Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Kulturaz, baina kulturarik gabe

Arg.: Josevisky

Ander Gortazar

Guggenheim Urdaibai: Marka baten apologia, edo zergatik esaten diogun “kultura” “turismoa” esan nahi dugunean.

Boterea urte luzez izan zuenak agintera heltzen denean ohiko duenez, gertatzen da berreskuratu egiten dituela mesanotxean pilaturik, esperoan egon diren hainbat proiektu, aurreko gobernuak zokoratuak. Horien artean egongo da akaso Urdaibaiko Guggenheim proiektua: Bilboko museoko zuzendari Juan Ignacio Vidartek berak orain gutxi iradokia, eta “estrategiko” hitz potoloegiak hala bultzatua, egitasmoak duen ibilbideak (ala ibilbide ezak) lagunduko digu legegintzaldi hasiberriaren kultura-politikari pultsua hartzen.

Paradoxiko gerta liteke kulturarekin nekez lotu daitekeen azpiegitura batek gobernu baten kultura-politikaren ildoa islatzea. Iduri du gero eta lausoagoa dela Kultura deitzen diogun zaku hori, eta kosta egiten zaigula kultura zer den eta zer ez den adieraziko duen marra gorri bat iradokitzea. Urdaibaiko Guggenheimaren kasuan, eta proiektuak duen zehaztasun falta ikusirik, nago egitasmoa ezin azal daitekeela kulturaren parametroen baitan, turismoaren, eta beraz, ekonomiaren parametroen baitan baizik.

“Arretaren ekonomia” delakoak dezente ongi azaltzen duen fenomenoa da. Grosso modo, arretaren ekonomiak dio arreta dela, mugatua izaki, informazioaren kontsumorako muga nagusia. Hau da, informazio-ugaritasunaren garaiotan, hartzailearen arreta efizienteki bereganatzea dela gakoa. Amua da gakoa. Eta arreta bereganatzearen helburua, gaira itzuliz eta hotz-hotzean esana, eskaintzen dugun produktu turistikoa erostea da.

Azpiegitura turistiko-kulturalen kasuan, esanguratsua da amuak izan duen bilakaera. Izan ere, museo baten bilduma edo egitarauaren kalitatea da, printzipioz behintzat, ikuslearen arreta piztu beharko lukeen faktorea. Museo berriak eraikitzeko erakutsi dugun prestutasuna kalitatezko lanak sortzekoa baino askoz ere oparoagoa izan dela egiaztatu dugularik, edukia edukiontziagatik ordezkatu behar izan dugu halabeharrez. Hiri bat, ikono bat, kulturaren izenean. Mantra bihurtu dugun ekuazio honek, baina, badu akats larri bat: ikonoak ikono izaera galtzen duela ingurua ikonoz josia dagoenean, eta beraz, eraginkortasuna galtzen duela bisitari lañoa ehizatzeko tenorean (buruan ditut Avilés-eko Niemeyer zentrua eta Santiago de Compostela-ko Cidade da cultura megalomanoa, esaterako). Eskaintza gaindosiak jota, produktua are gehiago sinplifikatzea komeni da, eta horretarako marka arrakastatsu bati lotu eta ongi posizionatzea baino hoberik ez da. Marka baita arretaren ekonomiaren paradigma, egin duzun hautua egokia dela bermatuko dizuna.

Eta marka, bistan da, Guggenheim da. Hori da garrantzitsua. Hortik aurrerakoak beste upel bateko sagardoa dira, antza.

Aldeko eta kontrako ahotsek diotenaren kontrara, ez dut uste Urdaibaiko Guggenheimek izugarrizko kalterik –ez eta onurarik– ekarriko dionik Busturialdeari. Hau da, ez dut uste pisu espezifiko nahikoa duenik inongo egoerari buelta emateko. Bigarren mailakoak iruditu zaizkit proiektuari egin zaizkion hainbat kritika –kokalekua dela, kalte ekologikoa dela– eta neurriz kanpokoak guztiz Aldundiak egin dituen aurreikuspenak –orohar, bada garaia inpaktu-ekonomikoen inguruko txosten optimistegi horiei guztiei sinesgarritasuna kentzeko ala?–.

Uste dut, beraz, proiektuaren balioa kualitatiboa dela kuantitatiboa baino. Garrantzitsuena, oinatzaren tamaina baino, pausoa eta honen norantza direla, alegia. Eta norantza horrek harritzen nau gehien. Izan ere, proiektuaren edozein arlori begiratuta ere, Urdaibaiko Guggenheim kontraesanean ikusten dut egun Busturialdean martxan dauden berezko prozesuekin, izan kultural, turistiko nahiz ekonomiko. Prozesua, horra hor bigarren hitz-gakoa.

Kontraesankorra da arlo kulturaletik begiratuta, arestian aipatu bezala, edukirik gabeko marka soil baten aldeko apustua egiten baita, kultuaren adiera azaleko baten mesedetan. Santi Erasoren hitzez oroitzen naiz orduan, dioenean Kultura nahiago duela ulertu hiri ireki eta demokratikoago bat lortzeko tresna gisa, eta ez horrenbeste arte ederren merkatuaren erakuslehio moduan. Eta uste dut arrazoi duela. Eta uste dut, beraz, helburua Kultura balitz egun jada gertatzen ari diren prozesuei (burura baitatorkit Astra etengabe) lehentasuna eman beharko geniekeela.

Kontraesankorra da arlo turistikotik ere, Guggenheim markak erakartzen duen bisitari mota ez datorrelako printzipioz bat eskualdea garatzen ari den eskaintza turistikoarekin. Egia da Busturialdeak B liga moduko batean jokatzen duela “hiri-turismo” deitzen zaion A liga horrekin konparatuta, baina ez dut uste eskaintza homogenizatzea komeni denik. Susmoa baitut ez ote den hau Bilbo Handiaren orbitan dagoen satelite-proiektua, Bilbaoren estrategia turistikoaren baitan, hiriko hotel-okupazio eta marka posizionamenduaren mesedetan diseinatua.

Eta azkenik, kontraesankorra (eta etsigarria) da arlo ekonomikotik begiratuta, berriz ere, eskualdeko prozesu eta aukeren bizkar diseinatua baita. Etsigarria delako hirugarren sektore hauskorra garapen ekonomikoaren gidari-lanetan jartzea, non eta lehen sektoreak izugarrizko pisua izan duen lurraldean (horrek dakarren know-how-arekin), industria gainbeheran dagoen momentuan, ikasketa-maila altuko gazteria aktiboa duen eskualdean. Etsigarria, bidenabar, lurralde orekatu bat izateko ezaugarri guztiak dituen probintzia batek garapen-ekonomikoa zentralizatzeko duen inertzia.

Ikusteke dago Jaurlaritza berriak Urdaibaiko Guggenheim proiektuari azken bultzada ala azken ostikoa emango dion, eta zein argudioren pean. Ikusteke dagoen bezala zein den gobernu berriak lehenetsiko duen Kultura hitzaren adiera, eta paradigmak aldatzen ari zaizkigun garaiotan, ea lurraldeko berezko prozesuak sustatzeari ekingo ote dion, patua –eta aurrekontua– marka batek etorkizunean sortuko duen balizko onura batzuen menpe utzi beharrean.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan