2024-12-12 13:03

Haurreskolak Partzuergoan gela bakoitzeko 2 hezitzaile jardun osoan behar ditugu lan baldintzak hobetu ahal izateko.

 

2021ean Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmena lantzen hasi ginen. Urteak pasa dira harez geroztik eta negoziaketaren puntu berean jarraitzen dugu. Urte horietan guztietan STEILAS sindikatuaren aldarrietako bat argia izan da: ratioak hobetu behar dira, irekita dagoen gela bakoitzean bi hezitzaile jardun osoan lortzeko.

Doakotasunak paradigma aldaketa ekarri du, matrikulazioa hazi da eta haurren egonaldiak haurreskoletan geroz eta luzeagoak dira. Lan zama handitu da, eta baliabide fisikoek, hezitzaile kopuruek alegia, bere horretan jarraitzen dute.

Zerbitzuaren kalitatea ahuldu egin da eguneko hainbat momentutan, zergatik? Administrazioak ratio orokorrak aplikatzen dituelako ordutegiak, egoerak eta kasuistikak aztertu gabe (nahiz eta hori irudikatu). Adibidez, hezitzaile bakarra egon daiteke 15 umeko siesta gela bat zaintzen. Onartezina!

Bestalde, lan hitzarmenean jasota dauden langileen eskubideak ez dira bermatzen aplikatzen diren ratioak nahikoak ez direlako. Hezitzaile askok prestakuntza egiteko zailtasunak dituzte, edo egitekotan, lan karga handia dela eta, etxera eraman behar izaten dituzte zeregin horiek lana bukatu ahal izateko. Baina gehienetan, prestakuntza albo batera uzten dute lankidea bakarrik ez uzteko eta haurrei arreta zuzena emateko. Gauza bera gertatzen da koodinazioarekin. Egoera hau bai haurreskola handietan eta baita txikietan ere pairatzen da, baina azken hauetan beste aldagai bat jokoan sartzen da: eguneko ordu gehienetan hezitzaile bat bakarrik egoten dela, hain zuzen.

Gauzak horrela, administrazioari helmuga horretara ailegatzeko aurrerapausuak ematea eskatzen diogu negoziazioan, lan hitzarmenean ratioen proposamen egoki bat txertatuz. STEILAS sindikatuaren aldarria argia da: Haurreskolak Partzuergoko haurreskola guztietan bi hezitzaile nahi ditugu jardun osoan gela bakoitzeko!

The post Ratioak handitu lan zama arintzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.