Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Tamainak ez du axola

Arg.: Josevisky

Joxe Rojas

Teknologia berriak: Euskara automatikoki prozesatzeko tresna aurreratuak garatzeak berebiziko garrantzia dauka.

Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Euskal Herrian 714.136 lagun gara euskaraz mintzatzeko gai, eta beste 388.255 ‘elebidun hartzaile’. 1.102.391 pertsona euskarazko edukiak jasotzeko ‘ahalmen teknikoa’ dugunak, nolabait esateko. Beste hizkuntza batzuei erreparatzen badiegu, katalanez mintzo edo uler dezaketenak 11 milioi pasa dira. 500 milioi frantsesez, eta gaztelaniaz ere beste horrenbeste. Betiko kopla, beraz: oso hizkuntza ‘txikia’ gurea, handiek inguratuta gainera... Ai! Destino petrala gu eta gure hizkuntza txiki honena!

Bai eta ez. Teknologia kontuetan behintzat, ematen du tamainak ez duela axola. Horixe ondoriozta liteke META-NET Europako bikaintasun sareak udazken honetan argitaratutako lanetatik. Europako 80 hizkuntzetatik 30 aztertu dituzte, teknologia alorretan duten egoera eta perspektiba ezagutzeko. Emaitza argia bezain latza da: 30 horien artean, ingelesa barne, bakar batek ere ez du euskarri teknologiko bikaina. Euskarri ona ingelesak baino ez du. Eta beste guztiek hortik behera: euskarak eta katalanak bezalaxe, frantsesak eta gaztelerak ere, maila ertain, baxu edo oso baxuko euskarri teknologikoa dute. Hizkuntza automatikoki prozesatzeko teknologiak ez dituzte behar bezala garatuta, eta horrek ondorio latzak izan ditzake epe ertainera. 30 hizkuntza horietatik 21 panorama digitaletik desagertzeko arriskuan daudela dio META-NETen lanak.

Baina hain larria al da hizkuntzaren automatizazio ezaren kontu hori?
Bai ba. Adibiderik argiena euskarazko itzultzaile automatikoetan aurki dezakegu. Gaur-gaurkoz, merkatuan gutxienez ez dago bat ere erdipurdikoa izatera iristen den itzulpena egiteko gauza denik.

Baina itzultzaileena, argiena izan arren, ez da adibiderik kezkagarriena. Gure trepeten erabiltzaile interfazea sinplifikatze aldera, gero eta joera handiagoa dago hizkuntz naturalaren prozesamendua txertatzeko eguneroko gailuetan. Eta ez pentsa etorkizuneko gauza denik, gaur-gaurko kontua da. Teknofilo ingelesdunek, esaterako, eskuak erabili gabe maneia dezakete iPhonea Siri softwareari esker. “Aizu, zer jantziko dut bihar goizean?” galdetu telefonoari, eta hark sinpatiko-sinpatiko erantzungo du: “Hobe duzu euritakoa eta gabardina hartu, euria dakar eta”. Sistema bera erabil daiteke Mac ordenagailuari aginduak eman eta diktaketak egiteko. Beti ere ingelesez, hori bai. Gaztelaniaz ere badabil –baldar samar oraingoz, entzun dudanez–. Euskaraz ez.

Android telefonoetarako ere badira antzeko soluzioak. Aurreratuenetako bat, Sherpa, Euskal Herrian sortua da. Erandion. Gaztelaniaz funtzionatzen du. Ingelesez ere bai laster. Euskaraz ez.

Besteak beste, euskara automatikoki prozesatzeko tresna aurreratuak falta direlako gertatzen da hori. Ados, Appleren kasuan historikoa da euskararekiko interes falta, baina Sherpa garatu duen Anboto enpresak, eta beste askok ere, ez lukete aparteko eragozpenik izango euskara haren produktuetan txertatzeko, Aitorren hizkuntza zaharra prozesatzeko sistema aurreratu eta –zergatik ez– libreak eskuragarri izanez gero.

Gauzak horrela –eta barkatu atrebentzia– nik neuk arreta handia eskainiko nioke kontu horri HPSn banengo. Euskararen etorkizunerako garrantzitsua da horrelako teknologiak ondo garatzea. Kontua ez baita sakelako telefonoetara mugatzen. Dagoeneko badira merkatuan ahots bidez kontrolatzen diren gailuak: bideokontsolak, telebistak, kafe makinak, autoak... Pentsa zer eragin izan dezakeen euskaldun baten etxean halako gailu mordo bat egotea, eta haietako batek ere euskaraz ez jakitea...

Sakelakoetan behar gorria
Hizkuntz teknologia horiek garatzeko inbertsio handiak behar dira, eta euskararen normalizazioarekin benetako kezka duen administrazio batek ez luke zalantza handirik izan beharko esparru horretan inbertitzeko orduan.

Beste gauza batzuk –zorionez edo zoritxarrez– diru gutxi edo batere sosik gabe egin daitezke, eta hor hiztunoi ere badagokigu lan apur bat egitea. Interfazeen itzulpena da horietako bat. Izen ona, irekitasuna eta irudi cool-aren izenean, modan jarri da erabiltzaileei aukera ematea informatika produktuen interfazeak euskaratzeko. Aukera baliatu beharra dago, software libreko produktuetatik hasita, baina horietara mugatu gabe, horiek euskaratu eta gure erara jartzeko. Eta itzulpen biltegi erraldoi bat egiteko, horrelako aukera bat suertatzen den bakoitzean erraz euskaratu ahal izateko. Erabiltzen ditugun aplikazioak euskaraz egotea lortu behar dugu, kostua lanordu batzuk oparitzea bada ere.

Horren behar gorria dugu sakelakoetan, esaterako. Gero eta poltsiko gehiagotan sartzen ari dira telefono aurreratuak, eta horien artean bakar batek ere ez du euskarazko interfaze duinik. Telefonogile batzuek Androiden euskaraketa partzialak eskaintzen dituzte haien terminaletan baina, ikusi ahal izan dudanagatik behintzat, erabilgarri izatetik oso urrun daude: itzulpen nahasgarriak, laburdura ulertezinak... Zentzu horretan txalogarri bezain beharrezkoak iruditzen zaizkit Librezale edo Android Euskaraz bezalako ekimenak. Kasu gehienetan auzolanean euskaratzea baino ez zaigu geratzen... eta auzolan hori ondo koordinatzea, ahaleginak alferrik ez galtzeko.
Baina behin sistema euskaratuta dugula, aplikazioak ere behar ditugu: sare sozialetan sartzekoak, mezularitzakoak, GPSak, ofimatikakoak, multimedia jogailuak, jokoak...

Ai, jokoak! Aisialdi digitala ere goraka doa. Kultur industria indartsuenetakoa da gaur egun. Baina aizu, euskaldunok jende serioa gara! Euskaratzekotan (edo euskaraz sortzekotan), aplikazio serioak egingo ditugu noski. Lanerakoak, zerbaiterako balio dutenak. Joko didaktikoren bat edo beste, akaso, haur txikientzat edota euskara ikasten laguntzeko.

Bioshock, GTA, Final Fantasy, Halo edota WiiFit bera erdaldunen gauzak baitira. Denborapasan jardun eta erlaxatzeko kontuak. Eta euskara, euskaldunok bezalaxe, kontu serioa berriz. Transzendentalegia jolasean alferrik xahutzeko. Horretarako hobe dugu gure barruko erdalduna askatu, eta euskara ganorazko gauzetarako utzi, ezta?

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan