Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

ZinemaSailak



Denboran atzera

Bai, 2012ko urtekaria da hau, baten bati irudituko zaion arren garai zaharragoez mintzo garela, Ama Lur filmak zentsura jasan zuen diktadura urteez adibidez, edo Imanol Uriberen Burgosko prozesua eta Julio Medemen Euskal pilota. Larrua harriaren kontra pelikulak jazarri zituzten aldiez

Oraingoan ere, eskuin muturretik iritsi da erasoa: Ekainean, Donostiako Udala gobernatzen duen Bildu alderdia legez kanpo uzteko mehatxua egin zuen Espainiako Barne ministroak, Barrura begiratzeko leihoak lanari diru-laguntza emateagatik, “ekintza terroristen egileak goratu” zitezkeela iritzita. Bost presori buruzko filmaren zuzendariek uko egin zioten diru-laguntzari, eta polemika irailean berpiztu zen, Donostiako Zinemaldirako hautatu ez zutela-eta. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ziurtatu zuen ez zutela inongo telefono deirik jaso pelikula ez proiektatzeko eskatuz. Ados. Baina lepoa jokatuko nuke zurrunbiloak eragina izan zuela epaimahaiaren erabakian: Zinemaldian hainbatetan ikusi ditugun lan eskasagoek –aurten bertan, Zinemira sailean bertan–, bederen, ez dute hain bahe zurruna pasa, kalitateari bagagozkio. Eta kalitatearen irizpide labainkorretik harago, nahikoa aurrerapausoa ez al da preso politikoei buruzko filma egitea, pisuzko argudioa ez al da orain arte jorratu ez den eremua lantzea, hein handi batean Euskal Herriko zinemagintzaren –eta azken finean, Euskal Herriko errealitatearen– erakusleiho izan behar lukeen Donostiako Zinemaldian parte hartzeko? Alde bakarreko ikuspegia ematea leporatu diote. Hala balitz ere, alde bakarreko biktimei eta ikuskerari buruzko zenbat eta zenbat film –kaskar– irentsi behar izan ditugu Zinemaldian eta Zinemalditik kanpo? Beste herrialde bateko gatazkaz ariko balitz, ez al lukete Zinemaldian eskainiko Barrura begiratzeko leihoak? Kontuak kontu, jaialditik at bere ibilbidea egin ahal izan du pelikulak, eta harrera ona egin diote.

Filmak beste errealitate bat jarri du mahai gainean: dokumentalen ekoizpena ugaria izan da aurten. Horren lekuko, Zuloak, Gazta zati bat, Ziztadak, Aktibista, Leku hutsak, hitz beteak edota aipamen apartekoa merezi duen Emak Bakia Baita. Ezohikoa eta ederra da Oskar Alegria iruindarraren dokumentala, haize freskoa zinemagintzaren panoraman.

Fikzioan, zaila zen 2011ko loraldia errepikatzea, baina neurri batean eutsi zaio erronkari. Besteak beste, produkzio entretenigarriak izan ditugu (Bypass, Baztan, animaziozko Aita, zonbia naiz, Gernika bajo las bombas), milioi askoko aurrekontua eta harrera eskasa izan duen pelikula (Dragoi ehiztaria) eta berri on bat: Xora, zubererazko lehen film luzea. Krisi ekonomiko betean gauden arren, urtetako lana da pelikula bat aurrera ateratzea eta finantzazioa lehenagotik lotua egon ohi denez, aurtengoei baino gehiago ziurrenik etorkizuneko proiektuei eragingo die sos faltak. Dagoeneko, hala ere, crowdfounding erako ekimen bat baino gehiago ikusi dugu eta herritarren borondatea izan dute diru-iturri Xora, Zuloak eta Berrura begiratzeko leihoak lanek. Ikusteke dago eredu hori ugarituko ote den, eta zein forma eta ezaugarri hartuko dituzten jendeari laguntza eskatzeko egitasmoek.

Azkenik, zinema jaialdiak ere krisiak jo ditu 2012an. Hala nola, Ikuspuntu seminario bihurtu behar izan dute, Zinemastea hiru eguneko mini-ziklo, bertan behera geratu da Begibistan eta egunak gutxitu dituzte jaialdi ugarik. Errealitateak bakarrik ez, fikzioak ere garai latzak bizi ditu gurean.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan