2022-02-07 11:15

Otsailaren 9an egingo ditugu elkarretaratzeak, Lakua aurrean (Gasteiz) eta Nafarroako Jauregi parean (Iruñea), 11:30ean. Horrez gain, zuen hezkuntza-zentroetan (sarrera, irteera edo atseden orduan) mobilizatzera edo argazkiak egitera gonbidatzen zaituztegu. 

Hemen irakur dezakezue gure komunikatua:

 

EZ ESTUTU GEHIAGO HEZKUNTZA PUBLIKOA

  • Azken garaian bizi dugun egoerak ere ez du lortu zerbitzu publikoekiko inbertsioa handitzea.

  • Osasungintzako kolapsoak gaixotasun bajen kudeaketa atzeratu du, jardunean dauden hezkuntza langileengan horrek dakarren gainkargarekin, egoera jasangaitzak sortuz egunerokoan.

  • Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan eta Eibarreko Haurreskolen kudeaketa sailean dagoen baliabide faltak ordezkapenen kudeaketa gaitasunean eragina izan du, ematen duen arreta murriztuz.

Gobernuak zuhurtziaz jokatzeko eskatu digu, baina haiek ez dute arduraz jokatu protokoloei, baliabideei eta informazioari dagokionez, ez baitute aurreikuspenik izan. Antolakuntza eza horrek langileen eskubide eta lan baldintzak murriztea ekarri du, Iraleko behin-behineko murrizketak kasu. Hori horrela, irakaskuntza-lanarekin eta ikasgelaren kudeaketarekin zerikusi gutxi duten gehiegizko protokolo eta zeregin burokratikoak gehitzen ari zaizkigu.

Etengabe entzuten dugu ikastetxeak, institutuak, Haurreskolak eta hezkuntza zentroak, orokorrean, toki seguruak direla, baina noren lepotik? Langileek beraien lan karga bikoiztu dute osasun larrialdi egoera hasi zenetik. Argi gelditu dadila eskatzen duguna ez direla esker onak eta hitz goxoak, baliabide eta lan baldintzen indartzea baizik.

Horretarako osasun eta hezkuntza publikoan gehiago inbertitu behar da ezinbestean, hori baita bide bakarra zerbitzu publikoen estigmatizazioa ekiditeko eta dinamika pribatizatzaileak eteteko. Zerbitzu publikoak erdigunean jarriz.

Horregatik guztiagatik otsailaren 9an zuen zentroetan (sarrera, irteera edo atseden orduan), EAEn Lakua aurrean eta Nafarroan Nafarroako Jauregiaren aurrean 11:30ean, hemen atxikitzen ditugun lelopeetan elkarretaratzeak edo eta kartelarekin argazkiak egitera gonbidatzen zaituztegu. Argazkiak steilas@steilas.eus helbidera bidal ditzakezue edo zuek saretu. Borroka dezagun denen artean gure lan baldintzen eta Euskal Eskola Publikoaren alde.

Lan burokratiko – Lan pedagogiko +

Hezkuntzan inprobisaziorik EZ

Ez estutu gehiago hezkuntza

Pribatizaziorik ez

 

The post Hezkuntza publikoan baliabide eta lan baldintzak indartzeko mobilizatzera deitu dugu: Ez estutu gehiago hezkuntza publikoa! appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.