2025-02-10 19:13

STEILASEK EZ DU HAURRESKOLEN LAN HITZARMENA SINATU ALDARRIKAPENEI ERANTZUTEKO EDUKI NAHIKORIK JASOTZEN EZ DUELAKO.

Langileok grebei emandako babes ikaragarria eta gero, merezi dugun lan hitzarmena lortzeko aukera paregabea galdu da.

Gaur, Haurreskolak Partzuergoko mahai parekidea eta mahai negoziatzailea izan ditugu. Gaur Lan Hitzarmenaren negoziazioari amaiera eman diote bai administrazioak eta baita gehiengoa duen sindikatuak ere.


Greba dinamikaren deialdiarekin eta aurreko astean egindako bi greba egunekin, administrazioa aurrera pausuak ematen hasi zen; edukiak mahaira ekartzen hasi zen.
STEILAS sindikatuarentzat eduki horiek ez dituzte grebara eraman gaituzten aldarrikapenak asetzen, horregatik, lan hitzarmena gure sinadurarekin ez babestea erabaki dugu.

Ez da erabaki erraza izan, baina Haurreskolak Partzuergoko langileen ordezkariak garen heinean, grebek izan duten babes ikaragarria ikusita, hezitzaileok eta kudeaketa langileek zerbitzua indartuko duten eta diru inbertsioa eskatzen duten neurri gehiago behar ditugula argi daukagu.

Jarraian greben aldarrikapenak eta lan hitzarmenean jasotakoa azalduko dugu.

  • Lan zamak arindu/ Ratioak: plantilak esleitzeko irizpideak (ratioak) beranduago negoziatuko dira. Eranskin moduan haurreskola bakoitzeko plantila ezartzeko irizpideak txertatu dituzte. Dokumentu horretan aintzat hartuko diren aldagaiak aipatu arren, ez dago zehaztapenik. Hau da, haurreskola bakoitzak izango dituen hezitzaile kopurua ez da bertan blindatzen.

STEILASen eskaera argia da: bi hezitzaile gelan momentu oro egotea eta prestakuntza eta koordinazio orduak ordezkatuko dituen lanpostua sortzea. Azken esaldi hau berme juridikorik gabeko terminologian proposatu dute eta ez STEILASek eskatzen zuen zilegitasunarekin.

Neurri zehatzak txertatzen ez diren bitartean, administrazioaren negoziaziorako gogo eta borondatearen menpe egongo gara, eta negoziazioa eman ezkero ere, haien irizpideak izango dira gailenduko direnak. Gainera, urteetako esperientziak erakutsi digu administrazioak Haurreskoletako negoziazioarekiko duen begirune eza.

  • Gazteberritze plana: administrazioak ez du ezer proposatu eta hobekuntzarik ez dago. 60 urteko murrizketa handitzeko eta etxera joateko edota metatzeko aukera ez dute onartu. Beste behin ere mahai orokorraren menpe geratzen gara.

  • Erosahalmena berreskuratzeko neurriak: 60€ko igoera eman digute, %0,17ko igoera urtean, %23a galdu dugun bitartean. Horretaz gain, ITZARRIn sartuko gaituzte. STEILASek ez ditu horrelako pentsio planak babesten eta soldataren igoera errealak defendatzen jarraituko dugu.

  • Urteko eta eguneko lanaldiak: Aurrera pausoak eman dira artikulu honetan, baina ez dira nahikoak izan, batez ere txanda egunen galera etorri delako administrazioaren proposamenarekin. STEILASek hasieratik eta gaur arte txanda egunak mantendu eta kopurua handitu behar zela defendatu du. Bestalde, 15 minutuko eguneroko jardunaren murrizketaren ondorioz lan zama handitzeko arriskua dago ez badira baliabideak jartzen.

  • Lizentzia eta baimenak: Eduki berriak daude, baina gehienak (edo ia guztiak) Madriletik eratorritakoak dira edo beste langile publikoek iada badituztenak dira; besteekin parekatu gaituzte behingoz.

  • Ordezkoen araudi berria eta ordezkapen telematikoen aplikatiboa: urteetan eta, batez ere, azken hilabeteetan landutakoari esker, administrazioak hasieratik proposatutako zirriborroa asko hobetzea lortu bada, STEILASek egindako ekarpenei esker izan da, gureak izan baitira ordezkoon eskubideak eta eguneroko arazoak ekiditeko baliabideak txertatzen dituzten proposamenak. Bestalde, ezin dugu ahaztu, aplikatiboa eta araudia martxan jartzekoak zirela bai ala bai.

Gauzak horrela, gaur langileok merezi dugun lan hitzarmena lortzeko aukera paregabea galdu da. Greba dinamikari esker negoziaziorako bidea ireki zen eta bi greba egun egin ostean, eduki batzuk jarri ziren mahai gainean. Argi dugu ez zela bideari bukaera emateko momentua.

Batasun sindikala bilatu dugu hasieratik, bide honetan beharrezkoa zela jakinda, langileon eskaerak asetuz. Egindako grebetako aldarrikapenetan STEILASen ekarpenak erabakiorrak izan dira eta horregatik, amaierara arte defendatu ditugu.

Bide honi beste batzuek amaiera eman diote, langileek aurreko asteetan kaleetan erakutsitako indarrari eta eskaerei muzin eginez. STEILAS sindikatuan Haurreskolak Partzuergoko langileen lan baldintzen defentsan jarraituko dugu, koherentzia galdu gabe eta langileen ordezkariak garen neurrian, arduraz jokatuz.

Amaitzeko, apirilean sinatutako akordioaren jarraipena egin dugu mahai parekidean (https://labur.eus/tX1yp) , non, errepikatu diren ekoizpenagatiko lan kontratuak identifikatu ditugun eta, akordioak dioen bezala, lanpostu kopuru hori irailean lanpostuen zerrendan txertatu eta hornituko da. Hauek dira kopuruak: 39 lanpostu jardun osoan, 23 jardun erdian, %66an bat eta %75ean beste lanpostu bat. Hurrengo hilabetetan STEILASek honen jarraipena egingo du.

Hurrengo egunetan lan hitzarmenaren hausnarketa sakonagoa jasoko duzue.

The post 2025/02/10: Negoziazioa amaitu dute. Aukera galdua. appeared first on Steilas.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Hezkuntzako langileen sindikatua gara, irakasle eta ez irakasleen topalekua, haur eskoletatik unibertsitateraino. Geurea hezkuntza delako.