DONOSTIA
Donostia topikoz gainezka bizi den hiria da, gehienak kurtsiak, baina
baita merezitakoak ere: Easo Ederra, Ozeanoko Perla, Inguru Paregabea...
Ukaezina dena zera da, Donostia dugula Euskal Herriko hiririk ederrena
(Miarritzeri Igeldo faltako litzaioke, besteak beste), eta baita Europako
politenetakoa ere. Hiria bera edozeinekin konparatzeko modukoa bada, zer
esan badiarekin batera osatzen duen batasunaz, edota Igeldoko bista zoragarriez...
HISTORIA
PIXKA BAT
Antzina jada bazegoen Urgull mendipean arrantzaleen herrixka bat, Izurun
deitzen omen zena. Erromatarren garaian Easo izena duela ageri da. Era
berean, Antiguan nekazaritza-gune bat ere bazegoen. Bertan, San Sebastian
izurritearen aurkako abokatuaren omenezko baseliza zegoen, eta bertatik,
hirixka osora zabaldu zen izen hori. Antso Jakitunak hiri-forua eman zion
XI. mendean.
Populatzaile gaskoinen etorreraren ondorioz (bertako toponimian eragina
utziz) merkataritza eta arrantza indartu egin ziren, merkataritza alorrean
bertako portua Kantauriko garrantzitsuena bihurtu, eta balearen arrantzan
Ternuara iritsi ziren. Kokapen estrategikoak, gainera, gotorleku bihurtu
zuen. Ondorioz, zenbait setio jasango zituen, baina arazorik handiena
suteak izan dira, XIII. mendetik 1813raino 12 aldiz suntsitu baitute hiria.
Bilboko portuak gora egin zuenean, Donostiakoaren beherakada hasi zen,
eta Caracaseko Gipuzkoar Konpainiaren sorrerak behin betiko amaiera emango
zion. Geroago, Napoleonen garaian, frantziarren esku geratu zen hiria,
1813an ingelesek, portugaldarrek eta espainiarrek haiek botatzearren hiria
erabat suntsitu zuten arte. Isabel II.aren garaian hiria berriz altxatuko
zuten (1854z geroztik Gipuzkoako hiriburu gisa), harresiak bota eta hiri
modernoa eraikiz.
Karlistada garaian liberalen alde jartzeak zenbait setio pairatzea ekarri
zion, baina era berean, Isabel II.ak Donostian uda pasatzearen moda zabaldu
zuen (Maria Kristinak jarraituko zuena), atzetik burgesia eta turismoa
erakarriz. XX. mende osoan, eta gaur egun arte, Donostia eliteko turismoaren
atsedenleku izan da (batik bat Belle-Époque ospetsuaren garaian),
bertatik errege-erreginak, presidenteak eta ospetsu mordoa igaro direlarik.
ALDE
ZAHARRA
Esan beharra dago Alde Zahar hau ez dela hain zaharra, 1813an berriro
eraiki baitzuten. Abuztuaren 31 kaleko 42 eta 44 zenbakidun etxeak hiriko
zaharrenetakoak dira. Bertako ezaugarririk nabarmenena kaleetako giroa
eta taberna-kontzentrazioa dira.
Alde Zaharraren bihotza 1722ko Konstituzio Plaza da, antzina zezen-plaza
izandakoa (zenbaki bana duten balkoiek hortxe diraute). Bertan XIX. mendeko
Udal Liburutegia dago, 1947 arte Udaletxe izandakoa, marmolezko eskailera
bat, hiriko armarria eta San Sebastian Jaiari hasiera ematen dion erlojua
dituela.
Portu alderantz, bi kale harantzago, Kale Nagusia dugu, eta beste eraikinen
gainetik, XVIIIko Santa Maria Basilika edo Koruko Andre Maria barrokoa
nagusitzen da, hiriko zaindaria. Hasieran erromanikoa zen, XVI.eko eranskin
gotiko batzuk zituela. Aurrealdeak erretaula itxura du, Amerikako eliza
kolonialen antzekoa (Caracaseko Konpainiak ordaindu zuen). Barrualdean
aldiz, gurutzeria-sabai gotikoa eta aldare txurrigereskoa (Kontsulatua),
barrokoa (San Pedro) eta neoklasikoa (La Soledad) ditu. Aldare Nagusian
Koruko Andre Maria eta San Sebastian agertzen dira. Harlanduko koruan
XIX. mendeko organoa azpimarratzekoa da. Elizaren ezkerreko aldera eginez,
Abuztuaren 31 kalean, San Bizente eliza dugu, hiriko zaharrena (XVI. mendeko
gotikoa), Berpizkundeko Aldare Nagusia duela. Elizako orduak: 10-12 eta
16:30-19.
Kale amaieran, Zuloaga Plazan ezkerretara eginez, San Telmo Museoa aurkituko
dugu, XVI.eko antzinako domingotarren Berpizkundeko abatetxea. Arkitektura
aldetik, klaustroa eta Jose Maria Sert-en fresko handia nabarmentzen dira,
eta erakusketan, berriz, hilarri diskoidalak eta Ignacio Zuloagaren gela.
Zabalik: asteartetik larunbatera 10-13:30 eta 16-20 (igandeetan goizez).
KAIA
ETA URGULL MENDIA
Alde Zaharrean zehar ibili ostean Porturantz itzuliko gara. Bertan, kaiko
Pasealekuan zehar, alde bateko txalupa eta itsasontzi koloretsu eta beste
aldeko arrantzale-etxe polit eta arrain-jatetxe usaintsuen artean ibiliko
gara. Errepara iezaiozue 1866an beste batzuk salbatzearren bere bizia
galdu zuen Aita Mari arrantzalearen omenez eskainitako estatua
eta plakari.
Amaieran, Museo Ozeanografikoa edo Aquariuma dugu, dozenaka itsas-espezie
ezberdin eta euskaldunak eta itsasoaren arteko lotura estua erakutsiz.
Kostalde honetan harrapatutako azken balearen eskeletoa oso ikusgarri
geratzen da. Berriztatu zutenetik ordutegia ere zabaldu egin da, eta,
horrenbestez, egunero 10-20 ordu bitartean aurkituko dugu zabalik. Helduentzako
sarrerak 1.100 pta. balio du.
24. zenbakian dagoen Itsas-Museoak itsasoarekin loturiko euskal arkitektura,
tresnak eta industria dauzka erakusgai. Zabalik: asteartetik larunbatera
10-13:30 eta 16-19:30 (udan 20:30) ordu bitartean. Igandeetan goizez.
Sarrera dohainik.
Inguru pribilegiatu honetatik bistak zoragarriak dira, ezkerrean Donostia
eta Kontxako hondartza, erdialdean Santa Klara uhartea, atzean Igeldo
mendia eta alde guztietatik itsaso zabala ditugula. Azkenik, ekainetik
irailera Arrantzaleen kaitik Santa Klararaino doan ontzi turistiko bat
irteten da. Uhartean itsasargia eta kaitxoa besterik ez daude, baina ur
gaineko txangoak benetan merezi du.
Aquariumetik gertu, Gaztelurako Igoera izeneko bidetxoa dugu, Urgull
Mendi-Parkeraino oinez eramango gaituena. Ibilera polita da, eta goian
La Mota Gotorlekua (geratzen dena), itzelezko Bihotz Sakratuaren
estatua eta hiriko ikuspegi ederra dugu. Orain, bide beretik kaira edo
beste bide batetik San Telmora jaisten bagara, itsaso bazterreko Paseo
Berri ederrean zehar mendia inguratu dezakegu.
KORTAZAR
ZABALGUNEA
Bulevarreko Zumardiak, pasealeku eder bihurturik, Alde Zaharra eta hiri
modernoa banatzen ditu. Hasieran Alderdi Ederreko Lorategiak ditugu (izena
bera nahiko esanguratsua da), eta bertan, lehenago Kasinoa izandako Udaletxea
aurkitzen dugu. 1882an eraikia, hiriko erakinik esanguratsuenetako bat
bihurtu da.
Bulevarraren amaieran Urumea Ibaiarekin egingo dugu topo, eta halaber,
bere gaineko zubiekin, zein baino zein ikusgarriagoa. Gure aurrean duguna
Zurriola edo Kursaalekoa da, eta bere elementurik bereizgarrienak farola
modernistak dira. Hementxe bertan Zinemaldiko izar guztiak ostatu hartzen
duten Maria Cristina luxuzko hotela dugu, Turismo Bulegoa, eta baita Victoria
Eugenia Antzokia ere. Honen aurrealdeak, 1909koa, Berpizkunde kutsua dauka,
elementu platereskoekin batera.
Antzokiaren albotik, Urumea atzean utzi eta hiri modernoaren bihotza
den Gipuzkoako Plazara ailegatuko gara. Enparantza txiki honetan, ahatedun
lakutxo baten inguruan, landare eta zuhaitz ezberdin askoren artean, lore-erloju
bitxi bat eta zeru-sabaia irudikatzen duen tenplutxoa ikusiko ditugu.
Plazaren alde batean Diputazioaren Jauregia dugu. Aurrealde neoklasikoa
Urdaneta, Elkano, Okendo, Lezo eta Legazpi itsasgizon eta bidaiari gipuzkoarren
estatuek koroatzen dute. Plazaren inguruko kaleetan merezi du gora begira
ibiltzea, luxuz landutako eraikin eta etxeen fatxadetako bitxikeria eta
xehetasun ederrei erreparatuz.
Ondoren, Urumeara itzuli eta beste bi zubiak gertutik behatuko ditugu:
Santa Catalina (ehunka urtetan izandako bakarra, 1870an harriz berreraiki
zuten, estilo neoklasikoan) eta Maria Cristina (Pariseko Alejandro III.
zubian inspiratua, 1904an egina, lau obelisko ikusgarri ditu, eta bakoitzean
eskultura-multzo bana).
Hemendik berriz ere kale artean sartuz, segituan Artzain Onaren Plaza
eta Katedrala topatuko ditugu. 1897an inauguratua, neogotikoa da.
Honen aurrealdeko Loiola kaletik Alderdi Ederrerantz itzuliz, urrunean
Alde Zaharreko Santa Maria ikus genezake (trafikorik eta jenderik ez badago,
noski). Tartean Askatasunaren Etorbidea zeharkatuko dugu, hiriko merkataritza-gune
nagusitzat har genezakeena.
KONTXAKO
PASEALEKUA
Donostian dagoen gauzarik politena, erakargarriena, eta berez hiria bisitatzeko
nahikoa arrazoi dena, Kontxako Badia dugu. Osotasunean behatzeko lekurik
egokiena Cervantes Plaza izan daiteke, Askatasunaren Etorbideak eta Urbieta
kaleak topo egiten duten kantoian: eskuinean Urgull Mendia, goian Jesusen
Bihotz erraldoia duela, eskuinerago (baina askoz hurbilago) Udaletxea,
aurrean Santa Klara uhartea eta itsaso zabala, eta pixka bat ezkerrerago,
Igeldo Mendia. Osotasun zoragarria, benetan.
Euskal Herriko hondartzarik ezagunenaren eta ederrenaren gainetik (Miarritzekoarekin
batera) luzatzen den pasealeku miragarriaren bereizgarri ospetsuenak milaka
argazki eta postaletan ikusiko dugun baranda zuria eta tamarindoak ditugu.
Horrez gain, Ondarretarantz abiatuz, Erlojuak ikusiko ditugu, ordua ematen
duten zutabe bitxi pare bat, eta halaber, Fleming-i Omenaldia
izeneko Txillidaren eskultura.
Ibilian zoaztela ez ahaztu noizbehinka ezkerreko aldera ere begiratzea,
Mirakontxako jende aberatsen etxeetara alegia. Imajina ezazue
nolako etxea izango duen ohetik jaikitzean Kontxako paradisua ikusteko
aukera duenak... Ondarreta eta Kontxako hondartzak banatzen dituen Loretopeko
izeneko lur muturrean, hiriko tokirik hoberenean, Miramar Jauregia kokatua
dago. Maria Kristina Erreginarentzako estilo ingelesean eraikia, gaur
egun kultur ekintza garrantzitsuren egoitza da. Lorategiek (egunez zabalik)
hiriko behatokirik onenetarikoa eskaintzen dute.
Ondarretako hondartza aristokratikoaren gaineko lorategiak
ere oso atseginak dira, bertako Maria Kristina eta Zeharki
eskulturekin batera. Azkenik, pasealekuaren muturrean, Txillidaren Haizearen
Orrazia ospetsura iritsiko gara. Haitzen gaineko kokapen horrek,
haize nahiz olatuen indarrak eta bertako forma bitxiek osotasun ikusgarri
eta misteriotsua bihurtzen dute.
IGELDO
MENDIA
Igeldo Mendia, Euskal Herriko ederrena ez ezik, nazioarteko talaiarik
izugarrienetakoa dela esatea ez da gehiegi esatea. Hori baieztatzeko,
Itsasargiko Pasealekutik igotzea besterik ez dago. Jolas Parkearen alde
batean ozeano amaiezina eta beste aldean Donostiako hiria dituela, Kontxako
Badia eta inguruko mendiak bezalako panorama ikusteko aukerarik eskaintzen
duen begiratoki gutxi egongo dira... Gainera, ilunabarrak ere ezin miresgarriagoak
dira.
Bertara funikularrez ere igo gaitezke, eta bertan Jolas Parkean ibili.
Bertan mende hasierako zenbait instalakuntza daude oraindik, hala nola,
Mendiko Trena. Zabalik: astelehenetik ostiralera, 11-20 ordu bitartean;
asteburuetan, 11etatik 22etara. Sarrera 160 pta. Argizarizko Museo interesgarri
bat ere badago, euskal historia eta kulturako pertsonaiekin. Batez ere,
Terrore Arloa nabarmentzen da, hilerri eta guzti. Zabalik: egunero 11-14
eta 16-18:30 ordu bitartean.
Esandakoa, Donostia bisitatuz gero, Igeldora ez igotzea, agian, Euskal
Herrian goza dezakegun ikuspegirik ederrenari uko egitea litzateke.
Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
5 m.
178.210
%33
61 km2
2.922 bizt./km2
San Sebastian (urtarrilak 20)
Kaldereroak (otsaileko 1. larunbata)
Ihauteriak
Aste nagusia (abuztuak 14)
Abuztuaren 31 (abuztuak 31)
Santo Tomas (abenduak 21) |
PASAIA
Pasaiako badia historikoki San Pedro eta Donibane guneek bete izan dute,
badiaren sarreran hainbeste urtetan elkarri begira izan diren auzo arrantzale
tipikoek. Itsasoz hain hurbil, baina kaminoz joanez gero hain urrun egoteak
bi etxe-multzo gogoangarri hauen arteko harreman-lehia nahikoa berezia
sortu du, beste inon baino hobeto estropada garaian islatzen dena.
Horrelakoak alde batera utzita, oso gomendagarria deritzogu bi auzo hauek
bisitatzeari (batez ere Pasai Donibane), biak ere itsas kutsu nabarmeneko
oso gune politak direlako. Beste bi auzoak, Pasai Antxo badiaren erdian,
eta Trintxerpe San Pedroren ondoan, beranduago eratu dira, badia honetan
kokatzen den portuak gero eta garrantzi handiagoa hartu ahala. Gaur egun
Euskal Herriko porturik garrantzitsuenetakoa da.
LABURPEN
HISTORIKOA
Udalerri bateratu gisa berriagoa bada ere, bi gune historikoen jatorria
Donostia eta Hondarribiko fundazioekin lotua dago. Izan ere, Pasai San
Pedro hainbat mendetan zehar Donostiako auzune izan zen, eta Pasai Donibane
Hondarribikoa. 1765ean dagoeneko, bertako agintariek banaketa horrek era
guztietako kalteak ekartzen zizkiela zioen idatzia bidali zuten Madrilera,
Koroarengana hain zuzen.
Gauzak horrela, 1770ean Pasai Donibane Hondarribitik banandu eta bere
udalerri propioa sortu ahal izan zuen. Pasai San Pedrok 1805 arte itxoin
behar izan zuen dekretu hori lortzeko, Independentzia Guda amaitu arte
bete ezinik egon bazen ere. Dezente geroago, XIX. mendearen amaiera aldera
Pasai Antxo sortu zen, eta horretarako lagungarri gertatu zitzaion trenbidea
eta Nazional 1 errepidea bertatik pasatzea. Trintxerpe, berriz,
mende honen bigarren erdialdean sortu zen, kaiko arrantza-jarduerak bultzaturik.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
6 km.
4 m.
17.209
%32
11 km2
1.564 bizt./km2
San Joan (ekainak 24)
San Pedro (ekainak 29)
San Fermin (uztailak 7)
Karmenak (uzailak 16)
|
PASAI DONIBANE
Errenteria-Lezotik etorriz (ikus ibilbidea), Pasai Donibaneko gune historiko-artistikoa
osatzen duen kale bakar eta ederrean sartu aurreko aparkalekuan autoa
uztea gomendatzen dizuegu. Bestela, hamar bat minuturo aldatzen den semaforoa
berde jarri arte itxoin beharko duzue, eta horren aurreko kale estuan
arazoren bat izan dezakezue autoz ibiltzeko.
Osorik monumentutzat jo dezakegun kale estu, bihurgunetsu eta eder honek
etxepeko hainbat pasabide ere baditu, guztiz erakargarria egingo zaizuen
osotasuna sortuz. Sartu eta berehala, alde batean eliza eta bestean jauregi
bat aurkituko dugu. Jauregi ederra Arizabalotarrena da, herriko sendi
garrantzitsu batena.
Bere lau aldeko teilatuak hegal landua erakusten du, eta baita aurrealdean
armarri ederra ere. Eraikina XVIII. mendekoa da, barroko estiloan egina.
Etxe ondotik kaira gertura zaitezkete. Esan dugun moduan, haren aurrean
San Joan Bataiatzailearen Eliza dago. 1643an fundatua, aurrealde neoklasiko-barroko
laua erakusten du, sainduaren estatua bat ere baduela (1731). Barrualdean
erretaulak azpimarra genitzake.
Kalean aurrera eginez, kale honetako lau arku edo pasabideetako lehenetik
igaroko gara. Bigarrena pasatu eta gure aurrean Miranda Etxea agertuko
da. Oso aurrealde ederra du, XVI. mendeko Berpizkunde estilokoa, eta beheko
solairuan (Jubilatuen Egoitzan) bi armarri.
Etxe honen eskuinaldeko atetik Victor Hugo Etxea izenarekin ezagutzen
den etxebizitzara sar gaitezke. Izan ere, frantziar Erromantizismoaren
ordezkaririk nabarmenenak bertan egun batzuk pasa zituen, leku horretaz
maiteminduta. Hirugarren arkuan Kristo gurutziltzatuaren irudi bat aurkituko
dugu, eta berau pasatu ostean, XVI. mendeko Guruztokia. Manierista estilo
herritarrean egina, barruan Pietatearen Ama Birjina ikusi eta 778ko Orreagako
Batailan parte hartu zuten pasaitarren inskripzio bat irakur daiteke.
Guruztokiaren alboan Villaviciosatarren Jauregia altxatzen da, XVI. mendean
harlanduz egina, Berpizkunde estiloan. Jauregia dagoen plazatxo honetatik
bi Pasaiak lotzen dituzten gabarrak irteten dira; zerbitzu honek antzinatik
funtzionatu izan du, eta, erosoena denez, oso erabilia da. Plazatxo honetatik
ere badia osoa dominatzen duen eta ikustaldi oso ederra eskaintzen duen
Santa Ana Baselizara igotzen diren eskailerak irteten dira. Barruan XVI.
mendeko Ama Birjinaren irudi holandarra dugu.
Aurreraxeago Pasai Donibaneko zabalgune nagusira (edo bakarrera) iritsiko
gara, eta bertan tarte luzea egitea aholkatzen dizuegu, bere edertasunak
merezi du-eta. Zabalgune hori arrantzale kutsu nabarmena duen Santiago
Plaza da. Alde batean itsasoa duela, bestean arrantzale-etxe estu, garai,
koloretsu eta politak, erdian Udaletxea... enparantza hau denbora pasatzen
uzteko leku ezin atseginagoa da.
Itsaso zabalerantz jarraituz, tartean Bonantzako Kristoren Elizarekin
topo egingo dugu (XVIII. m.). Bere barrenean, sarrera osteko burdinazko
langa landua eta aldare nagusiko erretaula eta Kristoren irudi barrokoak
azpimarratuko ditugu. Azkenik, badia itsaso bihurtzen den lekutik hurbil,
Santa Isabel Gazteluaren hondakinak ikusiko dituzue. Karlos I.aren aginduz
eraikia, badia hau arrotzen erasoetatik defenditzeko asmoz, 1876an desagertu
zen.
PASAI
SAN PEDRO
Badiaren beste aldean kokatua, portuaren instalakuntzak eta Trintxerpe
auzoa pasatu ondoren (ikus ibilbidea), bigarren auzune honek ez dauka
bere anaia-lehiakidearen aberastasun artistikoa, baina berarekiko antza
handia eta erakusteko moduko monumentu bat baino gehiago ere badu.
Horrela, bertako gune historikoa ere ilara bakarrean antolatutako etxe-multzoak
osatzen du, badia ondoko Arraunlarien Kalea eta atzeko Kepa Deunaren Kalearen
artean. Antolaketa urbanistiko hau itsasoan amaitzen diren bi mendien
pean bizitzeak dakar.
Hasieran San Pedro parrokia ikusiko dugu, XVIII. mendekoa, eta hortik
aurrera, Donibanekoaren moduan, kaleak pasabide bat baino gehiago erakutsiko
digu. Monumentuen artean hainbat armarridun etxe aipa ditzakegu, Aizpuruatarrena,
Blas de Lezo itsasgizon ospetsuaren (1689-1741) jaiotetxea, Sebastian
Etxebarriarena...
Pasai San Pedrotik ere Donibaneren ikuspegi oso politaz goza dezakegu,
bien artean ikusiko ditugun txalupa ugari eta koloretsuen atzean. Era
berean, Trintxerpe eta San Pedroren arteko Seoane Markesaren Plazatik
La Plata Itsasargiraino igo edota badiaren ahoraino paseatu dezakegu.
Bata zein bestea ibilera ederrak dira.
HONDARRIBIA
Hondarribiaz hitz egitea Euskal Herriko herri edo hiri ederrenetako bati
buruz hitz egitea da, Gipuzkoan Donostia hiriburuarekin bakarrik konpara
daitekeena.
Batetik, Txingudiko ingurune miragarriaren beste aldea betez, penintsulako
lehen gune populatua izateak historia luzea eta kontatzeko istorio asko
ekarri dizkio. Bestetik, oro har monumentu bat den alde zaharretik ibiltzea
edota San Pedro kaleko etxe arrantzale tipiko eta koloretsuen aurrean
bertako gastronomia ospetsua dastatzea, edonoren eskuetan dagoen luxua
kontsidera daiteke.
Azkenik, Gipuzkoako hondartzarik zabalenean eguzkia hartu edo bainua
hartu ostean arrantzaleen kaira gerturatu eta Higer muturreko itsasargitik
itsaso zabala behatzeko paradarik baldin badugu, orduan konprenituko dugu
zergatik aukeratzen duen hainbeste jendek Hondarribia oporrak igarotzeko
leku gisa.
HISTORIA
Inguruetan agertutako aztarnen arabera, inguru hau duela 5.000 urte jada
populatua zegoen. I. mendean erromatarrak bertatik pasatu ostean, tradizioak
VII.ean Wamba Errege Godoak lehen gotorlekuak eraiki zituela dio. Hala
ere, XII. mendea arte ez da agiri idatzitan agertzen hasiko, eta fundazio
ofiziala 1203an ezagutuko du, Gaztelako Alfontso VIII.aren eskutik.
Mugaren ondoan egonik, bere kokapen estrategikoak laster gotorleku bihurtu
zuen, eta pribilegio asko eskurarazi ere bai. Baina era berean, izaera
horrek askotan setiatua bizi beharra ekarri zion, batik bat Espainia eta
Frantziaren arteko gudetan (lehena 1280an).
Batzuetan garaile (1638an 69 eguneko setioari eutsi zion, Guadalupeko
Amaren laguntzaz) eta bestetan galtzaile (1794an erori ostean, hiri
osoak lapurreta orokorra ezagutu zuen), bertako jendeak borrokalaria eta
gogorra izatearen fama du.
Euskal kostaldeko beste herri askoren moduan, arrantza eta merkatariza-portu
oparoa ere izan zen, lortutako pribilegioek horretan lagunduz. Ondorioz,
Gaztela eta Flandesekin zituen merkataritza-harremanek hango jendeak honantz
erakarri zituen. Azkenik, XIX. mendean Karlistaden gorabeherak pairatu
ostean, XX.ean kontrabandorako leku egokia bihurtu zen, gerran nahiz gerra
ondorenean.
HARRESIEN
BARNEKO ALDE ZAHARRA
Osorik monumentu izendatua, bere baitan aberastasun artistiko eta arkitektoniko
oso zabala gordetzen du. Abiapuntu gisa Irunetik zatozela hirirako sarrera
funtzioa betetzen duen errotonda hartu dugu. Puntu honetan, ezkerretara
egiten badugu harresiz inguratutako Alde Zaharra dugu; zuzen joanez gero,
ordea, Portu Auzoan barneratuko gara, eta eskuinetara jotzen badugu, Bidasoaren
gainean jarriko gara.
Errotondaren alde batean, Ama Birjina baten estatua loretsu eta polita
dugu, eta bestean, harresien hasiera den San Felipe Baluartea, horman
balearen arrantza irudikatzen duen erliebe ikusgarria duela. Ondotik igo
ondoren, eta errotondatxo batean eskuinerantz egin eta gero, harresien
barnean sartuko gara, hiriko armarria ikusgai duen Santa Maria Atetik
hain zuzen.
Hiriko sarrera nagusia izan zen garai batean, eta zeuzkan hiru ateetatik
erdikoa geratzen da, beste biak 1795ean frantsesek suntsitu baitzituzten.
Atearen ostean Kale Nagusi ederra abiatzen da, hiriko eraikinik berezienak
erakusteaz gain atzealdean Jasokundearen parrokiako dorrea ikusgai uzten
duena.
Kale honetan, bereziki azpimarratzekoak dira XVIII.eko Udaletxe barrokoa,
bi armarri eder erakusten dituena, Casadevante Jauregi errenazentista(5.
zk.) eta Zuloaga Etxea. Azken honetan gaur egun Hiriko Artxibategi Historikoa
eta Udal Liburutegia daude. Ohar zaitezte, halaber, 4. zenbakiko Ladron
de Guevara Etxeko adreilu urdinez beiraturiko aurrealdean.
Kale Nagusiarekiko paraleloan oso interesgarriak diren beste hiru kale
luzatzen dira: Panpinot (ezkerrekoa), eta Apezpiku eta Fraxkueneko Murrua
eskuinean. XVI. mendeko Panpinot kaleari dagokionez, bere etxe guztiak
oso interesgarriak direla esan beharrean gaude, baina baten bat azpimarratzearren,
16. zenbakiko Rameri Jauretxea aipatuko dugu. Etxe honen aurrealdea oso
ikusgarri agertuko zaigu, marrazki, moldura eta lore-koadro ugariz apaindua
dagoelako.
Orain, Kale Nagusiaren eskuinean dugun Apezpiku kalera aldatuko gara.
Hondarribiko kalerik zaharrenetakoa da, eta gaur egungo izenak XVI. mendetik
dirau. Mutur batean Palentziako Urbana Dorretxea edo Etxebestenea dago,
Sevillako Artzapezpiku, Carlos Varen kaperau eta Santa Teresaren babesle
izan zen Cristobal de Rojas y Sandovalen jaiotetxea. Jaiotetxearen aurrean,
bere izena daraman enparantzan, estatua batek pertsonaia historiko hura
gogorarazten digu.
Plazaren beste aldean, harresien gainean Fraxkueneko Murrua dugu, eta
bere amaieran (Nagusi eta Apezpiku kaleen amaieran ere bai), Jasokunde
eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza. Estilo gotikoan egina, Berpizkundeko
elementuak baditu ere, 1474an hasi ziren eraikitzen, eta 1549an Baionako
Apezpikuak kontsakratu zuen. Guda ugariek beren eragina izan dute egituran,
eta horrela, 1521ean erre egin zen eta 1638an sabaietako bat jauzi zen.
Gaur egungo dorrea mende bat beranduago altxatu zuten.
Gurutze latindar itxurako hiru barneluzego ditu, eta bertan korupeko
izardun sabaia nabarmentzen da. Sarrerako bi aldeetan Filipinetako Itsasotik
ekarritako ur bedeinkatuko bi maskor topa ditzakegu.
Elizaren atzealdean, Bretxa kaletik sartuz, Arma Plaza eta Karlos V.
enperadorearen Gaztelua ditugu. Gaztelua eraikin laua da, dirudienez Nafarroako
Santxo Abarka Erregearen garaian altxatu eta Karlos V.ak handitua. 1794an
frantziarrek zati bat suntsitu zuten arte. Bertan pertsonalitaterik handienek
ostatu hartzen zuten. Gaur egun Turismo Paradorea da.
Plaza hau hiriko bilgune publiko nagusia izan da, jai eta ospakizun herrikoi
eta ofizialetarako gunea. Gaur egun, balkoi luzeko etxe ederrek osatzen
duten lerroa miretsiko dugu zabalgune honetan. Aurrera eginez, Juan Laborda
kalean (Egiluzko Jauretxea) eskuin-ezkerretara joz, pasabide batetik barrena
Gipuzkoa Plazara iritsiko gara, berria baina zahar itxurakoa, eta batez
ere oso ederra.
Diagonalean zeharkatuz, Santiago Konpostela kaletik lehenbizi eta Jabier
Ugartetik gero, turismo bulegoaren ondotik pasatuz Portu auzoa dugu.
PORTU
AUZOA
Herriko lehenbiziko gune populatua izan omen zen, eta gaur egun aurrekoarekiko
ezberdina bihurtzen duten elementuak gordetzen ditu. Horrela paraleloki
dauden San Pedro eta Santiago kaleek arrantzaleen etxe tipiko askotxo
erakuts dezakete, eta baita Santiago eta Pisuzarra Plazaren artean sortzen
den Madalen Karrikak ere.
Hiruetan ezagunena eta ospetsuena lehendabizikoa da. Izan ere, aurrealde
zuri, teilatu eta gapirio edo habe berde-gorrixka eta lorez beteriko egurrezko
balkoi koloretsuek sortzen duten postal moduko irudia, buruan grabaturik
irauten duten horietako bat duzue, zalantzarik gabe. Hemendik, Done Pedro
Itsasgizonen Kofradiara hurbiltzea gomendatzen dizuegu.
KAITIK
HIGER LUR-MUTURRERANTZ
Bertatik badiaren gaineko ibileran bi aukera ditugu, hegorantz Bidasoa
kale-pasealekua hartzea, edo bestela iparreratz, Butron Pasealekua. Txingudiko
Badiaren gainean, eta beste aldean Hendaia dugula, biak dira ederrak,
eta beraz, lehenengotik ibili ostean, Butroikoa hartzea gomendatzen dizuegu.
Bide honetan laster Hondarrabia hondartzara iritsiko gara, eta berau
zeharkatuz hurbil dugun Arrantzaleen Kai Babestura. Alboan ditugun San
Telmo Mutur eta Gaztelutik barrena, begiratokiz josirik dagoen bide bihurgunetsu
eta eder batean gora, Higer Muturreko Itsasargira ailegatu gaitezke.
GUADALUPEKO
AMAREN BASELIZA
Jaizkibel mendian, XVI.eko baseliza hau dugu, sekulako bistak eskaintzen
dituen paregabeko ingurunean. 1638an suntsitua, eta ondoren berreraikia,
Guadalupeko Andre Mariari egozten zaio urte horretako setioa gainditu
eta hiria askatu izana. Une horretatik aurrera Hondarribiko armarriari
Ama Birjinaren irudia erantsita agertuko da, hiriko zaindari izendatuz.
Bertatik, Guadalupeko Gotorlekuaren eraikin-multzo harrigarrira iritsi
gaitezke.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
21 km
18 m.
14.704
%60
29 km2
507 bizt./km2
Ostiral Santuko prozezioa
Kutxaren jaia (uztailak 25)
Jaizubia (abuztuak 15)
Ama Guadalupekoa-Alardea (irailak 8) |
IRUN
Hainbeste urtetan muga-hiri izan den hau, bere kokapen estrategikoa dela-eta,
aspaldian populatzen hasi zen, erromatarren garaitik bederen, aurkitutako
aztarna ugariek erakutsitakoaren arabera. 1203an idatzizko agiri batean
lehendabiziko aldiz agertzen denetik, 1766an Hondarribitik bereizi eta
hiri bihurtu arte, ugariak izango dira auzo-herriekin izandako liskarrak.
Bere kokapena zela-eta, hiriak eraso eta suntsipen asko ezagutu zituen.
Lortutako garaipenik handiena 1522ko San Martzialekoa izan zuten. Eta,
nahiz eta 1659an Faisaien Irlan Pirinioetako Bakea sinatu, horrek ez zuen
luzaro iraun. Beste garaipen handia 1813koa izan zen, San Martzialeko
bigarrena, frantziarrak botatzearekin batera Independentzia Gudari amaiera
eman ziona. Hurrengo Karlistadek eta Guda Zibilak ere eragin handia izan
dute hirian.
IKUSTEKOAK
Bisitaldia Luis Mariano Lorategietan hasiko dugu, Frantzian izen handia
lortu zuen kantariari eskainiak. Bere parean, Colon Pasealekua zeharkatuz,
Zabalgune Plaza dugu, musika-kiosko bat duela. Honen beste aldean dugun
Argentinako Errepublika kalean eskuinera eta handik gutxira Iparralde
Etorbidetik ezkerrerantz eginez gero, Gernikako Arbola Plazara iritsiko
gara.
Hemen berriz ere eskuin aldera, Tadeo Murgia kaletik Santiago kalea topatuko
dugu, hiriko zaharrenetakoa eta amaieran Junkaleko Andre Mariaren Eliza
Nagusia erakusten diguna. 1606an amaitua, 100 urteren ostean, bertan gotiko
zahar eta euskal Berpizkundeko gotikoaren elementuak nahasten dira. Barruan,
Amabirjinaren irudia duen erretaula nabarmentzen da.
Elizaren atzean beste hiru plaza edo parke datozkigu segidan, Juncal,
Sarjia eta Urdanibiakoa. Azken hau azokak, kontzertuak eta hainbat ekitaldirako
erabiltzen da, eta bere alde batean Urdanibiako antzinako Ospitalea ageri
zaigu. Plaza zeharkatu eta izen bereko kaletik aurrera segitzen baduzue
Ama Xantalen Baseliza-Museora iritsiko zarete, 20 mendetan zehar gurtza-toki,
erromatarren aztarnategi eta Gipuzkoako X. mendeko eliza bakarra dena;
gaur egungo eraikina XIV. mendekoa da.
Urdanibiara itzuli, berau zeharkatu eta San Martzial kaletik ezkerretara
egiten badugu, izen bereko plazan San Joan Harria Zutabea behatu ahal
izango dugu, goian 1850eko estatuaren azpian armarri batzuk dituela (Austriako
Etxea, Gipuzkoa, eta Irungo Unibertsitatearenak izan daitezke). Aurrealdean,
1763ko Udaletxe arkupeduna dugu.
Zutabearen beste aldean Eliza kalea dago, eta bertan, Arbelaizko Jauregia,
sendi garrantzitsu honen etxe eta pertsonaia garrantzitsuren bizileku
izandakoa. Atalde barrokoa azpimarratzeko modukoa da. Azkenik, berriz
ere San Joan Harriaren ondotik igaro ondoren, Kale Nagusitik (Zabaleta
Etxe dotorearen aurretik) Aureliano Galiano Lorategietara iritsiko gara,
hasi garen lekutik oso gertu.
SAN
MARTZIAL BASELIZA
Aldabe mendian 1522ko garaipena gogorarazteko eraikia (ikus ibilbidea),
San Martzial izena jarri zitzaion, mendiari bezala, garaipen eguneko santuaren
omenez. 1796an errea, 1804an berriz altxatu eta irudi berria jarri zuten.
1899. urtean bertara iristeko errepidea egin zen (lagundu zutenen izenak
ageri dira kanpoaldean) eta 1910ean dorrea eraiki zen. Ondoko begiratokitik
Irun, Txingudi, Hondarribia, Bidasoa, Jaizkibel... ikuspegi paregabea
aurkezten zaigu.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
18 km
21 m.
55.686
%29
43 km2
1.295 bizt./km2
San Markos (apirilak 25)
San Martzial (ekainak 30) |
AIAKO
HARRIA
Hamaikatxo izen dituen eta hainbat lekutatik ikusgai den granitozko mendigune
hau Gipuzkoako antzinakoena da eta hiru haitz handik osatzen dute: Irumugarrieta
(igotzeko lehena eta errazena), Txurrumurru eta Erroilbide. Beren azpian,
erromatarrek lantzen hasitako meategietako galeriak, leizeak, pasabideak,
monolitoak... ageri dira, ordenik gabe eta osotasun harrigarria eratuz.
Goraino igotzeko abiapunturik egokiena Elurretxeko Gaina da, Ingelesaren
Gaztelutik gertu (ikus ibilbidea). Behetik begiratuz gero gaztelu ikusgarria
den hau, gainean Bidasoaldeko talaia izugarria da, baina pentsa ezazue
goian, bere egituragatik, kontu handiz ibili behar duzuela.
HERNANI
XIII. menderako jadanik hiri izendatu zuten Hernaniko herriak kale eta
monumentu interesgarriak gordetzen ditu bere alde zaharrean, eta honetatik
kanpo Donostiara bidean ireki berri duten Txillida leku museo interesgarria
bisitagai dugu.
IKUSTEKOAK
Alde Zaharrak eta Plaza inguruak (Gudarien Enparantza, San Joan Parrokia
eta Udaletxea), monumentu-multzo ederra osatzen dute. Esaterako, Udaletxearen
aurrealdetik irteten den kalea lorez beteriko balkoi eta etxe bilduma
ederrez jantzita aurkituko duzue sarritan. XVI. mendeko San Joan elizak
barneluzego bakarra du, gurutze latindar plantan egina.
Barnean aldare nagusiko sagrarioa eta gurutzeria zaila dira nabarmentzekoak.
Udaletxea XIX.ekoa da, aurrekoa II. Karlistadan suntsitu zutelako. Bere
arkupea azpimarra dezakegu. Hiria mendean hartzen duen Santa Barbarako
gotorlekua II. Karlistadan altxatu zuten, bertan dugun ermita berriagoa
bada ere.
Beste eraikin interesgarri batzuk Jentilen Dorrea, San Agustin Monasterioa
eta Leokako Garbileku-Iturria ditugu. Azkenik, ezin dugu ahaztu Hernaniko
sagardotegiek ere ospe handia dutela.
Azkenik, aipatu dugun moduan alde zahar interesgarri honetatik irtenez
Txillida artista donostiarraren lanak ikusgai izan ditzakegu Txillida
leku museoan.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
10 km
42 m.
18.899
%53
40 km2
472 bizt./km2
Ihauteriak
San Juan (ekainak 24) |
|