Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.
Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu bezain pronto, Twitter bidez idatzi du Espainiako presidenteak erantzuna.
Pido tranquilidad a todos los españoles. El Estado de Derecho restaurará la legalidad en Cataluña. MR
— Mariano Rajoy Brey (@marianorajoy) October 27, 2017
Boto sekretua eta boto-ontziak erabiliz, independentzia aldarrikapena babestu du Kataluniako Parlamentuak.
Baiezko botoak 70 izan dira, 10 kontra eta 2 boto zuri.
PP, PSC eta Ciudadanoseko parlamentariek ez dute bozketan parte hartu nahi izan.
Parlamentuak bozkatu duen independentzia aldarrikapenaren dokumentu osoa hemen da irakurgai.
Kalean milaka lagunek jarraitu dute bozketa. Kaleko giro alaia oso argi adierazten du ondorengo bideoak:
VÍDEO La reacció de la gent després de la declaració d'independència, a fora del Parlament https://t.co/Z4gB6sxg1V pic.twitter.com/i8bqOm0C76
— NacióDigital (@naciodigital) October 27, 2017
Catalunya Si Que Es Pot-eko parlamentari Marta Ribasek maila berean jarri ditu Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa eta balizko independentzia aldarrikapena, "biak astakeria politikoak direlako".
"Independentzia aldarrikapena egiteko zilegitasun demokratikorik ez dago, aldebakarreko independentzia aldarrikapenak ez gaitu 155. artikulutik babestuko". "Elkarrizketa eta gehiengoentzat espazioak" sortzea proposatu du, Espainiako Estatuaren lurralde ereduari buruzko erreferendum adostua dela bidea azpimarratu du.
PP eta PSOEren arteko negoaziazioek ez dute fruiturik eman, sozialisten esanetan, eta azkenik lehenbiziko asmoari eutsiko diote popularrek: 155. artikuluaren aplikazioaren testuinguruan Kataluniako hedabide publikoen (CCMA) kontrola Moncloak atxikitzea. PSOEren proposamena zen autonomia-etenaren parte hori ez gauzatzea, eta CCMAk parlamentu katalanaren kontrolpean jarraitzea.
PP ez da ados egon, eta erdibideko proposamena egin du, baina PSOEk ez du onartu. Azkenik, 155aren neurri sortaren barruan izango da Katakuniako irrati-telebista publikoen interbentzioa.
PSOEk zuzuenketa bat aurkeztu du Senatuan 155aren aplikazioaz egiten ari den saioan, artikulua indarrean jarri arren Kataluniako hedabide publikoen (CCMA) kontrola bertako Parlamentu katalanaren eskuetan gera dadin, eta ez Espainiako Gobenuarenean.
Senatuan egitena ari diren azken uneko negoziazioen barruan, PPk erdibide bat eskaini die sozialistei, eldiario.es-ek dakarrenez: Moncloak zuzenean bere gain hartu beharrean, estatuko Hauteskunde Batzordeak eta TVEren kontrolerako Diputaten Kongresuko batzordeak izatea CCMAren kontrola. PSOEk ez omen du eskaintza onartu, eta jatorrizko zuzenketaren testuari eutsi dio.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea Kataluniaren independentziaren aurka azaltzearen truk Rajoyren gobernuak zer eskaini dion azaldu du Le Point egunkariak.
Lekualdatutako lanaren europar zuzentaraua da gakoa. Arauak garraioari eragiten dio, eta gaur egun abantaila ugari ematen die espainiar enpresei, frantziarren aldean. Funtsean, gakoa da espainiar garraiolariek eskubidea dutela beren merkantziak Frantzian saltzeko, eta prezio merkeagoan eskaini ohi dituztenez, garraiolari frantziarren salmenta kopuruari eragiten diote. Frantzia saiatu da araua aldatzen, baina hainbat estatuk –tartean Espainia noski– aldaketak blokeatu dituzte.
Joan den asteko Europako Kontseiluan Mariano Rajoyk Kataluniako afera zuen gorriz azpimarratuta agendan: EBko estatuburuen babesa nahi zuen, baita herrialde garrantzitsuenetakoena (Alemania, Erresuma Batua, Frantzia bera…) lortu ere. Le Point-en esanetan, Macronen kasuan Moncloak hitz eman zion Kataluniaren independentzia prozesuarekiko Espainiak hartutako bidearen alde agertuz gero, Madrilek leunduko zuela lekualdatutako lanarekiko jarrera etorkizuneko negoziazioetan.
Eldiario.es agerkariak Iñigo Urkulluk esan berri dituenak jaso ditu. EAEko presidenteak “neurria ematea eta arduraz jokatzea” eskatu du, zeren Kataluniako egoera “oso kezkagarria” da. Bestalde, baikor agertu da diskrezioz edukitzen ari diren harremanen inguruan, zeinen helburua den saihestea aldebakarreko independentzia aldarrikatzea eta 155. artikulua ezartzea: “Uste dut gaur oraindik garaiz dela irtenbidea aurkitzeko, eta horretan dihardugu”. Urkulluk adierazi duenez, ostegunean “konponbidetik oso-oso gertu egon ginen”, alegia, abenduaren 20rako hauteskundeak deitzetik oso gertu.
Independentzia aldarrikapena irakurri egingo da lehenik eta ondoren Junts Pel Sík eta CUPek bi ebazpen proposatuko dituzte: lehenean, honek dakarren ondorioa bozkatuko da, hau da, errepublika berriaren prozesu konstituziogilea hasten dela.
Bigarren ebazpenean honek izango dituen ondorioak zerrendatzen dira eta hauek bideratzeko behar diren dekretuak atera ditzala eskatuko diote Kataluniako Gobernuari: Espainiako Gobernuarekin nazionalitate bikoitzaren negoziazioa bideratuko duen ituna bideratzea; Trantsiziorako Legea indarrean sartu aurretik, udalen, autonomiaren eta Estatuaren zuzenbideak egokitzeko behar diren urratsak ematea; Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzitako legeak berreskuratzeko urratsak ematea, lehentasuna emanez desberdintasun sozialen aurka egiten duten haiei; nazioarte mailako onarpena bideratu eta itunak egiteko urratsak bideratzera; aginte fiskala bideratzeko behar diren neurriak indarrean jartzea; banku publikoa bideratzea… eta horrela Estatuaren egiturak osatzen joateko zerrenda luze bat.
Kataluniako Parlamentuan "erreoublika aldarrikatuko dela eta", PSOEk ez du aurkeztuko iragarrita zuen zuzenketa: 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera gelditzea Katalunian hauteskunde deialdia eginez gero.
Sozialistek mantendu egingo dute, hala ere, 155a aplikatuta ere Kataluniako hedabide publikoen interbentzioa egin ez dadila eskatzen duen zuzenketa.
Hala adierazi dute hiru alderdi unionistek sare sozialen bitartez. Beraz, independentzia aldarrikapena aurrera ateratzeko oztoporik ez dute izango indar independentistek bide horretatik jarraituz gero.
Katalunia osotik Bartzelonara joan dira Errepublikaren Defentsa Komiteak (CDR). Hiriburuko komiteen, ANCren, Òmniumen eta ikasle plataformen deialdiei gehituta, milaka lagun elkartu dira Bartzelonako Ciutadellaren parkean, Parlamenturen egoitzaren ondoan. Mossoak zabaldu egin dira, segurtasuna bermatzeko.
ANCk deituta, Parlamentuko eraikina osorik inguratzen saiatuko dira.
L'@assemblea fa una crida per megafonia a envoltar el Parlament. Diuen que a la banda de Wellington hi falta gent. pic.twitter.com/ghNeaTNjEq
— Barceloneta_Anc (@Barceloneta_Anc) October 27, 2017
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak azken hilabetean hiru diskurtso instituzional egin ditu. Politika ez baita soilik hitzekin esaten dena, presidentearen atzean dagoen atearekin Generalitatea ematen ari den mezu subliminalak aztertzeko modukoak dira. Directe.cat gunean egin dute hitzetatik harago doan komunikazio honen azterketa.
Urriaren 4an, Puigdemontek hiru egun lehenago erreferendumean ateratako emaitza errespetatuko zuela jakinarazi zuen, Espainiako gobernuari negoziatzera eskua luzatzen zion bitartean.
Urriaren 21ean, Espainiako Erregearen diskurtsoaren ostean, elkarrizketarako deiari eutsi eta atea erdi-irekita jarri zuten. Europako banderaz lagundurik, nazioarteari laguntza deia luzatu zieten.
Urriaren 27an, atzo, azkenik, ez zuela hauteskunderik deituko jakinarazi zuenean Espainiako Estatuak 155. artikulua atzera botako zuen bermerik ez zeukala jakinaraziz. Atea itxita jarri zuten.
EH Bilduko parlamentari Maddalen Iriarte Okiñena Kataluniako Parlamentuan da independentziari buruzko saioa bertatik bertara jarraitzeko. Lander Arbelaitz kazetariak galdera bat luzatu dio.
"Urkullu lehendakaria Espainiako Estatuaren aldean jarri da, Kataluniako herritarrenean jarri beharrean". @MaddalenIriarte Parlamentuan pic.twitter.com/Hgg9Lrsnlx
— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) October 27, 2017
Punturik garrantzitsuena izango da DUI, aldebakarreko independentzia aldarrikapena, eta bi moldetan azalera daiteke, Ara egunkariaren arabera: ebazpen gisa bozkatuta edo bakarrik independentzia aldarrikapena irakurrita, bozkatu gabe, horrela ez lieke eragingo independentzia aldarrikatzearen aurka diren Junts Pel Síko diputatuei. Banaketa hau aurreikusita, PPk bozketa sekretuan egin dadila eskatu du. Azken berrien arabera, independentzia aldarrikapena ez da bozkatuko, eta irakurrita ontzat emango da. Horrela formulatuko da errepublika berria: "Kataluniako Estatua eratzen dugu, Estatu independente moduan”. PPk eta C's-ek ez dute parte hartuko puntu honetan.
Beste honako gaiak ere mahai bozketara eramango dira:
Hauteskunde autonomikoak deitzea, PSCk eta C’sek deituta.
Kataluniako Gobernuari eskatuko zaio, PPren ebazpenaren bidez, Estatuari desafio egiteari uztea, bestela 155. artikulua jarriko delako indarrean. Oriol Junqueras Gobernuko lehendakariordearen dimisioa eskatuko du C’s-ek bera egiten duelako 1.500 enpresa Kataluniatik atera izanaren errudun.
Prozesuaren bidez Kataluniako gizartea zatitzen ez jarraitzeko eskatuko dute PPk eta C’s-ek, eta horretarako eskatuko dute Gobernuak Kataluniako gizartearen pluraltasuna eta giro adeitsua bultzatu dezan.
Kataluniako Parlamentuaren gaur saioan JxSí eta CUP taldeen proposamena zein izango den argitu da: Katalunia estatu independente gisa aldarrikatu eta prozesu konstituziogile abiatzea.
"Kataluniako Errepublika eratzea, estatu independente eta burujabe gisa, demokratiko eta soziala", diote hitzez hitz puntu batean.
Gaur Parlamentuan bozkatuko duten dokumentu osoa hemen duzue irakurgai.
Gainerako talde politikoen proposamen batzuk honakoak dira:
- PSC eta Ciudadanos: hauteskunde autonomikoak egitea
- PP: prozesu independentista bertan behera uztea
- PSC: Konstituzioaren erreforma federala
- Ciudadanos: Oriol Junquerasen dimisioa "enpresen ihesaldiagatik"
Senatuko agerraldia: “PSOE egon da, dago, eta egongo da konstituzioarekin, konstituzio honekin. Oposizioa egiteko legitimitatea ere badaukagu ordea. Legitimitatea daukagu 155ari hobekuntzak egiteko. Hedabideen kontrolari dagokionez, espero dugu gure emendakinaren alde egingo duzuela. Gure ustez, gobernuak ez baizik eta parlamentuak kontrolatu behar ditu hedabideak. Bigarren emendakinaren arabera, 155aren aplikazioak inteligentea, mailakatua, proportzionatua eta ahalik eta inbasio gutxienekoa izan behar du. Eta hirugarrenik, atzera egin ahal izatekoa behar du izan egoerak, Rajoy jauna, 155. artikulua baino lehen beste alternatiba guztiak probatu itzazu. Zeren orain DUI daukagu, baina nork daki okerragorik baden”.
Rajoyk Senatuan esan berri duena: "Berak, eta berak baino ez (Puigdemontez ari da), erabaki zuen 155. artikuluak aurrera egitea. Zergatik eskatzen dizuet botoa? Lau gauza egiteko: Legalitatera itzultzeko; konfiantza berreskuratzeko; kaltetutako hazkunde ekonomikoa eta enplegua bizkortzeko; eta hauteskundeak egiteko Katalunian, zenbat eta lehenago hobeto".
"Iparraldetik heldu zen bitartekaria" artikulua idatzi du Lola Garciak, La Vanguardia Kataluniako egunkari unionistako zuzendari ordeak. Juan Jose ibarretxeren saiakera "traumatikotik" Urkulluk asko ikasi duela dio Garciak. Kataluniako haize independentistek burujabetzaren aldeko bozka-emaileak hauspotu ditzake eta, "hori saihestu aldera, EAJ-k Espainiako ea Kataluniako gobernuen arteko bitartekaritzari ekin zion orain dela bi hilabete". Azken asteotan bitartekari asko izan badira ere, erabakiorrenak EAJ-koak izan direla dio Garciak.
Garciaren ustez, Puigdemonten jarrerak huts egin die jelatzaleei. Eta beraz, bitartekaritza frustratuaren ostean, "EAJ-k libreago ikusten du bere burua Rajoyrekin akordioak egiteko".
Euskarazko izenburu argigarri hori jarri dio El Mon egunkariko zuzendari Salvador Cotek bere analisiari. Atzo Rajoy eta Puigdemonten artean bitartekari aritutakoak PPk engainatu zituela argi duela dio Cotek. "Izan Lehendakaria edo PSCko idazkari nagusia, denak engainatu ditu PPren gobernuak, hasieratik negoziatzeko inolako interesik ez zutelako popularrek".
"Orain gure belaunaldiko jendearen ordua da, kalean demokratikoki bihar (ostirala) aldarrikatuko den Kataluniako Errepublika defenditu behar dugu. Orain da garaia" esanez amaitu du artikulua Cotek..
El Punt Avui egunkari katalanak Madrilen duen kazetariak "Urkulluk berarengatik egin du bitartekaritza" izeneko artikulua idatzi du. Puigdemont eta Rajoyren arteko akordioa bilatzeko lana lehendakarik bere gain hartza, Portabellaren ustez, jeltzaleen saiakera bat izan da Rajoyren gobernuarekin adostutakoa ez galtzeko: kupoaren ordainketa –1.4000 milioi 2027ra bitarte– eta AHTaren finantzaketa. Espainiako parlamentuaren osaketa, Ciudadanosekin batera PPk duen babes bakarrenetakoa izanik, da "EAJk demokrazia garaiko 40 urteotan izan dituen kartarik onenetakoa", eta horregatik Urkullu lehendakariak egin du atzoko eskaintza, "Kataluniako autodeterminazio prozesua mehatxua delako" Rajoyrekin adostutakoarentzat.
Santi Vila, Kataluniako Gobernuko Enpresa eta Ezagutza kontseilariak, dimititu egin du Carles Puigdemontek hauteskunde deialdia ez egitea erabaki eta gero. Hainbat iturriren arabera, Vila izan da hauteskundeen aukera gehien defendatu duen Generalitateko kidea, 155. artikuluaren aplikazio zorrotza saihestu eta Kataluniako autogobernua babeste aldera. Puigdemonti aurrez aurre jakinarazteaz gain, txio bidez ere eman du dimisioaren berri.
Dimiteixo. Els meus intents de diàleg novament han fracassat. Espero haver estat útil fins l’últim minut al president @KRLS i als catalans
— Santi Vila (@SantiVila) October 26, 2017
Nació Digital agerkariaren arabera, irtenbide negoziatu bat lortzeko Madrilekin bitartekaritza saioak egin ditu Vilak, besteak beste Kongresuko presidente Ana Pastor popularrarekin, zeinarekin harreman ona omen duen. Kritikatu egin du 155aren aplikazioa, baina aldi berean esan du horrek ez duela justifikatzen Generalitateak hartu duen bidea hartzea.
Efe agentziak zabaldu du Espainiako erregeak bertan behera utzi duela ABC egunkariaren sari banaketako afaritara joatea. Aldiz, bere despatxuan egongo omen da Katalunian eta Espainian bizi den egoera berezia dela eta.
Soraya Sáenz de Santamaría Espainiako Gobernuko bozeramaileak 155. artikulua ezartzearen aldeko defentsa egin du Senatuan eta proposamenak aurrera jarraitzen du, ostiralean hartuko den erabakiaren zain.
Sáenz de Santamaríak "ordena konstituzionala" defenditzeko aukera bakartzat jo du artikulu hori eta "autogobernua berrezartzeko" helburua duela adierazi du.
Senatuko interbentzioen aurretik Kataluniako Generalitateko ordezkari Ferran Mascarelli ez diote utzi hitz egiten, antza denez "kontseilaria ez delako", Vilaweb atariak zabaldu duenez.
Urriaren 1ean "herriak bozkatutakoa betetzea" proposatuko du JxSí-k Kataluniako Parlamentuaren ostiraleko saioan, Lluis Corominas koalizioko presidenteak osoko bilkuraren lehen agerraldian esan duenez. Hala, azken egunetako defendatu duen jarrerari eutsiko diote, Puigdemont presidenteak independentzia aldarrikapena alboratu eta hauteskundeetara deialdia egigeko aukera aztertzen ibili eta gero.
Aurreko egunetan bere diputatuen artean zabaldutako argudio-sortan adierazten denez, independentzia aldarrikatzea Espainiako Estatuaren aurrean defendatzeko modua da JxSï-rentzat.
Sanchez eta Cuixarten aldeko txalo zaparradaren ostean hitz egin dute talde horien bozeramaileek:
Lluis Corominas (JxSí): "Bihar norabide berri bat emango diogu gure herriari, ikusiko duzue".
Anna Gabriel: "155ak Parlamenta bertan behera utzi nahi du eta kargugabetze tsunami baten aurrean gaude".
Ondoren talde bakoitzeko bozeramaileek hitz egingo dute, Ines Arrimadas (C's) hasita.
Parlamentariak ari dira euren eserlekuetan kokatzen. Carles Puigdemont presidentea ere iritsi da hemiziklora. Gaur eztabaida izango da eta hasierako aurreikuspenen arabera ostiral goizean izango litzateke proposatzen denaren inguruko bozketa.
Kataluniaren independentzia aldarrikapena eta 155aren aplikazioa geldiarazten saiatu da Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, agertoki horrek ezker abertzalea indartu zezakeelakoan, Nació Digitalen Ferran Casas kazetariak dioenez.
Analista askoren arabera, Urkulluren bitartekaritza izan da Puigdemont hauteskunde deialdia egiteko aukera aztertzera eraman duen gako nagusietakoa. TV3n Ernesto Ekaizerrek esan duenez, Madrilgo Kongresuan PPren politika ekonomikoaren babeslea izateak bultzatu du EAJ 155ik gabeko agertokia bortxatzen saiatzera. Ekaizerren esanetan, bai Urkullu bai Miquel Iceta (PSC) saiatu dira Puigdemonti ikusarazten hauteskunde deialdi batek 155aren aplikazioa geldiaraziko lukeela. Erabaki horretan atzera egiteko Puigdemont konbentzitu duena ERC izan dela gehitu du Ekaizerrek.
"Urkulluren bide-orria Espainiako Estatuarekiko harreman bilaterala da, izaera kondeferalekoa, JxSi eta CUPek hasitako bidearekin zerikusi gutxi duena", Ferran Casasen esanetan. "155a aplikatzeak arriskuan jarriko luke [EAEko] autogobernuaren erreforman aurrera egitea, EAJk eta Elkarrekin Podemosek nahi duten bezala. Aldiz, jeltzaleentzat zaila litzateke ezker abertzalearen hazkundea gelditzea agertoki horretan".
Espainiako Estatuaren jarrera gogor kritikatu du Carles Puigdemontek Generalitatean egindako agerraldian: "Zintzoki saiatu naiz 155aren aplikazioa saihesten, baina beste behin ere ez dut erantzun arduratsurik jaso Estatuaren aldetik". 155aren aplikazioa saihestearren hauteskunde deialdia egiteko aukera aztertu duela esan du, baina baztertu egin duela, hauteskunde horiek normaltasunez egiteko bermerik ez baitu jaso Madrilen aldetik.
"155. artikulua injustuki, arbitrarioki eta legez kanpo aplikatu dute", salatu du Puigdemontek, eta azpimarratu egin du batzuei –bere gobernuari– erantzukizunez jarduteko behin eta berriz eskatzen zaien bitartean, besteei –Moncloari– arduragabeki jokatzea onartzen zaiela.
"Kataluniako jendartea honaino iritsi da mobilizazioaren bidez, arduraz eta lasaitasunez jokatuz", gehitu du, "eta nik ere ardura berarekin jokatu behar dut, horregatik agortu behar nituen elkarrizketaren bidezko irtenbidea aurkitzeko aukera guztiak".
El Nacional: "Puigdemontek ez du hauteskunderik deituko Rajoyk ez duelako eten 155. artikulua"
Nacio Digital: "Puigdemontek hauteskundeak baztertu 'bermerik' ez dagoelako eta independentzia aldarrikatzea aurreikusi du".
Vilaweb: "Puigdemontek hauteskundeak baztertu eta legebiltzarraren esku utzi du independentzia bozkatzea".
El Punt/Avui: "Puigdemontek eta Espainiako Senatuak tentsioari eusten diote, ea nor den lehena amore ematen"
Vanguardia: "Puigdemontek hauteskundeak baztertuko ditu [Espainiako] Gobernuak 155.az aski berme eman ez diolako"
El Periodico: "Puigdemontek hauteskundeak baztertu eta DUI aldarrikatzea Legebiltzarraren esku utzi du".
"Inork ezin izango digu leporatu ez garela azken unera arte elkarrizketaren bidezko irtenbidea lortzen saiatu". Hauteskundeetara deitzeko aukera aztertu duela azaldu du Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, "elkarrizketa bide guztiak agortzeko erantzukizuna dudan heinean". Aurreko egunetan deialdi hori egiteko hainbat eskari jaso dituela gehitu du.
Estatuaren erantzuna gotor kritikatu du, eta hauteskunde deialdia baztertuta Parlamentuaren esku utzi du 155. artikuluaren aplikazioaren aurrean hartu beharreko jokabideaz erabakitzea. 18:00etan hasiko da saioa Kataluniako Legebiltzarrean.
Espainiako fiskaltzak helegitea jarri du Auzitegi Nazionalean, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen, ANC eta Omnium Cultural erakundeetako presidenteen askatasuna eskatzeko defentsak egindako eskaeraren kontra.
Kataluniako Parlamentuan 17:00etarako deituta zegoen plenoa atzeratzeko bilduko da bozeramaileen batzordea 16:45etan, Carme Forcadell parlamentuko presidenteak deituta:
La presidenta @ForcadellCarme convoca la Junta de Portaveus a les 16.45h per endarrerir l'inici del Ple del #Parlament
— Parlament Catalunya (@parlament_cat) 2017(e)ko urriak 26
TV3ren arabera, plenoa 18:00era atzeratzeko eskatu dute CUP eta JxSí parlamentari taldeek. Batzordeak onartu egin du eskaera.
PSOEk zuzenketa bat sartu nahi du 155. artikuluaz Espainiako Senatuan hastear den eztabaidan, Generalitateak hauteskundeetara deitzekotan artikuluaren aplikazioa etenda gera dadila eskatuz. La Vanguardia egunkariaren arabera, PP prest egon liteke zuzenketa hori onartzeko. Zehaztu gabeko alderdi popularreko iturriak aipatu dituzte informazioaren jatorri gisa.
Informazio horren arabera, zuzenketa onartzekotan Ministro Kontseiluak hartutako erabakia onartu egingo luke Senatuak –155aren aplikazioa, hortaz–, baina xedapen gehigarri bat erantsiz, zeinak akordioa behin-behinean etenda utziko lukeen Katalunian hauteskunde deiadia izanez gero, eta "hauteskunde horiek legalitatera itzultzea ekarriko balute". Izan ere, PPk eta Espainiako Gobernuak zehazki ikusi nahi dute nola dagoen idatzita PSOEren proposamena, hauteskunde deialdi hutsa ez lukete-eta nahikotzat joko.
Beti ere, PPk bermatuta utzi nahi luke edozein unetan 155. artikulua aplikatzeko aukera, "bloke independentista lehengo egoerara itzultzekotan".
Eguerdian, Margarita Robles PSOEko diputatuak esan du Carles Puigdemontek hauteskundeetara deituz gero ez litzatekeela bidezkoa, "ez juridikoki ez politikoki", 155. artikulua ezartzea.
Eguerdiko 12:00etan hainbat hedabidek zabaldu dute Puigdemontek Kataluniako Parlamentua desegin eta hauteskunde autonomikoak deituko dituela.
Eguerdiko 13:30etan agerraldia egin behar zuen Generalitatean baina ordubete atzeratu du presidenteak zita
Bien bitartean ehunka ikasle elkartu dira Sant Jaume plazan eta erreakzio ugari izan da mugimendu eta alderdi independentisten barruan ustezko erabaki horren kontra. CUP erakunde politikoak mobilizatzeko deialdia egin du.
Rajoyren gobernuak ez du adierazpen ofizialik egin 155. artikuluren inguruan, baina PPko kideek artikulua ezartzeko tematuta segitu dute. PSOE barruan artikulua ez ezartzeko ahotsak gero eta gehiago.
14:30etan jakinarazi dute Puigdemonten agerraldia bertan behera geratu dela eta "arratsaldean" egingo duela adierazpen publikoa.
Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko lehendakariordea eta Marta Rovira JxSí-ko bozeramailean Sant Jaume plazan dagoen Palaura iritsi dira momentu honetan. Kanpoaldean ehunka lagunek segitzen dute bilduta. Puigdemontek deituta iritsi dira Gobernuko egoitzara.
ERCko exekutibak erabaki du, hauteskundeak deituz gero, Gobernutik aterako dela alderdia. Hala ere, ERCko zuzendaritzako iturriek adierazi dute ez dakitela zein izango den Puigdemont presidenteak azkenean hartuko duen erabakia.
"Herria agintari!" dio CUPen eguerdi honetako mezuak. Generalitatearen eta Bartzelonako udalaren erdian dagoen Sant Jaume plazan Kataluniako Errepublika defenditzera biltzeko deia egin du.
"Traidore" oihukatzu 500 pertsona inguru elkartu dira PDeCAT alderdiak Bartzelonan duen egoitzaren aurrean, Puigdemont presidenteak hauteskundeetara deitzeko aukeraren aurrean protestan. CDRek (Errepublikaren Defentsa Batzordea) deitu du elkarretaratzera. Jordi Baiget Generalitateko Enpresa eta Ezagutza kontseilari ohiaren aurkako oihuak ere egn dituzte, hura egoitzatik atera denean.
Informazio kontraesankor asko argitaratu da azken minutuetan Carles Puigdemonten agerraldiaren inguruan. TV3ren arabera, berriz ere Generalitateko jauregira eraman dute agerraldia. "Arratsalde honetan" izango da, telebista kataluniarrean esan dutenez. Aurkezleak, berria ematerakoan, "broma dela dirudi" gehitu du.
El Monek zabaldu duenez, duela egun gutxi bildu ziren Montserraten PDeCATeko zenbait buruzagi ezagun –tartean gaur diputatu karguari uko egin dion Albert Batalla– alderditik irtenda beste bat sortzeko. Gaur goizean Puigdemontek jakinarazi dituen erabakiekin, eszisio ahaleginak abiadura hartu omen du.
Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]
Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]
Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]
Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]
Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.
Aurrerapena da ondorengo... [+]
Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.
Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.
La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.
Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]
Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.