Egilea: Errialde
Biziaren ezaugarri da sagardoaren aparra. Tirabirak bakarrik kaleratzen dira.
Bagenuen Xabier Arzallus ezagutzeko gogoa. Deustuko ikasle batzuen bidez izan genuen beronen entzutea. Irakasle argitzat eta zentzuzkotzat dute nonbait.
Donostiaraino irixten omen da orain Bilboko "avenida", baina Donostiako ez da gaurkoz irixten Bilboraino. Uda guztia igaro zaigu Bilbora joateke.
"Derecho politiko" deitu gaia irakasten du. Lehen Madrilgo Unibertsidadean. Orain Deustukoan.
Baina ez da irakaskintzatik bakarrik bizi. Ez da beti liburu artean egon ohi den gizona. Badu harremanik ikasleekin. Legelari denez, berriz, abogadutzan lan egiten du. Ondo ezagutzen ditu gizonari legetik sortzen zaizkion katramilak. Gizona beste gizonekin eta herri bakoitza beste herrirekin bizi dadin gizarteak egiten dituen itun eta legeen berri daki ondo.
Badakit presaka zarela, Xabier. Ez natzaizu zeharka eta jirabiraka ariko. Horra zuzenean nere galdera. Euskaldunok politiko onak garela uste al duzu?
Jeneralean ezetz uste dut. Beste horrenbeste gertatzen da beste lekutan ere. Euskaldunen artean ere goi-mailan egon den politiko asko izan da. Era bateko ala besteko gobernua eduki, beti egon da euskaldunen bat agintean. Batez ere gizpuzkoarrek dute politiko fama. Aztertu egin beharko genuke politika hitzaren esanahia. Abeslariak, olerkariak, bertsolariak eta abar hartu ohi dira herri bateko kulturaren agerpen bezala. Baina kulturaren agerpenik finenetakoa herri bakoitzak bere gorabeherak eta arazoak zuzentzeko eta konpontzeko hartu dituen erabakiak egin eta dituen legeak dira. Euskaldunek herri gutxik bezala konpondu izan dituzte beren arteko sesioak eta zuzendu beren harremanak. Hor daude fueroak. Jendeak ez ditu ezagutzen. Nik ere berandu ezagutu ditut, kanpoan ibili bait naiz oraintsu arte. Nik ez dut esaten munduko deretxo guztia ezagutzen dudanik, baina nere jakite apurrean ez dut honelako gauzarik beste inon ikusi. Politiko onak ziren ezpairik gabe bizimodurako tratu hoiek egin zituztenak. Euskalduna ez da ibili pentsamolde sakonetan murgildurik. "Hik errespeta ezak nirea eta nik errespetatuko diat hirea" izan da euskaldunon legea antzinatik. Hor dago gure legebidearen muina eta oinarria. Eta ez dut uste legebide hori kristau hildotik edo Erromatarren haritik datorrenik. Herriaren izateko moduaren barru-barrutik erne da. Herrigizon zentzudun eta jatorrak eman ohi dituen buruzpideetatik sortu da Euskal Herriko legedia. Herri bakoitzeko eta Euskal Herri osoko batzarreetan erabakitzen zituzten beren gorabeherak. (...)
Ikusi artikulua (HTML)
Ikusi artikulua (PDF-5,60 MB)
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.com