Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Euskara gehiago erabiltzeko bide-orria

Arg.: Josevisky

Iñaki Martinez de Luna

Euskararen erabilera: Interbentzioa egon den arloen bilakera ikusita, argi dago egoera hobetzeko aukera badagoela.

Euskara gehiago erabiltzeko gakoak zein izan daitezkeen iradokitzeak, ahalegin hori azti-lan huts bihur ez dadin, erreferentzia eta ebidentzia enpirikoetan izan behar du hanka bat. Horretarako, makulu sendoa eskaini digute 2012an kaleratu diren V Inkesta Soziolinguistikoak eta Euskal Herriko Kale Neurketak.

Lan horien ondorioen muina, 1991-2011 bitarteko bilakaerari dagokionez, hiru ideia nagusitan bil daitezke:

1. Euskararen erabilerak izan duen hazkundea azpitik eta lekutan dago euskara dakitenen gorakadatik, eta bi dimentsio horien arteko arrakala gero eta handiagoa da.

2. Hala ere, herrigintzaren eta erakunde publikoen interbentzio irmoa egon den eremuetan aurrerapausoak eman dira, hala nola zenbait eremu formaletan, haur eta gazteengan edo, bereziki, EAEn.

3. Interbentziorik gabeko arlo informaletan, aldiz, aurrerapausoak txikiak (lagunartean eta kalean) edo hutsaren hurrengoa (familian) dira.

Diagnosi horrek zapore gazi-gozoa uzten du. Egia da euskarak azken mendeetan pairatzen zuen zokoratzeko eta amiltzeko joera larria eten egin dela eta lorpen hori bera pozik egoteko motibo handia badela. Baina, duela hamarkada batzuk genuen euskara normaltzeko asmoa motel ari da gauzatzen da eta horrek ezinegon larria sortarazten digu.

Interbentzioa egon den arloen bilakaera positiboa ikusita argi dago, batetik, euskararen egoera hobetzeko aukera egon badagoela. Bestetik, begi bistakoa da zein den bidea euskara biziberritzeko: hizkuntza-politika eta neurri eraginkorragoak abian jartzea eta eremu berrietara hedatzea. Halako ahaleginak bideratzeko asmotan, zalantza eta galdera batzuekin egiten dugu topo: Zeintzuk izan behar dute interbentzio eraginkorragoen edota berrien hartzaileak edo xede-taldeak? Zein dira euskara gehiago erabiltzeko dauden mugak eta ezintasunak? Zer-nolako neurriak bultzatu behar dira aukeratuko den xede-taldeari aplikatzeko? Jarraian azalduko ditut zenbait proposamen.

Lehengo puntua. Has gaitezen interbentziorako xede-talde egokiena zedarritzetik. Izan ere, euskara biziberritzeko dauden interbentzio-eremuak amaigabeak dira eta horretarako dauden baliabideak, aldiz, mugatuak. Hortaz, lehentasunak ezarri behar dira, ezinbestez. Gainera, interbentzio guztiek, egokiak balira ere, ez lukete errendimendu maila bera emango; hortaz, eremu emankorrenetik hasi beharko litzateke, ez edozeinetatik.

Efikazia eta efizientzia ekimen berean uztartzeko asmoz, euskaraz egin ohi ez duten euskaldun euskaltzaleak ditugu lehentasun. Dagoeneko gaitasun nahikoa duten horiek erraz (erlatiboki, hitz eginez) bihur litezke euskaldun aktibo, baldintza eta bitarteko berri gutxirekin (erlatiboki, berriz ere). Horrek euskararen komunitatea hedatzea lekarke eta, horrela, euskaldunak agerikoagoak lirateke eta gizartean pisu gehiago irabaziko lukete. Alegia, euskara zerbait normalizatuago legoke.

Bigarren puntua. Proposatutako xede-talde horrek badu –definizioz– motibazio mailaren bat, baina ez nahikoa oztopoen gainetik erabileraraino jauzi egiteko. Traba horiek gainditzeko martxan jarri beharreko interbentzioak honako osagaiak izango ditu: informazioa, formazioa, barne-bidaia, talde-lanketa eta gizarte neurriak. Informazio eta heziketa soziolinguistikoak ezinbestekoak dira, hizkuntza biziberritzeak duen konplexutasunaz eta tamainaz ongi jabetzeko. Horretaz jakitun egon ezean eta epe laburrean aurrerakada handirik ez bada ikusten, frustrazio gaindi ezina sor liteke euskaltzale zintzoarengan –egun gertatzen zaigun bezala, nonbait–.

Gainera, oinarri soziolinguistiko sendotik abiatuz, euskaldun euskaltzaleak posible izango du barne-bidaiari ekitea; bere asmo euskaltzalearen eta jarduera erdaldunaren arteko etenaren zergatia ulertu eta gainditzeko erabakia hartzeko bidaian abiatzea. Norberak bere mugez eta ezintasunez jabetu beharra du euskal hiztun aktibo bihurtzeko. Izan ere, erabilera oztopatzen duten zergatiak ongi ezagututa baino ez da posible izango aldaketarako premia sentitzea eta horretarako behar den asmo sendoa garatzea. Norberak aztertu beharko du zein den/diren beregan eragiten du(t)en faltorea(k) eta nolako konponbidea du(t)en.

Hirugarren puntua. Portaera aldatzeari ekiteko talde-lanketa da formatu emankorrena. Izan ere, hizkuntza erabilera gertaera soziala da eta hizkuntza-ohiturez aldatzeak dimentsio bereko ahalegina eskatzen du. Salbuespenak salbuespen, norberaren indarra ez ohi da nahikoa aurkakoa zaion talde-dinamika bat iraultzeko; halako ezintasunak porroterantz ez ezik frustraziorantz ere eraman gaitzake, beste behin. Gizarte mailako interbentzioa behar da, beraz.

Horrezaz gain, euskaldunak gizarte ingurune jakin batean daude kokatuta, ez isolatuak, eta ez dute askatasun osorik nahi dutena egiteko. Euskaraz jarduteko dituzten aukerak eta mugak, beraz, inguruneak ezarriak dira neurri handian. Horiek aldekoagoak izatea eta euskararentzako arnasgune berriak sortzea da euskaldun pasiboak aktibo bihurtzeko egin beharreko urratsa, eta ez garrantzi txikienekoa. Kontua da, erdal munduko sektore batzuk oldartzen direla euskaldunen aldeko neurriak hartzen direnean, diskriminatzaile eta baztertzailetzat joz.

Laugarren puntua. Horregatik, bide-orria ez legoke osatua bigarren xede-talde hori aintzat hartu gabe eta erdaldunengan ere eragitea euskaldun euskaltzale pasiboak astintzea bezain garrantzitsua da. Izan ere, gizarte erdaldunari konpreniarazi behar zaio euskaldunen hizkuntza-hautua beraiena bezain errespetagarria dela; alegia, euskaldunen eta beraien artean dauden komunikazio-arazoaren gakoa ez dela euskaldunen edukazio falta, baizik eta eurek euskaraz dituzten mugak.

Bosgarren puntua. Ulertzekoa da, beraz, euskaldun pasiboak aktibo bihurtzeko zein erdaldunen jarrera irekitzeko, diskurtso berriak eta horietan sentsibilizatzeko kanpaina egokiak behar direla. Alegia, euskararen defentsan kontzeptu eta lanabes berriak landu eta hedatu beharra dago, sektore bakoitzari hobekien egokitzen zaion eta, horrela, gehien eragiten dion mezua helarazteko.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan