BIASTERI
Biasteri, Arabako Errioxako mahasti-eremuaren hiriburua da. Gotorlekuaren
itxura du, ondo kontserbatutako harresi, dorre eta sarrera-arkuak dituela.
Musulmanei aurre egiteko X. mendeko gaztelu bat izan zuen sorburu, eta
Nafarroako Erresumaren defentsa-toki eta Errege-erreginen egoitza izan
zen.
IKUSTEKOAK
Erdi Aroko hirigune osoa Monumentu Nazionala da, eta monumentuak eta
bitxikeriak han eta hemen ageri dira.
Ibilbidea XV. mendeko Harategi edo Sarrera Berritik hasiko dugu. Bertan
Turismo Bulegoa dugu. Aurrean XVI. mendeko Antzinako Udaletxea dugu, Karlos
V.aren armarri inperiala duela. Arkuaren ondoan makila, makila erdia,
teila eta adreiluaren neurriak markaturik daude, merkatarien gehiegikeriak
kontrolatzearren.
Eskuinetara joz, Santa Engracia kalean zehar jadanik lehenbiziko monumentu
eta jauretxeak ikusten hasiko gara. Amaieran, ezkerretara, Biasteriko
perla dugu: Errege-erreginen Santa Maria Eliza. Hondakin erromanikoen
gainean eraikia, Berpizkundeko elementuak dituen tenplu gotikoa dugu berau.
Batez ere, Birjinaren irudia duen XIV. mendeko atalde polikromatu gotikoa
da nabarmentzekoa, estatu espainiarrean geratzen den bakarra baita (horretarako
kanpoaldean XVI. mendean egindako beste atalde batek lagundu dio). Barruan
Berpizkunde-barroko garai bitarteko erretaula nagusia eta gurutzeriako
beste bi erretaula barroko aurkituko ditugu.
Tenplu aurreko Kale Nagusia hiria bisitatzeko bigarren arrazoi nagusia
izan daiteke, jauregi eta monumentuz josia dagoelako. Kale honetan edozein
etxek dauka ikustea merezi duen bitxikeriaren bat. Ohar zaitezte 28. zenbakian
bereziki, bertan Samaniego fabula-kontatzailea jaio baitzen, baina esan
bezala denek daukate zer erakutsia.
Eskuineko Paganoen Kaletik itzuliko gara. 36. zenbakian XIV.eko Casa
de la Primicia aurkituko duzue, hiriko eraikinik zaharrena. Bertan
zergak biltzen ziren. Eliza inguratuz Santa Engraziko Sarreratik irten
eta harresiak kanpoaldetik ikusteko aukera izango dugu, Paseo del
Collado delakotik. Honen amaieran Samaniegori eskainitako monumentua
dago.
Azkenik, jarduera nagusia ardogintza duen inguru honetan hainbat upelategi
bisita daitezke. Turismo Bulegoan galdetu.
Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Araba
64
635 m.
1.421
%6
81 km2
18 bizt./km2
San Blas (otsailak 3)
San Juan eta San Pedro (ekainak 23-29) |
LA
HOYA HERRIXKA
Historiaurreko aztarnategi hau (bertara iristeko ikus ibilbidea) 1935ean
aurkitu zuten, eta gaur egun oraindik aztertzen ari dira, garrantzi handiko
herrixka baten aztarnak agerian utziz, 40.000 m2 eta K.a. 1.500 urte ingurukoa.
Bertan herrixkaren maketa eta museoa ditugu. Ordutegiak: Maiatzetik urrira
arte, asteartetik ostiralera, 11-14 eta 16-20, gehi larunbatean, 11-15
(igande eta jaietan, 10-14). Bestela, 11-15 (10-14).
SORGINAREN
TXABOLA TRIKUHARRIA

Bilar inguruan (ikus ibilbidea) Euskal Herriko trikuharririk garrantzitsuenetako
hau dugu. Gela zortzi harlauza handik osatzen dute (batek altueran hiru
metro, zabaleran bi eta lodieran 40 zm. neurtzen du), eta hauei estalkiarenak
eta iraganbidea markatzen dutenak gehitu behar dizkiegu.
|