argia.eus
INPRIMATU
Desokupa enpresak Erkorekaren gezurrak agerian utzi ditu
  • Ertzaintzak ez zuen izan ultraeskuindarrez osatutako Desokupa enpresako kideekin “inongo kontakturik, ez desalojoaren aurretik, ez bitartean, ez ondoren”, esan zuen ostiralean Josu Erkoreka Barne sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean, Abadiñoko etxe okupatuaren desalojoaren harira. Desokupak bideo bat argitaratu du, zeinean enpresako kideak agertzen diren Ertzaintzarekin desalojoaz hizketan.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 03a
Ostiralean egin zituen adierazpenak Erkorekak Gasteizko Legebiltzarrean. Irudia: eitb.eus.

Erkorekak EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak eginiko galderari erantzunez egin zituen adierazpenak ostiralean. Ziurtatu zuen Ertzaintzak Desokupa enpresaren jardunaren berri ere ez zuela izan eta, hortaz, kontrakoa esanez zabaldu ziren mezuak “gezur hutsa” direla –apirilaren 15ean Desokupak Abadiñoko etxe okupatu bat desalojatu zuen. Enpresak eskerrak eman zizkion Ertzaintzari, "emandako laguntzagatik"–. Astelehenean Desokupa enpresak bideo bat argitaratu du, auto batean dauden ertzain batzuen eta enpresako kide baten arteko elkarrizketa jasotzen duena. Desokupako enpresak beharrezko baimenak dituztela eta “espazio komuna birrinduko” duela adierazten dio ertzainari, besteak beste. “Edo gezurretan ari da, edo ez du Ertzaintzaren gaineko inongo kontrolik”, idatzi du Arzuagak Twiterren. Legebiltzarrean Erkorekari zuzendutako galdera berriak sartu dituela ere iragarri du.

Bideoarekin batera mezu bat argitaratu du ultraeskuindarrez osatuta dagoen enpresak. Abadiñoko desalojoaren bideo berri bat iragartzen du, “Zeinean frogatuko den nork dioen gezurra eta nork egia”. Berriz ere Ertzaintza zorionduz amaitzen du mezua: “Ertzaintza berriz ere zoriontzen dugu kasu honetan erakutsi duen profesionaltasun handiagatik eta laguntzagatik. Handiak zarete!”.