Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Artikulu nagusiak

Soziolinguistika, berriro

Alberto Barandiaran

Azkarragaren gogoeta aitzakia ona da aurten asko entzun den euskalgintzaren ziklo aldaketarena pixka bat jorratzeko. Bere saiakera horretan, eta aurreko beste lan batzuetan, gizartearen barruetan usain hartu nahi izan zuen Azkarragak, etorkizunerako prospekzio bat egiteko: Zer datorkigu? Eutsiko ote diogu gaur egungo martxa honi? Izango gara herri gisa irauteko gai? Zeren gainean eraiki beharko dugu herri hori? Eta, bide batez galdetuta, zeren gainean daukagu oinarrituta? Balio digu horrek? Balioko digu?

Liburua zaplazteko segida bat da, honaino ekarri gaituzten arrazoien aletze gupidagabea. Marrazten duen panorama ez da inola ere atsegina: natura hondatzen ari da ziztuan, energia krisia itzela dator, baliabideak agortzen ari dira hazkunde basatiaren erruz, kapitalismo aseezinak kolapsotik gertu utzi du gure mundu hau. Irtenbidea daukanak, esan dezala. Azkarragarentzat, ezinbestekoa izango da deshazkundea, eta desazelarazioa, eta deskongestioa: “orain arteko handiari txikiak jango dio tokia; azkarrari geldoak; gehiegiari nahikotasunak; zentralizatuari deszentralizatuak; auto indibidualari bizikletak nola garraio kolektiboak; globalari tokikoak; estatuari erregioak; erregioari ehuntze komunitarioak...”, eta abar eta abar eta abar. Alegia, eskuen artean urtzen ari zaigun mundu arrano honek harritzera jo beharko duela dio Azkarragak. Tokikoagoak beharko dugu izan, beraz. Sustraituagoak. Ez hain buruarin, ez hain etorkizunarekiko axolabariko, baizik eta pausatuagoak, arduratsuagoak, arretatsuagoak, kontzienteagoak.

Neguaren antzeratsu begitantzen zait: sutondoan gehiago, isiltasun eta, beharbada, iluntasun handiagoa.

Lurra lantzen
Sakanako eskualdean, Sakantzen izeneko egitasmoa jarri dute abian. Langabezia ikaragarriak eta etorkizuna trumoitsua izango delako sinesmenak eskualdearen aukera sozioekonomikoei buruz gogoetatzera bultzatu ditu hainbat ipurterre. Taldeka eratzen hasi eta bilerak antolatzeari ekin diote herriz herri, zer egin daitekeen. Mahai gainean jarri dituzte garapen aukera posible berriak: hala energia berriztagarriak, nola turismoa; negozio aukerak, zein elkartasunezko formulak; ekologismo gehiago, ala porlan gutxiago. Sakanan, lurra dago sobera. Eta basoa. Ekimen industrial indartsu eta biziak aspaldian lugorritu zituen berez oso esker onekoak ez ziren soroak eta larreak, baina horixe da, berez, inguruko baliabiderik aberatsena. Hori, eta kokapena. Hortik tira beharko, hainbeste badakite.

Ari dira, beraz, zer egin daitekeen, nola atera zulotik, nola berregin herritarren arteko sareak, nola jarri jendea zerbaiten inguruan ados. Ariko dira beste toki batzuetan ere, bai baitirudi hori izan daitekeela gakoetako bat: inguruari berriro begiratzen hastea.

Garapen ekonomikoaren inguruko taldeak eratu dira. Ulertzekoa da: ekonomia da gaizki dagoena, ala? Baina ohartzekoa da, etorkizunerako erronkei begiratzen hasten garenean, nola atzeratu ohi den kultura lehentasun zerrendetan, gero eta gibelago, gero eta ezkutuago, gero eta alferrikakoago. Harrizkoagoa behar dugu herria beraz, sustraituagoa, tokikoagoa. Kezka hori sumatzen da, airean dago, baina ez kezkaren atzean dagoen beste galdera horri buruzko gogoeta: sustraituago, zeren gainean? Gizarte berria eraikitzeaz ari garen honetan, zein mailatan kokatuko genuke abertzaletasunak bultzatu behar zuen euskaltasuna? Balioko ote digu langai gisa, beste ore bat egiteko? Sinesten dugu horretan? Gezurretan ari ote gara kanpotarren aurrean azpimarratzen dugunean euskaltasuna dela herri hau hezurmamitzen duen ezaugarria?

Bultza egin beharra dago
Gipuzkoako Diputazioko arduradunek kritika batzuk entzun behar izan dituzte joan den urte honetan, euskara eta euskal kulturaren alorrean urrats gutxi eman dituztela eta. Ez dira kritika asko izan, baina kritika batzuk izan dira. Orobat onberak eta hobe beharrekoak, gaineratuko nuke. Funtsean, ekonomiaren kudeaketari eta zaborren bilketaren garapen iraultzaileari arreta jarri izana kritikatu dute. Baina Diputazioak urrats ikusgarri samarra egitea erabaki duenean, agerraldi publikoetan euskara erabiliko duela jakinarazi eta kontratazio publikoetako puntuazioetan euskaraz jakitea aintzat hartuko duela iragarri duenean, “naziak!” zatar bat entzun da bazterretik.

Prentsaurreko ofizialetan euskara erabiltzea ez da, berez, urrats ikaragarria; ez du euskaldunon eguneroko jardun linguistikoa gehiago errazten edo aitzinatzen; ez du erabilera sustatzen; ez ditu hizkuntz eskubideak gehiago bermatzen; ez ditu ekimenentzako laguntza berriak edo handiagoak ematen. Keinu bat da, keinu interesgarria eta garrantzitsua, ikusgarriago egiten duelako jarrera bat, baina keinu bat da azken finean. Zerbait estetikoa, nolabait esanda. Naziak, deitu diete. “Faxistek gobernatzen gaituzte!”, asaldatu dira. “Ez bultzatu!”, diote. “Enfrentamenduekin, denak galtzaile” idatzi zuen diputatu nagusi ohiak. “Enfrentamendurik gabe, euskara galtzaile” erantzun zioten.

Bai, bultza egin ezean, ez dago zereginik. Bultza egin ezean, euskararen erabilerak ez du gora joko, euskaldunok ez dugu ezinbestekoak ditugun espazio hegemonikoak osatzerik lortuko, hizkuntzari arnasa emango dioten mailak ez ditugu igoko erabileraren eskailera fikziozko eta ia totemiko horretan.

Tamala da, baina soziolinguistika jarri beharko dugu, berriro, oinarrian. Noiz eta euskarari buruz hitz egiteari uzteko deliberoa hartuta geundenean; noiz eta uste genuenean horraino irabazia genuela, alegia euskararen inguruan ez hitz egitea euskararentzako mesederik handiena zela sinetsita geundenean. Orain, jada aske eta modernoak eta postmodernoak eta chic eta coolak ginela uste genuenean, euskararen etorkizunaz berriro kezkatzen hasteko ziklo berria zabaldu zaigu begi aurrean.

Ziklo berria
Kontuak garbi samar ateratzen dira. 60ko eta 70eko hamarkadetan abiatu zen dena. Euskararen estandarizazioa, ikastolak, euskal hizkuntzalaritzaren oinarri serioak, hasteko behar zen guztia ia ezerezetik sortu eta egituratzen hasi zen. Garaiko euskaltzaleek alderdi formalari begiratu zioten, martxan hasteko modu bakarra hori zelakoan. Hizkuntzaren corpusa osatzea zuten lehentasuna, etxearen adreiluak jarriz. Herria harritzen hasi ziren orduan, inguruan zituzten etxeak erreferentziatzat hartuta. Homogeneizazio eta estandarizazio bila, ingurukoen onespen eske nolabait esanda. Modu bakarra hori zelakoan.

Ez da egia, noski, hura ez zen abiatzeko zegoen modu bakarra. Hego Amerikako herrien artean hizkuntzak biziberritzeko gogoa pizten ari da mende hasiera honetan, eta han ez dute estandarizazioren beharrik sentitzen batere. Kalterako ikusten dute gainera, arriskutsua iruditzen zaielako. Ahozko tradizioan oinarritutako kulturak dira, asko eta asko ez dira inoiz idatziak izan, eta aldaera lokalak ezaba litzakeen hizkuntza batuari beldurra diote. Han, non janzkera bakoitzaren kolore ñabardurak ia nazio bat seinalatzen duen, beldurra diote kolore hori galtzeari. Beldurra, ondorioz denek kolore berdinez jantzi beharko dutelakoan.

Baina hemen huraxe izan zen hautatu zen bidea: denontzako moduko janzkera bat izatearen truke, kolore batzuk galdu nahiago. Bitxia izan da garaian garaiko erreakzioa. Aurreneko urteetako oposizio atzerakoia gainditu eta, orain, gazteen artean antzematen da halako arrangura bat, desadostasun moduko bat, batua dela eta. Askok urrunxko ikusten dute oraindik estandarra, gatzipeko, txepel, kolorebariko, eta, okerrena, inposatua. Ibon Sarasolak edo Ramon Saizarbitoriak esaten dutenean nahiago dutela euskalkiak desagertzea, batua galtzea baino, halako asaldura pizten da, minsorra, hainbatek afrenta edo laido sekulakoa bizi balute bezala. Ezinegona ez da ona, eta ez da arrazoizkoa. Beharbada berriro azaldu beharko dira batuaren atzean egon ziren arrazoiak, zertarako egin zen egin zen guztia. Pedagogia egin beharko da, demagogiarik gabe, zorrotz. Euskalkien tokia eta garrantzia zein den berriro garbi utzi beharko da, beharbada.

Bada, euskararen biziberritzea duela hiru hamarkada indar handiz bultzatu zuten haiek alderdi formalari begiratu zioten, ezinbestekoa hori zelakoan. Inguruko hizkuntzekin homogeneizatzeko asmo sorburuzko horri zukua ateratzea izan da gaur arteko afana, hedabideak sendotzen eta ugaritzen, administrazioa euskalduntzen, irakaskuntza zabaltzen eta finkatzen. Gauden tokian gaude hori guztia egin delako.

Baina orain, beste urrats bat eman behar da. Orain, erabilera da koska. Irakaskuntza ez zen dena soluzionatuko zuen tresna. Datuek kezka besterik ez dute sortzen: duela hogeita hamar urte baino 300.000 euskaldun gehiago dago gaur egun, eta hala eta guztiz ere erabilera, portzentajeetan, duela hogei urtekoa baino txikiagoa da.

Tentsioa galdu du gizarteak. Hizkuntza noranahikoa nahi zutenen kemenak ez du dena busti, ez du gizartearen egoera soziolinguistikoa eraldatu, kantitateak ez du osasunaren piramidea loditu. Ahul jarraitzen dugu, ongi elikatuta, baina ahul. Kopuruak irrigarriak dira. Jon Alonsok begiratu ditu, eta Bat soziolinguistika aldizkarian idatzi dituenez, bere kalkuluen arabera, 40.000 inguru dira euskal sorkuntzari sustengatzen dion nukleo gogorra osatzen dutenak. Hori, hipotesi baikorrenean. Horrekin zer altxa daiteke? Nukleo hori nahikoa indartsu da, nahikoa abangoardista, nahikoa lider, nahikoa sustatzaile, iritzi sortzaile, konbentzitzaile? Nahikoa da?

Azalpenak eman beharra
Jakina urteak ez direla alferrik pasa. Seguru asko, duela hogei urte inork ez zuen zalantzan jarriko ezker abertzaleko buruzagiek adierazpenak erdaraz egin izana. Gehienek hala egiten zuten, gainerako alderdi guztietako buruzagiek bezala noski. Duela hogei urte, pentsaezina zatekeen hainbat euskaltzalek ezker abertzaleko kideei kargu hartzea, publikoki azalpenak ematera behartu arte, zer dela eta egunkari abertzale batek haietako baten liburu politikoa euskaraz barik erdaraz ateratzeagatik, edo lehendakari izateko hautagaiak, legebiltzarrean, gainerako taldeetako ordezkariei erantzuteko hitza hartu eta erdaraz erantzuteagatik. Pentsaezina zatekeen horri buruz eztabaida luze eta batzuetan tentsioz beteta egotea. Azalpenak eman behar izan badituzte, eta eztabaida sortu bada, izan da euskaltasuna ipartzat duen komunitateak hogei urteko ibilbidea egin duelako. Hori gertatzen da, besteak beste, euskal hedabideek frogatu dutelako posible dela egunero euskaraz bizi eta lan egitea, gai oro jorratu eta zabaltzea. Baita politikari buruzko liburuak ere; baita garrantzi handiko eztabaida politikoetan ere. Gezurra badirudi ere, hori, duela hogei urte, ez zegoen horren garbi.

Ez, ez dira alferrik joan hogei urte hauek. Euskaltzaleen baitan piztu da hizkuntzarentzat eremu oro irabaz daitezkeelako kontzientzia. Ez da bat-batean izan, eskuak humusean busti egin behar izan dituzte, umeldu eta zimurtu arte, baina, gaur egun, sentimendu hori badago. Urrats itzela da, hori delako sormena eta sorkuntza bultzatzen duen sakoneko indarra, eta sormena eta sorkuntza delako zerbait eraikitzeko modu erakargarri, errebelde, moderno, estetiko eta batzuetan, baita eraginkorra ere, eta euskal komunitateak horretan sinetsi duelako orain arte bederen, kultura ardatzean dagoen sentimendu eta konbikzioa landuz eta barreiatuz, hura edozerentzako motorra izango delakoan. Eta, hala ere, ematen du batzuk oraindik ez direla ohartu.

Begira diezaiogun emaitzari. Zenbat liburu on idazten dira urtero? Irakurzale porrokatuenak ere nekez jarraitzeko moduko kopurua izateko adina behintzat, bai. Zenbat kanon ezberdin sortu daitezke gaur egungo euskal literaturan, nork egiten duenaren arabera? Bi, lau, hamar? Zenbat egile behar dira, zenbateko zabalera eduki behar du literatura sistema batek, Martutene, Twist edo Orbanak moduko nobelak ia urte berean argitara daitezen? Zenbat jende ari da, gaur egun, gidoiak lantzen euskal ikus entzunezko bat egiteko? Zenbat dokumental, fikziozko lan, zenbat ideia ari dira hegan, Emak Bakia Baita edo Deus et machina edo Gartxot urte berean estreina daitezen? Zenbat lagunek dute burua antzerkian jarrita? Zenbat musikarik entseatzen dute astero lokal txiki batean, hurrengo kontzertuaren zain?

Proiektu autoeratuak sortzen ari dira. Gernikako Astra, Durangoko Azokaren inguruan jaiotako Ahotsenea, edo Literaturia, edo musika jaialdiak, edo gazte topaketak ekimen indartsuak dira, interesgarriak. Jendea bultzaka ari da. Aurten, sortzaileak biltzeko saiakera bat egin da. Kuriosoa izan zen: batez ere, arte eszenikoetako jendea hurbildu zen Azpeitira. Literatura arloko kide gutxi ordea. Idazleek ez omen dute horrelako topaketen beharrik. Merezi izan zuen ikustea musikariek eta antzerkilariek nola galdetzen zioten elkarri: hi zer moduz habil lanean? Denek jakin nahi zuten ondokoak nola eta zein baldintzatan sortzen zuen, nondik ateratzen zuen jarraitzeko kemena, sostengua, dirua. Topaketetan zegoen airea esaldi batean laburbildu daiteke: eta horrela ari bagara denak, onargarria deritzogu? Horrela jarraitu behar dugu derrigorrean, erdal komunikabideetan ia ikusezin, euskal komunitatearen begien aurrean ere ezkutuan ia? Edo hobe litzateke esperientziak elkarri kontatu eta zerbait prestatzea? Osa genezake ahots bateraturik? Egin genezake hedabideek oraintsu Hekimen plataforma horrekin egin duten bezala, alegia batzar tipi bakar baten inguruan bildu eskaerak iritsi behar diren tokira iritsarazteko, kezkak elkarrekin partekatzeko, sormen lanen oinarri duinak adosteko, sorbideen bihurguneak hobeto hartzeko, ahots bat asmatu, egin genezake?

Gutxi dira, txikia da masa kritikoa, nahikoa ez beharbada, baina ze indarra dagoen hor. Koldo Almandozek esan du berak ez duela ezagutzen hainbeste sortzaile ekoizten duen beste kultur sistemarik.

Eta esaten dute “bakarrik euskara” axola zaiela batzuei, eta galdetzen diete: “zergatik ez diozue Ibarretxeri ere leporatzen liburua gaztelania hutsez kaleratu izana?”.

Gogoeta giroa
Gogoeta giroa dago. Jon Sarasuak esan zuen, Euskaldunon Egunkaria itxi eta biharamunean, barrura begiratzeko garaia zetorrela, gogoeta egitekoa. Bada, golde garaia amaitu da. Orain, debatea erdira ekarri behar da, proposamenak egin behar dira, ausartak izan. Orain, ereiteko garaia heldu da.

Lorea Agirrek ondo laburbildu zuen jarrera hori, esan zuenean euskara askeagoa zela, eremu libreagoa, hain zuzen ere txikia zelako eta, askotan, inguru arrotz batean bizi zelako. “Uste dut hizkuntza zahar baina berri honek eskaintzen duen gauza onenetako bat eremu berrietan sartzeko aukera dela, esperimentatzeko eta mundu berri bat hizkuntza horretan eraikitzeko ematen duen aukera delako”.
Golde garaiaren ondoko arorako, Pako Aristik ezinbestekotzat jo du estatuaren indarra aldekoa izatea. Estatu propio batek “sustantzia” emango omen lioke euskarari. “Estatua sustantiboa da eta sustantibizatzen du bere esparruko ekimen oro. Herri menderatua, berriz, adjektibo hutsa da; sustantzia ezarriko dion erakunde propioen faltan, dena adjektibatu beharra izango du”. “Zer nahi dut?”, galdetu du Aristik, “borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea, ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea?”.

Fermin Etxegoienek estetikari begiratu dio. Ideologia eranstearen aldekoagoa da bere jarrera. “Ni ez nago hizkuntza ideologizatuaren aurka” esan du, “kontua da ea zerbaitetarako balio digun orain eta hemen, alferlana edo kontraproduzentea den. Hizkuntza indartsuak are indartsuago bilakatzen ditu ideologiak, eta hizkuntza ahulak are ahulago bilaka ditzake. Zergatik? Ideologiak ezartzen dituen itxaropenak betetzeko gauza ez direlako hizkuntza ahulak”. Horregatik, inplikazioa edo konpromisotik barik, estetikatik hiztun berriak nola ekarri proposatzen ari da Etxegoien.

Arazo berari buruzko gogoetaren hiru ertz dira, eta beharbada hiruren artean hiru hankako mahaia osa lezakete. Baina zerbait gehiago falta da hor.

Ez dago garbi Euskal Herri independente bat zenbat euskaldunago izango zen. Ikusi izan dugu aurten, Nafarroaren konkistaren inguruan egin diren hamaika aldarrikapen, batzar, kongresu eta jakinarazpenarekin. Euskara ez da lehentasuna. Kontatu gabeko historia hori etengabe loriatzen eta gogoratzen dutenen artean ez dira gutxi ikuspegi kultural eta linguistikoaren zentraltasuna zalantzan jartzen dutenak: lehendabizi estatua, diote. Are gehiago, diote: herria hizkuntzaren gainean eraikitzen tematuz gero, ez da estatua iritsiko.

Hizkuntza komunitate orok babes juridiko eta politikoa behar du, noski. Begiratu PPko gobernuarekin datorrenari: munduko bazter askotan eredu den murgilketa sistema ere zalantzan jarri dute, espainolago nahi baitituzte hemengo haurrak. Espainolago dena. Epelenak ere frankismoarekin gogoratzen hasi dira. Bai, babes hori behar du euskarak, baina estatuak ez du ziurtatzen hizkuntza komunitatearen biziraupena.

Ez, estatuak bakarrik ez digu soluzioa ekarriko.

Eta zabaltzeko eta erdal mundua liluratu eta limurtu eta seduzitzeko proposamen horrek ere ez digu sakoneko arazoarentzako irtenbidea emango. Bai, konplizitateak behar ditugu, baina gune hegemonikoak, tresna indartsuak, estrategia eraginkorrak behar baditu euskarak, erdarari kenduta lortu beharko direla adostu beharko dugu. Batzuetan deserosoak izan beharko dugu, zirikatzaileak, ez zuzenak, ausartak.

Zer ekarri du euskarari “ezinbesteko ideologia eranztea” aldarrikatzen zutenen jarrerak, edo “mundu itxi eta endogamiko horren derrigorrezko zabaltzea” eskatzen zutenen ahaleginak? Zenbat konbentzitu ditugu erdal prentsan argitaratutako artikuluen bidez? Zenbat jende hurbildu da euskal literaturara erdarazko itzulpenen bitartez? Hasier Etxeberriak askotan kontatu du, nola Bost idazle argitaratu zuenean, berak, egiazki, erdarazko itzulpena zuela buruan, “liburu honekin erdaldunak euskal literatura ezagutzen hasiko dira eta guregana hurbiltzeari ekingo diote horrela” pentsatu zuela, eta zaplaztekoa ez zela makala izan, ohartu zenean euskarazko liburuak arrakasta handia eduki arren, erdaraz ez zirela saldu ehunka gutxi batzuk baino.

Ez, barrura begiratu beharra dago, nukleo hori zabaltzen jarri behar da indarra. Euskal komunitateak sortuko duenaren araberakoa izango da etorkizuna. Sortzaileak eraikitzen dituzten munduek, proposatzen dituzten bideek, asmatzen dituzten melodiek, egiten dituzten kritikek eta haizatzen dituzten gogoetek bide ematen dute euskal hiztunek beren munduak marraztu eta denen artean imajinario bat adosteko. Paisaia bat. Mikromundua, nahi bada, txikia, minorizatua, apala, kolore gutxikoa beharbada, edo kolore txiki askokoa, baina horren arabera izango gara. Muin horretan sinesten dutenek hartzen dituzten erabakiak nolakoak, halakoak izango dira hurrengo hamarkadak. Ez, soluzioa ez da kanpotik etorriko. Kontua da ea rola jokatzeko gaitasuna eta indarra dagoen.

Gezurra ematen du soziolinguistikaz aritu behar izatea, noiz eta uste genuenean orain gozatzeko garaia zetorrela.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan