Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.
"Informazio kritikoa" lantzen duten 20 taldek, tartean La Directa hedabidea, osatu dute "Agència 1 d'octubre" komunikazio agentzia. Urriaren 1eko erreferendumari jarrapen zabala egingo diote 12 orduz. Horretarako sare sozialak, irrati uhinak (FM) eta TDT (telebista) bidezko emisioak egingo dituzte. Kataluniako irrati libre guztietan entzungai izango da zuzeneko emanaldia eta webgunean zuzeneko telebista saioa eta albiste guztien bilduma eskainiko dituzte.
Twitterren @AgenciaUO eta webean agenciauo.org helbidean aurkituko duzue.
Neix l'#AgènciaUO Informació popular a peu de carrer pic.twitter.com/c9slcPaKEf
— Agència 1 d'octubre (@AgenciaUO) 2017(e)ko irailak 29
Erreferendumean lagundu nahi duten eskolen arduradunen ekitaldi sinbolikoa gaur: Puigdemont lehendakariari beren ikastetxeetako giltzak entregatu dizkiote, igandean bozketako antolakizun guztia bermatzeko.
Nazio Batuen Erakundean Giza Eskubideen alde aritzen den goi-komisarioko bi adituk adierazpena egin dute ostegunean Ginebran, Kataluniako erreferendumaren aurrean Espainiako Estatua izaten ari den erantzunaz kezkatuta.
David Kaye errelatore bereziak eta Alfred de Zayas aditu independenteak sinaturiko idatzian, Espainiako agintariei eskatu diete erreferendumaren aurrean hartutako neurriek ez dezatela eragin adierazpen askatasunean eta biltzeko, elkartzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidean.
"Erreferendumaren legaltasunatik aparte, agintari espainiarrak derrigortuta daude jendarte demokratikoentzako oinarrizkoak diren eskubideak errespetatzera", esan dute.
Idatzian, Nazio Batuen Erakundeari loturiko organo honetako kideek Espainiako Estautka azken egunetan hartutako hainbat neurri errepasatu dituzte, hala nola webguneen itxiera, kargu publikoen atxiloketa, inprenten miaketak, hauteskunde materialaren konfiskazioa...
"Irailaren 21ean 4.000 polizia agente eskualde autonomo horretan hedatu ziren, 'erreferendum ilegala ez dadin egin esku hartzeko' Gobernuaren agindua zutela. Kezkatzen gaitu agindu horrek eta hura laguntzen duen erretorikak", diote adituek.
Alde guztiei dei egin diete ekintza biolentoak saihesteko "hurrengo egunetan eman daitezkeen protesta baketsuen aurrean".
Kataluniako Segurtasun Batzordea gaur eguerdian bildu da eta bi orduz aritu dira urriaren 1aren aurrean zein jokabide izan eztabaidatzen Generalitateko eta Espainiako Gobernuko ordezkari politiko eta polizialak.
Nolanahi ere, bileran ez dira izan Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren buruak, haien ordez, fiskaltzak erreferenduma erreprimitzeko hautatutako guardia zibila izan da, Diego Pérez de los Cobos, iraganean euskaldunen kontrako tortura kasuetan inplikatua.
Generalitateari erreferenduma bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuak, baina Puigdemontek ziurtatu du aurrera jarraituko dutela erreferendumaren antolaketarekin.
Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasunerako Estatu idazkariaren esanetan herritarrek "euren sentimenduak kanporatu" ditzakete "polizia adierazpen askatasunerako eskubidea babesteko ere badago, baina hori legearen barruan egiten bada".
Bileraren amaieran Joaquim Forn Kataluniako barne sailburuak Mossoek hartuko duten jarreraren inguruko azalpenak eman ditu Bere esanetan, lehenik herritarren segurtasuna bermatuko dute. "Mossoak agindu judizialak betetzeko daude, baina euren esku hartzeak ezin ditu arazo handiagoak sorrarazi", esan du.
Fornek gogorarazi du Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak fiskaltza alboratu duela eta bere neurriak bertan behera geratu direla. "Ikusten den bezala, badago tarterik bozketa egiteko, eta igandean ikusten baditugu milaka eta milaka pertsona kalean modu baketsuan bozkatu nahi dutela esanez, haientzat ere [Espainiako Gobernuarentzat] ez luke arazorik egon beharko".
Igandean botoa emateko eskubidea erabiltzeko asmoa azaldu dutenen arteko bat Solsonako apezpikua da. Xavier Novell gotzaia ez dabil Espainiako apezpikuen batzordeak markatutako bidetik eta esan du bidegabea iruditzen zaiola herri bati bere autodeterminatzeko eskubidea ukatzea. Eskubide horren inguruan Pio XX, Paulo VI eta Joan Paulo II.ak idatzitakoak ekarri ditu gogora.
Gehiengo sindikalak eta Ernaik elkarretaratzeak eta manifestazioak egin dituzte hiriburuetan eta jendetza bildu da erabaki eskubidea aldarrikatzeko.
Irakurri albiste osoa hemen.
Kataluniako Segurtasun Batzordearen bileratik irtenda, prentsaurrekoa eman du Jose Antonio Nieto Madrilgo gobernuan Segurtasunerako Idazkari Nagusia denak. Polizia guztiek erreferenduma galarazteko agindua daukatela berresteaz gain, azaldu du Puigdemont lehendakariari eskatu diola igandeko erreferenduma gelditzea eta honek ezezko borobilez erantzun.
Esandakoen artean, hau: "Igandean egin nahi dena legez kontrakotzat deklaratutako ekintza da, aginte judizialak eskatu du hori eragozteko eta testuinguru horretan jokatuko dugu irmotasunez, kunplituz legea, zuzenbide eskatua eta elkarbizitza baketsua".
Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikasleek (500etik gora) Sarriako kaputxinoen elizan 1966an frankismoaren kontra antolatu zuten biltzar eta itxialdia geratu da historian Caputxinada izenarekin. Polizia frankistak ez zuen lortu bilera eragozterik eta gertakizunak oihartzun zabala lortu zuen Europan, nahiz eta frankistek ondoren zigor gogorrak ezarri bilera ilegalaren parte hartzaileei. Gertakizun haren oihartzuna entzun daiteke gaur sare sozialetan #caputxinada2017 traolarekin ikusten ari den guztiarekin.
Unibertsitateen plazatik abiatuta, Gran Vian barrena luzatuz doa Bartzelona erdigunea hartu duen manifestazio alimalekoa.
Carles Puidemont lehendakariak atzo agindu bezala, gaur eguerdiz bildu da Kataluniako Segurtasun Batzordea. Generalitatearen Barne sailak zabaldlu du bileraren hasierako argazkia.
Nacio Digital hedabideak zabaldu duenez, bilkuran Madrilgo Gobernuaren ordezkari azaldu da –espainiarrek erreferendumaren kontrako operazio guztiaren buru jarri duten Lopez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelaz gain– Jose Antonio Nieto Segurtasunerako Idazkari Nagusia. Aldiz, ez dira azaldu ez Guardia Zibilaren eta ez Polizia Nazional espainiarraren ordezkariak.
Igandeko erreferenduma egiteko hautesleku baten ondoan lehen traktorea aparkatu dute, Lleidan. Assemblea Pagesa nekazarien ekimena da eta landa eremuko nekazariei dei egin diete "beren eskuetan dagoen guztia egiteko jendeak botoa eman dezan".
Hemen zabaldu duten oharraren itzulpena:
"Aparka ditzagun traktoreak erreferendumaren alde. 70. hamarkadan, milaka nekazarik errepide alboetan aparkatu zituzten traktoreak landa eremuan demokrazia, askatasuna eta justizia soziala exijituz. Orain, estatuak eskubide politikoak murriztu nahi dizkigu eta gure etorkizunaz erabakitzea debekatu nahi du. Bere garaian bezala, hauteslekuen ondoan traktoreak eta furgonetak modu baketsuan aparkatzera dei egiten dugu. Egizu ostegun eta ostiral honetatik aurrera. Kolabora dezagun hauteslekuak defendatzera gure presentziarekin. Eskain diezaiogun ordu batzuk denon etorkizunaren alde borroka egitera. Hitz egin dezagun gure adiskideekin eta anima ditzagun ekimen honetan parte hartzera. Egin argazkiak eta publikatu sare sozialetan beste herrietako jendea ere anima dadin. Ez dute nekazarien aurka egingo, bere garaian ezin izan zuten bezala. #aparcaeltractor. Pasa mezua".
Wikileaks-en sortzaile Julian Assangek azpimarratu duenez, robotak erabiltzen ari dira Kataluniako independentziaren aurkako edukia zabaltzeko.
Twitterreko erabiltzaile baten kasua jarri du adibide nabarmen gisa. Honakoa dio hitzez hitz:
Kataluniako independentziaren propagandarako robotak erabiltzen ari direla erakusten duen adibidea. Hemen, 15869 bertxio eta 99 atsegite (gizakiek gehiago sakatsen dute 'atsegin dut' bertxio baino). Kontuak berak ez du gizakien jarrerarik.
A clear example of robots used to spread anti-Catalan independence propaganda. Here, 15869 retweets with only 99 likes (human likes are usually more than retweets). The account itself shows no human behavior. https://t.co/IhIeMo82T2 pic.twitter.com/6gXyN7PbO8
— Julian Assange 🔹 (@JulianAssange) 2017(e)ko irailak 27
Vocento egunkari taldeko ABC egunkariaren edukia dauka aipatu txioak, Kataluniako independentziaren aurkako propaganda gisa.
"Espainiak, azken urteetan sortu den eztabaida soziala ukatzeko, ahalegin kolosala egin badu ere, Herrialde Katalanetako ezker independentistak eta herri mugimenduek “guztia erabaki ahal izateko, independentziaren” aldarria zabaldu dute..."
Amaia Zufia, Arantza Santesteban eta Saioa Iraolaren iritzia Euskal Herriko Bilgune Feministaren izenean, osorik hemen.
"Bizi eta lan baldintza minimoak ukatzen zaizkigu, bortizki jazartzen gaituzte eta nazio izaera ukatzen digute. Faxismoaren aurka batasunera deitzen dugu eta duintasunez bizitzeko gutxieneko baldintza demokratikoen alde agertzen gara...."
Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado, euskal preso politikoen iritzia, osorik hemen.
Herritarrei dei egiten diete kalean ipinitako kopiagailuetan nork bere materialak inprimatzera.
Kataluniako Suhiltzaileen taldea erreferendumaren aldeko mobilizazioetan hasieratik dago murgilduta. Gaur ekintza ikusgarria egin dute hiriburuan, ingelesez "Demokrazia maite dugu" dioen pankarta erraldoia eskegiz.
La Vanguardia egunkariak Youtuben zintzilikatutako bideo honetan ikus daiteke U-1eko errerendumerako boto-paperak inprimatzen ari direla etengabe:
Sare sozialetan zabaldu dutenez Bartzelonako Perú kaleko udal tailer batean sartu dira agenteak eta udal hautetsontziak errekisatzen hasi dira.
ATENCIÓ!! Cossos policials ara mateix als tallers municipals de l'Ajuntament de Barcelona al Carrer Perú, estan requisant urnes municipals.
— Solidaritat Obrera (@soliobreracnt) 2017(e)ko irailak 28
CNT sindikatuaren arabera udal polizia ari da fiskaltzaren aginduz hautetsontziak konfiskatzen.
ANC gizarte mugimendu subiranistak urriaren 1eko bozketak xuxen pasatu daitezen gomendioak zabaldu ditu, Ara egunkariak eta beste hedabide batzuek ere eskuratu dituzten agirietan irakur daitekeenez. Generalitateko arduradunek ere aitortua baitute dagoenekoz erreferenduma burutzea herritarren esku dagoela. ANCk bere inguruko jendeari dei egiten dio igande goizeko zazpietan hauteskunde-kolegioen atarian egotea eta bozketa ahalik eta normaltasun handienez burutzen ahalegintzea, jende ilarak kudeatzen lagunduz, boto paperak herritarren eskueran izango direla bermatuz eta abar.
Xehetasun garrantzitsua: ohar horren arabera, mahaiak normaltasunez zabaltzea lortzen ez baldin bada, ez da bozketa alternatiborik burutuko, ANCk dioenez: "Hau ez da show bat, ez gara manifestazio bat egiten ari: herritarren burujabetza erabiltzen ari gara eta Kataluniako Generalitateari laguntzen erreferenduma bururaino eramaten. Erakutsiko ditugun irudiek azaldu behar dute instituzioarekiko eta erreferendumaren prozedurarekiko. Inolaz ere ez dago baimenduta urnak eta hauteskundeetako materiala egoitza ofizialetatik kanpo erabiltzea. Ez dugu bozketa alternatiborik antolatzen".
ANCk aitortzen du Generalitateak Madrildik iritsitako aginduekin ados ez egon arren horiek eragozteko ezer gehiago ezin duela egin. Horregatik "oso garrantzitsua da Mossoekin zuzenean borrokan ez sartzea: horixe da Espainiako estatuak lortu nahi duen irudia eta guk saihestu behar duguna. Horrek ez du esan nahi ez denik erresistentzia pasiboa egin edo ausardiaz jokatu eskoletan sartzeko".
Aurrekoan .cat domeinukoa itxi ondoren, ANCk assemblea.eu domeinuan irekitakoa ere mututu dio Guardia Zibilak. ANCk adierazi du laster iragarriko duela bere web orriaren helbide berria.
Empaperem mugimenduari ere itxi diote beren orria.
Omnium Cultural mugimenduaren kanpainarako Crida per la Democraciak ere nozitu du Guardia Zibilaren zentsura, baina ordu gutxiren bueltan berriro martxan zeukaten.
CUPek erreferendumaren kanpainarako darabien Pren Partit gunea itxi diotela zabaldu den arren, asteazken goizaldean abian zegoen.
TSJC Kataluniako Auzitegi Nagusiak bere gain hartu du urriaren 1eko erreferenduma geldiarazteko operazio polizial osoa eta Guardia Zibilari bezala Polizia Nazional espainiarrari eta Mossoei agindu die prestaketa lanetan parte hartzen duten egoitza oro berehala ixteko. Nacio Digital hedabideak argitaratu du TSJCren ebazpena osorik.
ACM Kataluniako Udalen Elkartearen eta AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartearen lehendakariek gutuna bidali diete mundu osoko 1.000 hiri eta herritako alkateei, azalduz zein arazorekin ari diren aurkitzen eta eskatuz eskueran dituzten tresnekin lagun diezaietela arazoa modu baketsu eta zibilizatuari irtenbidea ematen, herriaren nahia errespetatua izan dadin. Gutuna osorik Nacio Digital hedabidean irakur daiteke.
Ernest Urtasun europarlamentariak ezagutarazi du Berdeen talde parlamentarioaren bi buruek Frans Timmermans eta Jean Claude Junkerri bidaliko gutuna, non eskatzen baitiote, azaldu ondoren beren kezka Kataluniako erreferenduma Espainiako gobernuak legeak bortxatuz eragotzi nahi duelako, bitartekari lanean ahalegindu daitezela Europako Batzordeko buru nagusiak.
Altsasuko gazteen afera daraman epaileak berak hartu du erabakia.
Estatuak Kataluniari egin dizkion erasoei aurre egiteko tresnatzat UGT eta CCOO sindikatuek eta ANC eta Omnium gizarte mugimenduek sortutako Demokraziaren aldeko Mahaiak gaur egin du lehen bilkura. Hasieratik honako hauek emana zuten beren adostasuna: ACUP Unibertsitate Publikoen Elkarte Katalana, Kataluniako Gazte Kontseilu Nazionala, CONFAV Kataluniako Auzo Elkarteen Konfederazioa, FAPAC Kataluniako Gurasoen Federazioa, Justizia gobalaren aldeko erakundeen Federazioa, UFEC Kataluniako Kirol Federazioen Batasuna eta Unió de Pagesos laborari sindikatua. Gaur gehitu zaizkie Pimec, Plataforma d'Afectats per la Hipoteca (PAH) eta DESC behatokia.
Aurkeztu duten agirian dei egiten diote gizarte katalanari bere instituzioak eta oinarrizko eskubideak defendi ditzan modu baketsu, irmo eta iraunkorrean, eta oroitarazti dute arazo politikoek erantzun politikoa behar dutela eta ez errepresiozkoa.
Carles Puigdemontek biharko, osteguna, deiturik polizien koordinazioa egiten duen Segurtasun Batzordea (Junta de Seguretat, katalanez), Espainiako Barne ministerioak berretsi du bilkuran azalduko dela. Bihar eguerdiko 12:00etan hastekoa da.
Bartzelonako metroan txartela sartzen den lekuan, "#votarem" dioten eta botokutxen itxura duten pegatinak jarri dituzte.
Aquí teniu el seu funcionament pic.twitter.com/uccQ2gkOms
— Sílvia Mur (@silvia_mur) 2017(e)ko irailak 27
Albert Batalla, Seu d'Urgell herriko alkatea, fiskaltzaren aurrean dantzan deklaratzeari uko egin ostean.
@albertbatalla després de declarar balla el Ball Cerdà davant la Fiscalia #sensepor #democràcia Ha dit #votarem perquè és un dret ciutadà. pic.twitter.com/bP5MrV2og3
— Eva Clausó Estival (@evaclauso) 2017(e)ko irailak 27
Bartzelonako Unibertsitatean itxialdia egiten ari diren ikasleek manifestazioa egin dute eta autopista moztu dute, kilometro ugariko auto ilarak eraginez.
Bitartean Gran Via ere moztu du beste talde batek.
Omnium elkartearen egoitzan egindako konferentzia batean, Kataluniako hezkuntza komunitateko kideek Escoles Obertes (Eskola irekiak) proiektua aurkeztu dute, igandean autodeterminazio erreferendumean bozkalekuak irekitzea bermatzen saiatzeko. Irakasle, ikasle, guraso, langile, langile ohi eta bizilagunei dei egin diete escolesobertes.eu webguneko formularioan izen emateko eta ekimeneko parte izateko.
Fiskaltzak hauteslekuak prezintatzeko egindako eskaerari hezkuntza komunitateak emandako erantzuna da. "Ez dugu mehatxu eta intimidazioen aurrean geldirik egon nahi", adierazi du Jospe Maria Cervelló bozeramaleak. "Gure eskubideen defentsan mobilizatu nahi duten guztiei dei egiten diegu parte hartzera", adierazi dute.
Guardia Zibila, Polizia Nazional espainiarra eta Kataluniako Mossoak koordinatzen dituen Segurtasun Batzordearen bilera deitu du biharko Carles Puigdemont lehendakariak. Uztailetik ez zen biltzen organo hori, zeina baita Generalitatearen ustez hiru polizien elkarlana bermatu behar duena eta ez Auzitegi Goreneko fiskaltza.
Espainiako Polizia lo egiteko erabiltzen ari den barkuko irudiak barre ugari sortu ditu sare sozialetan, baina multinazionalari ez dio graziarik egin, antza. Piolin eta Silvestreren irudiak operazio polizialarekin nahastu ez zitezen barkua kentzeko eskatu zuen. Espainiako Barne Ministerioak urriaren 5 arte, gutxienez, alokatu zuenez, ezin izan dute barkua kendu eta beraz, marrazkiak ezkutatzearekin konformatu behar izan dira.
Txiste gehiagorako eman dute, noski, sare sozialek:
"Tenemos la solución al cachondeo generado por llevarlos en un barco decorado con dibujos de Warner Bros: LONAS TRANSLÚCIDAS". #FreePiolin
— Arezno (@Arezno) 2017(e)ko irailak 25
Lo de tapar a Piolín a estas alturas es como cuando el calvo de la oficina aparece con peluquín, pues risas aseguradas.
— Don Mitxel Erregea (@DonMitxel_VI) 2017(e)ko irailak 24
#FreePiolin pic.twitter.com/25LE4cemiJ
— robotronk (@robotronk1) 2017(e)ko irailak 24
Lehen aldiz historian batu dira bi presidenteak, eta bereziki Kataluniaren gaineko adierazpenak egin dituzte. Irudi ofizial indartsua eman duten arren, Trump ez da horren kontundentea izan hitzetan. Espainia herrialde haundia eta ederra dela argudiatuta, batuta jarraitu beharko lukeela adierazi du: “Kataluniarrak independentziaz denbora luzez egon dira hizketan, baina jokatuko nuke zenbaki zehatzak bagenitu, inkesta zehatzak, deskubrituko genukeela beren herria maite dutela, Espainia maite dutela, ez liratekeela joango. Beraz ni Espainia batu baten alde nago”.
Erreferendumari buruz galdetuta Trumpek ez dauka horren ziur kataluniarrek ez dutela bozkatuko: "Uste dut inork ezin duela izan bozka emango duten edo ez. Rajoyk dio ezetz, baina herritarrak horren oso kontra daude".
Rajoyk berak zentzu komunera dei egin du eta adierazi du Aldebakarreko Independentzia Adierazpena egitea ez dagokiola berari baizik eta Kataluniako Parlamentari, "zentzugabekeria iruditzen zaidan arren".
Kataluniako Fiskaltzako iturriek TV3ri jakinarazi dietenez, Mossoei aginduko diete ostiralean eskola eta institutuen giltzak atxikitzeko, igandean erreferenduma gauzatu dadin galarazte aldera. Mossoek ez balute agindua beteko, udaltzainei eskatuko zaie esku hartzea, eta ondoren, fiskaltzak egokitzat joko balu, Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari.
Nació Digital agerkariak azaldu duenez, Mossoak hasiak dira Kataluniak hauteslekuetako arduradunak identifikatzeko agindua betetzen.
PDeCat alderdiak Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaleak, Carles Campuzanok, adierazi du erabat baztertuta dagoela Kataluniak aldebakarreko independentzia aldarrikatzea. "Katalanei bozkatzen utzi behar zaie, eta ondoren, erabakitakoaren arabera, Madrilekin hitz egiten hasi".
Zentzugabea litzateke, Campuzanoren esanetan, milioika herritarrek bozkatzen badute Espainiako Gobernua ez ohartzea dialogorako tenorea iritsi dela.
Espainiako Estatuaren erasoaldiari aurre egiteko hainbat neurri legal iragarri ditu Jordi Turull Generalitateko bozeramaleak, gobernu katalanaren astearteroko bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. Besteak beste, Mossoen kontrola Guardia Zibilaren esku uzteko erabakiaren aurka helegitea aurkeztu dutela adierazi du Turullek.
Urriaren 1eko erreferenduma egin egingo dela berretsi du Gobernuko bozeramaleak, nahiz eta ez duen zehaztasunik eman egun horretarako Generakitateak egindako prestakuntzez. Kazetarien galderei erantzunez, xehetasunak momentu egokian jakingo direla besterik ez du argitu Turullek: "Gauden salbuespen egoera honetan ezin dugu oraingoz gehiago esan, baina momentu egoki iritsitakoan gardentasuna bermatuko dugu, baita bozketa irregulartasunik gabe egiten dela ere".
Espainiaren aldetik jasotako erasoa gaitzetsi du Turullek: "Argi dagoena da demokrazia Espainiako Estatuan ez dela izan beharko litzatekeen bezalakoa". Kataluniako Fiskal Nagusiaren jarduna ere gigor kritikatu du, bere eskumenetatik haragoko erabakiak hartzen ari dela esanez. "Egunero hedabideetan aditzera ematen ari da erreferendumaren aurka edozerk balio duela, eta ondorioz oinarrizko eskubiden urraketa ikusten ari gara etengabe; ez gara geldi geratuko horren aurrean".
"Bermeak desagerrarazten saiatzen ari dira ", esan du Turullek Moncloaren oldarraldiaz, "baina ez dezatela pentsa haien mehatxuek herri honen borondatea isilarazko dutenik". Hainbat aldiz aipatu du Turullek Espainiako Gobernua neurriz kanpo ari dela urriaren 1eko erreferendum deialdiari erantzuten.
Katalan hizkuntzak bizirautekotan estatu propioa behar duelakoan, kanpainan bete-betean sartuta dago Plataforma per la Llengua. Bideo bat ere sareratu du:
Burujabetzaren aldeko hainbat abokatuk deialdia egin dute Kataluniako Auzitegi Gorenaren aurrean manifestazioa egiteko asteazkenean (irailak 27), urriaren 1eko erreferendumaren aurka Espainiako Estatuak darabilen errepresio estrategiagatik protestatzeko. Katakuniako abokatu kolegio guztietako kideei dei egin diete parte hartzeko, eta denak togaz jantzita joateko eskatu dute.
"Oinarrizko eskubideen zapalketa" salatu nahi dute mobilizazioaren bidez.
Urriaren 1ean independentziaren aldeko hautua gailenduz gero, berehala Espainiako Estatuarekin eta, "zer esanik ez", Europar Batasunarekin elkarrizketa bideak irekiko dituela iragarri du Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, Frantziako LCI telebista katean emandako elkarrizketan. Modu horretan "kataluniar errepublikaranzko trantsizioa" kudeatu nahi luke Puigdemontek.
Trantsizio Juridikorako lege onartu berriak aurreikusten du erreferendumean baiezkoak irabaziz gero 48 orduko epean independentzia aldarrikatzea. Urrats horren aurretik, baina, Espainiako Gobernuari elkarrizketarako deia egingo diola adierazi du Kataluniako presidenteak. "Herritarren borondatea bada Katalunia independentea izatea, hala izango da, baina prozesua modu adostuan garatu nahi dugu, batez ere Espainiarekin".
Carles Puigdemont erbestetik itzuli da Kataluniara zazpi urteren ondoren. Salvador Illaren inbestidura saiora joan baino lehen, Bartzelonako Garaipenaren Arkuan hitzaldi labur bat eman du milaka lagunen aurrean. Poliziak Puigdemont atxilotzeko agindua du, baina ez du lortu... [+]
Zortzi hilabeteko erbestealdiaren ondoren, etxera eta Directa-ko erredakziora itzuli da Rodríguez (Gramanet del Besós, Bartzelona, 1974). Inork ezer espero gabe, uztailaren 8an, arratsalde bakarrean, erabat irauli zen bere eta beste hamaika inputaturen aurkako... [+]
Ostiral goizean ekitaldi politiko bateratua egingo dute Gironan, Herrialde Katalanetan. Puigdemont faltako da, ezin baitu itzuli.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko apelazio aretoak astelehen arratsean esan du baliogabetu egin behar direla Tsunami auzi judizialaren ikerketako azken hiru urteak, "ilegalki" luzatu zelako. Erabaki hori behin betiko bihurtzean Carles Puigdemont eta Marta Rovira kasutik... [+]
Tren geltoki bateko nasa, bi lagun eta besarkada bat. Besarkada hori izoztuta geratuko da hurrengoan elkartu arte. Ni etxera itzuliko naiz, bera hor geratuko da. Han geratuko da aske izanda ere injustiziak harrapatu nahi gaituelako sentimendu mingarria ere. Jesús... [+]
Espainiako Gobernuak onartu berri duen Amnistia Legeak ez ditu zigortutako katalan guztiak bakean utziko. Batzuek erbestean segitzen dute, eta segituko dute, ea noiz arte. Baina beste batzuk berriki joan dira, ustez “gatazka” amaitzear zegoenean, alderdiak Amnistia... [+]
Espainiako Diputatuen Kongresuak esperotako Amnistia Legea onartu baino egun gutxi lehenago, Amnistia Legearen aplikaziotik kanpo geratuko diren Tsunami Democratic auziko bi inputatu elkarrizketatu ditu ARGIAk Suitzan, Genevan, erbestean baitaude.
Aurrerapena da ondorengo... [+]
Ezusterik gabe eta gehiengo osoz onartu dute Espainiako Kongresuan Amnistiaren Legea, txalo artean. Eztabaida laburra izan da, baina tirabiratsua, eta irainak ere entzun dira. 177 aldeko boto jaso ditu legeak eta 172 kontra.
Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.
La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]
Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.
Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]
Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.