argia.eus
INPRIMATU
Hizkuntza gutxituen erakunde publikoetako lehendakariak batu eta helegitearen kontra agertu dira
  • Hizkuntza gutxituen alde doan apirilaren 8ko legea ezeztatzeko Frantziako Kontseilu Konstituzionalera jo dute 61 diputatuk. Joera horren parean, haserre, agiri bateratua plazaratu dute euskara, bretoiera, okzitaniera eta katalanaren Erakunde Publikoetako presidenteek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko apirilaren 27a
Euskarazko murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio bat(Kepa Etchandy)

Hizkuntza gutxituen aldekoen artean poza eta ezustekoa eragin zuen apirilaren 8an Frantziako Legebiltzarrak hauen alde bozkatu izanak. Baina Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko zuen hamabost eguneko epea bukatzear zela jakin zen 61 diputatuk helegitea ezarri zutela Konstituzio Kontseiluan, legea ezeztatzeko asmoz. Apirilaren 27 honetan agiri bateratu bat plazaratu dute euskara, bretoiera, okzitaniera eta katalanaren Erakunde Publikoetako presidenteek, haien "nahigabea, ulertezintasuna eta haserrea" kolektiboki adierazteko.

Helegitea "kontsentsu zabalaren" kontra doala diote Antton Kurutxarri EEPko presidenteak, Carole Delga katalanak, Charline Claveau okzitaniarrak eta Lena Louarn bretoiak. Helburua argiki adierazten dute: "Aterabide baikorra espero dugu", hots, hizkuntza gutxituen alde doan "legezko esparru erraztaile eta segurua", eskaera sozialari erantzuteko gisan.

Ipar Euskal Herriko hautetsiak ere haserre

Ipar Euskal Herriko hautetsi talde batek ere aho batez hitz egin zuen apirilaren 23an, "kexua eta ulertezintasuna" adierazteko. Hauek dira adierazpenaren izenpetzaileak: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentea, Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria, Vincent Bru, Florence Lasserre eta Jean Lassalle diputatuak, Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak, Mathieu Berge Eskualdeko hautetsia eta Benedicte Luberriaga, Departamenduko hautetsia - biak EEPko lehendakariordeak-. "Demokrazioaren ukapena eta lurralde hizkuntzekiko mespretxua" salatu zituen Etxegaraik txio bidez.

Paul Molac diputatu bretoiak aurkeztu zuen lege-proposamena, besteak beste, irakaskuntza publikoaren esparruan tokiko hizkuntzei leku handiagoa bideratuz. Apirilaren 8an Legebiltzarrak alde bozkatu izana "Parisko teknokraziaren parean, demokraziaren eta lurraldeen garaipena zela" adierazi zuen ARGIAri eskainitako elkarrizketan.