Mobilizazio dinamikaren bigarren fasea bukatzear eta negoziazioan aurrerapausurik ez
Zazpi greba egun daramatzagu 2025ean eta greba bezperetan Hezkuntza Sailak mugimenduak egin dituen arren, fede txarra eta jokabide traketsak salatu nahi ditugu. Aurreko astelehenean aurreakordio proposamen bat izan genuen, baina bertan zehaztasun falta agerikoa izan zen. Ahoz baino ez zituzten proposamen hobeak adierazi, eta ez ziren proposamen serioak izan, azken orduan atzera bota zituztelako.
Astelehen horretan xantaia izan genuen mahai gainean, hau da, haien jokoan sartu edo hurrengo egunetan negoziaziorik ez zela egongo esan zitzaigun. Eta horrela izan da, ez dugu “ez deirik, ez mezurik, ez ezer” jaso aste osoan zehar, eta Hezkuntza Sailak aukera izan du negoziazioarekin aurrera egiteko, baina ez du inongo borondaterik izan. Arduragabekeri itzela gure ustetan.
Gaurko bilera tekniko bat aurreikusita zegoen, negoziazio prozesuarekin zerikusirik ez duena eta goizeko 6rak aldera bertan behera utzi dute. Honekin batera grebak bertan behera uzteko “gonbitea” egin zaigu hurrengo egunetan “azkar eta bizi prozesuari ekiteko”. Greba bertan behera uzten bada langileok negoziatzeko indarra galtzen dugula argi eta garbi dakigu.
Beraz, Hezkuntza Sailaren fede txarra salatu nahi dugu negoziazio prozesu honekiko, behar den astiarekin sindikatuekin neurriak adostu beharrean, azken momentuan, presekin eta xantaiak erabiliz jokatu nahi dutelako aurreko astean bezala.
Lan-baldintzen hobekuntzak behin eta berriz aipatzen dabiltzan hezkuntzaren kalitatean eragin zuzena duela azpimarratzen jarraituko dugu eta horretarako negoziazio mahaiari heltzea ezinbestekoa dela uste dugu, prozesuak merezi duen errespetuarekin.
STEILASi, beraz, ez zaigu onargarria iruditzen greba egunetako azken orduetara mugatzea negoziatzeko epea eta Hezkuntza Sailaren erantzun ezaren ondorioz, greba dinamikaren hirugarren fasea planteatzea beste aukerarik ez digu uzten.
The post Xantaiarik gabeko negoziazio baten alde, bihar eta etzi irakasleok grebara appeared first on Steilas.