arabera bere altxorrarekin batera), eta Joan II. erregeak, 200 zaldunek osatutako gudarostea antolatu behar izan zuen hura eta haren jarraitzaileak harrapatzeko (suizidatu egin zen lehenago, ordea).

ERREGE-ABELBIDEAK

Itzelezko basamortu hau ez da udalerri zehatz batena. Bertako lur eta larreen erabilera, herri “kongozatu”en artean onetsitako Fernando V.aren garaiko legeek arautzen dute. Herri hauek ingurukoak dira, baina baita Erronkari eta Zaraitzu bailarakoak ere, zeren nahiz eta Pirinioetan egon, ganadua larrez aldatu beharrak lur hauetara lotu baititu.

Ekainean ganadua Bardeetatik Pirinioetara eramaten da, eta hotza egiten hasi aurretik, irailean-edo, atzera itzultzen dira, negu osoa lur epel hauetan igarotzeko asmoz. Ibilbideak 5-7 egun iraun ditzake. Unerik garrantzitsuena irailaren 29an da, “Sanmigelada” delakoa. Egun horretan, 500 urte baino gehiagoko ohiturari jarraikiz, milaka ardi Bardeetan sartuko dira, lurrak dardararaziz.

OHARRAK

Bardeetako Basamortua bisitatzeko garairik onena udaberri edo udazken aldera da, udaran bero gehiegi egiten duelako, eta udaberrian esaterako, zelai berrien berdetasunaren eta lurrezko mendi horixken arteko kontrastea zeharo ikusgarria delako; beraz, ahal baduzue, aprobetxatu garai hori.

Beste alde batetik, barruan izan orduko, kontuan izan poligono militarra (bertan ezin da sartu, noski) inguratzen duen bidetxotik urrunduz gero ez dela zaila galtzea; beraz, txangoak egiteko komenigarria da oso mapa zehatz bat aldean eramatea. Azkenik, oinez joaterakoan, ura eramatea ezinbestekoa da, eta, horrez gain, janari dezente eta –galduz gero eta gaua kanpoan pasatu behar izanez gero– arropa ere oso lagungarriak izango dira.

TUTERA

Nafarroako bigarren hiri nagusi eta Erriberako hiriburu, Ebroren albotik zihoan bidearen eta Gaztela Frantziarekin lotzen zuenaren arteko bidegurutze pribilegiatuan kokatua egoteari esker, garrantzi handia izan du historikoki. Izan ere, alde zahar aberatseko kale labirintikoek erakutsiko diguten moduan, musulmanen garaian, eta baita ondoren ere, Tuterak paper oso garrantzitsua bete zuen, judutar, musulman eta kristau kulturen arteko nahasketa aberasgarriak eman zion eginkizuna, alegia.

LABURPEN HISTORIKOA

Bertan historiaurreko eta erromatar garaiko aztarnak aurki baditzakegu ere, lehenbiziko berri zuzenak musulmanen garaikoak dira, meskita nagusi bat, zokoa eta alkazaba inguruko etxe-multzo handi samarra izan zituenekoak, 1119an birkonkistatua izan arte. Ondorengo lau mendeetan, bakoitza bere auzoan, kultura musulmana, judutarra eta mozarabiarra elkarrekin arazorik gabe biziko dira, elkarbizitza eredugarri horri esker gizon handiak sortu zituen zentro kultural garrantzitsua bihurtuz.

Bestalde, hiriko biztanleen izpiritu liberal eta foruzalea behin baino gehiagotan agerian jarriko zaigu, esaterako 1512an Gaztelako gudarosteekiko erresistentzia heroikoan edota inkisizioari jarri zizkion traba ugarietan. Hurrengo mendeetan ere kultur gune handia izaten jarraitu zuen (1773an Tuterako Herriaren Adiskideen Errege Elkarte Ekonomikoa sortu zen), baina aldi berean XIX. eta XX. mendeko gudak ere gogorki jasan behar izan zituen. Azkenik XX.aren bigarren erdialdean beste garapen ekonomiko indartsu bat ezagutu du.

IKUSTEKOAK

Foruen Plaza da, gaur egun, Tuterarren topaleku eta herriaren erdigunea, alde historikoa eta modernoa lotzen dituen eta gure iritziz Euskal Herrian dugun enparantzarik ederrena.

1687an eraikia, 1700 eta 1842. urte bitartean zezen-plaza izan zen, armarridun balkoi margotu zabalek erakusten duten moduan. Tamalez, erdiko kiosko ederraren inguruan auto-pila aparkatuta ikusteak ez dio plaza zoragarri honi mesederik egiten. Karratu horretan beste eraikinetatik nabarmenduz Erlojuaren Etxea dugu, eta albo batean Santa Maria Parrokia (XVI.eko Andre Maria Graziakoaren Ospitalea).

Alde zaharrean sartu aurretik, azken eraikin hau atzean utzi eta zuzen baina sigi-saga joanez, Monteagudo kalearen ondoan Mariaren Bihotzaren Monumentua eta Monreal Dorrea (ziur aski IX. mendeko talaia, XX.ean berreraikia eta berregina) aurkituko ditugun parke batera iritsiko gara.

Orain bai, leku beretik atzera eginez, hiriaren alde zaharrean sartuko gara. Alde Zahar osoa ezusteko txoko ederrez zipriztindutako karrika-labirintoa da, ez baitago ia kale zuzenik. Labirintoaren erdigunean hiriko silueta ezagunena osatzen duen Katedralaren dorre benetan ederra dago (iristeko, Foruen Plazatik Concarera kalea hartu eta San Jaime Plazan eskuinetara).

ANDRE MARIAREN KATEDRALA ETA ALDE ZAHARRA

Antzinako Meskitaren gainean 1168an eraikitzen hasia, orokorrean trantsiziozko eliza erromanikoa da, eta Nafarroako eraikin erlijiotsuen artean nabarmenetakoa. Hiru ate ditu: lehenbizi ikusiko duguna Azken Epaiketaren Ate ikusgarria eta denetan garrantzitsuena dugu, gero hegoaldeko Ama Birjinaren zaharrena, eta azkenik iparraldeko Santa Mariarena.

Meskitaren aztarnak dituen klaustro erromanikoak arreta berezia merezi du (errepara iezaiezue kapitelek dituzten apaingarriei), eta bertan bereziki Kristoren Eskolaren Kapera mudejarra (XV. mendekoa, Sinagoga Nagusia egon omen zen lekuan egina).

Barruko hiru nabeetan, XV. mendeko erretaula nagusia (Antso VII. Azkarra tuterarrak Navas de Tolosako batailan irabazitako kate-maila batzuk erakusten dituena), kapera ugari eta ederren artean Santa Anarena (hiriko zaindariaren tailu gotikoa aipatzekoa den itzelezko kapera barrokoa; erreparatu bere kupula zoragarriari) eta Santa Katalinaren erretaula monumentala azpimarratuko ditugu bereziki.

Baina horiez gain ezin ditugu aipatu gabe utzi ondorengo hauek ere: San Joakin, San Martin (burdinazko langa platereskoa), “Dolorosa” (erretaula barrokoa), Izpiritu Santu edota Itxaropenaren Andre Mariaren kaperak; XII. mendeko Andre Maria Zuriaren tailua, Villaespesaren mausoleo gotikoa, koru zoragarria (XVI. m.), organo barrokoa, zilargintzako lan ugariak eta abar oso luzea.

Honen kanpoaldean, esandako moduan, hiriko irudia den XVII. mendeko dorre ederra dugu, aurreko erromanikoaren gainean egina eta gaur egun zikoinak lagun dituena. Katedralari atxikia, XV.-XVI. mende bitarteko Dekano-Jauregia dago (atalde platereskoa), eta Plaza Zaharrean bertan Udaletxea (XVIkoa, geroago eraberritua) aurki dezakegu.

Honen atzean Rua kalea luzatzen da, hots, antzinako kale nagusia, eta bertan ikus ditzakegu XVI. mendeko Almirantearen Etxe ederra (Udaletxearen atzean bertan, hegala eta balkoia nabarmentzen zaizkion aurrealde platereskoa duela), Ibañez Luna Etxea (XVI. mendekoa, eskuinerago) eta San Nicolas eliza (sekulako tinpano erromanikoa erakusten duen tenplu barrokoa), beste eraikin ikusgarri askoren artean.

Eliza honen kantoian Seralta kaletik ezkerretara egin dezakegu, eta hurrengo kantoian berriz ere ezkerretara, Mercadal Plazan osotasun ikusgarria zain dugula:

1618ko San Jorge Parrokia (XVIII. mendeko erretaula nagusia, fatxada manierista, eta Carlos III.aren armarria duen ataldea), hari erantsita dagoen urte bereko Castel Ruiz Kultur-Gunea (sekulako arkuak dituen etxalde zentrala) eta ezkerrerago dagoen Huarteko Markesaren Jauregi barrokoa (gaur egun Liburutegia dena eta sarrera atzeko Herrerias kaletik duena). Azken honek izugarrizko eskailera inperiala, kupula artistikoa, XVI. mendeko armadura, margoak eta bestelako altxorrak gordetzen ditu.

Carnicerias kaletik Dekano-Jauregira itzuli, eta hura atzean utziz, zuzenean Tuterako arkitektura zibilaren lan gorenarekin topo egingo dugu, hain zuzen ere, Benjamin de Tudela kalearen eta Juderia Plazaren artean dagoen San Adrian Markesaren Jauregia (XVI. mendekoa, estiloz Berpizkundekoa), bere hegal, etxalde eta eskailera nagusi eder guztiekin.

Ebro aldera zuzenduz gero, berriz, 17 arku ezberdinez osatutako zubi luzearen sarrera inguruan, XII. mendeko Madalengo Parrokia itzela (ataurre nagusia eta albokoak oso ederrak, dorre erromanikoa, Berpizkundeko erretaula, margoak eta organo barrokoa) dugu.

Azkenik, Ebro ibaiaren inguru zoragarritik paseatuz, hiria mendean hartzen duen Jesusen Bihotzaren Monumenturaino gertura gaitezke, Antso VII. Azkarraren Gazteluko hondakinen aldameneraino. Bertatik hiriaren eta ibaiaren gaineko bista izugarriaz gozatu ahal izango duzue.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
94 km.
264 m.
26.461
%1
217 km2
128 bizt./km2
Bolantina (Larunbat santua)
Aingeruaren jaitsiera (Bazko igandea)
Santa Ana (uztailak 26)

 

 

 

 

 

Orrialde nagusiraNafar ErriberaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403