IRATIKO
OIHANA
Iratiko Oihanean barneratzea Euskal Herriko eremurik birjin eta basatienean
barneratzea da, antzinako basoak zelakoak ziren ezagutzea; eremu magiko
eta mitiko batean murgiltzea. Irati Euskal Herriko Amazonia da, hots,
gure nazioaren birika; azken finean, gure lurrak sortu duen eta oraindik
dirauen fruiturik gozoena.
Izan ere, izugarrizko landare-geruza honek gure altxorrik ederrenetako
asko gordetzen ditu bere baitan, naturazko mundu harrigarri baten froga
gisa. Laburbilduz, baso hau miraria kontsidera daiteke; batetik izatea
bera eta bestetik gaur arte irautea. Espero dezagun hurrengo belaunaldiek
ere horrelaxe ezagutzea.
IRATIKO
MIRARIEN EZAUGARRIAK
Iratiko Oihanaren hedapena zehaztea gaitza bada ere, Nafarroa, Nafarroa
Beherea eta Zuberoaren artean banatzen diren 150 km2 inguruko zabalera
horren barruan hauexek lirateke bere mugak: Ekialdetik Ori mendia eta
Ollokiako Lepoa, iparraldetik Ori eta Mendizar mendien arteko gailurrak,
hegoaldetik Abodiko Mendizerra eta mendebaldetik Berrendi eta Azalegi
mendien arteko zabalunea.
Kaiku arbolatsu erraldoi horren hondoan Irabiako Urtegia kokatua dago,
eta berau dominatzen duen talaia Ori mendia da, Pirinioetako lehen bi
milakoa. Europa Erdialdeko Oihan Beltzaren ondoren Europa mendebaldeko
bigarren basorik garrantzitsuena den honek, paregabeko pagadi eta izeidia
osatzen du. Zehazki, Iratik izei zuriaren mendebaldeko muga markatzen
du Europan.
Irabiako urtegiaren mendebaldean pagoak erabat nagusi badira ere, ekialdeko
zatian izei luzeekin batera banatu behar du lurra. Gainera, intxaurrondo
eta urki franko ere topa dezakegu bertan. Faunari dagokionez, basoan basurdeak,
orkatzak, katagorriak, oreinak, putreak, sai zuriak eta abar luzea bizi
dira, nahiz eta urteetan zehar beren populazioa beherantz egin duen, ehizaren,
turismoaren eta egurraren ustiapenaren ondorioz. Horrela, otsoa eta hartza
aspaldian desagertu ziren bertatik. Udazkenean gerturatzen bazarete, irailaren
azken aldera edo urriaren hasieran, garaian garaiko landareen eta argiaren
tonu marroixken artean, animalien orroa entzun ahal izango duzue, araldi
garaia baita.
Historian atzera eginez, bi estatuek, itsasontziak egiteko helburua zutela,
XVIII. mendean basoa ustiatzeari ekin zioten, eta horrek urritu egin zituen
bertako zuhaiztiak. Halere, basoaren barnean mugarik ez izateak alde bateko
zein bestekoen arteko liskarrak ekarri zituen, 1856an bi estatuek behin
betiko muga erabaki zuten arte. Erabakiaren ondorioz, Ipar Euskal Herriak
basoaren bosten bat jaso zuen, eta beste guztia Nafarroaren eskuetan geratu
zen.
Nafarroako aldean, hertsiena eta basatiena kontsideratua, bi eremu babestu
dira bereziki, beren aberastasuna dela-eta: Mendilatzeko Natur Erreserba
eta Lizardoiako Erreserba Integrala. Azken honek, inoiz ustiatua izan
ez den pagadi-izeidi birjina gordetzen du Zabaleta edo La Cuestión
mendian.
Azkenik, kontuan hartu bertan klima nahikoa hezea dela, udan bat-bateko
ekaitzak ez direla batere arraroak, eta gauez hotz egin dezakeela. Orain,
baso zoragarri honi buruzko ideia txiki bat egiteko, lau leku edo ibilbide
proposatzen dizkizuegu, zein baino zein ederragoa, eta banan-banan hartuta,
Euskal Herriko tokirik ikaragarrienetakoak.
HARPEA
Inora ez daraman leku isolatu batean, bi Nafarroak elkar ukitzen duten
bazter galdu eta isolatu batean, L.P. Santiagoren esanetan isiltasuna,
bakardadea, edertasuna eta buru gaineko haizea maite dutenak bakarrik
heltzen diren leku batean aurkitzen da Harpea.
Bertan, Beherobiko erreka, egurrezko zubitxoa, harrizko harresitxoa eta
artzain-borda ondoan dituela, kobazulo misteriotsua kokatua dago. Aldi
berean triangelu ikusgarri eta tolesdura arrokatsu den natur mirari honen
aurrean, ahotsik gabe geratuko zarete. Errozate mendiaren barrualdea behatzea
ahalbidetzen digun fenomeno geologiko bitxi hau eta bere ingurune ederra
luzaroan gogoratuko duzuen osotasun zoragarria izango da.
Bertaraino joateko, Organbidexkako Lepotik azken bordetaraino jaitsi
bazarete (ikus ibilbidea), oinez egiteko bidea ezin errazagoa da. Egin
behar duzuen gauza bakarra azken borda horietatik ateratzen den bidezidorrari
bost bat minutuz segitzea da. Segituan, txundituta utziko zaituzten Euskal
Herriko paisaiarik politenetakoa osatzen duen mirari naturala ikusiko
duzuelako: izugarrizko mendi biren artean, goitik behera jausten den errekatxoaren
atzealdean, Harpeako begi okertua agertuko zaizue, ikuskizun zoragarria
behatzen duen parajeko erregea.
Kondairak dioenez, udako arratsalde beroetan lamiak kobaren sarrerara
irteten ziren, eta haitzaren gainean eseriz, eguzkiaren azken errainuen
artean distira itsugarria sortzen zuen urrezko orraziaz beren ilaia luzea
orrazteari ekiten zioten.
OKABE
MENDIA ETA ILLARRRITA HARRESPILA
Okabe mendia, Iratiko ikuspegirik politenetakoa eskaini dezakeen 1.466
metroko gailurra izateaz gain, bere magalean Euskal Herrian aurki dezakegun
kromletx-multzorik garrantzitsuena erakusten du, Illarritakoa hain zuzen
ere.
Illarritako edo Okabeko harrespila hauek (zirkuluan jarritako harriak)
Burdin Arotik (K.a. 800-300 urte) ailegatu zaizkigu, eta dirudienez, antzinako
errausketen hileta-monumentuak izan ziren. Horrela, eremu sakratu horien
erdian, hildakoaren errautsak ontzietan sarturik lurperatzen zituzten.
Harrespilak, herri-giroan Jentil-baratze edo Mairu-baratze
izenekin ezagunak, tradizionalki euskal mitologiako pertsonaia horien
ehorzketarekin lotuak egon dira oro har. Gaur egun arte inguru honetan
30etik gora aurkitu badituzte ere, adituek gehiago topatzea espero dute.
Gehiago aurkitu ala ez, dagoeneko gaur egun ezagutzen ditugunek osotasun
magikoa eratzen dute, aire zabalean kokatzen den historiaurreko santutegi
moduko bat. Gertutik ala goitik begiratuta, bisitaria txundituta uzten
duten biribil handi hauek paregabeko paisaia osatzen dute.
Zelai larretsu hauetan gora segituz, Okabe mendiko gailur zabal eta lau
modukoak Iratiko ikuspegi pribilegiatu eta izugarria eskainiko digu. Horrenbestez,
bertatik Nafarroa Behereko eta Zuberoako mendi guztiak ikusteaz gain,
Nafarroako gailurren zati handi bat ere behatu ahal izango dugu: Ori,
Mendizar, Abodi, Errozate, Saiarre, Bizkartze... eta abar oso luzea, Iratiko
landare-geruza koloretsu eta zabalaren gainean nabarmenduz.
OINEZKO
IBILBIDEA
Illarritara eta geroago Okabeko gailurrera iristeko oinezko bidea Surzai
Lepotik hasiko dugu (ikus ibilbidea). Surzai Lepotik (1.135 metro), eta
ekarri dugun bidearen aurrean dugun magalean gora, pixka bat ezkerretara,
bidezidor bat abiatzen da, basoan barrena. Bideari jarraituz, handik gutxira
basotik irten eta Illarritako Lepora iritsiko gara. Izen bereko nekropolia
eskuin aldean dago, goraxeago.
Segituan konturatuko zaretenez, hemendik aurrera zelai zabal eta nahiko
lauak nagusi dira; izan ere, tamalez, Okabeko gailurrera 4x4 batez ere
iritsi daiteke, gurpilen arrastoek erakusten duten moduan. Horrenbestez,
harrespilak bisitatzen ditugun bitartean (1.385 metro inguruan), egin
beharreko gauza bakarra gailurreriari edo horrelako arrastoren bati jarraitzea
da, Iratiko ikuspegia gero eta ederragoa bihurtzen zaigun bitartean.
Gailurra, biribil samarra, ez dugu azken unera arte ikusiko, baina bertaraino
iristean, bi ordu eta erdiko esfortzua merezi izan duela pentsatuko duzue.
Azkenik, tontor zabalari bira ematea gomendatzen dizuegu, alde guztietatik
bista zoragarria baita.
ORI
MENDIA
Ori, Pirinioetako 2.000 metrotik gorako lehenbiziko tontorra izateaz
gain (2.017 metro alegia), Iratiko mendien artean Erregea da. Herri-sinismenaren
arabera, bertan Mari bizi da, euskal mitologiako jainkosa nagusia, eta
bertako basoetan Basajaun mitikoak ere gordeleku aurkitu zuen. Zuberoako
esaera zahar batek ere dioen moduan, Orhiko txoria, Orhin laket.
Izan ere, mendi eder honetako gailurrera ailegatzen denak zoriontasuna
besterik ezin du sentitu, hain miragarriak baitira mendia bera zein gailurretik
ikusgai eta gozagai dugun ikuskizuna. Inguruko jendeak hainbeste miresten
eta maitatzen duen mendi honek imajina dezakegun ikustaldirik zoragarrienetakoa
eskaintzen digu:
Hegoalde zein mendebalderantz begiratuz, Iratiko tapiz orlegi-more zabala
agertuko zaigu, iparraldean Xiberoako paisaia idilikoa, eta ekialderantz,
berriz, Pirinio hurbilaren ikuspegirik ederrenetakoa (Auñamendi,
Hiru Erregeen Mahaia, Atxerito...).
OINEZKO
IBILBIDEA
Gailurreraino iristeko erarik errazena Nafarroa eta Zuberoa lotzen dituen
Larrañeko Portutik abiatzen dena dugu (ikus ibilbidea), hain zuzen
ere portu gaineko tuneletik. Oinezko bidea tunelaren alboan hasten da,
Zuberoatik gatozela tunela pasatu eta berehala ezkerretara.
Bidezidor hau tunelaren gainetik igarotzen da, eta laster mendi-gailurreria
harrapatzen du. Hemendik aurrera, gailurreria baino metro batzuk beheragotik
jarraitzen du bideak (horrela Oritxipia gailurra saihestuko dugu), hegoaldeko
aldetik.
Jarraitzeko oso erraza eta garbia da, 10 metro inguruko harrizko zati
aldapatsu bat kenduta. Hasieran gogorra suerta liteke, baina gero askoz
errazagoa bihurtzen da. Bideak, azkenik, Oriko gailurrari bira eman eta
azken igoerari mendebaldetik ekiten dio, gailur zoragarri honetaraino
iritsiz. Guztira, pare bat orduko esfortzua, benetan merezi duena.
IRABIAKO
URTEGIA
Iratiko Oihanaren erdialdean, alde guztietatik zuhaitzez inguratuta dagoen
urtegi zahar eta bitxi hau dugu, landare-itsaso baten erdiko ur-irla bailitzan.
Urtegi honek horrenbestez, Iratiren bihotza ezagutzeko aukera eskainiko
digu, berau inguratzen duten bidetxoak ez baleude oso-oso zaila gertatuko
bailitzaiguke baso eder honetan hainbeste barneratzea.
Urtegiak 13,5 Hm3ko edukiera dauka, eta presak, berriz, 158 metroko luzera
eta 44ko altuera ditu. Itxurari dagokionez, mapari begiratzen badiozue,
hiruhortzeko bat dirudiela ikusiko duzue, hortzak bata bestetik urrun
dituena.
Kondairak dioenaren arabera, inguru hauetan, Parisen pozoitua izan zen
Juana de Labrit Erreginaren mamua agertu ohi da haizealdietan, sorginek
eta lamiek haren hondakinak hartu eta haren lurralde (Iratiko Oihana)
izandakoetan batera eta bestera darabiltzatela, beldurgarriki. Horregatik,
ekaitz-egunetan aezkoarrak beren etxeetan babesten dira, mamuak harrapatu
eta desagerrarazi ez ditzan.
IBILBIDEA
Oinezko ibilbidea Elurretako Andre Mariaren Ermitatik hurbil ditugun
Iratiko Etxoletako hondakinetatik hasiko dugu (ikus ibilbidea). Erreka
ezkerrean eta Zabaleta mendia eskuinean ditugula, aparkaleku batetik abiatuz
txarto asfaltatuta dagoen baina sekulako zuhaitz tzarren artean doan bidetxoari
jarraituko diogu. 6 bat km-tara urtegiaren iparraldeko muturrera iritsiko
gara, eta gero, Egurgi zubitxotik ezkerrerantz segituko dugu. Jarraian,
hegoalderantz zuzenduz, beti ere urtegia ezkerrean dugula, beste 6 km
eder egin ostean presara iritsiko gara.
Orduan egin beharreko guztia zera da: presa zeharkatu eta ezker aldetik
abiatzen den bidezidor ederra hartu, urtegia ezkerrean dugula bira osoa
emateko, eta hasierako aparkalekuaren inguruan amaitzeko. Guztia egun
erdi batean egin daiteke.
OTSAGI
Otxagabia edo Otsagi Anduña eta Zatoia ibaiek bat egiten duten
lekuan aurkitzen da. Hortik aurrera bailara osoari izena ematen dion Zaraitzu
(Salazar) ibaiaren ur garbiak bat eginik joango dira. Haran honetako herririk
populatuena, Otsagi, Euskal Herri osoan topa daitekeen herririk politenetakoa
da, euskal Pirinioetako kutsu nabarmena daukana.
Gainera, Irati deitzen den mirari horretan sartzeko Nafarroako ate eta
zerbitzugune nagusia da, berau bisitatzea derrigorrezkoa bihurtuz. Horrela,
naturazaleak bazarete, ondo legoke herriko Naturaren Interpretazio Zentrotik
osteratxo bat egitea. Zabalik: apirila eta iraila bitartean, egunero (astelehenetan
izan ezik), 10:30-14 eta 16:30-20 ordu bitartean; urtean zehar, igande
eta jaiegunetan, 11-14 eta 16-19:30 ordu bitartean. Helduen sarrera 200
pezetakoa da.
Herria bere oinetan duen eliza San Joan Ebanjelizatzailearena da. XVI.
mendean altxatua, hurrengo bi mendeetan zenbait aldiz berritu zuten, eta
barruan Berpizkunde eta barroko estiloko erretaula ederrak ikus daitezke.
Halere, Otsagiren xarma, monumentu batek edo batzuek baino gehiago, herri
osoak gordetzen du bere barnean: Pirinio estiloko harrizko etxeak, horien
ateburu, balkoi edota hegal landuak, arbel gris-beltzezko edo teila gorrizko
teilatu maldatsuak, galtzada-harriz egindako karrika aldapatsuak, ibaien
gaineko harrizko zubiak, herria bitan banatzen duen ibaiko ur garbiak...
Berau bisitatzea zoragarria bihurtzen duten hainbat eta hainbat xehetasun,
bertako kaleetan zehar paseatzera gonbidatzen duten milaka detaile. 1794an
Konbentzio Gerraren erdian frantziarrek su eman ostean, inoiz baino ederrago
azaltzen zaigun herri honen ikuspegi orokorra, Iratirantz joateko bidegurutzetik
lortuko dugu. Leku horretan bertan XVI.-XVII. mendeetako Kalbario edo
Gurutze platereskoa dago, atzean beste eraikinen gainetik eliza nabarmentzen
den herria duela, ezin hobeto kokatua.
MUSKILDA
BASELIZA
Otsagiko elizaren atzealdetik (antzinako bidetik) nahiz herriaren sarreran
gorantz egiten duen errepidetik (ikus ibilbidea), herria bera eta haran
osoa mendean hartzen dituen mendixka batean kokatua, santutegi ospetsua
dugu.
Berehala, Muskildako Ama Birjinaren dorretxo bitxiaren egur beltzeko
teilatu biribil edo konikoak zuen arreta erakarriko du, eta baita bere
atalde erromanikoak ere, gainjarritako puntu erdiko lau arku erakusten
dituena. Urtero, irailaren 8ko erromeriara jende asko hurbiltzen da, bestelakoen
artean herriko dantzarien mugimendu koloretsuak ikustera. Ermitaren alboko
begiratokitik bistak ere oso politak dira.
Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa
85 km.
765 m.
701
%7
130 km2
5 bizt./km2
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8) |
|