Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Asmatzen ari gara

Arg.: Antton Olariaga.

Mikel Irizar

Tokiko hedabideak: Erakundeekin lankidetza finkatzea izango dugu lanik handiena. Irabazteko aukeraz jabetuta, ausart joka dezaten.

Otsaila zen, eta Eibarren zegoen bilduta Topaguneko Hedabide batzordea. Urteak generamatzan amets batekin: herriz-herriko hedabideak lankidetzan jarri eta eskualdeka bateratzea, guztion biziraupena bermatzeko. Eta otsailean gertatu zen, Eibarren. Han eman genion baietza Tokikom enpresa sortzeari.

Aurrekariak
Laster etorriko dira 25 urte Arrasate Press sortu zenetik, toki komunikabide modernoen eredua. Bere arrakastak eraginda etorri zen 90eko hamarkadan toki aldizkarien –batez ere aldizkarien– loraldia. Euskara elkarteen eskutik eta euskaraz. Gaztelaniaz edo elebitan ari zirenekin lehia librean, euskarak irabazi zuen. Ez da askotan gertatu. Baina posible da.

Hurrengo kolpea Goiena sortzea izan zen, eskualdeko multimedia. Baina honen eredua ez zen berdin hedatu, arrazoi ezberdinak medio, eta tokikoa udalerrien esparruan egonkortu zen, nagusiki.

Mehatxuak
Azken urteotan, larritasunak ordezkatu du patxada. Lehenik, esparru digitalaren garapenak hankaz gora jarri zuen hedabideen eredu tradizionala. Informazio idatzia on-line kontsumitzen bazen eta telebista nahieran ordenagailuan ikusten, zer egin prentsa eta telebista konbentzionalekin? Bestalde, eduki digitala doan izatekotan eta publizitatea urriagoa, zein zen negozio-eredua?

Krisi existentzial horri gehitu zaio ekonomikoa. Merkatua uzkurtu egin da, publizitatean bezala salmentan eta harpidetzetan. Eta erakundeen aurrekontuak murriztu ahala, diru laguntzak ere jaitsi egin dira.

Erreakzioak
Toki komunikabideen urtetako hausnarketan argi gorriak piztu ziren. Bateratzea ez zen gehiago hobetzeko modu bat, baizik bizirauteko aukera bakarra. Indarrak batu, gastuak partekatu, elkarrekin aurrera egin. Erakundeen aldetik ere, oro har, mezu argia: ez dugu sakabanaketa nahi, bateratzea sarituko dugu.

Konbentzimendu horrekin iritsi ginen otsailean Eibarrera. Konbentzimendu horrek eragin zuen tokikoen erreakzioa, Tokikomen sorrera.
Bitartean, Gipuzkoako Aldundiak bultzatuta, euskal hedabide ez publikoen sektorea –tokikoak barne– bilera dinamikan zebilen, diagnostiko bateratu baten bila. Sasoi oparoetan bakarka ibilitakoak, elkar ezagutzen eta ikuspegiak partekatzen.

Ariketa zintzoa izan da, trinkoa, emankorra. Maiatzean aurkeztu zuen sektoreak diagnostiko adostua. Eta azaroan eratu da herri ekimeneko euskal hedabideen elkartea. Sektorearen erreakzioak ekarri du Hekimenen sorrera.

Aukerak
Etorkizunaren gaineko ziurgabetasunak berdin jo ditu komunikabide handiak eta txikiak, tokikoak eta orokorrak, aberatsak eta pobreak. Produktu berriez edota negozio ereduaz zalantza berdintsuak dauzkagu toki hedabideok, Vocentok, Prisak edo Murdoch-ek. Lehenengo asmatzen duenak abantaila izango du.

Eta berdintasuna aukera bat da txikiontzat. Arrasate Pressekin bezala, berriro irabazi dezakegu, asmatzen badugu.
Bestalde, adi! Ez gaude kondenatuta txikiak izatera. Sektorearen diagnostikoan dagoen datua da: euskal hedabide ez publikoetan badaude 600 langile inguru. Horri gehitzen badiogu –eta gehitu egin behar zaio– EITBren euskal adarra, 1.000 lagunen bueltan jartzen gara. Horiek saretzea da kontua.

Beraz, txikiak? Nork izan ditzake 1.000 lagun Euskal Herrian informazioa lantzen? Ezta Murdoch-ek berak ere!

Lorpenak
Esanda doa Tokikom nola sortu zen otsailean Eibarren. Eratze batzarra martxoan egin zen Eskoriatzan eta uztailean iritsi ginen notaritzara 20 toki hedabide, guztiak Topaguneko bazkideak. Oraintsu, azaroan beste 10 bazkide bildu zaizkigu, erdiak Topagunetik kanpokoak. Gehienak hor gaude, lortu dugu tokikoen azpisektorea aglutinatzea.

Hekimenek ere arrakasta itzela izan du, ia bazkide posible guztiak bildu ditu, sektore osoa bereganatu du. Berria taldea eta Tokikom dira zutabe nagusiak, ARGIArekin batera, eta beste 20 pasatxo dira aldizkariak, telebistak, irratiak, agerkari digitalak...

Eta, hala ere, egitura guztien azpitik eta mehatxu guztien gainetik, uste dut lorpenik handiena izan dela elkarrenganako konfiantza eta ikuspegi bateratua. Horren gainean erruz eraiki daiteke lankidetza.

Peskizak
Orain, ordea, asmatzea da kontua. Hitzaren bi adieretan. Batetik, etorkizuna igarri behar da, zer datorren antzeman, datorren horretara egokitu eta posizio hobea irabazteko. Eta bestetik, asmatu behar da gauzak egoki egiten, helburuak erdiesten. Lehenak eskatzen du hausnarketa, bigarrenak laborategia.

Tokikomek bidean du hausnarketa sakon bat. Ekainean jardunaldia egin genuen, irailean mintegiak, datorren urtean ikerketa eta landa-lana dauzkagu aurreikusita. Uda parterako espero dugu aurkeztea euskal hedabideen etxea eraikitzeko planoak, bi solairurekin: behean tokikoak, eskualdeka multimedietan antolatuta, plataforma bateratu baten gainean; goian, orokorrak, hauek ere elkarlanean; eta bi solairuen artean igogailu ugari, edukiak igotzen eta jaisten.

Euskal hedabideak sortu izan dira bakoitza bere aldetik. Lehen aldiz da posible antolamendu osoa pentsatzea, antolamendu egokiena adostea.

Laborategia, berriz, Tolosaldean dago. Bertan biltzen ari dira eskualdeko hedabide guztiak, lau, bakoitza ama batena. Konpromiso zehatzak dituzte sinatuta, urte hasieran gauzatuko direnak: enpresa bakarrean bildu, plataforma teknologiko berria garatu, egoitza eta produktuak bateratu, eskaintza hobetu... Sortzear den enpresa Tokikomen bazkidetuko da eta eskarmentu-iturri ezin hobea izango da beste eskualdeentzat.

Erronkak
Bide oparoa egin dugu euskal hedabideok 2012an, nekez pentsatuko genuen urte hasieran honaino iritsiko ginenik. Oinarri ona ezarri dugu etorkizunera jauzi egiteko. Gure baitako erronka nagusiena da hasitako bidean sakontzea, arriskuak saihestuz. Ez dadila okertu zuzen abiatu den gurdia.

Erakundeekin lankidetza finkatzea izango dugu lanik handiena. Irabazteko aukeraz jabetuta, ausart joka dezaten. Aurrekontuetan, euskal hedabideen aldeko apustua eginez; publizitatean, hizkuntza irizpideak txertatuz; analisirako eta lankidetzarako tresna izango den Behatokia eraikiz... Uztarrian aritzeko aukera ezin hobea dago.

Asmatzen ari gara. Animo!

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan