2022-10-17 13:45

“GURE LURRA, KULTUREN ARTEKO BEGIRADA” ekimena Ongi Etorri Eskolara udal-proiektuaren ideia bat da. Artea, hausnarketa eta aniztasuna uztartuz, gure hiriko kultura-aniztasunari ikusgarritasuna eman nahi dio, eta bertan bizi diren pertsonen artean kulturartekotasuna sustatu. Kultura-aniztasunaren inguruan eta arrazakeriaren aurka lan egiten dugun Donostiako 6 elkarte eta erakundeek ekimenean parte hartu dugu. Jatorri desberdineko Donostiako 6 argazkilari dira argazki-erakusketaren protagonistak, eta Lehen Hezkuntzako 7 ikastetxeetako ikasleak dira instalazio artistikoaren sortzaileak.

Erakusketaren sorkuntzan, apirilaren lehen astean topaketa bat egin zuten 6 elkarteetako kideek eta argazkilariek Teila Fabrikan. Topaketa horretan, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko aukera izan zuten, eta bikoteka, GURE LURRARI buruzko gogoetak partekatu zituzten: migrazioa, identitateak eta parte izatearen sentimendua. Elkarrizketa hauen laburpena panel bakoitzean jasota dago eta argazkilariaren abiapuntua izan dira erakusketaren parte diren argazkiak sortu ahal izateko.

Argazkiekin batera, QR kode bat aurkituko duzue sortze prozesuari buruzko informazioarekin, artelan bakoitza inspiratu duen testua hizkuntza ezberdinetan jasotzen duen audioa, artisten eta elkarteetako kideen ibilbidea, eta parte hartu duen elkarte bakoitzari buruzko informazioa.

Proiektuen elkargunea eta babeslekua gara, Donostiako Egia auzoan. Komunitatean egiten dugu aurrera, gizarte ekimen eta herri mugimenduarekin bat. Elkarlana, ekonomia soziala eta kultura ditugu ardatz. Saretu gaitezen eraldatzeko!