Israel ha causat més de 29.000 morts en Palestina des del 7 d'octubre i altres milers han desaparegut o han estat greument colpejats. Estem fent el seguiment.
Munduko pertsonarik aberatsenetako bat eta X sare sozialaren jabea den Elon Musk Israelera iritsi da astelehen goizean. Besteren artean, Hamasek bahitutako pertsonen familiekin bildu da, baita Netanyahurekin ere, eta honekin Gaza inguruko kibutzak ikustera joan da.
Israelek jada adierazi du "antisemitismoa" borrokatzeko eskatuko diola Muski bere sare sozialetan. Genozidioa zuritzeko hedabideen hamar artefaktu artikuluan azaldu genuen bezala, Israelen aldeko indarrek antisemitismoa eta anti-sionismoa interesatuki nahasten dituzte. Antisemitismoa juduen aurkako aurreiritzi, etsaitasun edo diskriminazioa da, juduak erlijio-, etnia-, nahiz arraza-talde gisa ulerturik. Eta Palestinan egiten ari den genozidioa salatzea, ezin da inolaz ere ulertu juduen, juduak direlako, aurkako diskriminazio gisa. Hala erakusten dute Israeldik kanpo bizi diren eta Palestinaren alde mobilizatzen diren milaka juduek.
Musk dagoeneko hasia zen genozidioa ezin dela goraipatu argudiopean, "deskolonizazioa" eskatzen duten mezuak palestinarren aldeko aldarri nagusi "itsasotik ibaira, Palestina aske izango da" debekatzen.
Adituek proba "azkar, garden eta independenteak" eskatu dituzte Israelen eta palestinar lurralde okupatuetan, urriaren 7an eta ondoren.
"Ikertzaile independenteei beharrezko baliabideak, laguntza eta sarbidea eman behar diete alderdi guztiek gatazka honetan salatu diren krimenak ikertzeko modu azkar, zorrotz eta inpartzialean", esan dute adituek adierazpen batean, Al Jazeerak jaso duenez. Israeli, Zisjordanian agintean dagoen Palestinar Agintaritzari eta Gazako agintariei ikerketarekin bat egiteko eskatu diete.
Gutuna pertsonalitate ugarik sinatu dute, eta bertan dira, besteren artean, Nazio Batuen Erakundeko torturarako behatzaile bereziak Alice Jill Edwardesk edo NBEko exekuzio estrajudizial, sumario edo arbitrarioetako behatzaile berezi Morris Tidball-Binzek.
Nazioarteko komunitateari eskatu diote gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak justiziaren aurrera eraman ditzatela.
"Ez dago delitu horiek mugatzeko estatuturik, eta jurisdikzio unibertsalaren menpe geratzen dira, eta horrek esan nahi du edozein herrialdetako auzitegiek beren autoritatea erabil dezaketela erantzuleak jazartzeko, euren nazionalitatea eta delituak egin ziren herrialdea kontuan hartu gabe", adierazi dute.
Nazio Batuen Erakundeak errefuxiatu palestinarren aferak kudeatzeko duen UNRWA agentziak adierazi du bere konboiak janaria, aterpeak, medikamentuak eta ur garbia eraman duela lehen aldiz asteburuan Gaza iparraldera.
Larunbatean AEBetan 20 urteko hiru palestinar hil dituzte tiroka, Vermont hirian.
Poliziak astelehenean susmagarri bat atxilotu du: 48 urteko Jason J Eaton. Vermonteko Poliziak dioenez, gorroto delitu gisa ikertzen ari dira gertatutakoa. Poliziaren arabera, biktimak arabieraz ari ziren hizketan eta bik Palestinarren zapi bereizgarria den keffiyeh jantzita zeramaten erasoa jasan zutenean. Bik bularrean jaso zituzten tiroak eta hirugarrenak beheko gorputz-adarrean.
Erasotzaileak ihes egin zuen.
Egipto eta Qatar akordio batera iristear daude Israelek Gazarekin bi egunez su-etena luzatzeko, Egiptoko Informazio Zerbitzu Publikoaren buru Diaa Rashwanek esan duenez.
Bi eguneko luzapenak 20 bahitu israeldar eta 60 preso palestinar askatzea ekarriko luke. Astelehenean espero da hamaika bahitu israeldar askatzea, eta Rashwanek gaineratu du 33 palestinar askatzeko negoziazioek jarraitzen dutela.
Hamasek bahitutako 37 israeldar, hamazazpi tailandiar, filipinar bat eta israeldar-errusiar bat aske utzi ditu, adostutako su-etenean. Horietako batzuk adin txikikoak dira. Safra haurren ospitaleko zuzendari Itai Pessach-ek komunikabideei ziurtatu dienez, "nahiz eta baldintza gogorren pean egon diren eta bahiketa bizi duten, ez dute behar izan larrialdiko esku-hartze medikurik". Hamasek zabaldutako irudietan ikusten da Gurutze Gorriaren esku uzten dituztela, handik ospitalera familiengana joateko.
Akordatu baino beranduago egin zuten bahitu eta presoen arteko trukea, Hamasek kritikatu zuelako ez zirela ari tratua betetzen, laguntza humanitarioari dagokionez. Osama Hamdan, Hamaseko bozeramailea: "200 kamioietatik 70 baino gutxiago iritsi dira orain arte. Bitartekarien –tartean, Qatar– erantzunaren zain gaude". Azkenean askatu zituzten agindutako bahituak. Al Jazeeraren bideo honetan ikusi daiteke Hamaseko kideek askatzen dituzten unea.
Ostiralean hasitako su-etenetik, 117 preso palestinar askatu ditu Israelek, hiru alditan banatuta. Israelek debekatu egin die palestinarrei kalean ospatzea presoen itzulera, "terrorismoa goratzea" dela esanez. Mehatxu horiek izanda ere, milaka lagun elkartu dira kalean askatutako palestinarrei ongietorria egiteko, Ramallah-n, besteak beste.
Mohammed Zaqout doktoreak, Gazako ospitaleen kudeatzaile orokorrak, Al Jazeerari azaldu dionez, Gaza iparraldeko ospitaleek ez dute inolako erregairik jaso su-etenean, eta Gazan ezarri dituzten kanpaina-ospitaleek bost-zazpi egun beharko dituzte martxan jartzeko. Doktoreak dio Israelgo Armadak 21 ospitale pribatu eta hamahiru publiko suntsitu dituela. Hauek dira martxan segitzen duten ospitale bakarrak Gaza iparralde eta erdialdean: Ahli Arab Ospitalea, Kamal Adwan Ospitalea eta al-Awdah Ospitalea.
Israel eta Hamasek hitzartutako menia asteartean amaituko da, astelehenean luzatzea erabaki ezean. Lau egunetako su-etena martxan dago ostiraletik, eta bi aldeek aipatu dute luzatzeko aukera. Netanyahu Gazan izan da, eta bertan azaldu du su-etena luzatzeko aukera legokeela: Hamasek hamar bahitu askatzen baditu eguneko, su-eten egun bat gehiago. Hamasek ere Reuters berri agentziari baieztatu dio tregoa luzatu nahiko luketela, baina horretarako palestinar gehiago askatu behar dituztela Israelgo kartzeletatik. Egipto, Qatar eta AEBak presio egiten ari dira bi aldeek su-etena luzatu dezaten.
Lau eguneko su-etena adostuta, ostiraletik Hamasen bahituak eta Israelen presoak askatzen ari dira. Orotara 175 pertsona askatu dituzte, Al Jazeerak ziurtatu duenez:
- 39 israeldar askatu ditu Hamasek, urriaren 7ko erasoetan bahitutakoak. Hamahiruna pertsonako hiru taldetan askatu dituzte.
- 117 preso palestinar askatu ditu Israelek, 39 pertsonako taldeetan.
- 17 tailandiar aske utzi ditu Hamasek.
- Filipinetako pertsona bat askatu du Hamasek.
- Israeldar-errusiar bat libre utzi du Hamasek.
Hamasek dio guztira 50 emakume eta haur askatuko dituela, trukean askatzen badituzte Israelgo kartzeletan dauden 150 emakume eta haur palestinar.
Palestinako funtzionarioek diotenez, Zisjordanian 3.200 palestinar atxilotu dituzte urriaren7az geroztik.
Gazako Zerrendan su-etena indarrean sartu den une berean Israelgo indarrek erasoaldiekin jarraitu dute Zisjordanian. Al Jazeerak zabaldu duenez, azken erasoetan palestinar bat hil eta beste bat atxilotu dute. Denera, gutxienez 231 palestinar hil dituzte urriaren 7tik Zisjordanian, eta zientoka zauritu eta atxilotu.
Ostiral honetan sartu da indarrean lau eguneko su-etena Gazako Zerrendan. Akordioa Qatarren, Egiptoren eta AEBn bitartekaritzarekin lortu da Dohan egindako negoziazioen ondoren, eta su-etena hamar egunera arte luzatu ahal izatea aurreikusten da. Akordioaren arabera, Hamasek 13 emakume bahitu askatuko ditu arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta trukean, Israelek, bahitu palestinarrak. Denera, Hamasek gatibu dituen 240 pertsonetatik 150 askatuko ditu; eta Israelek 300 palestinar.
Horrez gain, egunero 130.000 litro erregai eta gasez betetako lau kamioi sartuko dira egunero Zerrenda osoan, baita laguntza humanitariorako botikak eta elikagaiak jasotzen dituen beste 200 kamioi ere. Majed al Ansari Qatarreko bozeramaileak adierazi du emakume “bi aldeen positibismoa eta konpromisoa” ikusi ondoren hartutako erabakia izan dela: “Lehentasuna izan da bahituak lehenestea, eta ikuspegi humanitario batetik, emakumeak eta haurrak ahalik eta azkarren arriskutik kanpo jartzen zentratu gara”.
Hamarnaka palestinar hil eta zauritu ditu Israelek, jendea bizi zen etxebizitzei eraso ostean. Ostegun goizean, Al Jazeerak jakinarazi du 15 pertsona hil direla Khan Younisen, Gazako hegoaldean, bost etxeren aurka egindako erasoaren ondorioz. Heriotza horiei atzoko ehun baino gehiago gehitu behar zaizkie. Khan Younisen familia bereko 52 kide hil zituzten.
Horrez gain, Israelek Gazako zerrendaren erdialdean dauden etxebizitzei eraso egin die gaur goizean, su-etena iragarri arren, gazatarrentzat leku segururik ez dagoela sentiaraziz.
Dagoeneko 14.500 palestinar hil ditu Israelek urriaren 7tik.
Palestinako Presoen kolektiboak jakitera eman du Israelek 90 palestinar atxilotu dituela bart gauean Zisjordanian. Atxilotuen artean preso ohiak daude.
Hori horrela, urriaren 7az geroztik 3.130 palestinar atxilotu dituzte Zisjordania okupatuan.
Gazako Al-Xifa ospitaleko zuzendari Muhammad Abu Salmiya eta beste hainbat mediku atxilotu izana salatzeko erabakia da: zaurituak eta medikuak ebakuatzeko asmoz Munduko Osasun Erakundearekin dituen harremanak moztu ditu Gazako Osasun ministerioak. Horren berri eman berri du ministerioko bozeramaile Ashraf al-Qudra-k.
Al-Jazeerak jaso duenez, Al-Qudrak Israelei eta Nazio Batuetako Erakundeari leporatu die atxilotketen ardura, zehaztuz, gainera, Israelgo indarrek bortizki tratatu dituztela mediku eta pazienteak.
Herrien lankidetza eta garapenean dabilen Bizilur elkarteari egindako dohaintzak oztopatzen dabil PaylPal ordainketa plataforma. Palestinari loturiko diru ekarpenak ditu jomugan plataformak. Horren berri eman du Brasingo Brasil de Fato komunikabideak.
Hilaren 16an, Bizilurrek PayPal-en mezu elektroniko bat jaso zuen bere diru-transferentziak eten zirela jakinarazteko eta horiek desblokeatzeko hainbat baldintza zerrendatzen zituena. Guztira hamalau eskaera egin dira dokumentu, inprimaki, zerrenda eta prozedura-deskribapenen artean, Nekazaritzako Langileen Batzordeen Sindikatuarekin (UAWC) harremana azaltzea eta elkarte honen alde egindako dohaintzen zerrenda ematea barne. Eskatzen zen guztia ematea ezinezkoa izango zela sinetsita, eta hori eginda ere, PayPal-ek argibide gehiago eskatuko zituela, Bizilurrek emaileei oraindik eman gabeko dirua itzultzea erabaki zuen. "Palestinarekiko elkartasunaren aurkako enpresa politika argitzat" jotzen duena salatu du David Lopategi Bizilurreko kideak.
Gazako Al-Xifa ospitaleko zuzendari Muhammad Abu Salmiya eta beste hainbat mediku atxilotu ditu Israelgo armadak.
"Horrek argi erakusten du Gazako Zerrenda barruan ez dagoela immunitaterik, ez osasun langileentzat, ez defentsa zibileko taldeentzat, ezta kazetarientzat ere, erasoek Palestinako komunitateko klase guztiei eragin dietelako", adierazi du Al-Jazeerako Tareq Abu Azzoumek.
Al-Xifa ospitalean burutu zuen operazio militar bortitza Israelgo armadak azaroaren 15ean.
Ostegun honetan hasi beharra zen adosturiko su-etena, baina azkenean, atzeratzea erabaki dute bi aldeek. Baliteke, azaroaren 24an, hau da, ostiralean, hastea lau eguneko su-etena. Hainbat iturrik zehaztera eman dutenez, "azken uneko" elkarrizketek atzeratu dute hastapena, tartean, bahituen hautaketari eta askatzeko baldintzei buruzkoek. Hori horrela, Israelen bonbardaketek ez dute etenik.
Adostutakoaren arabera, Hamasek bere esku dituen 50 bahitu askatuko lituzke eta horren ordainetan Israelgo armadak urriaren 7tik atzemandako 150 haur eta emakume askatuko lituzke. Atxiloak pixkanaka askatuko dituztela adierazi dute.
Besteak beste, su-etenarekin Israelek hitz eman du lau egun horietan ez duela ekintza militarrik egingo Gazan ez hairez eta ez lurrez, ez du inor atxilotuko eta dronerik ere ez du erabiliko Gaza hegoaldean; iparraldean aldiz, sei orduz droneak ez erabiltzea adostu dute.
Akordio horrekin, gainera, ehunka giza laguntza daramaten ehunka kamioi sartu ahal izango dira, tartean medkuntzarako materiala eta erregaia. Hain justu, urriaren 7tik erregaia sartzea debekatu du Israelek, eta Gazako ospitaleak eta azpiegiturak funtzionatu ezinik dabiltza horren ondorioz.
Su-etena AEBak eta Egiptoren bitartekaritzarekin negoziatu dute.
Qatarreko Kanpo ministerioko komunikatu baten arabera 24 orduren buruan hasiko den lau eguneko su-etena, "luzagarria" da –"subject to extention" ingelesezko hitzetan–. Komunikatuan azaltzen denez akordioaren barruan sartzen da hasiera batean 50 emakume etra haur askatzea Hamasek, palestinar haur eta emakume presoen askatasunaren truke, "beti ere askatuen kopuruak ondoren gorantz egiten badu".
Qatar izan da, Egipto eta AEBekin batera su-etena negoziatzen aritu den herrialdeetako bat.
David Cameron, Erresuma Batuko Kanpo ministroaren ustez "pauso funtsezkoa" da su-etena, "bahituen eta beren familien samina arindu eta Gazako krisi humanitarioari aurre egiteko".
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak "poza" adierazi du, baina Hamasek bahituta dituen pertsonen familiekiko soilik: "Laster euren ondokoak besarkatu ahal izango dituzte". Horrez gain, Von der Leyenek "Hamaseko terroristei" eskatu die gainontzeko bahituak ere askatzeko.
Mahmud Abbas Zisjordaniako presidenteak Egipto eta Qatarren ahalegina eskertu du su-etena lortu ahal izateko eta eskatu du "nazioarteko legeetan" oinarrituriko irtenbide bat ezartzea.
Errusiako Gobernuak ere poza adierazi du su-etenagatik. Maria Zajarova Kanpo ministroak esan du hori zela "zehazki Errusia eskatzen ari zena gatazka areagotzen hasi zenetik".
Joe Biden AEBetako presidenteak Benjamin Nentanyahuren "esfortzua" goretsi du eta esan du bera ez dela geldi egongo "bahitu guztiak askatuak izan arte".
Egiptoko presidente Adelfatah El-Sisik esan du ahaleginetan ari direla "betirako irtenbideak" bilatzeko eta su-etena baliatu beharko litzatekeela laguntza humanitarioa helarazteko behar dutenengana.
Israelgo telebistan egindako adierazpenetan, Ayelet Shaked Israelgo Barne ministro izandakoak esan du Gazarako "irtenbidea" lurralde horretatik bi milioi pertsona "joatea" dela. Horretarako, beste herrialde batzuek errefuxiatuak hartu beharko lituzkete: "Suntsipena aprobetxatu beharra daukagu beste herrialdeei esateko bakoitzak [errefuxiatu] kuota bat hartu behar duela, 20.000 edo 50.000 esaterako".
Shaked 2022ko abendura arte izan da Barne ministro Benjamín Netanyahuren gobernuan eta lege ugari sustatu ditu Israelgo segurtasun eta estatu-nazioaren inguruan. Haaretz hedabidearen arabera, etorkizunean Lehe Ministro izateko hautagai sendoa da.
Astearte arratsaldean Hegoafrikako Asanblea Nazionalak parlamentuan erabaki du Israelekin dituen harreman diplomatikoak etetea eta herrialde horrek Pretorian duen enbaxada ixtea, Gazan egiten ari den bonbardaketen ondorioz.
Mozioak 248 aldeko boto izan ditu, tartean gehiengoa duen ANC talde politikoarenak, eta 91k eman dute kontrako botoa, gehienak Aliantza Demokratikoa alderdi eskuindarreko kideak.
Erabaki sinbolikoa da, harremanak eteteko eskumena Hegoafrikako Gobernuarena baita eta Cyril Ramaphosa bere presidenteari dagokio aurrera eramatea.
Askatasun Ekonomikoaren aldeko Borrokalariak (EFF) alderdi ezkertiarrak aurkeztu du mozioa: "Asanblea Nazionalak adostu du Palestinako herriarekiko elkartasuna azaltzea, gaur egun garbiketa etnikoa eta genozidioa jasaten ari baita Israel bezalako Estatu terrorista baten eskutik", azaldu du EFFk, EFE agentziak jaso duenez.
"Free free Palestine!"
Mozioa onartzeko unean eraikinean zeuden eta telekonferentzia bidez bilkura jarraitzen ari ziren zenbait parlamentari oihuka hasi dira "Free free Palestine!" esanez, Tik-Tok sare sozialean zabaldu den bideo honetan ikus daitekeenez:
@btnewsroom BREAKING: South Africa’s Parliament votes to close the Israeli embassy in Pretoria, and chants of “Free Palestine!” immediately break out among delegates in the hall and on Zoom. #FreePalestine #Palestine #SouthAfrica #StandwithPalestine ♬ original sound - BreakThrough News
Israelek eta Hamasek lau eguneko su-etena adostu dute presoak aldatzeko. 47 egun igaro dira Israelek Gazako herritarren kontrako bonbardaketa masiboak hasi zituela eta 14.000 hildako eragin ondoren onartu du su-etena.
Adostutakoaren arabera, Hamasek bere esku dituen 50 bahitu askatuko lituzke eta horren ordainetan Israelgo armadak urriaren 7tik atzemandako 150 haur eta emakume askatuko lituzke.
Ekintza militarrik ez eta laguntza humanitarioa
Su-etena AEBak eta Egiptoren bitartekaritzarekin negoziatu dute eta datozen orduetan hasiko da. Atxiloak pixkanaka askatuko dituztela adierazi dute.
Besteak beste, su-etenarekin Israelek hitz eman du lau egun horietan ez duela ekintza militarrik egingo Gazan ez hairez eta ez lurrez, ez du inor atxilotuko eta dronerik ere ez du erabiliko Gaza hegoaldean; iparraldean aldiz, sei orduz droneak ez erabiltzea adostu dute.
Akordio horrekin, gainera, ehunka giza laguntza daramaten ehunka kamioi sartu ahal izango dira, tartean medkuntzarako materiala eta erregaia. Hain justu, urriaren 7tik eregaia sartzea debekatu du Israelek, eta Gazako ospitaleak eta azpiegiturak funtzionatu ezinik dabiltza horren ondorioz.
Israelgo Gobernu guztia ez dago ados
Al Jazeerak dio su-etenaren inguruko akordioa ez dela erabatekoa izan Israelgo Gobernuaren barruan, erabat erradikalizaturik dauden eskuin muturreko hainbat kide kontra azaldu baitira, tartean Segurtasun Ministro Itamar Ben-Gvir.
Negoziazioek iraun duten bitartean Israelek palestinarren kontrako erasoak areagotu egin ditu eta bonbardaketa ugari izan dira azken orduetan.
Urriaren 7az geroztik atxilotutako 3.000 palestinarretatik 145 haurrak dira eta 37, kazetariak, Al Jazeerak jaso duenez.
Israelek atxikita dauzkan 8.000 palestinarretatik 2.200ek ez dute ez salaketarik ez epaiketarik haien aurka. Urriaren 7 baino lehen 3.200 palestinar zeuzkaten atxilo Israelen espetxeetan.
Hamas eta Israel negoziatzen ari dira: Hamasek urriaren 7ko erasoan bahitutako 240 pertsona askatzeko Israelek behin-behineko su-etena ezarri beharko luke, hainbat analisiren arabera hiru eta bost egun artekoa litzatekeena. Hamasek jakinarazi du akordioa "hurbil" dagoela. Bahituak askatzearen truke Hamasek eskatu du espetxeratuta dauden palestinarrak askatzeko, baina ez dago informazio gehiagorik baldintza horri dagokionez. Zenbait hedabidek diote astearte gauean edo asteazkenean iritsi litekeela ituna.
Qatarko Kanpo Ministerioko bozeramaile Majed Al-Ansari esanetan ere –bitartekari lanak egiten ari da Qatarko Gobernua– negoziaketen "azken fasean" daude, akordio bat erdiesteko "punturik hurbilenean": "Oso optimistak gara, esperantza daukagu. Baina, baita ere, nahi dugu bitartekaritza honen bidez lortzea menia humanitarioa".
Israel Zisjordanian ari da atxiloketak egiten, azken gauean beste 40 palestinar atxilotu dituzte, Al Jazeerak jakinarazi duenez. Jenin, Hebron, Bethlehem, Nablus, Ramallah, Jerusalem eta Jericho-n egin dituzte atxiloketak.
Gassan Abu Sittah zirujau palestinarraren hitzak dira, Al-Ahliko ospitaletik alde egin ostean esandakoak. 500 zauritu artatu ahal izateko anestesiarik eta baliabiderik gabe geratu ostean erabaki du Londresera itzultzea, familia han baitu eta nazionalitate britainiarra du –Israelen azken sarraskia hasitakoan joan zen Gazara–. "Atzo irten nintzen Gazatik. Bihotza eta arima han dauzkat oraindik nire gaixoekin. Gogoratzen ditut haien izenak eta haien zauriak. Borrokan jarraituko dut behar duten tratamendua eta zor zaien justizia eskuratzen dituzten arte. Ene bihotza urratuta daukat, sekula pentsatuko ez nuen moduan", txiokatu zuen igandean. Doktoreak ziurtatu du zaurituei laguntzeko aukerarik gabe geratu eta han uztea izan dela bizitzan egin duen gauzarik mingarriena.
Yemen, Irak eta Siriako gerretan ere zaurituak artatzen aritutakoa da zirujaua, baina Al Jazeera telebista katean ohartarazi duenez, Gazan Israel egiten ari denak desberdintasun nagusi bat du: "Gazako osasun sistema suntsitzea Israelek nahita egindako estrategia militarra da, erasoetan hil ez diren palestinar zaurituak bizirik atera ez daitezen", salatu du.
Britainia Handiko zerbitzu sekretuek Londresen bizi den emaztea galdekatu dute, Abu Sittah-ren aktibitateez.
Pello Zubiriak 2021ean Net Hurbilean ARGIAra ekarri zituen Abu Sittahren hitzak: “Gazan gaur osatu dituzun haur zaurituok hurrengo gerran berriz zaurituko dituzte”.
NBEren datuen arabera, 1,7 milioi gazatar daude desplazatuta Gazako Zerrendan bertan, Israelen sarraskiaren ondorioz. Gazan bizi diren lau biztanletik bat, alegia.
Lekualdatutako palestinarrak pilatuta daudela ohartarazi du NBEk, horietatik ia 900.000 NBEren UNRWA erakundearen instalazioetara joan baitira babes bila. Erakundeak dio instalazio horietan jendea pilatzeak eragin duela zenbait gaixotasun errazago kutsatu eta zabaltzea.
Al-Shifa da Gazako ospitalerik handiena; bada, handik zortzi kilometro eskasera dagoen Indonesian Hospital bonbardatzen ari da Israel igande gauaz geroztik.
Middle East Eye hedabidearekin hitz egin du bertako zuzendariak: "Hemen gertatzen ari dena askoz ere gogorragoa da Al-Shifakoarekin konparatuta, hau askozaz ere txikiago delako. Masakre handiagoa egingo dute hemen. Ospitalean gauden guztiontzat, heriotza sententzia bat da".
700 paziente, zainketarik gabe
Bart gauean gutxienez hamabi pertsona hil dituzte eraso israeldarrek. Ospitalean 700 gaixo inguru daude, eta elektrizitaterik gabe egoteaz gain, zituzten errekurtso apurrak ere galdu dituzte. Ur falta daukate.
The Washington Post egunkariak igandean argitaratu duenez, "bost eguneko pausa bat" adostear leudeke negoziatzen ari diren lau eragileak –Israel, Hamas, AEB eta Qatar–, trukean Hamasek hainbat bahitu askatzen baditu. Hamasentzat, ordea, gutxiegi da Israelek proposatzen duena.
AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkulari Jonathan Finerrek telebista kate batean azalpenak eman behar izan ditu The Washington Post-en albistearen harira. Egunkariak ematen zituen xehetasunak gezurtatu ditu Finerrek. Negoziatzen ari direla bai, baina "kontua delikatua dago", esan du.
Finerren arabera, "gutxienez bost egun" beharko lirateke bahituak Gazatik ateratzeko, eta su-etena horregatik ari dira adosten. Hamasek, bere aldetik, eskatzen duena da laguntza humanitarioa nabarmen handitzea. Azken hori ere "puntu garrantzitsua" da Finerrentzat: "Lehentasunetako bat da laguntza sartzearena, eta egin egin beharko dugu, bahituen alorrean akordiorik ez badago ere".
Zenbat bahitu daude?
Ezjakintasun handia dago, Israelgo Gobernuak ez du argi esaten. Uste denaren arabera, 200-250 artean lirateke. Soilik lau askatzea lortu du Israelek.
Asteburuan, 20.000 pertsona inguru Netanyahuren bulegora joan dira protestan, bahituen argazkiak bistaratzen zituztela eta aldarri argi batekin: "Ekarri etxera".
Haurren Nazioarteko Eguna da azaroaren 20an, eta Al Jazeera hedabide arabiarrak tarte berezia eskaini die palestinar haurrei. Israelek duela sei aste abiatu zuen eraso basatiaz geroztik, 5.500 haur hil ditu gutxienez Gazan, eta 1.800 ingururen berririk ez da. Haur zaurituak, gutxienez, 9.000 dira.
Gazak 2,3 milioi biztanle ditu, eta erdiak haurrak dira. Beraz, kalkuluak eginda, 200 umetik bat hil ditu Israelek azken sei asteetan. Hau da, hamar minutuero haur bat.
Eraildako haurren izenak ezagutzeko, Al Jazeerak erreportaje berezia osatu du webgunean.
Yemengo miliziak eta matxinatu xiiek iragarria zuten Israelgo produktuak daramatzaten ontziei ez dietela pasatzen utziko Itsaso Gorrian. Asteburuan, The Sun egunkari britaniarrak jaso duenez, Galaxi Leader izeneko ontzia bahitu dute yemendarrek, eta 25 israeldar zihoazen barruan, merkataritza produktuekin.
Netanhayuk esan du "terrorismoa" dela Israeli horrelako ekintzak egitea.
Polizia ikerketa baten arabera, Haaretz hedabide israeldarrak jaso duenez, Gazako zerrendatik gertu festa egiten ari zirenen artean, zibil gehiago hil zituen Israelek Hamasek baino. Antza, Hamasen lurreko erasoaren berri izan zuenean Israelek, Apache gerra-hegazkinak bidali zituen bertara, eta era basatian egin zuten eraso.
Txosten polizialen arabera, pilotu israeldarrek aitortu dute "bereizketarik gabe" egin zutela tiro hasiera batean, ez zirelako gai Hamaseko kideak eta zibilak ezberdintzeko. Horrez gain, frogatu dute Netanyahuk informazio hori isilpean mantendu nahi izan duela.
Wafa albiste agentzia palestinarrak jakinarazi duenez, gutxienez hemezortzi zibil hil eta beste hainbat zauritu ditu Israelgo armadak etxebizitzen kontrako eraso batean. Biktimen artean daude Abu al-Qumsan, Masoud, al-Assali, al-Tululi, Abu Dan eta Abu Dayr familietako kideak. Baina Israelgo artilleriaren eskutik eginiko bestelako aire-eraso eta bonbardaketek ere kalte eta hildako ugari ekarri ditu Gazan azken orduetan.
Israelgo indarrak Jenin hiriko Ibn Sina ospitalean (Zisjordania) egindako sarekada batean, ospitalea hustu eta medikuen eta pazienteen ebakuazioa eskatu dute. Barruan zeudenek uko egin badiote ere, batzuek konplitu dute eta ordubetez galdekatu dituzte, gero askatu dituzten arren. Hori adierazi diu Al Jazeerako kazetari Sara Khairatek.
Dozenaka ibilgailu blindatu agertu dira, autoak eta errepideak kaltetu dituzte. Urriaren 7tik Zisjordanian eginiko sarekadetan nagusitu da azpiegitura, hondakin-urak, kableak eta errepideak suntsitzea.
Azaroaren 23rako jarri dituzte hiru hitzordu berri Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek. Gazako sarraskiari stop, konponbidea eta bakea lelopean Baionan antolatu zuten manifestazioa azaroaren 4an. Egoeraren "larritasuna" ikusirik beste hiru hitzordu dituzte finkaturik: Baionan, Hendaian eta Donibane Garazin, azaroaren 23an (19:00).
Asteazken goizean hasitako erasoarekin jarraitzen du Israelgo armadak: Gazako Al-Xifa ospitalean jarraitzen du ostegun honetan ere, bertan lanean dabiltzan mediku batzuk jakitera eman dutenez. Al-Jazeera komunikabidearen arabera, Israeleko armadak ospitalekoak barnean atxikirik ditu preso, ateratzeko baimenik gabe. Tiro hotsak ere entzun direla dio komunikabideak.
Eraikinean 2.500 lagun inguru daude, Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera. Horien artean 600 zauritu inguru baita etxea utzi eta ospitalera babes bila jo behar izan duten milatik gora gazatar ere. Israelek dio Hamasek baliatzen duela ospitalea "armak eta lehergailuak ezkutatzeko".
Palestinako Kanpoko Arazoetako ministerioak ere gogorki salatu du egoera: eskubideen urraketa gaitzetsi eta esku hartzea galdetu dio nazioarteari.
Nazioarteko hainbat eragilek salatu dute Israelen eraso hori, tartean Nazio Batuen Erakundea eta Munduko Osasun Erakundea. AEBek haatik babestu dituzte Israelen kontakizuna eta erasoa.
Israelek ez du onartu Gazarako "pausa humanitario urgente eta luzatuak" eskatzen dituen NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpena. Al-Jazeera komunikabideak eman du horren berri.
Azaroaren 15ean adostu zuen NBEaren Segurtasun Kontseiluak ebazpena.
"Pausa humanitario urgente eta luzatuak" eskatu ditu Gazarako NBEko Segurtasun Kontseiluak azaroaren 15ean. Horrez gain, bahituen askatasuna ere eskatzen du ebazpenak. Nazioarteko zuzenbidearen errespetua galdetzen da ere, tartean, zibilen babesaren betebeharrarena.
Urriaren 7az geroztik aurkezturiko bosgarren ebazpena da eta lehen aldikoz alde kokatu da Segurtasun Kontseiluko kideen gehiengoa. Aldeko hamabi boto lortu ditu eta ez da egon aurkakorik. Haatik hiru abstenitu dira: AEB, Errusia eta Erresuma Batuak. Hamasen erasoak ez ditu salatzen testuak eta horregatik abstenitu ditu AEB eta Erresuma Batuak. Errusiak, ordea, "su-etena" eskatzea nahi zuen eta horregatik egin du abstentzioaren hautua.
Maltak aurkeztu du, azkenean denen adostasuna lortu duen testua. Ebazpen batek aitzina egin ahal izateko gutienez bederatzi boto behar ditu alde eta ez da aurkako botorik egon behar.
L'ofensiva imperialista israeliana ha entrat en una nova fase: bombardejos a Iemen, Líban i Síria; atacs contra l'Iran; intent d'invasió de Líban… Els sionistes han aconseguit un vell objectiu: Anar més enllà de Palestina i convertir l'atac en una guerra regional.
L'augment... [+]
Gazako iparraldeko Beit Lahiya hiria setioan dago eta Israelen etengabeko erasoaldiek gutxienez 120 palestinar hil dituzte azken aldi honetan. Astebete baino gutxiagoan, urriaren 24tik 29ra bitartean, NBEk “biktima masiboak” izan dituzten zazpi eraso erregistratu... [+]
Per al 21 d'octubre, la xarxa, que porta el nom de Guernica Palestina, va convocar mobilitzacions. Es tracta d'una iniciativa per a denunciar el genocidi que sofreix Palestina i lluitar per la pau, i no es pot posar en contra d'aquestes dues causes. La solidaritat ens porta a... [+]
Ha passat un any des que la resistència palestina aixequés el cap i comencés l'ofensiva més brutal que ha comès Israel fins a la data. Desgraciadament, la situació ha empitjorat, ja que Israel ha augmentat la seva ofensiva més enllà de les terres palestines, amb nous... [+]
La responsabilitat és de l'Estat sionista d'Israel, que, amb l'ajuda d'una gran part de la població, soldades, colons, etc., està fent neteja ètnica i genocidi contra els països i pobles de voltant.
Els Estats occidentals també els donen suport, els donen armes i els presten... [+]
Diuen que ha passat un any. Mai he comprès l'arrogant costum que tenim els occidentals: encara que el conflicte duri gairebé un segle, adaptem les dates al nostre gust, regalant la importància que vulguem. Ha estat diferent l'última època per als palestins que estan presos en... [+]