Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Euskara, lubaki edo zubi?

Arg.: Antton Olariaga.

Patxi Baztarrika

Hizkuntza politika: Kontsentsua eraiki behar da. Abiapuntua, neurri handi batean finkatuta dago: Euskara 21.

Lankidetzarako aukera berriak eta itxaropen ernarazleak eskainiko dituen aroa, baina aldi berean testuinguru politiko bihurri eta korapilatsua aurreikusten dut, hizkuntza politikari dagokionez, abian dugun zorioneko garai berria. Iraganeko amesgaiztotzat gogoratu nahi genuke intolerantzia, baina, hainbat esparrutan, ez dira desagertuko intolerantziaren printzez piztutako suteak eta liskarrak. Badut ustea euskararen auzia ez dela arrisku horretatik salbu geratuko.

Batzuek aitortzen dutena baino hobea, baina askok nahi genukeena baino ahulagoa da euskararen osasuna. Historia osoan ez du izan gaur adina hiztun, eta soilik etxe-auzoko hizkuntza izatetik askotariko erabilera funtzionaletarako hizkuntza izatera iritsi da (hezkuntza, unibertsitatea, administrazioa, hedabideak, literatura, kulturgintza, ekonomia).

Ildo nagusiak finkatzerakoan, honako biok dira, nire iritzian, helburuetan helburu: guztion ondare den euskara guztion hizkuntza (komunikabide) izatea, eta eremu formal zein ez formaletan ohikotasunez erabilia izatea. Baina jakinda, ameskeria frustragarrietatik urrun, era asimetrikoan eta neurri ezberdinetan baino ezin dela izan “ohikotasunez erabilitako hizkuntza”.

Inoiz izan ez duen tamainako hazkundea izateak inoiz izan ez dituen arazo berriak ekarri dizkio euskarari, eta gizartearen aldaketa sozio-kultural-demografikoek dema berriak ekarri dizkiote. Hazkundearen seinale, sekula baino herritar gehiago dira euskara bigarren hizkuntza gisa daukatenak –dagoeneko, 40 urtez beheitiko euskal hiztunetako gehienen ama hizkuntza ez da euskara–. Denbora berean gerta liteke gero eta jende gutxiagoren lehen hizkuntza izatea, eta hori arriskutsua litzateke bere bizi-indarrerako. Beharrezkoa da ezagutzan hazten jarraitzea, baina hori bezain beharrezkoa edo beharrezkoagoa da euskal hiztun direnen ohiko hizkuntza izatea, esparru formaletan ez ezik ez-formaletan ere. Beharrezkoa da hiztun berriak sortzea, bai hezkuntzaren bai euskaltegien bidez, baina hori bezain beharrezkoa edo beharrezkoagoa da familia bidezko transmisioa kasu guztietan bermatzea, baita bikote euskaldun berrien eta mixtoen kasuan ere, eta transmisio hori ahalik eta bizi eta aberatsena izatea euskararen baliabide espresiboei dagokienez. Eta euskal hiztunen erkidegoa trinkotuko bada, beharrezkoa da euskarari ohikotasunez eta nagusiki erabilia izango den eremuak –arnasguneak– eskuratzea. Beharrezkoa den bezala administrazioetan lan hizkuntza gisa garatzeko pausoak ematea. IKT eta hedabideetan leku propio eta sendoa behar du, ezinbestez. Helduen munduan balio handia aitortu beharko litzaioke elebitasun pasiboari. Eta ezin ahaztu gure herriko eleaniztasun gero eta zabalagoa: euskaraz “jaio, ikasi eta heldu” diren gazte asko atzerrira joango dira lan bila, eta euskararik gabeko beste gazte asko etorriko dira haien lekua betetzera. Aipaturiko horrek guztiorrek etorkizuneko lan-ildoen pista bat ematen du –hizkuntza eskubideak ahazteke, jakina-.

Euskararen aurrerabide sozialerako eginkizun nagusia honakoa da, nire iritzian: hizkuntza politika aktibo eta positibo bati zilegitasun sozial sendoa eta babesa emango dion diskurtsoa partekatzea, euskaratik oso hurbil nahiz urrun daudenak bide berean jarriko dituen diskurtsoa. Euskararena ez denez euskararen auzia, baizik eta bizikidetzaren auzia, ezinbestekoa baita herritarren hizkuntzarekiko atxikimendu librea elikatuko duen adostasun sozial eta politiko zabala egituratzea.

Euskararen Legea da, euskara batuarekin batera, euskararen historia osoan aurkitu dezakegun mugarri garrantzitsuena, euskararen hazkunderako lege babesa, plangintzak eta sustapen-politikak ahalbidetu dituena. Duela 30 urte askotarikoen arteko adostasun zabalarekin onartu zen, eta gutxi-asko hala garatu ahal izan da hiru hamarkadotan. Adostasun hori sendotu eta areagotu beharra dago, baina badirudi, paradoxikoki, hizkuntza politikaren auzian enfrentamenduzko jarrerak plazaratuko direla, hizkuntza politika giro gatazkatsura, “borroka toki ekaitzez betea” izatera kondenatuz.

Hizkuntza politikaren joko-zelaiaren ertz banatan entzuten dira kanpaiak hiru hamarkadotako hizkuntza politikak errotik aldatu behar direla diotenak. Batzuek abertzaleen aldetik euskararen inposizioa eta gehiegikeriak ikusten dituzten toki berean, paradoxikoki, beste muturretik gaztelaniaren menpeko politika ahula atzematen dute. Batzuek erdaldun hutsen hizkuntza eskubideak elebidunenen gainetik jartzen dituzten bitartean, beste muturrekoek hizkuntza ofizial bakarra nahi lukete Euskal Herrian, euskara. Joko-zelaiaren erdigunetik eta elkarrengandik oso urrun sumatzen ditut ertz biak. Nago, baina, gizartearen parterik handienak erdigune zabalean kokatzen duela hizkuntza ikuspegia.

Hizkuntza hegemonismoaren eta elebakartasun sozialaren paradigma zaharminduaren ordez, eleaniztasunaren kudeaketa iraunkor eta demokratikoaren paradigma berria beharko genuke garatu, euskararen beraren eta bizikidetzaren mesedean. Izan ere, paradigma horren baitan gauzatu baitaiteke bizikidetzarako eta gizarte-kohesiorako eragingarria izango den hizkuntza politika, adostasun sozial eta politikoa helburu eta bitarteko izango duena, euskara eta gaztelaniaren arteko harremana osagarritasunean oinarrituko duena, hizkuntza askatasuna eta hizkuntza aukeren berdintasuna txanponaren alde biak bailiran kontsideratuko dituena –berdintasunik gabeko askatasuna lehoiaren askatasuna bailitzateke–, hemengo bi hizkuntzen koexistentzia hutsa ez baizik eta elkarbizitza berdinkidea helburu izango duena. Garenaren neurria gogoan, sustapena eta diskriminazio positiboa behar ditu euskarak bizikidetza linguistikoan aurrera egiten jarraitzeko, gaztelania eta euskararen erabilera “ez inposatu, ez eragotzi, egiazki bermatu baizik” printzipioaren arabera bideratzeko.

Ezinezkoa da aurrera egitea adostasun sozial eta politiko zabalik gabe. Kontsentsu hori eraiki behar da, nahitaez, eta eraikitzen ahal da, denak, gaztelaniaren nahiz euskararen hautua egiten dutenak, eroso sentitzera gerturatuko gaituen kontsentsu sozial eta politikoa. Abiapuntua, neurri handi batean, finkatuta dagoela uste dut: Euskara 21. Garapena behar du, eta garapen hori aitzineratzea tokatuko zaio Jaurlaritza berriari.

(Artikulu hau 2012ko azaroaren 30ean idatzi zen).

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan