Arg.: Antton Olariaga.
Irakaskuntza: Modako hitzen atzean dagoen esanahia argitu behar da, etorkizuneko ereduei buruzko eztabaida behar bezala egiteko.
Aspaldi lausotu zen mendebaldean II. Mundu Gerraren osteko hogeita hamar urte espantsiboek eragindako errealitate ekonomikoa eta soziala: kontsumo gizartea eta ongi-izate estatua. Urrezko urteok berandu hasi ziren eta frankismoaren bukaerarekin bat egin zuten Hego Euskal Herrian. Garaiko eztabaidak muturreko binomioetan labur daitezke: koheziketa/ sexu bidezko segregazioa, laikotasuna/ katolizismoa, kudeaketa demokratikoa/ autoritarismoa, testu liburu normatiboa/ esperimentazioa, doktrinamendua/ espiritu kritikoa eta, jakina, euskarazko hezkuntza/ espainierazkoa. Etorkizunerako hezitzen dugunez, irakasle belaunaldi berriak aurretik esandako binomioetan berrikuntzen alde lerrokatu ziren nagusiki.
Azken urteotan berriz, nabaria da funtsezko eztabaiden falta eta hezkuntza eragileen arteko barne dinamismoaren moteltzea. Bitartean, eskolen egungo izaera definitzeko hegemonikoak bihurtu dira hainbat kontzeptu: ikastetxeen autonomia, kalitatea, konpetentziak, teknologia berriak, eleaniztasuna. Gai hauen inguruko eztabaida tarteko, beste garaian berriak ziren dikotomiak deuseztatu dira. Akritizismoa eta diskurtso onbera nagusitu dira, dena ustez neutroa delako.
Hezkuntza politikan, adibidez, ikastetxeen autonomiaren inguruko aipamena ez da falta. Zentzu kritikoan autonomiak suposatzen du komunitateak diagnostikoa egiteko gaitasuna daukala, eta parte hartze sakona, praktikak aztertuz hobekuntzak proposatzea, irakasleen gaitasun profesionalen sakontzea, ikerketa eta esperimentazioa kurrikuluak garatzeko, elkarrizketa guztien arteko harremanen eredu gisa... Ezagutzen diren praktikek beste bide bat erakutsi dute. Agintea eta obedientzia bultzatzen dira, autonomia profesional asketik abiatzen den ardura eta lan sortzailea bultzatu ordez. Kasu askotan, ikastetxeen autonomiaren aldarrikapenaren atzean elite sozialen ikastetxeen aldeko apologia dago, besterik gabe.
Kalitate prozesuak –beste kontzeptu mitifikatu bat– ikastetxe askoren kudeaketan nagusitu dira, lan antolaketa, komunikazioa eta eraginkortasunari irtenbide parte hartzaileagoaren alde egin gabe. Hezkuntza sistemarako enpresetan erabiltzen diren ereduak proposatzen dira, egokitzapen gutxi batzuk eginaz. Arauak beti bezeroaren gogobetetzea du helburu –familiak hezkuntza komunitatearen partaide izatetik kontsumitzaile izatera degradatu dira–, protokoloen bidez egiaztatze prozedurak indartuz.
Konpetentzien bidezko heziketa, bestalde, paradigma eztabaida ezina bihurtu da urte gutxitan. Aditu askok azpimarratu dute eztabaida oker itxi dela, oinarrizko ezagutzekin eduki behar dituzten loturak argitu gabe direla, garatu beharreko jarrerekin edo ebaluazioarekin loturarik gabe jarraitzen dugula. Interesgarria izan zitekeen bidea, Europako hezkuntza espazioaren baitan adibidez, baina tarteko dira eragile ekonomiko, administrazio eta aditu interesatuak kontrol prozesu berrien bidez ikastetxeak rankinetan sailkatzeko, aitortzen ez den sare pribatuak pribilegiatzeko asmoz. Gero eta gehiagoren iritzia da jokaera honek irakasleak mututzen dituela, kontrola eta auditoriak handitu eta pentsamendu kritikoa motelduko duela aurrera begira.
Informazio eta komunikazio teknologien alorrean tresnen jabetzak berak sortzen du ilusioa eta ez erabilpenak. Motelaldien testuinguru honetan kurrikuluak garatzeko sortu diren tresnek ez dute funtsezko ekarpenik egiten arloetako eduki tradizionaletan oinarritzen direlako. Bitartean, beste hainbat erabaki lozorroan daude: euskarri fisiko eta aplikazioen hedapena, kode irekiak, proiektuak edo irakasleen prestakuntza.
Eleaniztasunaren ardatza da gure artean eztabaida pizten duen bakarra. Euskarazko murgiltze goiztiarrak zabaltzen hasi zirenean –“CLIC eredua” izenez ezaguna– etengabeak izan ziren egindako kritikak. Garai batean elebitasuna arazo psikologikoen iturri amaigabea zen. Urte gutxi pasa ondoren, euskararen ordez ingelesak eskolako “beste” hizkuntzaren tokia hartu duenean abantaila ei da nagusi. Zoritxarrez, orain ere funtsezkoak diren eztabaidek bide laburra dute, dela euskarak beharrezkoa duen ardatz funtzioa, dela hizkuntza eta adin ezberdinetarako helburu linguistikoak definitzea, dela tokiz-tokiko ikastetxeen proiektu linguistikoa, dela esperientzien ebaluazioa eta hobekuntza ildoa, dela irakasleen hasierako formazioa.
Aurrean: etorkizun iluna
Aipatu ditugun autonomia, ikastetxeen kalitatezko agiriak, konpetentzien bidezko hezkuntza, teknologia elektronikoen erabilpenak edo programa eleanitzak ez dira izaten, tamalez, praktika sortzaileak, baizik eta topiko eztabaida ezinak. Merkatuaren logikan sartu da eskola eta ideia hauek propagandarako elementuen erara funtzionatzen dute: sinpleak dira, azkar zabaltzekoak, eskola-merkantziaren marka guraso-kontsumitzaile-bezeroa liluratzeko. Zalantzarik balego, hor dago Espainiako Erresumaren gobernuak duen LOMCE lege asmo berriak lehenengo lerroetan argi eta garbi hezkuntzari ematen dion tokia: ekonomiaren lehiakortasunaren eta arrakastaren laguntzaile. Laburbilduz, iragartzen zaigu hezkuntzarako utopia demokratikoa bukatu dela, etorkizuna ekonomizismoaren segregazioan datzala.
Gauzak horrela, “home school” ereduak, elitean eta marjinazioan definitutako eskolek gora egiteko joera izango dute oinarrizko zerbitzu publiko unibertsalaren kaltean. Zer egin? Bultzada etiko batez bideak zirriborratzea, aukera justu, demokratiko edo sortzaileenak bermatzeko. Honek bi helburu nagusi eduki beharko ditu: elkarrekin bizitzen irakatsi eta bizitza osoan ikasten erakutsi. Elkarbizitza irakatsi giza zatiketa eta bazterketa soziala gero eta larriagoa izango delako, askoren ahulezia hedatuko da, jendartearen segregazioa handituko da. Ikasten erakutsi bizitzeko ezinbesteko ezagutzak gero eta konplexuagoak direlako eta bizitza osoan ikasteko erakustea premiazko helburua delako. Ikasketak autonomoki egiteko trebatzea eta gaitasunak lantzea despotismo berriari aurre egiteko ezinbestekoa izango da demokrazia kognitiboa eraikitzeko.
Beraz, modako hitz magikoen atzean, azpian edo ondoan esanahia argitu behar dugu lehenik eta behin. Carlos Lerenak idatzi zuen “Hizkuntza ez da beti argitasunaren eta askatasunaren eskaileratik igotzeko erabiltzen, sarri askotan nahasmenduaren bidetik jaisteko eta, are gehiagotan, nahasmendu eta dominazioa ezartzeko”.
© 2009 ARGIA.com