ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean, enplegua eta langile publikoen soldatak hemen erabakitzea aldarrikatzeko.
Estatuko Gobernuak hirugarren urtez jarraian langile publikoen erosteko ahalmenaren galera ezarri nahi duen egun berean, eta Eusko Jaurlaritza osatuta dagoela, sindikatuok erakunde eta alderdi politikoei eskatu diegu hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko, EAEko langile publiko guztien lan baldintzak hemen erabakitzeko benetako urratsak emanez.
Salatu dugu gure erakundeek, azken urteotan, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatzea erabaki dutela, eta horrek ondorio larriak ekarri dituela langile publikoen lan eta baldintzetan zein zerbitzuen kalitatean.
Ildo horretan, argi dugu mobilizatzen jarraituko dugula zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioarekin amaitzeko eta hemen langile publikoen enplegua eta soldatak erabakitzeko. Hori guztia negoziazio mahaietan galdutako soldata berreskuratuta, enplegu publikoa sendotuta eta sortuta, eta gaztetzeko planak adostuz, plantillen osasuna bermatuz, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatuz eta lanaldia murriztuz.
The post Zerbitzu publikoak indartzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diegu EAEko erakunde eta alderdiei appeared first on Steilas.