Orri nagusira

Orri nagusia

 

Euskalduntze-alfabetatzea
Helduak, berralfabetatzearen giltzarri

Milurteko berrian, berrikuntza ugarik astintzen du helduen euskalduntze-alfabetatzearen mundua. Ez da berria edozein hizkuntzaren berreskurapen prozesuan helduen partehartzeak duen garrantzia, eta Euskal Herrian aspalditik ari da horretan euskaltegi sare zabala. Azken hamar urteetan euskalduntze-alfabetatzearen munduak izan dituen aldaketak jorratu ditugu mahaikideekin eta aurrera begira dauden erronketako batzuk ere mahaigaineratu dira: oraindik ere normalizazioa eta ezagutza dira Iparraldeko eta Nafarroako erronka nagusietakoak; EAEn apurka egiten ari da normalizazio hori. Eskaera berriei nola erantzun aztertu beharko dute guztiek ere, eta sektore berezien euskalduntzea -lan mundua, irakaskuntza...- eta teknologia berrien itsasoan murgiltzea izango dira desafio garrantzitsuenetakoak.

Mahainguruari ekiteko, beharbada ona da azaltzea zergatik den garrantzitsua helduen euskalduntze-alfabetatzea euskararen normalizazio prozesuan.

SAGRARIO ALEMAN. Nik uste dut oro har duena baino garrantzi gutxiago ematen zaiola euskalduntze-alfabetatzeari. Nafarroan, egun, euskaraz ezer ez dakien 16 urtetik gorakoen kopurua 350.000 pertsona ingurukoa da. Horiek, beraz, euskara ikasi behar badute eskolatik kanpo izango da. Hizkuntzaren iraupenera eta hizkuntz aberastasunari begira izugarrizko garrantzia du. Eskolan ez zaio eusten aberastasunaren helburuari, helburuak beste batzuk dira eta. Euskararen normalizaziorako eskola ez da tresna nahikoa, motibazio eta erabilpenari dagokionez, beraiek eskolan ikasitako hori ezin baitezakete erabili Nafarroan hainbeste herrik erdaraz funtzionatzen duenean. Euskarazko kontsumorako ere garrantzitsua da. Azken finean, gizartearen nondik norakoak helduek jartzen dituzte eta, beraz, zaila da ulertzea euskalduntzearen zama haurrengan uztea.

ERRAMUN OSA. Euskal gizartearen populazioaren gehiengoa pertsona helduez dago osatua gaur egun. Hori datu objetiboa da. Jaiotze tasak zirela eta, garai batean pentsatzen zen akaso adin piramidearen iraulketa egon zitekeela, baina gaur egun piramide horrek alderantzizkoa erakusten digu. Ezin dugu ahaztu haurrentzat helduak direla erreferentzia eta helduek finkatzen dituzten hizkuntz erreferentziak txertatzen direla haurrengan. Haurrek eskolan euskaraz ikasi arren, gero beren ingurunean erdara bada nagusi, beraien artean ere erdara nagusituko da. Zenbaitetan pertsona helduen artean eragiteak, haurrengan ere eragina du; akaso batzuek euskaraz ikasteko aukerarik izan ez badute ere, etorkizunean beren seme-alaben artean euskara ikastea ahalbideratu ahal izatea eskaintzen da. Beraz, garrantzitsua bakarrik ez, euskalduntze alfabetatzea erabakiorra gertatuko da euskara beraren bilakaeran.

JOKIN AZKUE. Esandakoaren ildotik, eta ez errepikatzearren, datu batzuk aipatuko nituzke osagarri gisa: hezkuntzaz aparte, tamainagatik euskalduntze-alfabetatzea da euskalduntzean dagoen eremurik handiena: Euskal Herri osoan 50.000 bat ikasle ari da euskara ikasten, 1.000 irakasle, 175 euskaltegi eta 60 bat euskal etxetan ere euskara irakasten da. 50.000ko kopuru hori nahiko egonkorra da azken sei-zazpi urteetan eta, hori bai, aldatzen ari direnak beharrak dira.

JAKES BORTAIRU. Gauza gehienak esanak dira. Argi da hizkuntzaren egoera ikusirik, hiztunak irabaztea hil ala bizikoa dela. Iparraldean gertatzen den puntu bat aipatuko nuke: eskolak maila batean huts egiten du euskalduntzean, arrazoi desberdinak medio irakaskuntzaren ziklo guztiak ez baitira betetzen (eskaintzarik ez delako, ingurumen erdalduna...). Hor, beraz, helduen euskalduntze-alfabetatze munduak badu zerbait egiteko, ez bakarrik euskalduntze mailan, baita hobekuntzan ere.

E. OSA. Helduak euskalduntzean eta alfabetatzean erabilera esparru berriak irabazteko gauza bagara, horrekin erakusten ari gara euskara ikastea ez dela alferrikako ahalegina. Gaur egun euskalduntzea fenomeno urbanoa da batez ere, euskara hirietan dago egoera larrienean eta. Erabilera esparruak irabazi behar dira, modu horretan bakarrik kontzientzia ditzakegu gazteak. Horrez gain, euskaldun ez alfabetatuak ez dira konturatzen ahalegin txiki bat eginda zein erabilera esparru zabala irekitzen zaien.

Erabilera aipatzen ari da hemen baina zuek, batez ere, hizkuntzaren ezagutzara bideratzen duzue zuen zeregina. Motibazioa eta erabilera zuen esparruko eremuak dira? Behar beste lantzen dira?

S. ALEMAN. Nik "batez ere" euskara irakastera aipatzen duzun hori zalantzan jarriko nuke. Guk euskaldunak atera nahi ditugu eta, beraz, gure lana ez da izan behar bakarrik hizkuntz egiturak eta horrelakoak erakustea; gurean euskara irakastea beti egon da loturik motibazioa eta erabilerarekin. Datozkigun ikasleek, motibazio batekin datoz eta ateratzean zaletuak bihurtzen ditugu. Horietatik aktiboenak izaten dira erabilpen esparru berriak irekitzen dituztenak eta sarri euskararen motorrak bihurtzen direnak.

E. OSA. Nire ustez euskalgintzan ari garen elkarte eta erakundeek ikuspegi kritiko batetik aztertu beharko genuke gure jarduera. Batzuetan badirudi eredu bila kanpora joan behar dugula baina, sarritan esan dudan moduan, komunikazioan oinarritutako ikas estrategietan gu gara aitzindari. Baina gure kezka ezin da izan bakarrik ahalik eta euskal hiztun gehien ateratzea, horrez gain ingurumen egoki bat eskaini behar diegu ikasitako horretan atzerakadarik izan ez dezaten. Askotan egiten da atzera ikasitakoan baina askotan ikasleek ez dute aukera handirik izan lortutako maila horri eusteko edo aurrera egin ahal izateko. Guk aukerak eman behar dizkiegu guregana datozen horiei: ohitura batzuk sortzea, euskaraz sortzen dena ezagutzera ematea, sozializatzea, euskal prentsa eta euskal literatura irakurtzera bultzatzea... Euskaltegitik ateratzen direnean ikasitakoarekin zer egiten duten gure arazoa bihurtzen da, horrek ere baldintzatzen baitu gure zereginaren arrakasta. Euskara ikasten duenari aukera berriak eskaini behar dizkiogu eta horretarako euskalgintzan gauden elkarte eta erakundeen artean lankidetza egitasmoak burutu behar ditugu hori ahalbideratzeko.

JOKIN AZKUE. Irakaskuntzako ildo metodologikoari dagokionez, horretan aitzindari gara Euskal Herrian. Ez da ezagutzen beste herririk halako gai baten inguruan horrenbeste jende biltzen duenik. Iaz, adibidez, ia 2.000 irakasle ibili ziren ikastaro eta halakoetan. Hori da jakinmina eta esperientzia hor direlako. Hala ere, autokritika ere egin nahi nuke: urtetan eduki gramatikaletan oinarrituta ibili garela, gu geu ere horretan seguru sentitzen garelako. Baina ikasle bat hiztun izatea nahi badugu, telebista eta irratiko saio naturalak, egunkari eta aldizkarietako pasarteak behar ditu. Horrekin emango dizkiogu ikasleari baliabideak kalean dagoenean euskaraz mintzatzeko. Erabileraren ikuspegitik hor dago gure benetako erronka. Hori irakasle gutxik egin izan du eta irakasleria osora zabaldu behar da. Horrek denbora behar du, baina hori da landu beharrekoa. Materialetan-eta asko egin da azken hamar urteetan baina asko dugu egiteko. Guneak sortu behar ditugu bai enpresetan, dendariekin, elkarteetan, plangintzak egin beren testuinguruan euskara erabil dezaten.

J. BORTAIRU. Iparraldean bederen egoerak behartzen gaitu irakaskuntza, motibazioa eta erabilera uztartzera. Iparraldean norbait euskara ikastera doanean ez du euskararen inongo behar praktikorik, ia hautu politiko bat egiten du. Bestetik, ezin da bereizi ikastearen eta erabileraren esparrua, egunerokoan uztartzen dira. Guregana datorren ikasle asko euskara erabiltzera dator, horretarako beste gunerik ez duelako.

Beharbada Iparraldekoa desberdina izan daiteke baina Hegoaldean bada inpresioa bat, euskaltegietatik pasatzen diren ikasleak gero ez dutela euskara normaltasunez erabiltzen gizartean, hau da, ez direla euskaldun oso ateratzen. Jakina hori ez dago euskalduntze-alfabetatzearen munduaren menpe bakarrik, beste eragile ugari daude gizartean. Badirudi zubi batzuk behar direla euskaldundutakoak gizartean erabilera normalera jo dezaten.

S. ALEMAN. Ados gaude, ez gara mugatzen eduki gramatikal batzuk irakastera bakarrik. Baina, Erramunek eta Jakesek esan duten bezala, euskaltegia utzi eta handik urte batzutara ikasle batzuk berriz itzultzen dira, eta agian maila kaskarragoarekin. Dena den, euskaltegia gauza bat da eta gizarteak mila arlo ditu eta euskaltegian ibilitako makulu hori gabe dago ikaslea. Ikasi behar dugu, nola irakatsi behar diegun makulu edo taka-takarik gabe ibiltzen? Euskaltegiarekin bakarrik ez da erraza. Euskaltegian, dagoen euskal produkzioaren berri ematen zaie, baina hori ere ez da nahiko. Euskaltegia ez dela nahiko, alegia. Barnetegia aproposagoa da horretarako eta hau oso gutxi landu dugu, udan egiten da batez ere, eta urte guztirako lau barnetegi besterik ez dago (Nafarroan eta Iparraldean ez). Barnetegia ere ez litzateke guztia, baina kontuan izan behar dugu euskaltegiak dituen mugak, azken finean pertsonako bi ordu egunean.

E. OSA. Errealitateak ere desberdinak dira. Iparraldean jendeak beste errealitate bat ere ezagutu nahi du, euskara ikastera joateaz gain beste errealitate kultural bat ezagutzera doala iruditzen zait. Herri txikietakoak eta hirietako errealitateak ere desberdinak dira (iraunkortasun tasa seguruenik handiagoa da herrietan). Baina arazorik handiena herri eta hiri handietan dago, herri eta hiri horiek inguruko herrietako hizkuntz erabileran eragina dutelako. Beraz, gauza bat da maila pertsonalean irakas sistema bat aurrera ateratzea eta beste bat planteamendu orokorragoa egitea, pertsona horiei inguru apropos bat eskaintzea. Adibidez, oso desberdina da guraso bat euskaltegira euskara ikastera etortzea edo gurasoei zein bere seme-alabei barnetegi baten sartzea eskaintzea; ez diozu bakarrik euskara ikastea eskaintzen, bere seme-alabekin harremanak euskaraz izan daitezen ere eskaintzen ari zara; gurasoak ikasteaz gain, transmisioan ere eragiten ari zara.

Tankera honetako kontuez ari nintzen eta ez horrenbeste arlo metodologikoetan izan ditzakegun printzipioetan. Barnetegiak aipatu dituzu Sagrario, baina hor ere gertatzen da fenomeno bitxia, jendeak gaur egun ez du eskatzen ikastaro trinkoagorik, garai bateko ikastaro trinkoak ahultzen ari dira. Jendeak beste erabateko ikastaroak eskatzen ditu.

Puntua jarrita dago. Zertan aldatu da helduen euskalduntze alfabetatze mundua azken hamar urteetan. Norantz doa? Egoera desberdinak biziko dira Euskal Herrian, jakina, bota dezala bakoitzak berea.

J. AZKUE. Labur egiteagatik, lau bloke desberdinduko nituzke. Batetik irakasleria eta honen lan baldintzak. Garai bateko militantziatik duintasunerako bidean jauzi handia egin da. Irakasleen formazioa: garai bateko bizpahiru adituetatik sare zabal bat osatzera pasatu gara, irakasleek formazio plan sistematizatuetan partehartzen dute (informatikan, kudeaketan, metodologian, materialetan...). Oro har, euskaltegi bakoitzak bere formazio plana egiten du gaur egun, eta lehen ez zen egiten.

Ikas-materialeena da bigarren alorra. Garai batean ez zegoen komunikabiderik, telebista, irrati, "Egunkaria", aldizkariak... horiek erabili egiten dira, eta erronka da horiek gero eta gehiago erabiltzea.

Euskaltegien azpiegitura da hirugarrena. Gaur egun baldintza nahiko txukunak dira alde horretatik. Noski sarea zenbat eta handiagoa, eman beharreko urratsak ere handiagoak; AEK-k, esaterako, zeregin handia du horretan, nahiz eta urrats handiak eman dituen.

E. OSA. Nik bost puntu ukituko ditut azken hamar urteotako bilakaera aztertzerakoan. Batetik, euskaltegira datozen ikasleak dagoeneko euskara maila batekin datozela, txikiagoa edo handiagoa, baina, garai batean ez bezala, euskaltegiak ikas prozesuan aurrera egiteko tresnak bihurtu dira. Ez dut uste gauza bera gertatzen denik Nafarroa eta Iparraldean, hauetan oraindik jendea batik-bat hasierako urratsetara hurbiltzen baita.

Bigarren datu bat, berria dena eta atzera begiratuta garai bateko joerekin zerikusirik duena: gero eta pertsona helduagoak hurbiltzen direla euskaltegietara, honek dakarren guztiarekin, exijentzia handiagoa, eskakizun desberdinak...

Hirugarrenez, eskarian ematen den bilakaera azpimarratuko nuke. Eskaria gero eta anitzagoa da. Garai batean euskalduntze-alfabetatzeko ikastaro arruntak eskatzen ziren eta gaur egun, eskari arruntetik aparte, beste kolektibo batzuen eskariak jasotzen ari gara, enpresak, irakasleak...

Alfabetatze arloa da laugarren puntua. Eskaria oso anitza da eta alde horretatik oso zaila da alfabetatze planteamendu bat egitea. Batik-bat funtzionatzen dutenak oso eskakizun zehatzak dira...

Datuen arabera, alfabetatze eskariak behera egin du, ezta?

J. AZKUE. Eskaria kopurutan beherantz doa, bai.

E. OSA. Iparraldean eta Nafarroan ez da berdin gertatzen, non euskarazko irakaskuntza eskasagoa edo berriagoa den. Dena den, hemen ere gauza bat gertatzen ari da, euskaldunak diren gizataldeak adin tarterik aurreratuenetan daude eta horien joera ez da izaten euskaltegietara etortzea.

Trinkotasunarena da azken puntua: zeharo kezkatzen nau, eta etorkizunari begira planak egiterakoan kontuan hartu beharrekoa da. Jendeak gero eta ikastaro apalagoak eskatzen ditu, garai batean lau-bost orduetako ikastaroak ematen ziren eta gaur egun gero eta ordu gutxiago dira. Dirudienez, jendeak euskarari eskaini nahi dion denbora urriagoa da. Beraz, teknologia berriak baliatuz, beste era bateko eskaintzak egin beharko ditugu, euskaltegietan ikasten ari diren horren indargarri. Datozen urteotan joera horiek indartu egingo direla dirudi.Honek ez du esan nahi euskalduntze-alfabetatze sareak bere egitekoa betea duenik, baina ikaslearen zain egon beharrean, ikaslearen bila joan beharko du: gizatalde desberdinetara, aisia taldeetara, guraso taldeetara, lantegietara; toki desberdinetara jo beharko du eta bere zeregina berkokatu beharko du. Zergatik? Lan munduan euskararen presentzia ez delako handia, behar berriak zabalduko direlako eta hezkuntza arautua ere toki askotan ez delako aski euskararen erabileran eragiteko.

Jendeak horrenbeste ordu ez eskatzea eta abarrek euskara ikasteko interesa ahultzen doala esan nahi du edo, besterik gabe, euskara ikasteko modua aldatzen ari dela.

J. AZKUE. Gero eta gehiago, eta guztioi gertatzen zaigu, eguna gero eta planifikatuago dugula. Goizean hasi, umeak eskolara eraman, gero eta jende gehiago geratzen da eskolako jantokian, gero arratsaldean baletera edo ez dakit nora... Eta gurasoek berdin, egun osoa programatuta. Askotan euskaltegietan sortzen diren bajak-eta horrekin lotuta daude. Gero eta gehiago eguneroko programa horretan ondo sartuko den zerbait nahi da.Orain jendea gero eta gehiago ari da multimediako autoikasketa metodoekin bai ingelesez, frantsesez eta euskaraz. Honek bere malgutasuna ematen du eta horri guztiari aurre egin behar diogu, baina eraginkortasuna bermatuz. Beharko da tutoretza, gidaritza edo dena delakoa baina hor dugu apustua eta horri ere heldu behar diogu. Hor dago Bai & By, euskara halako metodoekin irakasten duena eta jende asko ari zaio matrikulatzen.

Bada beste arazo handi bat, gaur egun euskaltegietan matrikulatzen direnen erdia, batez beste eta ±abardurekin, berriak dira. Galtzen ditugun erdiarentzat zer daukagu euskaltegiok? Ezer gutxi, eta horiei ere egin behar diegu eskaintza: aldizkari didaktikoak, ikasi duena mantentzeko materiala... Iparraldekoa eta Nafarroakoa agian desberdina da, baina etorriko zaie.

Kontu honekin jarraitu aurretik, Sagrario eta Jakes falta zaizkigu azken hamar urteotako aldaketei buruzko beren ikusmoldea azal dezaten.

S. ALEMAN. Erramun eta Jokin entzunda, badirudi azken hamarkadan izandako aldaketak izugarriak izan direla eta, Nafarroan behintzat, nik ez dut horrela ikusten. Bestetik, kontuan izan behar dugu jendeak zer eskatzen duen baina kontuan izan behar dugu eragina eta benetan euskaldunak ateratzeko zer den behar duguna. Euskara ezin da frantsesa eta ingelesa ikastea modukoa izan, euskaldunok ezin dugu horrelako luxurik permititu, taldea beti izango da beste hori baino garrantzitsuagoa.

J. AZKUE. Bai, bai, teknologiak ez gaitu liluratu behar, baina behar berriak sortzen ari dira eta adi egon behar dugu.

S. ALEMAN. Bai, kontuan hartu behar dira baina ez diete erantzuten lehenengo galderan euskalduntze-alfabetatzeari buruz esan ditugunei. Aldaketak ez dira hainbestekoak izan Nafarroan, eta Iparraldean ere seguruenik ez. Guri datorkigun ikasleriak motibazio afektibo-identifikatiboak ditu batez ere, lanagatik datorrena oso gutxi da eta etortzekotan zertxobait irakaskuntzatik, eta kasu hauetan ere beste motibazioa ere badago.

Beste aldaketa bat, EAEn beharbada lehenago eman zena, irakaskuntzaren munduarekin lotzen da. Pentsatu izan da haurren euskalduntzearekin dena eginda zegoela, eta agian azken urteetan helduak konturatzen ari dira ori ez dela horrela.

Kopuruaren aldetik ere ez dago aldaketa handirik, onerako behintzat, matrikulazioak mantendu egiten direlako edo zertxobait behera doazelako.

Administrazioak badu euskalduntze plangintza bat, euskaltegi bat ere ari da horretan baina ez da ezer serioa. Talde desberdinak laguntzeko ere ez da aldaketarik izan. Azken urteetan diru gehixeago izan da baina neurri batean ikasle kopuruak behera egin duelako, esango nuke. Garai batean ikasleak gutxiago ordaintzeko ahaleginetan ari baginen ere, ez da halakorik lortu eta, izatekotan, alderantziz da, matrikulak garestiago dira. Dirulaguntza horiek ekartzen duten irakasleen iraunkortasuna kolokan jartzen da, azpiegitura ez hobetzea dakar, prestakuntzari bide handiagorik ez ematea... Arazoak duela hamar urte bezalatsu jarraitzen du Nafarroan.

J. BORTAIRU. Betikoa gertatzen da, nahiz eta gai berdinaz ari garen, halako eztabaidetan badirudi galaxia desberdinetan garela edo espazio-denboran bidaiatzea asmatu dugula. Iparraldean, batetik, gauza asko aldatu da eta bestetik ezer gutxi edo emaitza gutxi ikusten da. Ikasle kopurua ia bikoiztu egin da hamar urteetan, nahiz eta azken bi urtetan bere horretan dagoen. Arlo hau herri mugimenduan da, ez da besterik. Motibazioari begira, gizarteko beste arlo batzuetan bezala, nabaritzen da euskal nortasuna bereganatzeko joera. Irakaskuntzan ere gertatu da hori. Garai batean ikurrina arras folklorikoa zen, gero garai oso politizatua izan zuen -abertzaleek erabiltzen zuten sinboloa zen- eta orain denek nahi dute ikurrina izan, eta auto guztietan ikusten da. Honek ez du esan nahi Iparraldeko jende guztia abertzaletu dela baina bai nortasun baten bila ari dela, eta guregana askotan jendea horren bila dator.

Iparraldean ez da inongo botere politikorik euskara bultzatzeko eta hala ere, helduen euskalduntze-alfabetatze mugimenduak bere ezagupen soziala handitu du. Baina ez hori bakarrik, ezagupen ofizial maila bat ere lortu du nahiz oso behe mailakoa izan. Gehien ezagutzen gaituztenak herriko etxeak dira; kostaldeko herri handi guztiek laguntza inportantea ematen digute, Angeluk salbu, eta hori azken hamar urteotan gertatu den gauza berria da. Gainerako mailetan emandako laguntzak oso urriak dira, bakean uzteko ematen dizkigutenak. Iparraldean aurten betetzen dugu 20. urteurrena eta duela 10 urte idatzitako idazkiak eta egindako afitxak ikusita, badirudi ez dugula ezer aurreratu, eskakizunak berdintsuak baitira. Baina bai, urrats handiak eman ditugu. Iparraldean gogoeta sozial oso garrantzitsua izan da, 'Euskal Herria 2010' izenekoa, ondotik Garapen Kontseiluak eman duena; azken honetatik landu da lurraldeko antolakuntza eskema eta gaur egun bizi dugun egoera politiko-soziala horren ondorio da. Maleruski, gauza asko ez da errealitatean ikusi baina espirituetan ulertarazi dugu hizkuntz arazo horri heltzeko hainbat arlo behar zirela kontuan hartu, besteak beste euskalduntze-alfabetatzearena.

Ordura arte jende askok uste zuen euskararen arazoa guraso batzuen arazoa zela, guraso horiek beren seme-alabek euskaraz ikastea nahi zutela eta hori zela guztia. Pozgarriak dira urrats hauek baina, aldi berean, horrek sortzen du etsipena: hamar urte eta gero hau!

E. OSA. Nik ñabardura bat egin nahi nioke Jokinek lehen egunaren planifikazioa eta abarrei buruz esandako gauza bati. Hemen gaudenetatik, hilabeteak joan hilabeteak etorri, zenbatek ematen dugu bi ordu egunero zerbaitetan? Honekin zera esan nahi dut, gizarteari ezin zaio egiazkoa ez den motoa saldu, hau da teknologia berrien bidez-eta euskara ikastea posible dela. Ez dut planteamentu horretan sinesten. Euskara ikasteak ahalegin inportante bat eskatzen du. Baina jendeak baditu beste erabateko lehentasunak eta, beraz, ikaste prozesua laburragoa izan dadin ahaleginak egin beharko genituzke, euskaltegian ikasitako horren osagarri gisa ordu libreetan euskara bere kabuz landu dezan.

Zer falta da, besteak beste? Euskara ikasteko ahalegin izugarri hori egiten duenari ahalegin hori aintzat hartzea, bereziki administrazioaren aldetik, eta honek ahalegin hori lagundu eta sustatzea. Euskalduntze-alfabetatze sektoreari lehentasunezko izaera eman behar zaio lurralde guztietan. Bere eginkizuna ondo betetzeko arlo honek bitarteko gehiago behar du: irakasleen formazioan, materialeen sorkuntzan, materialeen egokitzapen lanetan, euskalkiek zein toki izan behar duten euskalduntze-alfabetatzean... Ahalegin inportante bat dago herritarren aldetik eta euskaltegien sare aldetik, eta administrazioaren aldetik, berriz, desoreka handia dago.

Iparraldean ez dagoelako ezagutzarik. Nafarroan ere ez dago benetako borondaterik euskalduntze-alfabetatzea berreuskalduntzearen ardatz gisa ezagutzeko, ez dagoelako euskarak aurrera egiteko berreuskalduntzea bultzatzeko politika bat. Eta EAEn ere antzerako; hezkuntz ordu bakoitzeko bideratzen den dirua eta helduen euskalduntze-alfabetatzeko klase-ordu bakoitzeko bideratzen dena konparatuko bagenu, aldea izugarria dela ikusiko genuke.Askotan esaten da, "aizu, euskalduntze-alfabetatzean diru asko gastatzen da"; bai, baina inork ez du zalantzan jartzen hezkuntzan edo beste zenbait zerbitzutan gastatzen dena. Oraindik ere, administrazioan dauden bi txip aldatu behar dira: bat, pertsona helduak ez dira pertsona galduak euskararentzat; bi, euskalduntze-alfabetatzea ez da gastu bat, berreuskalduntzearekiko inbertsio bat baizik.

J. AZKUE. Baina azken urteetako bilakaeran zerbait nabarmentzekoa bada, baliabideetan izandako gorakada handia izan da.

E. OSA. Konforme horrekin. Baina onartuko didazu, Jokin, matrikulek izan duten gorakada -ikasleek ordaintzen dutena- HABEko aurrekontuak izandakoa baino gorakada handiagoa izan dutela, edo sektorean izan den diru hazkundea baino handiagoa. Hor desoreka handiagoa dago. Betiko kontua da, bai, baliabideak daudenak dira, baina euskalduntze- alfabetatzea lehentasunezko sektorea dela pentsatzen bada, lehentasunezko sektoretara baliabide gehiago bideratu behar da. Hau da, euskalduntze-alfabetatzean urtean gastatzen dena, EAEn urtean errepide kilometro batzuk egiten gastatzen da.

S. ALEMAN. Lehenbiziko galderarekin lotua dago. Helduen euskalduntze-alfabetatzeari errekonozimendu bat aitortu behar zaio. Horrek esan nahi du hemen herritarren gehiengoak ez duela aukerarik izan euskalduntzeko, ez etxean ez eskolan eta, beraz, hor lan bat egiteko dagoela, gobernuei zegokiela lan hori egitea, ez dutela egin eta lan hori beste batzuek egin dutela. Hortaz, errekonozimendu hori ematen bada, beharrezko baliabideak jarri behar dira. Gizarteak oro har ez du errekonozimendu hori ematen eta administrazioek gutxiago.

J. AZKUE. Ez da pilota beste leku batera botatzeko baina, azken finean, gizartean dagoen isla Legebiltzarrean onartzen da, eta aurrekontuak hor ateratzen dira. Izugarrizko ahalegina egiten du ikasleak, ez dut zalantzarik horretan. Baina euskalduntze-alfabetatzean, zer ahalegin egiten ari gara urtetik urtera ahalik eta hiztun gaitu gehiago ateratzeko? Orduan, irakasleak hasten dira esanez prozesua aztertu behar dela eta bata eta bestea. Emaitzei buruzko planteamendu sistematiko bat ez dago. Horri buruz denok egin behar dugu autokritika eta gero administrazioari ere diru gehiago eskatu. Emaitzak gainera egon daude, adibidez, urtetik urtera EGAdun gehiago ateratzen da...

S. ALEMAN. Barkatuko didazu baina nik titulodun gehiago ez dut nahi Euskal Herrian, nik euskaldun gehiago nahi dut.

J. AZKUE. Zuk esan parametroa zein den, berdin zait.

E. OSA. Euskalduntze-alfabetatzeak behar ditu bitarteko batzuk, eta aintzatestea behar du administrazioen aldetik. Horrek ez du kentzen euskaltegietan ardura daukagunok asistentzia, bermatrikulazioa edo beste gai askori buruz kezkatu behar ez dugunik. Baina horiez gain, adibidez, administrazioak euskara ikasten jarraitzen dutenei matrikula merkeago lortzea bideratu beharko lieke. Gaur egun ez dugu saritzen eskuhartzea, pertsona batek euskalduntzen jarraitzen badu, zama arindu beharrean handitu egiten zaio.

S. ALEMAN. Ikasleen ahalegina azpimarratzen ari gara eta irakaslearena ere azpimarratu behar da. Hor daude prestakuntza kontuetan berenak direnak baino askoz ordu gehiago sartzen. Ikasleen euskalduntzea borondatezkoa da -asko orduen erdira besterik ez dator, adibidez- eta ikasten duenarekiko errentagarritasuna eragile askoren menpe dago; beraz, ez dezagun errentagarritasun horren izenean beste zerbait estali.

E. OSA. Bitartekoei buruz ari garenean kontua ez da "tori hainbat milioi eta egin ezazu nahi duzuna". Diru publikoaz ari garen neurrian kudeaketa egokia ziurtatu behar da eta, noski, bideratzen diren bitarteko horiek egitasmo zehatzak ateratzeko izan behar dute. Baina errealitatea hortxe dago, Nafarroan eta Iparraldean seguruenik ditugun emaitzak hobeak izango lirateke euskaltegi sarea indartsuagoa balitz, eskaintzen dena erakargarriagoa izango balitz, egoitza onekin... EAEri dagokionez, eman dira aurrerapausoak baina iruditzen zait -akaso oker nago- gehiago izan dela administrazioko batzuen kezka, eta ez oro har administrazioa sostengatzen duten alderdien kezka. Euskalduntzean 100 milioi pezeta (lau bat milioi libera) gastatzen denean, egunkarietan agertzen da, baina edozein errepidetan onartutako aurrekontua baino milaka milioi gehiago gastatzen direnean, inork ez du eskandalurik ateratzen. Euskalgintzan, ordea, aurrekontutik zerbait ateraz gero -huskeriak aurrekontuak kontuan hartuta-, zalaparta ateratzeko aitzakia prest dago.

Zalaparta kontuak mahaigaineratzen hasita, Nafarroako egoera hor dago. Baina horrek ere izan dezake gauza on bat, agian bakarra: balioko du ohartarazteko euskararen biziraupena ezin dugula inoren bizkar utzi, geure esku dagoen zerbait dela eta guk euskararen aldeko apustua egiten dugun neurrian, euskarak aurrera egiteko aukera izango duela; eta guk euskara inoren bizkar -haurrak, administrazioak...- uzten dugun neurrian, euskararenak egina duela.

Nola ulertzen da matrikulazioen jaitsiera edo mantsotze joera hori? Gizartea aldatzen doan azalpen horretatik ulertu behar da, beste interesgune handiago batzuk daude, erlaxazioa...

S. ALEMAN. Neurri batean jendeak halako lasaitasun bat hartu du pentsatuz seme-alabek ikasketak euskaraz egingo dituztela, euskararen festetara joatea, sinadura bat... Horrek balio du norberaren kontzientzia lasaitzeko. Jakina, eskatzen zaion beste ahalegina handia da eta denbora izaten ohi da ez matrikulatzeko edo matrikulatu ondoren uzteko ematen diren arrazoiak. Bestea da ea guk aski erakargarri egiten ditugun gauzak, aitzaki izan daitekeen denbora eza hori gainditzeko. Arrazoi ugari egon daiteke beherakada horietan eta, noski, administrazioak egiten dituen irudi kanpainak zerikusia du, alde edo aurka.

E. OSA. Ibarrezkerrean somatzen dudana azalduko dut. Jendeak ikusten du aurrerapausorik, baina jendea ez da konturatzen euskarak aurrera egin arren ez duela bere biziraupena ziurtaturik. "Hemen gauzak eginak daude" da gerta dakigukeen gauzarik okerrena, pentsamendu hori sustraituz gero, euskarak posizioak galduko dituelako eta, orduan bai, bere etorkizuna kolokan egon daitekeelako.

Didaktika munduan HABE prestatzen ari den kurrikuluak ekarpen berria egingo bide dio euskalduntze-alfabetatzeari. Zertan da kontua?

J. AZKUE. Labur azalduko dut. Azken urteotan lanean aritu gara euskaltegi sare desberdinekin eta oinarrizko dokumentu bat prestatu da irakasteko era berri bat garatzeko. Hemen jorratu dugun lehenbiziko galderari erantzun bat ematea da helburu nagusiena: gaur egun dauden mass-medietako materialak -egunkariak, aldizkariak...- erabiltzea, ikasleak kalean aurkituko dituen aurreneko premiei aurre egiteko. Ikas prozesua horretara begira antolatu nahi da, bai ikastunitateak egiten direnean material bankuak zerikusirik izatea gaur egun egiazkoak diren testuekin, bai audiokoak zein idatzizkoak. Honek eduki gramatikalak ere eskatzen ditu baina beti ere oso lotuak eguneroko praktikotasunera. Oinarrizko agiria prestatu da eta euskaltegiek beren adostasuna adierazi dute ildo horretatik lanean jarraitzeko. Metodologia irizpideak aipatzen dira, helburuak, ebaluazioen nondik norakoak, zer eratako materialak... Kontuan hartu behar den erreferente bat da eta, ondoren, euskaltegi bakoitzak bere moldaketa egiten du.

E. OSA. Zentzu onean egindako komentarioa da hau. Euskalduntze-alfabetatzean ari garenok pozten gara ikusten dugunean HABE garai batean serioa ez zen irakaskuntzara hurbildu delako. Zorionez, hor ere bilakaera bat eman da eta kurrikulu berriak ez du inolako antzekotasunik garai batean dekretu bidez ezarri zen kurrikuluarekin. Eraberritze horretan, dena den, garrantzitsuena euskaltegiaren inplikazioa da, horretarako prestatu behar ditugu irakasleak. Eta eskari berriak sortzen ari diren neurrian, kurrikulu berriak ere eskaini beharko ditugu. Hori guztia dator euskalduntze-alfabetatzera. Bost urteren bueltan, Nafarroan ere EAEn gertatzen diren joerak ematen direla iruditzen zait. Iparraldean, aldiz, urruntze bat dagoela uste dut: erabiltzen ditugun materialetan, Hegoaldean bizi ditugun egoera eta pertsonaia ezagunak oso desberdinak dira, hizkuntz eredua bera ere oztopo izaten da sarri... Iparraldean batik-bat bolondresek sostengatzen dute euskalduntze-alfabetatzea eta Hegoaldean gero eta profesionalagoa da; hori erabakiorra da formazio planak eratzeari dagokionez, materialgintza sortzeari dagokionez...

J. BORTAIRU. Beharbada hasierako galderan aipatu beharrekoa zen hau. Hizkuntza bat ikastea zaila da berez, eta edozein pertsona heldurentzat prozesu intelektual konplikatua da, are gehiago helburua hizkuntza hori klasetik kanpo erabiltzea delarik. Beste edozein tokitan jendeak eskertuko zaitu ahalegin bat egiteagatik eta bertako hizkuntza ikasteko saiakera horregatik. Hemen ez da hori gertatzen, beti beharko duzu zuk saiatu jendea ez trufatzea, eta hori euskaldun berri guztiek bizi izan dugun zerbait da. Gainditu behar den beste kontu bat da. Are zailago, kontua ez da bakarrik klasetik kanpo erabiltzea, zure eguneroko harremanak aldatzea baizik, haurrekin, familiarekin... sentimenduak, amodioa... oso zaila da. Arazo hori bada, eta euskalduntze-alfabetatze munduan ari garenok beharbada gehiago hitz egin beharko genuke euskaldun berriekin, beharbada ez dugu behar beste kontuan hartu prozesu hori bizi izan duen jendearen iritzia. Faktore humanoa kontuan hartzekoa da, zertan asmatzen den, zertan ez... Metodo onak eta txarrak izan dira baina jende batzuek beti ikasi dute, baldintza txarretan, metodorik gabe...

E. OSA. Euskarari ezin zaio eskatu abiadura handiko trenaren abiaduran joan dadin orain arte trenbideak ere eskaini ez zaizkionean. Euskarari gainerako hizkuntzekin lehiatzea eskatzen zaio, gainerako hizkuntzak abantaila guztiak alde izan dituztenean eta euskarak aurka. Horrek eskatzen du ahulenaren aldeko apustua egitea, eta ez ahulena delako, benetan aukera berdintasunean lehiatzea nahi badugu, galdu den denbora irabazi behar delako, eta hori inbertsioak eginez eta apustu politiko garbi bat erakutsiz egiten da.

J. AZKUE. -abardura txiki bat. Lehia ateratzen denean ez dugu beti besteekin alderatu behar, guk geurea egin.

E. OSA. Baina gu ez gara burbuila batean bizi. Kiosko batera goazenean eta gurea zein murritza den ikustean ezin dugu esan, "guk gurearekin egin behar dugu".

J. AZKUE. Baina ni ez nabil horretaz. Gaur egun euskaltegi batzuen artean ere lehia dago, eta gainera hori sanoa da, ikasleak horrela hautatu ahal izango duelako. Ezin duguna planteatu da, "Etiopian gaude, guk aurrena ogia behar dugu eta gero fedea" eta gisakoak. Bakoitzak bere mundutik bere etorkizuna bermatzen saiatu behar duela esan nahi dut. Hori ezin dugu ahaztu, hori ikasleei zerbitzu on bat emateko bidea delako.

E. OSA. Baina lehia eman behar da aukera berdinak dituztenen artean. Euskaltegi batek izugarrizko azpiegitura duenean, izugarrizko babes instituzionala izan duenean eta bestea pisu batean dagoenean... bigarrenak esango du, "ados, ni lehiatzeko prest nago, baina aldatu egingo gara, ni zure euskaltegira joango naiz eta zu etorri hona". Lehia eman behar da aukera berdintasunak bermatu ondoren, eta hor badira orekatu gabe dauden gabeziak. Euskalduntze-alfabetatze sektorean normalizazio prozesuak EAEn bakarrik eman dira, baina prozesu horrek bost urte du eta beste batzuk normalizaturik daude 1982tik.

J. AZKUE. Hori argi dago eta ez dut ukatuko.

S. ALEMAN. Halakoak Iru±ean, esate baterako, askoz nabarmenagoak dira. Batzuek irakasleak dituzte eta beste batzuek ahal dutena hartzen dute eta hurrengo urtean alde egiten dute, Ika eta AEKn adibidez. Gobernuaren euskaltegikoen azpiegiturak askoz hobeagoak dira... Horrek ez du esan nahi irakasle edo dena delako hobeak direnik baina hobeak izateko aukera gehiago dituztela bai. Lokal hobea, urtero irakasle aldaketarik ez eta gainera gutxiago ordaindu behar badut... logikoa da hara joatea, nahiz eta gero, errealitatean, ez den hainbeste gertatzen.

Mahainguruaren bukaerara iritsi gara eta, beraz, ondorioen ordura.

S. ALEMAN. Sektoreko euskaltegien arteko koordinazioaren beharra dagoela ikusten dugu guk. Sumatzen ari gara AEKn eta beste euskaltegi batzuetan ere, Gobernuko batean kasu, behar hori ikusten dutela.Beste behar bat da, helduen euskalduntze-alfabetatzearen garrantzi hori nola helarazi gizartera eta administrazio desberdinetara. Ikasleen ahalegin hori azpimarratu beharra dago, eta hori argi atera da hemen.

Alfabetatzearen gaia mahainguruan pixka bat zintzilik geratu dela iruditzen zait. Lehen esan den bezala, jendeak askotan pentsatzen du euskalduntze prozesua haurren esku geratuko dela; euskara etxean ikasi dugunok, beraz, sarritan pentsatzen dugu aski badakigula euskaraz eta, beraz, gure egitekoa ez dela euskararen mundu horretan sartzea. Alfabetatzearen gutxitzea, beraz, hortik etor daiteke. Bestetik, alfabetatu beharrekoak baino askoz gehiago dira euskaldundu beharrekoak. Zenbait funtzio frantsesa edo espainolarekin betetzera ohituta dago euskalduna, hori normaltzat ikusten da eta ez da gabeziarik somatzen zenbait funtzio betetzeko.

E. OSA. Atera ez den gauza bat aipatu nahiko nuke eta, gainera, etorkizun hurbilean beste ondorio bat izango da. Datorren eskariari zein egungo eskariari erantzun ahal izateko, sarea berregokitu egin beharko da. Zenbaitetan aztertu beharko dira bikoiztasunak dauden ala ez, ikusi beharko dugu erronka berriei nola erantzungo diegun, teknologia berrien kontuari esate batera... Akaso oharkabean, baina ziklo berri bat zabaltzen ari da eta eztabaida sakona behar da helduen euskalduntze-alfabetatze munduan. Euskaltegietan fisikoki inbertitzeaz gain, beste erabateko kontuetan inbertitu beharko dugu eta horrek, datozen 5-10 urtetan, euskalduntze-alfabetatze mundua beste erabatera ikustera eramango gaitu

J. AZKUE. Aurrerantzean erronka handia dugu lehen Erramunek aipatutako euskara planekin. Gaur egun hainbat enpresetan, irakasleak, funtzionarioak, dendarien mundua... Premia berriak sortzen ari dira eta badugu formazioa, materiala... baina horri aurre egiteko oraindik lan handia egin behar da. Euskaltegietan inkesta bat egiten ari gara orain, eta jasotzen ari garen mezua da euskaltegietan ez dela ongi ezagutzen zer premia dagoen lan mundu horretan. Deba Goiena aldean sortzen ari diren premien aurrean, euskaltegiek izugarrizko uholdea datorkiela ikusten dute, esate baterako.

Euskaltegi guztiek hobekuntza neurriak bereganatu behar dituzte eta martxan jarri. Horrez gain, teknologia berriak erabili behar ditugu komunikazioa hobetzeko eta, Sagrariok aipatu duen haritik, sinergiak ongi baliatzeko. Azken finean, euskaltegien arazoak gai berdintsuen inguruan dabiltza baina bakoitza bere sarean ari da. Bakoitzaren gabeziak eta bakoitzaren indarrak aprobetxatu behar ditugu guztiok aurrera egiteko.

J. BORTAIRU. Iparraldetik begiratuta eta hizkuntzaren bilakaera ikusita, argi da hor gainbehera izugarria dagoela. Euskaldungoa horretaz hasi da konturatzen azken urteetan. Inkestek erakutsitako datuek erakusten zuten barnealdean euskaldun kopuru garrantzitsua zela, baina inkestek erakutsi dute, halaber, barneko mekanismoek zein gainbehera zekarten. Hori ikusita, argi da hizkuntza birsortzeko mekanismo guztiak behar direla indartu eta, besteak beste, helduen euskalduntze-alfabetatzearen arloa. Izugarrizko erronka dugu hor, finkatu dugu eta orain ikusi beharko da gaitasuna, bitartekoak eta baldintzak izango ditugun jauzi kualitatibo hori emateko. Ez bakarrik gure arloan, hezkuntzan ere argi da gabiltzan erritmoan ez goazela inora eta hori planteatu beharko zaio gizarteari.

Hala eta guztiz ere badugu esperantzarako motiborik, adibidez, Bai Euskarari akordioak Iparraldean eman duena, batez ere euskalduntze-alfabetatze munduan. Administrazioaren aldetik izandako oztopoak, beraz, ez bakarrik gainditu, azpitik pasatzea ere espero dugu.

XABIER LETONA

(Larrun 32. zenbakia)
(2000-04-23. 1759.alea)



Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403