Urizaharra (Peñacerrada) ibilbide honetarako
abiapunturik egokiena izan daiteke, oraindik Errioxaren eraginpean
ez badago ere (Arabako mendialdean kokatzen da), horixe delako bertaratzeko
ate nagusia. Ateez ari garenez, Gaztela eta Nafarroako
erresumen artean egoteagatik harresiz inguratu zuten herri honetan,
gauzarik erakargarriena gotorlekuaren sarrera nagusia da: bi dorre
handiren arteko harresi-zati estua, goian balkoi moduko bat eta
behealdean arku bakarra duela. Horrez gain, Jasokundeko Ama Birjinaren
Eliza gotiko berantiarra (erretaula platereskoduna) ere aipa dezakegu.
ERRIOXAKO BALKOI NATURALA
Biasterirako (Laguardia) bidean, Toloño Mendilerroa
zeharkatzen dugun bitartean, panoramika politak ikusten hasiko gara
berehala, 8. km-an Herrera Mendatera iritsi arte. Mendate honexek
hain zuzen banatzen (edo lotzen) ditu Arabako Mendialdea eta Errioxa,
eta beste kilometro bat besterik ez dugu egin beharko paisaiaren
aldaketa bortitz horretaz konturatzeko.
Puntu horretan (eskuinean) hain zuzen gure geografiak
eskaini dezakeen begiratokirik bikain eta harrigarrienetako bat
aurkituko dugu: Errioxako Balkoia. Gure aurrean, behean, marroi
koloreko Gaztelako lautada amaiezina ageri da, tarteka ikusten diren
mendixkako herriek soilik zipriztindua. Bista benetan harrigarria
da. Biasterirako jaitsieran, atzean uzten ari garen Toloño
Mendizerra arrokatsuak ikusgarriki agurtzen gaitu; are ikusgarriago
laster ezkerrerantz hartu eta bere ondotik goazen tarte horretan.
BIASTERI INGURUKO TRIKUHARRIAK
16,5. km-an El Sotillo Trikuharri neolitikora hurbiltzeko
bidegurutzea ageri zaigu eskuinetara. Beste bi aldiz eskuinetara
egin ondoren, laster ikusiko dugu berau. Errepidera berriro itzulita,
20. km-rako Biasteri (Laguardia)ko sarreraren aurrean aurkituko
gara. Bertan, ezker aldetik, geroago hartuko dugun La Hoya-Elvillar
errepidea abiatzen da. Gu momentuz Errioxa eskualdearen hiriburuko
erdigune harresitsuan sartuko gara, ondare historiko-artistikoa
bikaina bisitatzeko asmoz.
Aipatu berri dugun bidegurutzera itzuli eta eskuineko
errepidea hartu ostean, ondo seinalatutako bidetxoari jarraikiz,
La Hoya Hiri historiaurrekora iritsiko gara, gure arbasoen bizimodua
ikusteko gune interesgarria izanik.
Berriz ere hasierako bidegurutzera itzuliz, ezkerreko
aldetik Bilarrera joko dugu, baina 500 metro lehenago ezkerrera
desbideratuko gara, seinaleei jarraikiz Sorginaren Txabola Trikuharri
ikusgarrira heltzeko asmoz. Bilar herrian bertan Jasokundeko eliza
ikusgarria (XVI.ekoa, elementu erromanikoz osatua) eta Indianoaren
Etxe barrokoa bisitatu ostean, hegoalderantz Asa-Logroñora
abiatuko gara, eremu hauen irudi adierazgarriak diren mahastien
artera.
EBRO IBAIAREN EZKERREKO URBAZTERREAN ZEHAR
38. kilometroan errepide nagusiago batera iritsi
eta ezkerretara eginez gero, laster Asa zeharkatuko dugu, antza
denez jatorri erromatarra duen herria. Pixka bat aurrerago errepidea
utzi eta mahastien artean gidatuz Ebro ibaiaren gainean ikusiko
dugun Mantible Zubiak frogatuko luke, nolabait ere, historiak erakusten
duena baino garrantzi handiagoa izan zuela herri honek antzina.
Hobe esanda haren hondarrak, jatorrian zituen zazpi
begietatik bi besterik geratzen ez direlako onik, bakoitza alde
banatara. Erromatarrek (II. m.) kalitate oneko harrian eginikoa
da. Gaur, erdiko begia gabe, bi zubi ikusgarri direla dirudi.
Atzera eginez, Asa zeharkatuko dugu, eta oraingoan,
pare bat bidegurutze zuzen pasatu ondoren, hirugarrenean ezkerretara
joko dugu, 5. km. aurrerago La Puebla de Labarka gure bistapean
geratu arte. 50. km-an, Ebro ibaiaren gaineko balkoi-herri polit
honetan sartuko gara, errepidetik zuzen-zuzen erdiguneraino.
La Puebla Biasteriko auzunea izan zen lehenbizi,
bertako merkataritzarentzat Ebroren gaineko pasabidea (txalupaz,
izenak dioen moduan). Gaur egun, herri polit honek ardogintzan dihardu,
nola ez, eta bertako monumentu nagusia Jasokundeko Eliza da.
Erdigunetik gora eta ezkerretarantz eginez, herriaren
goiko partetik irtengo gara, mahastiak nagusitzen diren paisaia
lehor samarraren artean bide batek El-tziegorantz hurbiltzen gaituela.
Bertako sarreran lehenbizi eskuinetara eta gero ezkerretara egin
beharko dugu, Mainueta (Baños de Ebro) norabidean erdigunetik
pasatuko baikara. Gero, herritik irteteko, Samaniegora zuzen doan
bidea hartuko dugu.
Oro har, Eltziegoko alde zahar osoa ederra dela
esan genezake, baina zerbait nabarmentzekotan, arrosez (garaia denean)
ederki apaindutako Plaza dugu: bertan, Plazako Andre Mariaren Baseliza
eta Udaletxe armarriduna aurkitzen ditugu, eta bertatik, Ipar eta
Itsasontzi kaleak irteten dira, hots, herriko eraikinik ederrenak
erakusten dituzten karrikak. San Andres Parrokia Berpizkundeko tenplu
ederra da (XVI. m.), eta bi dorre ezberdin, ataurre gaineko arku
beheratuak, erliebedun gailurreria eta XVIII. mendeko erretaula
barrokoa ditu.
Esandako moduan, Samaniegora doan bidean, lehendabizi
Uriona (Villabuena de Alava) ondotik pasatuko gara, eta bizpahiru
kilometro egin ostean, jada Samaniego bera ikusten hasiko gara,
Toloño mendilerroaren azpian indar handiz nabarmentzen den
eliz dorre handia ikusgai dugula. XVII. mendeko Jasokundeko Eliza
lehenago gotorleku izandakoa dugu (ezagun du). Oro har, erdigune
osoak bere horretan eutsi dio gotorleku-kutsu horri.
Errepidera itzuliz, Gasteizerako bidean jada, laster
Errioxan sartuko gara lehenbiziko aldiz (ez da azkena izango, ibilbidea
muga ondotik doalako), eta horrela Abalos zeharkatu eta aurrerago
San Vicente de la Sonsierra herri ikusgarriaren ondotik pasatuko
gara (muino baten gainean gotorleku gisa kokatua), beti ere Briñaserako
bidean.
Errioxan zehar dozena bat kilometro egin ostean,
berriz ere Araban sartu eta Bastida herri monumentalean barneratuko
gara. 1200. urte arte Nafarroako Erresumakoa izana, gotorleku garrantzitsua
izan genuen antzina. Horren lekuko dira Larrazuria Arkua, gazteluaren
hondakinak eta jauretxe guztiak. Halaber, gotorleku itxurako Santo
Cristo baseliza erromaniko-gotikoa, Jasokundeko eliza (XVI.-XVIII.
m.), eta XVIII. mendeko greko-erromatar estiloko Udaletxe ederra.
Gasteizerako norabidean aurrera eginez, Toloñoko
haitz-katea inoiz baino gehiago gure gainean dugula, berriz ere
Errioxan sartuko gara, Briñasen hain zuzen ere. Zeharkatu
eta berehala, eskuinetara Gasteizera doan errepide nagusia hartuko
dugu. Laster, Conchas de Haro izeneko haizpitarte ikusgarritik (Nafarroako
Irurtzun aldeko Biaizperen antzeko bi haitz izugarrien artetik)
igaroko gara. Handik kilometro eta erdira berriz eskuinetara egiten
badugu, Buradon-Gatzagaraino (Salinillas de Buradón) eramango
gaituen bidea hartuko dugu.
200. metro aurrerago ezkerretara jo beharko dugu
(bestela Logroñora goaz-eta), eta erdigunean bertan sartzeko
(duen kokapenagatik), herriaren bestalderaino joan beharko dugu,
azkenik erdi aroko sarrerara iritsiz.
Herritxo maitagarri hau, bere kokapen estrategikoaren
ondorioz, harresiz inguratua dago, eta erdi aroan zeukan egitura
berbera gordetzen du gaur egun ere. Izena ematen dioten gatzagak
XIX. mendean bertan behera geratu ziren, mendetan zehar herriko
ogibidea izan eta gero. Gomendagarriena kale estuen artean norabiderik
gabe ibiltzea izan arren (ez zarete galduko, herria oso txikia delako),
bisitatzea merezi duten monumentuen artean Oñatiko Kondeen
Jauregiko hondakinak, Sorkundeko Parrokia eta plaza inguruko etxeak
aipa ditzakegu.
Ibilaldia hementxe buka dezakegun arren, nahi baduzue,
Bastidara itzuli eta ezkerretarantz Urizaharreraino, hau da, abiapunturaino,
itzul zaitezkete, Toloñopeko errepidea ere (batez ere Araba
aldean) oso atsegina baita.
|
BIASTERI
Biasteri, Arabako Errioxako mahasti-eremuaren hiriburua da. Gotorlekuaren
itxura du, ondo kontserbatutako harresi, dorre eta sarrera-arkuak
dituela. Musulmanei aurre egiteko X. mendeko gaztelu bat izan zuen
sorburu, eta Nafarroako Erresumaren defentsa-toki eta Errege-erreginen
egoitza izan zen.
IKUSTEKOAK
Erdi Aroko hirigune osoa Monumentu Nazionala da, eta monumentuak
eta bitxikeriak han eta hemen ageri dira.
Ibilbidea XV. mendeko Harategi edo Sarrera Berritik hasiko dugu.
Bertan Turismo Bulegoa dugu. Aurrean XVI. mendeko Antzinako Udaletxea
dugu, Karlos V.aren armarri inperiala duela. Arkuaren ondoan makila,
makila erdia, teila eta adreiluaren neurriak markaturik daude, merkatarien
gehiegikeriak kontrolatzearren.
Eskuinetara joz, Santa Engracia kalean zehar jadanik lehenbiziko
monumentu eta jauretxeak ikusten hasiko gara. Amaieran, ezkerretara,
Biasteriko perla dugu: Errege-erreginen Santa Maria Eliza. Hondakin
erromanikoen gainean eraikia, Berpizkundeko elementuak dituen tenplu
gotikoa dugu berau. Batez ere, Birjinaren irudia duen XIV. mendeko
atalde polikromatu gotikoa da nabarmentzekoa, estatu espainiarrean
geratzen den bakarra baita (horretarako kanpoaldean XVI. mendean
egindako beste atalde batek lagundu dio). Barruan Berpizkunde-barroko
garai bitarteko erretaula nagusia eta gurutzeriako beste bi erretaula
barroko aurkituko ditugu.
Tenplu aurreko Kale Nagusia hiria bisitatzeko bigarren arrazoi
nagusia izan daiteke, jauregi eta monumentuz josia dagoelako. Kale
honetan edozein etxek dauka ikustea merezi duen bitxikeriaren bat.
Ohar zaitezte 28. zenbakian bereziki, bertan Samaniego fabula-kontatzailea
jaio baitzen, baina esan bezala denek daukate zer erakutsia.
Eskuineko Paganoen Kaletik itzuliko gara. 36. zenbakian XIV.eko
Casa de la Primicia aurkituko duzue, hiriko eraikinik
zaharrena. Bertan zergak biltzen ziren. Eliza inguratuz Santa Engraziko
Sarreratik irten eta harresiak kanpoaldetik ikusteko aukera izango
dugu, Paseo del Collado delakotik. Honen amaieran Samaniegori
eskainitako monumentua dago.
Azkenik, jarduera nagusia ardogintza duen inguru honetan hainbat
upelategi bisita daitezke. Turismo Bulegoan galdetu.
Herrialdea
Gazteizera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Araba
64
635 m.
1.421
%6
81 km2
18 bizt./km2
San Blas (otsailak 3)
San Juan eta San Pedro (ekainak 23-29) |
LA HOYA HERRIXKA
Historiaurreko aztarnategi hau (bertara iristeko ikus ibilbidea)
1935ean aurkitu zuten, eta gaur egun oraindik aztertzen ari dira,
garrantzi handiko herrixka baten aztarnak agerian utziz, 40.000
m2 eta K.a. 1.500 urte ingurukoa. Bertan herrixkaren maketa eta
museoa ditugu. Ordutegiak: Maiatzetik urrira arte, asteartetik ostiralera,
11-14 eta 16-20, gehi larunbatean, 11-15 (igande eta jaietan, 10-14).
Bestela, 11-15 (10-14).
SORGINAREN
TXABOLA TRIKUHARRIA
Bilar inguruan (ikus ibilbidea) Euskal Herriko trikuharririk garrantzitsuenetako
hau dugu. Gela zortzi harlauza handik osatzen dute (batek altueran
hiru metro, zabaleran bi eta lodieran 40 zm. neurtzen du), eta hauei
estalkiarenak eta iraganbidea markatzen dutenak gehitu behar dizkiegu.
|