ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek CEN, UGT eta CCOO eragileen jarrera salatzearekin batera, Nafarroako Parlamentuak gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegileak ez duela tramitera onartu ere publiko egin dute. Oztopo guzti horien aurrean ez dutela etsiko berretsi dute, eta mobilizazioak zein sinadura bilketa bat martxan jarriko dituzte CEN, UGT, CCOO eragileak eta Nafarroako Gobernuak onar dezaten gutxieneko soldata propio baten beharra, eratu dezaten negoziazio mahaia eta negozia dezaten fede onez. Aldiz, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa berea egin dezaten.
Pasa den ostiralean (hilak 28) CENeko enpresariek UGT eta CCOO lagunduta, jarrera antisindikal argi batean, Nafarroan estatuarena gaindituko lukeen gutxieneko soldata bat negoziatzeko prest ez daudela helarazi zioten nafar gizarteari. Beraz, jarrera hori mantenduz gero ateak itxiko dizkiote negoziazioaren bidez bizitza duina bermatzeko soldatak hobetzea nahi duten langileen itxaropenak betetzeari.
Eta horretara ausartu dira Nafarroako Gobernuren konplizitatea beraien alde daukatelako. Nafarroako enplegu planaren ospakizunetan murgilduta, CEN patronala pozik dago bere agenda ezartzea eta lehenestea lortu duelako. UGT eta CCOO, aldiz, lasai, Gobernuaren sostengua daukatelako, Chivite Lehendakariaren jarrera partidista argi batean. Guztiz salagarria da Chivitek uko egin diola gure proposamena azaltzeko bilera eskaerari, eta Gobernuari Lanbidearteko akordioaren bilera egiteko aretoa eskaerari baita ere ezetz esan digula. Ikuspegi demokratiko batetik jarrera eta jokatzeko modu horiek onartezinak dira. Nafarroako Gobernuari jarrera argia izatea dagokio elkarrizketaren eta negoziazioaren bideari ateak ixten dizkion CEN, UGT eta CCOO eragileen aurrean.
Duela 10 urteko jarrera horiek Nafarroako gizarte osoa kaltetzen dute. Horregatik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute berau ontzat emanen. UGT, CCOO, CEN eta Nafarroako Gobernuak ahotsik gabe utzi nahi dute langileen ordezkaritzaren %40a baino gehiago.
Gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa
Ekimen garrantzitsuen eta erabakigarrien bideak aldapatsuak dira maiz. Langileek modu eraginkorrean jasoko dituzten akordioak lortzea batzuetan gehiago kostatzen da. Gutxieneko soldatarena Nafarroan hala izaten ari da. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak ez du onartu tramitera gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dituzte argudio juridiko horiek partekatzen. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakiaren aurrean Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkeztuko dugu. Alde batetik, ikuspegi demokratikotik Nafarroako Foru Hobekuntzak Euskal Autonomi Erkidegoarekin alderatuta duen gabezia zuzentzeko. Beste alde batetik, Mahaiak egin duen interpretazio mugatua gainditzeko. Hala, aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen proposamenak ez du gutxieneko soldata arautzen. Aitzitik, arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen du, eta eskaera hori bai da eskumen autonomikoa.
Hau guztia esanda, argi geratzen da Nafarroak gutxieneko soldata ezartzeko orduan, zalantza juridikorik gabeko, eskumen propioak behar dituela, eta hori oso garrantzitsua da langile klasearen egoera, lan eta bizi baldintzak hobetzeko.
Ezinbestekoa da beraz eskumen osoak eskuratzea lan harremanak arautzeko. Horregatik, oztopo guztien gainetik datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa martxan jarriko dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa berea egin dezaten.
Datozen hilabeteetan kaleko mobilizazioekin eta sinadura bilketarekin, ozen eta argi adieraziko dugu, Nafarroan langileek, gutxieneko soldata propioa nahi dutela eta bidezkoa den aldarrikapen honi ezin zaiola bizkarra eman. Helburu horrekin, apirilaren 14an mobilizazio sindikal baten deia eginen dute.
Iruñea, 2025eko martxoaren 5a
The post Langileentzat gutxieneko soldata Nafarroan negoziatzeko eta ezartzeko eskuduntzak izateko mobilizazioak eta sinadura bilketa martxan jarriko ditugu appeared first on Steilas.