Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Euskal Kulturaren Urtekaria

Sareko Argia
Itzuli Sareko Argiara
denda
urtekaria 2013

Urtekaria 2013

Salneurria:
18€

Joerak

Do worry, be happy

Pello Zubiria

Prentsa: Kontua da ea nola biziraungo dugun txalupa txikiotan gabiltzanok pakebote erraldoiek eragiten dituzten uhainen artean hondoratu gabe. Kobratu eta pagatu? Dudarik gabe, baina lagun baserritarrari erosten diogun oilaskoaren salneurrian, ez multinazionalek erabaki duten hartan.

Ludiaren Ipar aberatseko denok kutsatu gaitu “Don’t worry, be happy!” zozo horrek. Kezkarik ez, bizi zoriontsu. Behin entzun nion marxista-leninista zahartuari berak proposatzen zuen organizazio ereduan militanteek izango zituztela betekizun gutxi eta eskubide galanki. Adoleszentzia gainditu nahi ez duten jendeentzako proposamen tranpatia. Fundamenturik eza lege daukagula harrapatu gaitu XXI. mendeko krisitzarrak denok, guraso, seme-alaba, nagusi, laborari eta langile. Bestelako mundua nahi duen edonork ez dauka alderantzizkoa aldarrikatzea beste erremediorik: kezka zaitez eta izan zoriontsu, “Do worry, be happy”.

Entertainment” jainkoaren dogmek bizi gaituzte. Espektakulua, kosta ahala kosta masibo izan nahia, negozio azkarra, negozio arina. Arina = azkarra = masiboa = etekina. Motzena ere ohartzen da eskema horrek hamar multinazionali eta hiru monopolio txikiri baino ezin diela funtzionatu; ezin, ordea, bestelakorik asmatu... Edo igual da luzaz biziarazi gaituzten bestelakotasunak aspaldi ahantzita dauzkagulako. Dena dela, dohainezkoa modan paperzaleek jarri zuten hemen, ez ahaztu. 1990ko hamarkadan Ameriketako debaldeko komunikabideen izarrei segitu behar omen zitzaien.

Azkenaldian harpidetzak modan jarrita daude ostera. Konpromisoa eskatzen da gero eta haboro. Subertsio usaina zeukan militantzia orain fenizioak aldarrikatzen dizu berdin. Frogatu da, kontsumitzaileari kristoren-oso-txit handiak baino ezin dio eskaini debaldekoa. Komunikazioan publizitateak, erosleek eta administrazio publikoek pagatzen dituzte kosteak. Eta etekinak, daudenean. Hirutatik bat falta baldin bada, beste biak loditu direlako.

Nire lan profesionalean net urruneko iturriak baliatzen ditut kitorik direlako, kioskotasun erraldoia maite diot gehien Interneti. Baina iturriotako askok haien hurbileko bezero-bazkideei kobratu egiten diete: Le Monde Diplomatiquek bezala Ecología Políticak eta beste milak paperezkoan harpidetzeko eskatzen diete, Alternetek bezala Wikipediak eta enparauek borondatezko laguntza eskatzen dute aldika, beste askok edukirik berrienak giltzapean dauzkate harpidedunentzako.

Geroa? Aspertzen naute Interneten etorkizunaz dogmak egin edo hausten aritzen diren akademikoek. Total, tokatuko zaigu ikustea. Handiek zer egingo duten, alegia. Kontua da ea nola biziraungo dugun txalupa txikiotan gabiltzanok pakebote erraldoiek eragiten dituzten uhainen artean hondoratu gabe. Dakitenen artean euskaraz mintzo direnak omen dira gehien bat hizkuntzarekiko konpromisoa sentitzen dutenak. Horiekin daukagu lan egin beharra. Kobratu eta pagatu? Dudarik gabe, baina lagun baserritarrari erosten diogun oilaskoaren salneurrian, ez multinazionalek erabaki duten hartan. Bi aldeek militantzia eta maitasuna baloraturik erabaki duten prezioan. Eredugarritzat daukat Hernaniko Kronikak herritarrei eskaintzen-eskatzen diena: egin zaitez bazkide eta zure laguntzari esker jende guztiak dohainik libre irakurriko ditu gure informazioak.

© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan